Mattin Partarrieu

«Zoritxarrez, ez dituzu zure erosleak hautatzen»

  • Agertzea gustatzen ez zaiolako pintatzen ditu besteak, baina besteak pintatzen dituenero agertzen da bera. Artea esaten diote askok. Lotsa, berak.
Sustrai Colina
2008ko maiatzaren 04a
Mattin Partarrieu
Mattin PartarrieuGaizka Iroz

Haurtzaroari so, bere bizitza artelan bat zela ohartu zen poeta.


Lau urte nituela aldatu ginen Hazparnetik Parisera. Hazparnen, aita zapataria zen, eta bi sos gehiago irabazteko gauez zapatak egiten eta konpontzen oroitzen dut. Harrigarria da nola ez dudan Parisera heldu gineneko gomuta zehatzik, euskara elebakarrean mintzo nintzela baizik ez. Fite hasi ziren autoritateak gurasoei hola ezin zela, horrekin bukatu behar zela, eta ez zidatela gehiago euskaraz hitz egin behar esaten. Iritsi berri, abarketan lastoa, gure aitak dena irentsi zuen, eta nire gurasoek ez zidaten gehiago euskaraz hitzik egin.


Zu ez zapatari, ez poeta...


Nik musikaria izan nahiko nukeen. Belarria badut, baina besterik ez. Segur aski berezko dohain batzuk falta zitzaizkidan. Ez gara denetan onak baina ezta ezertan inutilak ere. Denek dakargu bideratzen gaituen zerbait. Izan liteke pintura, musika... Ni, adibidez, perretxikotara joaten naizenean beti joaten naiz gora begira, eta jakina, nire ingurukoek saskia betetzen duten bitartean nik ez dut sekula onddo bat bildu. Berezko dohain batzuk ditugu, aldatu ezin direnak.


Zurea, pertsonaiak marrazteko dohaina da.


Nik marrazkia nahiko berezkoa dut baina lan anitz egin behar izan dut. Izigarri. Bederatzi urte nituenetik segitzen ditut gaueko ikastaroak. Betitik jakin dut pintatu nahi nuela, eta betitik egin zaizkit pertsonaiak paisaiak baino erakargarriagoak. Horren gibelean, pertsonaien bidez paisaia erakusteko nahia dago, testuinguru dekoratu bihurtzeko nahia.


Begiak beti ehizan beraz…


Horregatik naiz ostatuzale amorratua. Ez dut sekula kafea etxean hartzen. Nahiago dut terrazara joan nire arkatz eta blokarekin, eta deigarria edo interesgarria zaidanaren krokisa marraztu. Jende desberdinaren elkartzeak gustatzen zaizkit. Goizetan, adibidez, lanetik datozenak, lanera doazenak, edo besta bukatzen ari direnak atzematen dituzu nahasian. Biziki koktel aberatsa da, koadro andana dago hor.



Errazegia litzateke, alta, krokis oro koadro bilakatuko bazenu.


Oihal anitz desegindakoa naiz. Ontzat jotzen ditudanak baizik ez ditut zintzilikatzen. Pentsa, badira liburuetan argitaratu ditudan margoak geroztik desegin ditudanak. Egoera ez dudala ongi interpretatu edo lehen planoa ez dela egokia sentitzen dudan unetik ez dut gehiago lana jasaten, desegiteak minik ez emateraino. Erakusketa bakoitzaren osaketak erabat asebete behar nau, bestela...


Zer da, zapatariaren perfekzionismoa?


Gure aitak itsatsi zidan txikitan gustatzen ez zitzaidan diziplina hori. Nik orduan jolas egin nahi nuen, eta gogoan dut berarekin brikolatzen hasten nintzenean biziki zorrotza zela. Ni ere kakingarritzat naukate denek. Adibidez, azken afixa inprentako akats baten erruz ezin izan dugu nik nahi bezala atera. Inprentakoak jendeari asko gustatzen zaiola esaten dit, baina jendeak ez du orijinala ikusi eta nik orduak eta orduak pasa ditut horretan, beraz...


Ohartzen da jendea obra bakoitzaren gibelean dagoen lanaz?


Nik egunero egiten dut lan, igande zein aste. Parisen nagoenetan, bakarrik bizi naiz ene atelierrean. Bi apartamentu desberdinetan bizi gara ene bikotea eta biak, hola gauez lan egin nahi badut, altxa eta ekiten diot. Euskal Herrian, elkarrekin bizi gara eta lanerako desmartxa arras desberdina da. Adibidez, iluntze batean promenatzera atera, itzuli, eta ezin naiz lanean hasi. Ohartzen naiz ez naizela beti jasan-erraza. Goiz batez jaiki eta lan egiteko gogoa badut, izigarri kostatzen zait lana uztea, nahiz eta bikotearekin aspaldiko asmo bat aurreikusia izan. Laster, Balear uharteetara goaz bakantzetara, eta hara ere hiru oihal eramanen ditut bertan lan egin ahal izateko.


Lanarekiko obsesioa da, eskua galtzeko beldurra...?


Behar bat da. Urtean behin soilik uzten diot pintatzeari, lagun talde batekin Kreta uhartera joaten baikara ibiltzera, eta hara blok bat besterik ez baitut eramaten ahal. Baina amorratzen egoten naiz itzuli eta pintzelak eskutan hartzeko. Berriz diot, behar bat da, irribarrea sortzen didan behar bat. Pentsa, orain lau urte jaso nituen erretirorako paperak eta ez ditut ukitu ere egin. Erretreta hartzen badut biharamunean zulora joateko izanen da.


Erretretako paperak eskuan, nola oroitzen duzu aitari pintorea izanen zinela esan zenionekoa?


Esan orduko desanimatzen saiatu zen eta aitari kasu egin diodan lehen aldia izan zen. Kontua da, ordurako aitak prentsan lan egiten zuela, eta bere kazetan sarrarazteko modua zuela. Garai hartan ofizio batekin sartzen bazinen hiru oren lan egiten zenituen. Aitak garbi esan zidan ikasteko ofizioa, ene hiru orenak egiteko, soldata ona segurtatu, eta denbora librean pintatzeko. Kasu egin nion eta ez naiz batere damutzen. Hamar urtez egin dut lan prentsan, goizez edo arratsaldez hiru oren sartu, eta handik landa pintatuz. Baina memento batetik goiti ez zen aski. Zorionez, prentsaren krisia baliatu nuen finikito on batekin kanporatua izateko, eta diru horrekin ene lehen tailerra erosi ahal izan nuen.

Ez zen erabaki erraza izanen.


Enetzat izigarriko xantza da maite dudan eta hautatu dudan hortaz bizi ahal izatea. Baina gogoa behar da. Animaleko gogoa. Hamar urte egon naiz ez gizarte segurantza ez deus. Neuzkan diru sarrera apurrak ene oinarrizko beharretarako ziren. Hautu bat zen. Ez zait sekula deus eskatzea gustatu. Joan nintekeen Restos du Coeur [beharra dutenei jaten ematen dien elkartea] eta halakoetara. Baina ez, beti saiatu naiz ene gisa moldatzen. Sakelako zuloek behartu nautenean, lan komertzialagoak egin ditut, egun eginen ez nituzkeenak baina jaten eman didatenak. Egun badakit bidearen zati handiena egina dudala, baina ezin naiz engainatu, egun batetik bestera dena eror daiteke.

Erosleen menpe zaude?


Suposatzen da artelan bat erosten duenak gainontzekoa badaukala. Edozeinek ezin du 4.800 euro balio duen obra erosi. Horregatik ez dut ene kuota igotzen saiatzeko asmorik. Alderantziz. Garestia iruditzen zaidan prezio batean segitzen nauen bezero batzuk dauzkat, eta ez dut gehiago zigortu nahi. Nik ez badut sufritzen ene bezeroek sufritzen ez dutelako da.

Zure lanetan agertzen diren presoen aldeko ikurrak, Seaskaren egutegiak, Euskaldunon Egunkariak, edo euskal selekzioaren aldeko pegatinek eragiten dute salmentetan?


Eragin izan dute. Baina ez litzaidake gustatuko batzuen gustukoa izatea. Alliot-Marie galeriara datorrenean, agurtzen nau, baina gero ez naiz bere gibeletik joaten nire koadro bakoitza esplikatzera. Ez zait interesatzen. Anitzetan ezinezkoa bada ere, nihaurek hautatu nahi dut noren paretetan zintzilikatuta egonen diren ene lanak. Zoritxarrez, ez dituzu beti zure erosleak hautatzen.


Zure lanetan nor zaren eta nondik heldu zaren erakustea erosleak hautatzeko modu bat da?


Xantza handi bat dut, keinu eta ikur horien bidez gure herrian gertatzen dena pasarazi nezake, euskal arazoaz interesatuak ez direnak galdezka jarri. Koadro bat egunkari orri bat da, nonbait. Adibidez, gaur egunetik begiratuta ikastolak berez sortu direla iduri du, baina ni oroit naiz Hendaian CRS-ak igortzen zizkigutela muturra xehatzera lokalak galdegiten genituelako. Hori ez da ahantzi behar. Ez dut borroka horiek ahanzterik nahi. Trenera askoz berantago igan direnen diskurtsoak entzutean, giltzak heiek eman dizkigutela iduri du. Hori ez da hala, baina hortaz jabetzeko nondik heldu garen jakin behar dugu.


Zuk zure euskaltasuna erakusten duzun gisan anitzek nahiago dute gorde.


Hori tristea da, tamalgarria. Euskaldunaren etsai handiena euskalduna da. Denak ados bageunde, denek arazoari adarretatik heldu nahi bagenio, hau aspaldi konponduta zegoen. Gogoan dut, Parisen, Allende Boutin-ekin lehen gau-eskolak sortu genituenean, Euskal Etxeko zuberotar guztientzat bonba pausatzaileek baizik ezin zitzaketela Parisen euskara ikastaroak galdegin.... Gaur arte.


Gisa berean, modernoak ez du deus jakin nahi iraganaz...


Bi existentzia moten arteko trantsizioaren parte izateko zorion eta zoritxarra izan dut. Alde batetik, denek ezagutzen dugun egungo bizitza modernoa, eta bestetik karro eta gurdien mundua. Gure belaunaldiarekin historiako hiru mende desagertu dira. Horren lekuko naiz ni. Hori ikusi eta eskaintzeko xantza dut, hemendik landa ikusiko ez ditugun eszena horien testigu izan naiz. Hori da erakutsi nahi dudana, beste inongo pretentsiorik gabe.


Noizbait, zure obretako ostatuak egun gurdiak ikusten ditugun begiekin begiratuko dituzte zure erosleek?


Enetzat ostatua lagunarterako gunea da. Azkenaldiko legeekin askatasun indibidualak urratzen ari gara. Ni ez naiz erretzailea baina Frantziako Estatuan erretzaileak tabernetatik kanporatu dituzte. Ene ustez, gutxienez, nagusiak hautatu beharko luke bere lokalean erre daitekeen ala ez. Bestela nora goaz? Orain arte, lanetik landa jende anitz joan izan da ostatura trago bat hartu eta zigarreta bat pipatzera. Ezin bada erre, elkartze gune horrek ez du izateko arrazoirik izanen, eta pixkanaka desagertuko da.


Inoiz desagertuko ez dena artista zenbaitek beraien obrak esplikatzeko duten joera da.


Eni ez zait gustatzen. Pentsa, askotan oihalei titulua ere ez diet nihaurek ezartzen. Ene ustez, obra batek sentiberatasuna eragin behar du. So dagoenak agian ez du pintoreak erakutsi nahi izan duena ikusiko, baina oso ongi da hala. Horregatik ez dut ene lanak esplikatzen ibili nahi. Gainera, ene pinturak ez du azalpen handirik behar, non ez den aldarrikapen ikur bat edo beste.


Hori hala, zentzua du kritikak?


Kritikarientzat segur aski. Ikusgai den oro beti izanen da kritikatua. Gustukoa ez izateko eskubidea dugu, eta kritikari ez bazaio ene lana gustatzen esan dezala. Enetzat ez da garrantzitsua. Gainera kritika anitz erosiak daude. Pintore batzuk bankuen babesarekin sartzen dira merkatuan, eta bankuek izen horien inguruan espekulatzeko erabiltzen dute. Baina tira, zorionez nik oso-oso urrunetik bizi dut hori.


Hil aurretik, bere artelana bizitza zela ohartu zen pintorea.


Sentitzen nuena egin dut, sentitzen nuelako. Jendea hortaz konbentzitua egotea anitz da jadanik. Baina ez dut oraino ene azken hitza esan. Hemendik aitzina eskultura gehiago egin nahi nuke. Garai batean, diru gehiago izan banu, agian pintura baino gehiago landuko nuen eskultura.
Nortasun agiria
Hazparnen (Lapurdi) sortu zen 1946an, baina 4 urte zituela, bere sendia Parisera aldatu zen. Hubert pintore sonatuaren tailerrean, Montparnasse-ko goi-mailako eskolan, eta Vergeaux eta Chamfleury-ko tailerretan ikasi zituen pintura, grabatugintza eta litografia. 1970ean pintore gazteentzako Malakoff saria irabazi zuen, eta 1981ean Lutec akademiako urrezko domina jaso. Geroztik artearen munduko hiriburu esanguratsu anitzetan izan ditu bere lanak erakusgai.
Paper beltza
“Bost urterekin haur marrazki txapelketa batean parte hartu nuen. Ipuin bat ilustratu behar genuen eta horretarako paper beltza hautatu nuen. Pintore ospetsuak ziren epaile eta luzaz hitz egin zuten marrazki horri buruz. Harrigarria zitzaien bost urteko haur batek paper beltza hautatu izana. Egia esan, gaur egun ere, ez dakit zergatik hautatu nuen”.
Ordena
“Lanerako orduan, gauza bakoitza bere tokian ukatzea gustatzen zait. Antolatutako bordela da enea. Bordela, baina antolatua. Bakoitzak dauka bere lan egiteko modua”.
10 epetan
“Aurrekoan, smicar bat –gutxieneko soldata irabazten duena– etorri zitzaidan, erabakia hartzen eta dirua aurrezten urteak pasa eta gero, obra bat 10 epetan eros zezakeen galdezka. Hunkituta gelditu nintzen, zoragarria izan zen”.
Izan nahi badu
“Haur batek pintorea izatea deliberatzen badu, eta benetan hori izan nahi badu, izanen da egunen batean. Oztopo batzuk gainditu beharko ditu, baina izanen da”.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-26 | ARGIA
Emakumeen presentzia nabarmenarekin herriz herri dabil euskarazko film laburren Laburbira zirkuitua

Martxoaren 20an Bergaran hasi zen hamaseigarren Laburbira zirkuitua eta Valentzian amaituko da apirilaren 13an. Aurten bederatzi film labur ikusteko aukera emango du eta datu bat nabarmentzen da: bederatzi lan horietatik zazpi emakumeek zuzendu dituzte.


2019-03-26 | ARGIA
Dilma Ferreira Silva aktibista hil dute Brasilen

Brasilgo iparraldean dagoen Pará estatuan hilketa bortitz bat gertatu zen joan den astean. Dilma Ferreira Silva, presek kaltetutako pertsonen mugimenduko koordinatzailea eta beste bi pertsona hil zituzten. Albisteak berriz ere lehen lerrora ekarri du Brasilen mota horretako azpiegiturek milaka herritarrei eragiten dizkieten kalteak.


2019-03-26 | ARGIA
Franco fundazioak Vox finantzatzen du... baina nork finantzatzen du Franco fundazioa?

Francisco Franco fundazioak Vox alderdi ultraeskuindarra ekonomikoki bultzatzen duela agerian geratu ostean, galdera automatikoki pizten da: nondik ateratzen du dirua Espainiako diktadore faxista goresten duen elkarte horrek? Azken hamarkadetan erakunde publikoetatik jaso dituen laguntzak dira finantzazio iturrietako bat.


Desarmons-les kolektiboko kide bat atxilotu dute Euskal Herritik Pariserako trenean

Oldartu gazte dinamikak antolatuta hitzaldia eman zuen igandean Itsasun. Elkarretaratzea eginen dute atxiloketa salatzeko, gaur 18:30ean, Baionako San Leon itzulgunean.


2019-03-26 | ARGIA
Ertzaintzaren azken promozioa 200 lanpostutan handitzea erabaki du Jaurlaritzak, hautaketa-prozesua martxan dela

Ertzaintzako lanpostuen promozioa aurreikusitakoa baino handiagoa izango dela iragarri du Eusko Jaurlaritzak. “Ertzain berriak hautatzeko 28. deialdia zabaldu egingo dugu, 500 izan ordez, 700 izango dira eskainiko ditugun plazak”, adierazi du Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak.


2019-03-26 | ARGIA
Kristau Eskolako eta IZEAko langileak, greba egun gehiagoren ataritan

Kristau Eskolako ordezkariekin negoziazio bilera egin zuten sindikatuek astelehenean. Atzokoaz gaindi patronalak beste proposamenik egin ezean, greba egun gehiagori ekingo diete astelehenean.


Etxe kaleratze bat salatu du Aranzadik Irueko Donibane auzoan

Alokairuan zen bikote baten kaleratzea salatu du Aranzadik.


Argazki bilduma
Bizitza, justizia eta bakearen alde errepideak moztu dituzte 15 egunez Kolonbiako hego-mendebaldeko indigenek

Martxoaren 10ean hasi zen Kolonbiako Cauca eskualdean Bizitzaren, Lurraldearen, Demokraziaren, Justiziaren eta Bakearen aldeko minga (auzolana). 15.000 indigena mobilizatu eta errepideak moztu dituzte, hainbat nekazari elkarte eta mugimendu sozial eta zibilekin batera. Poliziarekin izandako istiluetan 10 lagun hil eta dozenaka zauritu izan dira. Andoni Barreña eta Julen Larrañaga Garabideko kideak han dira eta gertatutakoaren berri eman dute.


2019-03-26 | ARGIA
Errepresioa eta protesta sozialen kriminalizazioa jo-puntu, Bilbon burutuko diren jardunaldietan

Martxoaren 29tik 31ra bitartean Bilbon egingo diren “Errepresioaren eta protesta sozialen kriminalizazioaren kontrako jardunaldiak” aurkeztu dituzte asteartean.


2019-03-26 | Eric Dicharry
Jupiter versus Janus

Poesia-errealitatea artifiziorik gabe errealitatera doa. Poetak Estatuaren ekipamenduak idazten ditu. Kaskoa: 800 euro. Defentsa bala jaurtitzailea : 650 euro. Defentsa bala: 30 euro. Gorputzaren babesa: 2.500 euro. Ezkutua: 350 euro. Borra teleskopikoa 70: euro. Granada lakrimogenoen jaurtitzailea: 2.500 euro. Borra Tonfa: 30 euro. Granada lakrimogenoa klasikoa: 15 euro. Granada lakrimogenoa GLI-F4 soinu efektuekin: 25 euro. Granada jaurtitzailea: 900 euro. Granada desinguratzerako: 20 euro.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude