Pertsonaiak


2008ko maiatzaren 11n
Juanjo Olasagarre
Juanjo OlasagarreJudit Fernandez
Malenkoniatsu nagusia Marcelek beharko luke baina ez da, beharbada denboraren bila abiaturik denbora berpizteko gakoa (madalena, harlauza) aurkitzen duelako, eta ez orainetik atzera begiratzeko, Abaitua bezalako batek egiten duena. Hamaika pausoko Abaitua malenkoniak ezgauza uzten du oraineko bizitzarako, horregatik ez da heroi bat, heroiak, Euskal Herrian bestela uste badugu ere, ez baitira iraganean bizi baizik eta orain puntu-puntuan, bakarrik ordu horrek eskain dezakeen axolagabeziaz; Abaitua gizajoa, aldiz, gauzei (erlojuak, gatzerdiak) eta hitzei loturik bizi da, Urrek esaten zuen bezala, Ortiz de Zaratek egiten dizkion irainak kaka bezala gorderik.

Burura etorri zaizkidan beste malenkoniatsu bi –ez dakit haiek edo inguratzen dituen giroa– Dama txakurtxodunako Ana Sergejevna eta Gurov dira. Haien borondatearen kontra bada ere amodio triste batean kateatu dira, eta senar-emazteak utzi gabe aurrera egitea erabakitzen dute atzera egitea eginen balute bezala. Maitasunak ez ditu pozten, ez daude alai, elkarrekin daudenean halako griskara bat dario denari, eta badirudi, azken esaldiak ongi laburtzen duen bezala, iragana datorkiena baino askoz hobea izan dela: “Eta biek argi zeukaten bukaera artean urrun-urrun zegoela eta korapilotsuena eta zailena hasi besterik ez zela egin”.

Aurrera, zuen sailkapenarekin segitzearren, begira bizi direnekin, aldiz, birekin akordatu naiz: Zhivago doktoreko Viktor Komarovsky, Strelnikov (filmekoa, nobelan desberdina da) eta Gatsby handiarekin. Batak nola besteak etorkizuna dute amets. Sobietarra, perfektua, zurruna, ordenatua, makina bat bezain zehatza Strelnikov; ia karikatura bihurtu zuten filman bere trenarekin Errusia handian aurrera-atzera; lana balore nagusi paraturik, enpresez eta emakume ederrez beterikoa Gatsby.

Eta orainean bizi direnei buruz Houellebecqen pertsonaiekin akordatu naiz. Orainean bizi dira ezertan ez dutelakoz sinesten, baina haien inguruan jendeak sinetsi du, areago haiek ere sinetsi dute, eta ondorioz dira edo hutsal ezdeus estupidoak (Guda zelaiaren hedatzea) edo zinikoak (Plataforma, Irla baten aukera); izan ere, orainean bizitzeko, iraganik eta etorkizunik gabe, mundua dagoenean egonda, hori izan behar duzula iradokitzen digu Houellebecqek batere moralinarik gabe, estupidoa ala zinikoa.

Baina Ripley ez da zinikoa ez eta estupidoa. Ez digu behintzat horrela aurkezten Highsmithek. Ripley orainean baino bizi ezin den amorala da. Zinikoak iraganarekin edo etorkizunarekin sinesturik orainean bizi behar dela ikasi dutenak dira, behartutako malenkoniatsu batzuk edo zapuztutako utopikoak, alegia. Baina Ripley ez; Ripleyk ez dauka iraganik, eta ez du izango, eta etorkizuna hurrengo oraina bermatzeko dirua baino ez da.

Niri Ripley gustatu egiten zait, kristautasunak erraietaraino iltzatu digun erruaren batere zentzurik ez izateaz gainera Schopenhauerren hura ekartzen didalako gogora: “Oraina da bizitzeko modu bakarra, iragana eta etorkizuna ez dira existitzen”.
Onartu beharra dut, hala ere, orainean bizitze horretarako izaerak ez nauela laguntzen, nire ahaleginak ahalegin.

Paradoxikoki, oraina betirako dela gogoratzen digu Borgesek Funes oroimentsuan (Juan Garzia Garmendia handiak itzulia). Dena gogoratzen du baina gogoratze horrek ezer ez gogoratzera behartzen du halako betirako orainean bizitzera eramanez, oro gogoratzea oro ahaztea bezala dela, alegia, beste handi hark esan zuen bezala, DANAk eta NADAk. Hobe beraz hirutatik pixka bat, nahiz eta izaeraz malenkoniara jo. Zoritxarrez, esan beharko nuke, Josi, Ur?

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude