Nazionalismo baztertzailea faxismoa da

  • Ez dira hamasei ordu eman Arrasateko zinegotzi ohia erail dutenetik eta gosaldu egin dut, ia egunero bezala, atzo bazkal aurretik Isaiasek azken txikitoa edan zuen tabernan. Topo egin dut bertan bere lagunekin. Eta doluminak azaldu dizkiet. Berrogeita hamargarren hamarkadaren amaieran industria zurrunbiloak Arrasatera ekarritako etorkinentzat presaz eta premiaz eraikitako auzoko taberna tipikoa da eta gustuko dut egunari bertan ekitea, tipologia desberdinetako gizon emakumeekin mintzatzeko aukera ematen baitit.
Josemari Velez de Mendizabal
Josemari Velez de MendizabalDani Blanco
Denetariko hizkuntzak entzuten dira lokalean, gaztelania nagusi den arren, ez baitira bezeroen ahoan euskara, andaluziera, galegoa eta extremeñoa ere falta izaten. Fagorreko katera goizeko txandan sartu behar den sevillanoa, Berria egunkariaren aleak etxez etxe banatzen dituen burgalesa, ONCEko kupoiak saltzen dituen soraluzetarra, kafesneak edo txupitoak ateratzen dizkigun salmantinoa, bere amets eroak ozen kontatzen dizkigun arrasatearra, gaupasako hondarrak artean uxatu gabe dituen olitearra, eta pieza desberdinetako puzzlea osatzen dugun beste asko. Eta eguraldiaz aparte, bizimoduaren garestitzea, Jainkoa, Reala, auto lasterketak, poesia eta beste hamaika gaiz hitz egiten dugu, goizeko ordu txikietan lanera abiatu aurretik eduki daitekeen patxada apurraz.

Nire ezagun horien adiskide eta auzokoa zen Isaias. Baliteke noiz edo noiz ni ere berarekin gurutzatu izana goizalderen batean, baina ez dut gogoratzen. Gaur ilun zegoen taberna, eta isil. Bostekoa eman diet atzoko azken txikitoa eraildakoarekin edan zutenei. Eta alferreko hitzik esan gabe etxera itzuli naiz, eta ordenadorearen aurrean eseri baino lehen, arrasatear jatorrizko Jesus Guridiren Diez Melodias Vascaseko bat aukeratu dut. Lerro hauek amaitu bitartean behin eta berriz entzun dudana.

Ez dago giza eskubideak zanpa ditzakeen inongo ideologiarik. Urrezko arau hori garbi ez dugun bitartean, gure gizartearen desintegrazioari ateak zabal-zabalik jartzen zaizkio. Hori baldin bada atzoko pistoleroak lortu nahi zuena, adierazi behar diot bete-betean asmatu duela bere helburuan. Baina katua sakatu zuenari ere esango nioke, batere mesederik ez diola egin gure herriari, hatxea hizki txikiz nahiz larriz idatzitakoari. Gure arteko elkarbizitzaren eraikina printzatuta dago aspalditik eta balek ekarriko ez diguten sendabidea dugu behar. Ekainean berrogei urte izango dira lehen hildakoetatik... eta bide horretatik ez gara inora heldu. Barkatu! Bai... Heriotza bortitzen kapituluak irtenbide gabeko galbidera eraman gaitu!

Euskal Herri posible bakarra, gure gizartea osatzen dugun guztion parte hartzearekin lortuko da. Abertzale jaio ninduten eta abertzale izaten segitzen dut. Baina sekula ez zait gogotik igaro inor, nik bezala pentsatzen ez duelako, nire ondotik baztertzea. Beti borrokatu dudan faxismoan eroriko nintzateke eta. Inork ezin du bere kabuz justizia –ezta sasikoa ere!– inpartitu; are gutxiago, auskalo zer agintean oinarrituta, sententzia exekutatu! Hori faxista izatea da. Herria hortxe dago, sentimendu ugariko pertsonek osatua. Eta den bezalakoa onartu behar da, baita maitatu ere. Baina gizartearen gainetik gizon-emakumeok gaude, bakoitza bere keria eta tasun guztiekin, eta horiek guztiak onartu behar dira, baita maitatu ere.

Oharrak.
a) Pistoleroari: inoiz zu erailtzera inork joko balu, ekintzaren kontra altxatuko nuke nire ahotsa, heriotza induzitua adimenaren aberrazioa baita.
b) Guridiren melodia Amorosa izan da.

ASTEKARIA
2008ko apirilaren 06a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude