Mikel Reparaz

«Berria dena kontatzen dugu, garrantzitsua zer den begiratu gabe»

  • EITBren egoitza berrian sartzea hegazkina hartzea bezalakoa da. NANa eskatzen dizute, motxila miatzen, eta patrikako txanponek “pipipi” egiten dute atekatik pasatzean. Eskerrak bidaiak merezi zuen.
Sustrai Colina
2008ko maiatzaren 25a
Mikel Reparaz
Mikel ReparazIñigo Azkona

Bi kazetari mota omen daude munduan, bokaziozkoak eta bakaziozkoak.


Niretzako kazetaritza ogibidea baino askoz gehiago da. Agian “bokazio” hitza mistiko edo erlijiotsuegia da, baina bokazioa kazetaritza sena eta letagina izatea bada, ni bokaziozkoa naiz. Radio Euskadin hasten diren kazetari gazteen prestakuntzan parte-hartzea tokatzen zait, eta segidan ikusten da nork daraman ofizioa zainetan, eta nor dabilen pasadan.

Ofizioa zainetan duten asko dabiltza zuenetik pasadan…


Enpresa eta komunikazio talde publiko bat garen heinean, zailagoa da nahi duzun hori kontratatzea. Gainera, Euskal Herrian, komunikazio kabineteek sekulako kaltea egiten digute hedabideoi. Kazetari on asko eurenganatzeaz gain, kazetarien lana anulatzeko tendentzia handia daukate. Dena ematen digute eskura, baina gu ez gara bakoitzak bere produktua pausatzen duen erakusleihoa.

“Enpresa eta komunikazio talde publikoa”. Hitz potoloak dira horiek.


Enpresa publiko batek, publikoa den aldetik, herri honen aniztasunari bide eman behar dio. Nik horretan sinesten dut, nire burua kazetaritzaren militantetzat daukadalako. Zer den kazetaritzaren militantea izatea? Zure lana egiari zor izatea, askatasun osoz lan egitea. Horregatik diot, printzipioz behintzat, kazetaritzaren militantea izatea ez dela beste militantziekin bateragarria. Hori da enpresa publiko batek dauzkan zorrak, mugak eta menpekotasunak gainditzeko modu eraginkorrena.

Nola gainditzen dira norbere zorrak, mugak eta menpekotasunak?


Barne gatazka horiek ezinbestekoak bezain positiboak dira. Gauzak argiegi izatea galbidea izan daiteke kazetari batentzat. Ikuspuntu ezberdinei erreparatzeak eta bestearen lekuan jartzeak, bila zabiltzan egia hori behar bezala ikusten laguntzen dizute. Beti pentsatu dut mundu guztia kontentu daukan kazetaria gaizki ari dela, bakarra kontentu daukana zer esanik ez. Kanpoko eragile guztiak kritiko eta deseroso baldin badauzkazu, aldiz, ongi ari zaren seinale.

Zure mugikorrera politikariek zenbat deitzen duten ikusita, ez zara hain gaizki ari.


Nire bizitzaren parte da. Gure lanaren ezinbesteko gurutzea. Alde batetik normala ere bada, publikoa garenez, eragile orok eurena garela uste duelako. Baina gure lana, erredakzioan egiten duguna, ez da inorena. Ez da ez EAJrena, ez PSErena, ez PPrena. Beraz, alderdi batek hiruetako buletinean ez dela agertu esanez deitzen duenean “ bai, bai, eta gero arte!”.

Gero arte, ala bere beharra duzun arte?


Iturriak beharrezkoak dira. Iturriak hausten edo eteten badira ez daukazu zereginik. Baina ezin zara inoren lagun izan. Ezin diozu inori gehiegizko konfiantza eman. Oreka hori da neurtzen eta mantentzen zaila.

Oreka horretan ez al dauzkagu politikariak erosoegi? Ez al dira elkarrizketa jatorregiak egiten?


Espainiatik datorkigun joera da. Espainiako Estatuan, oro har, oso kazetaritza motela egiten da, kamutsa. Alor horretan, kulturalki oso espainolak gara. Europako hainbat tokitan, kazetariak, gupidarik gabe, lehen ministroak hormaren kontra jartzen ikusita nago. Hemen hori pentsaezina da. Prentsaurrekoak jijijaja bat dira gurean.

Onargarria da kazetaritza kamutsa semantika hain zorrotz dantzatzen den garaiotan?


Hitzak, semantika, lexikoa, oso mediatizatuta eta politizatuta daude gurean. Hortik ihes egitea zaila da, baina hor dago kazetari eta komunikatzailearen abilezia. Kazetariak pertsonak dira, eta pertsonek ideologia bat daukate, baina lehen nioena, kazetaritzaren militante izan behar dugu. Beti erabili daitezke batera edo bestera egiten ez duten hitzak, kazetaritzari soilik erantzuten diotenak.

Hedabide batzuen hautu semantikoak, alta, ildo editoriala bezain nabarmenak dira.


Hori hedabide bakoitzaren araberakoa da. Gurean ez dago estilo libururik, ezin delako egon. Administrazio kontseiluko kideak ez lirateke sekula ados jarriko. Beraz, hitzen aukera kazetari bakoitzaren esku dago.

Goizean atxilotutako “gaztea”, izan daiteke “militantea” eguerdian, eta “terrorista” iluntzean?


Ez litzateke izan behar, baina gerta liteke hala izatea.

Eta zer gertatuko litzateke Radio Euskadin, Jaurlaritzan EAJ egon beharrean PSE balego?


Pertsonen araberakoa litzateke aldaketa. Desberdina izango litzateke zuzendaritza taldean pertsona desberdinak leudekeelako. Horrek zer eragin izango lukeen kazetarion lanean? Auskalo. Nik pentsatu nahi dut askatasunez lan egiten segituko genukeela. Baina tira, hori agian noizbait ikusiko dugu, beraz…

Gasteizera begira jarri gabe, berdin ikusten da mundua Bilbotik edo Donostiako Miramonetik?


Eskatu Realeko jarraitzaile bati nola entzuten duen Bilbotik kontatutako partida! Gure herria txikia bezain anitza da, eta horrek asko baldintzatzen du gure lana. Nik sarri pentsatu izan dut Euskadi Irratiak Bilbon egon beharko lukeela. Niretzako Bilbo da uneotan Euskal Herriko motorra, ekonomikoki, kulturalki, sozialki... Gainera, Bilbon dagoen unibertso euskaldunak izugarrizko potentziala dauka. Ez dugu ahantzi behar Bilbo dela gurean dugun hiri bakarra.

Gasteiz, Bilbo, Donostia, Brusela... Denak Europa omen, oraindik jabetzea kostatzen zaigun arren.


Europar Batasunak ez du jakin bere proiektua herritarrei helarazten. Zergatik? Arrazoi asko dago. Batetik, politikari nazional eta lokalek neurri inpopularrak Bruselari egozten dizkiete eta lorpenak euren buruei. Bestetik, martxan jarri zuen subentzio politikak bere aurka egin du neurri handi batean. Bai, ekonomiaren ikuspegitik denok dakigu merkatu komun bat dagoela, euroa darabilgu, baina proiektu politikoak huts egin die herritarrei.

Gasteiz, Bilbo, Donostia, Brusela, Washington... Dena da mundua. Interneten ez dago distantziarik.


Egun dena da on-line. Aurrerantzean, teknologiak izugarrizko eragina izango du kazetaritzaren bilakaeran. Orain multimedia deitzen dugun hori bakar-media bilakatuko da laster. Formatu bakarrean dena edukiko dugu. Horrek asko baldintzatuko du bai hedabideen kontsumoa, bai hedabideen lana. Testuinguru horretan, kazetarien printzipioak eta deontologia zutik mantentzea erronka izango da.

Egungo erronka, informazio nahaspila horretan, iturri bakoitzari dagokion sinesgarritasuna ematea al da?


Beti esaten dugu, eman aurretik, bi edo hiru iturritatik konfirmatu behar dugula berria. Ezin dugu albistea eman konfirmatu eta kontrastatu gabe. Hedabide batek ezin du beste hedabide batengan konfiantza osoa jarri. Are gutxiago bizi garen garaiotan. Hedabideak geroz eta... politizatuagoak esan behar nuen, baina hobe, geroz eta mediatizatuagoak daude. Egun, multinazional eta enpresa handiek alderdi politikoek baino eragin-indar handiagoa daukate.

Multinazional horien eraginez irekitzen dituzue albistegiak Estatu Batuetako ala Txinako berriekin?


Gu ere munduan bizi gara, mundu globalizatu batean, eta mundu osoan gertatzen denak izan dezake eragina gugan. Nork esango dio euskal herritar bati, Estatu Batuen hegemonia galtzeak, edo Txinaren bat-bateko berragerpenak, ez daukala eraginik gurean?

Ez dakit Mikel Reparaz herritarra, ala Mikel Reparaz Radio Euskadiko albistegietako burua den mintzo...


Aitortuko dizut nire lanaren %90a kudeaketa hutsa dela. Ni koordinatzailea naiz, eta albistegiaren emaitzan gutxi eragiten dut. Kazetariak peoiak bezalakoak gara. Bakoitzak pausatzen dugu gure adreilua, albistegiro etxe berri bat sortuz. Ez izarrek, ez nagusiek, erredakzio mailan gaudenotan behintzat, ez du inork besteak baino gehiago baldintzatzen informatiboa.

Zu bezalako letagindun kazetari batentzat ez da frustrantea koordinatzaile izatea?


Ni kaleko kazetaria naiz, ez estudiokoa, ez erredakziokoa. Beti lan egin izan dut kalean eta hori da gehien gustatzen zaidana, kazetaritza purua. Asko harritu ninduen Radio Euskadi bezalako hedabide batek ni nahi izatea albistegietako buru, eta ikuspegi desberdina probatzeagatik egin nuen aurrera. Orain, ondorioak ateratzerako orduan, badakit asko ikasi dudala baina ziur naiz kalera itzuliko naizela.

Letaginak zorroztu zaizkizu. Korrespontsalia batera itzuliko zinateke?


Bakarrik lan egiteak abantaila asko ditu, askatasun handia ematen dizu, eta zuk zeuk zeure erredakzioari gaiak saltzeak ez dauka preziorik. Baina letagineko kazetaritza nazioarteko gaiekin zein gai lokalekin egin daiteke. Gainera, kazetaritza lokala edo lekuan lekuko kazetaritza da benetako kazetaritza. Horrek balio du egoera aldatzeko, oker dagoena salatzeko. Hor datza kazetaritzaren benetako indarra.

Bizimodua azkartzeak ez al du benetako indar hori asko ahultzen?


Geroz eta gehiago obsesionatzen nau albisteen iraungitzeak. Harrigarria da zein azkar iraungitzen diren. Garai batean, goizeko 8etan eta iluntzeko 8etan parte berdintsua ematen genuen, eta orain orduro aldatu behar izaten ditugu albistegiak. Oraintxe kontatzen ari zarena hemendik ordubetera zaharra da, eta biharko egunkariak dakarrena prehistoria.

Prehistoriak nekez eragiten du jendearen bihotzean...


Albiste nagusiek momentuan inpaktatu gaitzakete baina biharko ahaztuta izango ditugu. Horrek gaien dimentsioaren galera dakar eta gaurkotasunaren morroi bihurtzen gaitu. Berria dena kontatzen dugu, garrantzitsua zer den begiratu gabe. Hedabide guztietan ematen ari den tendentzia da, teknologia berrien eraginez, segur aski.

Hainbesteko boterea dute hedabideek?


Bai, bai. Esaterako, PPko buruzagi berriaren izendapena egunkari batek baldintza dezake, eta baldintzatuko du.

Nork eta nola hartzen ditu halako erabaki estrategikoak?


Auskalo, ez dakit beste medioek nola funtzionatzen duten. Adibide ezberdinak daude. Nagusiarena, batetik. Pedro J. Ramirezek argi baldintzatzen du El Mundok hurrengo egunean ekarriko duen portada, eta portada horrek beste gauza asko baldintzatuko ditu. Bestetik, izarrak daude. Jimenez Los Santosek hurrengo eguneko Rajoyren diskurtsoan nabarmen eragiten du... Maila ezberdinak daude, baina indar ezkutuen menpe dauden medio pribatu asko dago izugarri eragiten dutenak.

Hain inportantea da politika, gai sozial edo kulturalak bigarren mailara kondenatzeko?


Azken urteotan, Euskal Herria eta Europako gizartea inflexio puntu batean daude. Belaunaldiak aldatzen ari dira, boterean dagoen jendea aldatzen ari da... Etorkizunera begira hedabideok horri aurre egin behar diogu, gai ezberdinak atera, aitzindariak izan. Geuk markatu behar dugu agenda, komunikazio kabineteek sortzen duten gurpil zoroan erori gabe. Inflexio puntu horri eusten badiogu, oso desberdina izango da dena.
Nortasun agiria
Arbizun (Nafarroa) jaio zen 1975eko abenduaren 22an. Nafarroako Unibertsitatean Informazio Zientzietan lizentziatua, Euskaldunon Egunkarian eta Diario de Noticiasen egin zituen lehen pausoak Euskadi Irratiko Gasteizko legebiltzarreko korrespontsala izan aurretik. 2001ean Gasteiz Bruselarengatik aldatu, eta bertako albisteez gain, Ekialde Hurbileko, Ipar Irlandako edo Pakistango berri eman zigun. 2004tik hona, Radio Euskadiko albistegietako burua da.
Konpetentzia
“Euskadi Irratia eta Radio Euskadi ez gara elkarrentzako konpetentzia. Audientzia datuek erakusten dute ez diogula elkarri entzulerik lapurtzen. Gure konpetentzia Ser katea da”.
Prestakuntza
“Iparraldean, Belgikan, edo Estatu Batuetan kazetaritza ez da karrera unibertsitario bat. Nire ustez unibertsitatean ematen den prestakuntza beharrezkoa da, baina ez kazetaritza ikasteko. Gure ofizioa lanean, eta batez ere, kalean ikasten da”.
Lan baldintzak
“Gu ere langileak gara, eta langileak garen heinean, lan baldintzek lanaren emaitzan eragin zuzena dute. Motibazio falta baldin badago, emaitza ez da ona, edozein ofiziotan bezala”.
Komunikatu
“Irratigintzan komunikatzaile ona izatea ezinbestekoa da. Tamalez, oso zaila da kazetari sena eta komunikatzeko berezko gaitasuna duen norbait aurkitzea Euskal Herrian”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


2018-10-15 | Gorka Peagarikano
Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


2018-10-15 | Zero Zabor
Eskandalua Paris-Ivryko erraustegian: baimena eman duen ministrordea erraustegien patronalekoa da

La France Insoumise mugimendukoa Mathilde Panot diputatuak salatu du: Paris metropoliaren XIII. eremuan Ivryn dagoen erraustegia –Europako handiena– zaharberritzeko baimena eman duen ministroa Veolia errausketa eta hondakinen kudeaketako konpainia erraldoiaren zuzendaritzan egon da Emmanuel Macronek Trantsisio Ekologikoko estatu idazkari izendatu artean.


2018-10-15 | ARGIA
Errefuxiatuen aldeko kanpaldiarekin jarraitzea erabaki dute Bilbon, Udaltzaingoak igandean hustu arren

Astelehen goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute kanpaldiarekin jarraituko dutela asteazkena arte, nahiz eta igande gauean Bilboko Udaltzaingoak hau hustu. "Kanpingak berriro ere kentzen badizkigute, herritarrei eskatuko dizkiegu". Igande gauez hustu zuen gunea Bilboko Udaltzaingoak, 22:00 aldera. OEEk (Ongi Etorri Errefuxiatuak) jakinarazi duenez, Hiritarren Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierroren aginduz esku-hartu dute agenteek, nahiz eta deialdia legezkoa izan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude