Batua ikasi berriek bizkaieraz nahi dute

  • Berbalagunako batzuek eskatu zuten, euskara erabili bai, baina bizkaiera izan zedila. Lehen pausoa bizkaiera ikasteko ikastaroa. Getxoko Egizu elkarteak antolatu du Labayru Ikastegiarekin batera. Iazko urrian hasitakoa maiatzean bukatuko dute.
Bizkaiera ikasten
Bizkaiera ikastenBizarra Lepoan
Getxon (Bizkaia) hamabi urte daramatzate berbalaguna ekimenarekin. Egizuren –Bizarra Lepoan euskara elkartea eta Getxoko euskaltegiak– eskutik, orain, 200 bat lagun dabiltza. Berbalagun guztiak euskara batuan dira. Getxon, eta orokorrean Uribe Kosta eskualdean, gutxi mintzatzen dira bizkaieraz eta are gutxiago tokian tokiko hizkeran. Bertako hizkerak kalean entzuten ez badira berbalagunean oso nekeza dute bestelakorik egitea. Alabaina, berbalagunako ikasle batzuk tematu ziren eta Getxoko hizkera eta baita Uribe Kostako gainerako herrietako hizkera ere ikasi nahi zuten.

Eskaerari erantzun asmoz, Egizuk eta Labayru Ikastegiak 2007ko urritik aurtengo maiatzera arteko ikastaroa antolatu zuten. Hasierako intentzioa eskualdeko hizkerei buruzko ikastaroa egitea zen, baina laster ikusi zuten ehun orduko ikastaroa antolatzeko materiala hain agudo prestatzea zaila izango zela. Bestalde, ikastaro zehatzegia egiteak ikasle kopurua asko murriztuko zukeen.
Beraz, bietarik egin dute; batetik, eskualdeko hizkerak landu dituzte eta bestetik, eta batik bat, bizkaiera arautua irakatsi dute. Ikasleak –gehienak 30 urte ingurukoak– ikastaroko orduen erdietan teoria ikasten aritu dira, hau da, bizkaiera arautua ezagutzen. Ondoren etorri da gustagarriena, praktika, batzuetan entzumena eta bestetan mintzamena. Entzumena lantzeko gonbidatu bereziak izan dituzte ikasgelan. Uribe Kostako eta beste eskualdetako jendea ekarri dute zerbaiten inguruan berbetan egitera. Gaia gutxienekoa da, kontua zen bizkaiera kolore desberdinak aditzea. Hala, besteak beste, Erandio, Sopela, Bakio, Getxo, Arratia bailara eta Ondarroatik heldu dira gonbidatuak. Eta entzun eta gero hitz egin. Ikaskideak baliatu behar bizkaieraz aritzeko, gainerakoan, kalean, oso aukera gutxi dutelako. Ikasleren batek edo bestek senideren batekin edo lagunen batekin badu aukera bertako hizkeran aritzeko, baina adineko batzuk salbu ez dago ia mintzakiderik.

Lander Solozabal ikastaroaren antolatzaileari galdetu diogu ea datorren urtean ikastaroari segida emateko asmorik baduten. Ez dute erabaki ikastaroaren bigarren ikasturtea egin ala ez, baina buruan beste gauza bat darabilte, bizkaieraz aritzeko berbalaguna, hain zuzen. Ikastaroan dozena bat ikasle hasi ziren, apirilean zazpi-zortzi batek jarraitzen dute eta asmoa da taldetxo horrekin maiatzean bertan lehen aldiz bizkaierazko berbalaguna abian jartzea.

Bizarra Lepoan elkarteak webgunea dauka (www.blogari.net/bl) eta han ikastaroei buruzko kronika batzuk jaso dituzte. Euskara batuaren eta euskalkien gaia dela-eta, norbaitek aipatu du ea zenbateraino landu behar diren euskalkiak euskara batua izanda. Hortaz zein iritzi duen galdetu diogu Solozabali eta hauxe esan digu: “Batuak egin du bere bidea komunikabideetan, irakaskuntzan, administrazioan... Bada garaia euskalkiak prestigiatzeko, izugarrizko aberastasuna da hori, koloreak dira, euskarak daude. Pena litzateke galtzea. Gipuzkoan eta Nafarroan, adibidez, hitanoarekin ari da gertatzen hori eta pena da”.

Getxo aldean euskaldunberriek segiko dute euskara batua ikasten, hobetzen eta horietako batzuek bertako hizkerari ere helduko diote, egunen batean, herriko agureak eta beraiek elkar ulertuko dutelakoan.
Mikel Cantalapiedra: “Egiazko euskara ikasi nahi dut, Uribe Kostako euskara”
Bilbo Ezkerraldekoa, Portugaletekoa da Mikel Cantalapiedra eta 18 urtera arte ez zuen euskara ikasteko aukerarik izan. Orduan ikasi zuen euskara, AEKn, batua noski. “Bizkaitarra naiz, sustraien bila nabil, eta egiazko euskara ikasi nahi dut, Uribe Kostako euskara”. Portugaletekoa bada ere, orain Sopelan bizi da, berak dio Espainiatik Uribe Kostara egin duela salto. “Hala ere, ez pentsa”, alegia, bertako hizkera edo bizkaiera bera erabiltzeko aukera oso gutxi ditu Sopelan: “Agureren batekin aritu behar berbetan edo ikastarora joan”. Gazteek ez dute egiten bizkaieraz, ez dakite. Cantalapiedraren ustez gauzak txarto egiten ari gara: “Eskolan adibidez, txikienei hasieran bizkaieraz irakasten diete, baina selektibitateari begira daude eta ordurako batua ikasi behar da. Bizkaiera lehen urte horietan galtzen da, geuk bonbardatzen dugu bizkaiera. Aita izango naiz laster eta nik bizkaieraz egin nahi diot haurrari, bera bere kalean bakarra izango da”. Ingurune gaitza bizkaieraz aritzeko, nahiz eta portugaletetarraren ustez ez den hain zaila bizkaiera ikastea, “hori bai, hiru bizitza behar dira agureek bezala hitz egiteko!”.

Ia bukatzear den ikastaroan gustura dabil bizkaiera praktikatzeko aukera paregabea duelako. Orain Sopelako berbalagun taldeetako batean dabil arduradun gisa eta badaki Bizarra Lepoanen asmoa dela datorren urtean bizkaierazko berbalaguna osatzea. Mikel Cantalapiedra parte hartzeko irrikan dago. Berak garbi dauka: “Zein txikia garen herri bezala eta zein aberatsak euskalkietan. Aberastasun horrek euskara gehiago maitatzen laguntzen du”. Euskalkiak, herrietako hizkerak oso larri daudela uste du, “eta agian hori da eboluzio naturala, baina eboluzio horren kontra borroka egiteko prest nago”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude