Uxue Barkos

«PSNren asmoa NaBai apurtzea bada, ez du lortuko»

  • 1964, Iruñea. NaBaiko zinegotzia Iruñeko Udalean eta Espainiako Kongresuan diputatua. Esperientzia ezinbestekotzat jotzen du NaBai: “Nafarroan abertzale eta ez abertzaleen artean lan egitea posible da, baita proiektu berri bat aurrera ateratzea ere.
    Proiektua gauzatzeko arrazoi politikoak eta objektiboak daude” esan digu.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2008ko apirilaren 27a
Uxue Barkos
Uxue BarkosJosu Santesteban
Koalizioan izaten diren tentsioak gutxitzeko bitarteko berriak sortu beharra azaldu digu. Zeregin horretan ari dira jo eta ke. Iruñean hitz egin dugu eta politikan buru-belarri ari dela jabetu ahal izan gara. Elkarrizketa erlojuaren kontra egin genuen, denbora errekorrak apurtuz. Emaitza jarraian paratu dugu: emaitza ona gure aburuan.

Zer iruditu zaizu Raxoik inbestidura saioan Zapaterorekiko hartu zuen jarrera?


Raxoiren inbestidurako diskurtsoa oso epela izan da eta ziur aski elkarrekiko keinu bat baino gehiago ikusiko dugu aurki. NaBai Estatuko arazoetan Zapatero laguntzeko prest dago, baina PSOEk PPrekin Estatu itunik bilatzen badu guk kontra egingo dugu.

Emaiguzu Espainiako Gobernu berriari buruzko zure ikuspegia.


Egituraketa berria da. Aldaketa asko ez dut ulertzen ez ontzat jotzen. Bi hauek azpimarratuko nituzke: Lan eta Immigrazio Ministerioa izendatu izana. Gizarte demokratiko batean immigrazio eta enplegu gaiak ministerio berean lotzea erokeria da. Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioa: Ingurumen ministerioaren beharra dugu eta inork ez du hori kuestionatu. Gaiak bereiziak zeuden eta Zapaterok batu ditu. Zapateroren diskurtsoaren ardatzetako bat Kioto izan zen, bada, Kiotori buruz esana erretorika dela ulertu behar dugu, ingurumen gaia ministerio bateko bigarren atala izatera pasa da-eta.

“ETAren aurkako borroka alderdi abertzaleek gidatu behar dugu” esan zenuen Zapateroren inbestidurako saio batean. Sakondu ideia horretan, arren.


Azkenaldion berriz ere zer-nolako estrategia partidistetan aritu garen ikusi besterik ez dago. Kondenaren inguruan, adibidez, abertzaleok politika egiteko gai izan behar dugu, eta etikoki sakonean aritzeko ere interes partidistetan erori gabe. Inbestidura saioan argi eta garbi esan nuen: alderdi sozialistak zein popularrak kondena erabiltzen baldin badute Alderdien Legea aurrera eramateko, ez gaude ados. Halaber, gure udaletan kondena ez badago ez da ahalmenik izango instituzio horiek behar bezala kudeatzeko. Hori da abertzaleon, eta sozialista zein popularren arteko ezberdintasuna, handia gainera. Ez nuke esango alderdi bi horietan denek horrela pentsatzen dutenik, baina hainbatek kondena erabiltzen du Alderdien Legea aplikatzeko. Kondenaren utilitarismoa egiten dute eta guk abertzaleok ETAren aurkako borrokan hori apurtu behar dugu.


Zer adierazten du Zapatero bigarren itzulian presidente izendatu izanak?


Lehenengo eta behin, ez dela akordio bakarra ere lortzeko ausarta izan. Duela lau urteko inbestidura saioan “IRAKeko tropak AEBetatik atera zituen presidentea” deitu genion. Oraingoan akordioa lortzea nahi ez duen edo lortzeko ausarta ez den presidentea da. Orduko Zapateroren eta oraingoaren ezberdintasun nabarmena da. Politikarako ausardia ezak definitzen du Zapatero.


Abstenitu zinen, ez zenion ezezkoa eman, alegia.


NaBairi zaila zaio Espainiako presidente sozialista bati ezetza ematea. Oraingoan, koherentzia politikoa kontuan hartuta, abstentzio jarrera hartu dugu. Eta ez da batere erraza izan.


Koherentzia kontuak tarteko, PSNren eta UPNren arteko harremana aipatu zenuten inbestidurako saioan. Zer eskatzeko?


Zapaterok argi eta garbi esan dezan Diputatuen Kongresuan, Nafarroako instituzioetan PSNko eta UPNko kideek zer-nolako harremana duten. Orain hilabete batzuk Zapaterok berak esan zuen Kongresuan “PP-UPNren sozioak gara Nafarroan, Nafarroan baino ez”. Guk horri buruzko azalpena eskatu genion eta berak ezeztatu zuen esandakoa. Nafarroan halere PSN eta UPN eskutik ari dira, begi-bistan dago.


UPNren alternatiba PSNrekin gauzatu ez izanak PSOErekin harremanak baldintzatu ditu nolabait.


Kontua ez da ahalegin hark gure harremanak baldintzatzen dituen ala ez, baizik eta zer motako gizartea eraiki nahi dugun guk eta zein den gobernatzen dutenak eraikitzen ari direna. PSNk nahiago du UPNrekin Nafarroan eraikitzen jarraitzea, orain arte bezala, eta guk alternatiba eraikitzen segituko dugu tinko Nafarroako Legebiltzarrean, Madrilgo Kongresuan, baita udaletan ere, oposizioan uneon. Ageri denez Barañaingo Udalean ere oposizioan. Eta PSNren asmoa NaBai apurtzea bada, ez du lortuko.


Zer gertatu da Barañaingo Udalean?


Argi eta garbi dago: PSNk ez ditu bere konpromisoak bete eta nahiago izan du UPNrekin bat egitea.


Honek baldintzatuko ote du Madrilgo Gobernuarekin NaBairen jarrera?


PSNk horrelako jarrerarekin segituz gero... baliteke.


Nafarroako Parlamenturako urratutako bidea antzu geratu da ia-ia.


Beren erabakia izan da. NaBaik bere planteamenduei eta helburuei tinko eusten die: Nafarroara aldaketa ekartzea, ezkertiarra eta elkarbizitza bermatuko duena. Guk geure bideari eutsi diogu, berauek horretan gai ote diren erakutsi behar dute. Orain, bihar, zein hiru urte barru, gu prest izango gara.


Bakerako bidean laguntza eskaini diozu Zapaterori, eta PPren eskutik ez aritzeko eskatu. Estatuko alderdi nagusien artean paktu bat izan ezean posible ikusten al duzu bakea?


Ez dut paktu baten beharra ikusten, erantzukizunaren beharra baizik. Oposizioko lehen taldearen erantzukizuna gobernuari laguntzea da, PPk egin ez duena. PPk ETAren su-etenaren kontra eginez are zailago egin zuen ETArekin akordio posiblea. Baina paktua ez da beharrezkoa, ez da inoiz izan, hori ez da egia. Hori politikako sektore batzuen interesa da. Espainiako aldian aldiko presidentearen erantzukizunetako bat arazo militarra konpontzea da. Arazo militarra ETA eta Espainiako presidentearen artean konpondu beharreko gauza da, arazo politikoa berriz euskaldunon arazoa da, guk geuk konpondu beharrekoa eta konponduko duguna gainera.


Madrilen diputatu eta Iruñean zinegotzi. Alkate ez izanaren damua?


Batere ez. Udalean dauden ordezkaritzak ikusita ez zen erraz kudeatzea udal gobernu posible hura. NaBairen zeregina oposizioan dago uneon.

UPNk hamahiru zinegotzi ditu, Yolanda Barcina alkatea barne. NaBaik zortzi, PSNk lau eta ANVk bi. Hamalau versus hamahiru. Zer oposizio du alkateak?


PSN ez da oposizio. Barcinak gehiengo osoa dauka, proiektu orokorretarako PSNren sostengua dauka behin eta berriz. Teorian ez, baina praktikan bai. Eta gauza bera Foru Parlamentuan.


ANVko zinegotziekin harremanak zer moduz?


NaBai eta ANVren artean harremanik ez dago, eta une honetan Iruñeko taldearekin haserre nago. Ez dituzte beraien erantzukizunak onartzen.


Esate baterako?


Orain hilabeteko osoko bileran, polita eta esanguratsua, NaBaik Txantreako izen frankistak dituzten kaleko izenen aldaketa proposatu zuen eta PSNk baiezkoa eman zuen. ANV abstenitu zen. Beraz, mozioa ez zen aurrera atera. Bakoitza bere erabakia hartzeko libre da. Horraino ondo, baina ANVk gertatuaren bertsio guztiz alderantzizkoa eta interesatua eman zuen gero. Errealitatearen kontrakoa, guztiz bihurria. Politikan ezin duzu erantzukizuna horrela saihestu, esandakoari aurre egin behar diozu.


Oposizioa ahula izan arren, zer gustatuko litzaizuke egitea oposizioan?


Herritarrendako Laguntza Zerbitzua herritarren beharretara jartzea. UPNk deitzen dituen politika liberalen ordez, zerbitzu horiek kudeatzeko politika sozial sendoak jarri nahi ditugu. Iruñean eta Iruñerrian ditugun arazoak benetan larriak dira. Zerbitzu sozial hau behar bezala bideratzea lortuko bagenu pozik geratuko nintzateke.

Bardeetako Tiro poligonoa hizpide. Zapaterok Uxue Barkosekin gaia eztabaidatzea onartu omen du. Jose Antonio Gaiarre Bardeak Batzarreko presidenteak (UPN) hala ere, hauxe esan du: “NaBaik ez du horretan zerikusirik baina eskatu badute, eztabaida dezatela”.


Egia da. Bardeetako kontratuak bi alde ditu: batetik Defentsa Ministerioak planteatzen duena, Zapatero da erantzule. Bestetik Bardeetako Junta dago, eta hor ez Uxue Barkosek ez Nafarroako Gobernuak ez Legebiltzarrak ez dugu erabakitzerik. Haien erantzukizuna da. Baina zer esaterik badut. Lehenik eta behin, nire jarrera Nafarroako Legebiltzarrak aho batez martxoan onartu zuena da. NaBairen proposamenaz, parlamentuko talde guztiek orain dagoen akordioa ez luzatzea bozkatu zuten. Esaten ez dena hauxe da: posible al da Bardeetarako orain arte izan diren diru laguntzak jasotzea, ordezko laguntzen bidez? Alegia, akordio hori eteten bada, diru laguntza ere bai? Tranpa hor dago. Bardeetako Juntan hogeita bi congozante daude. Hemeretzi Erriberako udalekoak dira, beste hirurak La Olivako Monasterio, Zaraitzu ibarra eta Bardeetako congozanteak dira. Congozanteek erabakitzen dute kontratuaren baiezkoa edo ezezkoa. Noski, udal horietako bizilagunei tiro poligonoko kontratuaren ordez, diru laguntzak jasotzeko beste aukera batzuk badaudela esaten bazaie, bada agian tiro eremua itxiko da. Bestela... Hor dago Gaiarreren tranpa.
“Kutxako auziak inflexio puntua izan behar du NaBain”

“NaBain tentsioak daude eta izango dira, baina momentuz gauzak ondo doaz” esan zenidan duela lau urte.


Bai. Eta halatsu gaude. Baina normala da. Azken urte hau oso gogorra izan da, egoera oso bereziak kudeatu behar izan ditugu. PSNk bitarteko guztiak UPNren esku jartzen dituela ikustea benetan gogorra da, gizarte aurrerazalea nahi dutenentzat gogorra da oro har. Beren politika justifikatzeko hitz gogorrak darabiltzate abertzaleon kontra. Bien bitartean, udal eta foru hauteskundeak izan dira, ondoren orokorrak, horretarako gure egiturak moldatu behar izan ditugu. Orain lau urte NaBaiko zinegotzirik ez zegoen, uneon pila gara. Nafarroako Legebiltzarrean eta Iruñeko Udalean bigarren indarra gara, ez da erraza. Baina ez naiz batere ezkor. Hautesleek esan digute koalizio hau behar dela Nafarroan. Ez bakarrik hori, Madrilen ere, egoera zail eta larri batean, ordezkaritza izaten segitzen du NaBaik.

Kutxako aferak tentsioak berretsi dituzte edonola ere.


Kutxako auzia nolabaiteko tupust bat izan da. Inflexio puntua izan behar du, nahiz eta alderdi bakoitzaren interesak oso legitimoak diren eta horrela izan behar duten gainera. NaBaiko interesak eta alderdienak paraleloak izatea normala da. Azpimarratu behar dena da, batetik NaBai eratzea eta zutik mantentzea lortu dugula, eta bestetik gizartearen oniritzia jaso dugula. Gure eginbeharra herritarren konfiantza eta sostengua aurrera eramatea da.

Tentsioek nola eragiten dute zure baitan?


Proiektuaren sentsibilitate guztien biltzaile eta bozeramale izaten saiatzen naiz. NaBaiko bizitzan eta bere inguruko gertakarietan tentsioak normalak dira. NaBairen esperientzia ederra da halere, eta nire hitz hauek ez dira hutsalak. Ikusten eta sumatzen dut posible dela lau indarren arteko lana gauzatzea eta NaBai bezalako bitartekoa Nafarroan izatea. Hain da beharrezkoa gainera! Balantze hoberena hain indar ezberdinen artean lan egiteko gauza garela agertzea da. Ahaztu gabe independenteen ekarpena, jende benetan garrantzizkoa. Politikarekin harreman zuzena ez dutenen konpromisoa lortzea proiektu honetan, hori bai benetan dela altxorra.

Espainiako Kongresurako NaBaiko emaitzei buruzko iritzi ezberdinak eman dira ezagutzera. Zein da zurea?


Emaitzak, lasaitasun osoz aztertu ondoren, ez dira batere txarrak izan. Egoera oso zaila izan arren, alderdi abertzale eta euskaltzaleentzako bipartidismoa oso txarra da, baita aniztasunarentzat ere: EB-IU, IPC, ERCren emaitzak lekuko. Nire erreflexioa erraza da agian, baina NaBai da aurreko hauteskunde orokorretan baino boto gehiago atera duen euskal ordezkari bakarra: 1.000 boto gehiago. Ez dira asko, baina botoen %18tik %19ra pasa gara, boto emaile kopurua gehitu arren. Bada beste datu are interesgarriagoa: NaBaik Erriberan 3.000 boto gehiago jaso du. Garrantzizkoa da oso. Adierazgarria da poliki-poliki urratsak ematen ditugula ikustea.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: NaBai  |  Nazioartea

NaBai kanaletik interesatuko zaizu...
2015-01-27 | ARGIA
Ikurrinak debeku ofizialarekin jarraituko du Nafarroan

Nafarroako Legebiltzarrak atzera bota du Sinboloen Legea aldatzeko gaur aurkeztu den herri ekinaldi legegilea, Guztion Nafarroa guztien ikurrak herri ekimenak aurkeztua. 9.000 sinadura aurkeztu ziren horretarako eta 5.016 eman zituen balekotzat Legebiltzarreko Mahaiak. Bozketaren unean, 23 boto ekimenaren aurkakoak izan dira (UPN, PSN eta PPN) eta 17 alde (EH Bildu, Aralar-NaBai, Ezkerra eta Geroa Bai).


2014-03-06 | Xabier Letona
PSOEk debekatu egin dio PSNri Barcinaren aurkako zentsura moziorik aurkeztea

PSOEko zuzendaritzak erabaki du PSNk ez duela Yolanda Barcinaren aurka zentsura moziorik jarri behar Nafarroako Legebiltzarrean. Kaleratu duten oharrean irakur daitekeenez, PSNk ez du beste inongo taldek aurkez dezakeen moziorik onartuko. Erabakia asteazken gauean zabaldu dute, Nafarroako sozialistek ostegunean egin behar duten bileraren aurretik.


2014-02-28 | ARGIA
Barcinaren dimisioa eskatu du Goicoechea auziko ikerketa batzordeak ere

Aldaketaren premia: hori da Goicoechea auziko ikerketa batzordeak gaur irakurri dituen ondorioetan ikusten dena. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari dimititzeko eta hauteskundeak aurreratzeko eskatu dio.


2014-02-24 | Iera Aranburu
35.000 lagun Barcinari dimisio eske

Kontuz! elkarteak deituta, azkenaldian Iruñeak ikusi duen manifestazio jendetsuena egin zuten larunbatean. "Goicoechea auzian" gertatutakoari buruzko azalpenak eta ardurak eskatu dizkiote Yolanda Barcinaren gobernuari.


2014-02-18 | ARGIA
Lizarbe, Nafarroako Ogasunari buruzko ikerketa batzordeko presidente

Juan Jose Lizarbe izendatu dute 'Goicoechea auzia' ikertzeko batzordeko presidente. PSNk soilik aurkeztu du hautagaia eta alderdi guztien babesa jaso du, UPNrena salbu.


2013-04-10 | Lide Hernando
Geroa Baik Barcinaren aurkako zentsura mozioa babestuko du

Geroa Baiko Batzorde Iraunkorrak asteartean adierazi du Barcinaren aurkako zentsura mozioaren aldeko botoa emango duela. Bilduk eta Aralar-NaBaik aurkeztutako mozioak jada Ezkerraren eta Geroa Bairen bermea du, beraz. Hala ere, ez da nahikoa izango aurrera ateratzeko, PSNk argi adierazi baitu ez duela alde bozkatuko.


2013-04-10 | Lide Hernando
Irueko Udaleko oposizioko alderdiek Mayaren aurka planto egingo dute batzarrean

Iruñeko alkate Enrique Mayak CAN auziarekin duen erlazioa kontuan hartzekoa dela kontsideratu dute udaleko UPNren oposizioko alderdi guztiek, PPNk izan ezik.


2013-03-22 | Jon Torner Zabala
Irueko alkatearen dimisioa eskatuko du oposizioak, CAN auzia dela eta

Enrique Maya Iruñeko alkatearen aurkako mozioa aurkeztuko dute gaurko osoko bilkuran NaBai, Bildu, PSN, Aralar eta Izquierda-Ezkerra alderdiek, Nafarroako Kutxako (CAN) dieten auziagatik,


2013-02-08 | ARGIA
Nafarroako Parlamentuak atzera bota du osasun sistema erreformatzeko Gobernuak onartutako dekretua

Osasunbideko lehen arreta eta larrialdi zerbitzuan aldaketak egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Parlamentuak, ordea, atzera bota du UPNk onartutako dekretua, Nabai, PSN, Ezkerra eta Geroa Bairen botoekin. Dekretuak landa-eremuak baztertu, zerbitzu kaskarragoak ezarri eta profesionalen lan baldintzak okertzen zituela adierazi dute alderdiok.


2013-02-06 | Martin Vicioso
NaBai, Ezkerra, Aralar eta Bilduk euskarazko irrati baten aldeko mozioa aurkeztu dute

Iruñeko Nafarroa Bai, Bildu, Aralar eta Izquierda-Ezkerrako zinegotziek mozio bateratua aurkeztu dute Iruñean Nafarroako Gobernuak “lehenbailehen” euskarazko irrati bati emititzeko baimena eman diezaion.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude