argia.eus
INPRIMATU
Lege Lehorrean bustita
  • Washington (AEB), 1933ko otsailaren 20a. AEBetako senatuak, Franklin D. Roosevelt presidente demokrata berria hiltzeko saiakeratik bost egun baino pasa ez zirenean, Lege Lehorra izenez ezagutzen zena bertan behera uztea erabaki zuen, alkohola debekatzen zuen lege hura onartu eta hamalau urtera. Urte horietan demokratei “bustiak” (wet) esaten zieten eta errepublikarrak, aldiz, “lehorrak” ziren (dry). Lehorrek hauteskundeak irabazi berritan hartutako lehen neurria izan zen, baina atzetik gehiago etorriko ziren. Izan ere, alkoholaren afera ageri-agerikoa izan arren, horren atzean egoera ekonomiko larria eta errepublikarren moral bikoitza zeuden. Lege Lehorrak arazoak areagotu zituen eta, orduan, duela 75 urte, hasi ziren debekuaren benetako ondorioez jabetzen.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko martxoaren 17a
Franklin D. Roosevelt
Franklin D. Roosevelt
Batetik, Lege Lehorrak herrialdearen egoera ekonomikoa are gehiago kaltetu zuen: kontrabandoak dibisak kontrolik gabe galtzea ekarri zuen. Horrekin batera, AEBetako alkohol-industriak behea jo zuen. Alkohol salmentaren zergak diru-sarrera oparoa ziren gobernuarentzat, baina legeak iturri hura ere itxi zuen.

Alkohol kontsumoa ez zen murriztu, legeak nahi zuen bezala. Alkohol gutxiko edari gutxiago edaten ziren, baina likoreek izugarri egin zuten gora, legez kanpo saltzea askoz ere errentagarriagoa zelako. Debeku garaian, estatubatuarrek urteko 460 milioi litro ardo edan zituzten, graduazio altuko alkohola 800 milioi litrora iritsiz

Ohiturak ere aldatu ziren. Lehen, batez ere, txiroenek eta aberatsenek edaten zuten alkohola. Lege Lehorraz bat, alkohola indartsu sartu zen erdi mailako klasean. Taberna klandestinoetan gazteek alkohola edateko eta tabakoa erretzeko ohitura hartu zuten. John M. Cooper historialariaren esanetan, “gazte inkonformistentzat edatea ez zen denbora-pasa hutsa, kultur erronka baizik. Gizarte amerikarraren zati handi batean debekuaren erdeinu ironiko eta nabarmena oinarrizkoa zen bere burua sofistikatutzat zuen ororentzat”.

Lege polemikoak destilazio klandestinoa bultzatu zuen, eta alkohol pozoitsua zabaldu zen han eta hemen. Legea indarrean egon zen hamalau urteetan, alkohol pozoitsuak 30.000 hildako eragin zituen, eta 100.000 pertsonari kalte sendaezinak ekarri zizkien. Kopuru horiek ofizialak dira, baina benetakoak askoz handiagoak direla uste da.

Azkenik, delinkuentzia mota berria sortu zen alkohol ekoizpen eta salmentaren inguruan. Taldeen artean eta poliziekin izandako liskarretan, 50.000 pertsona baino gehiago hil ziren. Banda antolatuek sekulako boterea eta kapitala bildu zuten urte horietan, eta legea bertan behera uztean, pagotxari muzin egin nahi ez eta dibertsifikatzea erabaki zuten: kontrabandoan, prostituzioan, apustuetan eta bestelako droga batzuetan aritu ziren handik aurrera.

Lege Lehorrak, beraz, ez zuen inolako arazorik konpondu. Alderantziz, bazterrak gehiago busti zituen; alkoholez eta odolez.