Aitor Sarriegi bertsolariaMaddi Soroa
II
Euskalerrian kirolerako
nahi hainbeste afizio
beti izan da baina gaur ia
ez al da erdi misio?
Esfortzu proba, entrenamendu,
pultsometro ta fisio
lanetik bueltan zaletasuna
bihurturik ofizio
emaitzak lortzen hasi orduko
bilakatzen da bizio.
III
Ekainerako Quebrantahuesos
egin behar da jakina,
sei mila euro ta erosten da
neurri-neurriko makina.
Honen gurpilak, haren “grupoa”
koadroaren slooping-a
portabidoiak hamabost gramo
(karbono zuntzez egina),
kulotepean izango duten
kakarrastoak adina.
IV
Gero Aizkorrin maratoia da
dortsal bat behar dute har
eta tokatu ezik erosi...
bestela etxean negar.
Korrika eta erdi-korrika
mendi malkarretan zehar,
ezpainetatik bitsa jario,
zango-zainak etetear,
nonbait zelaian nahiko lan ez ta
maldan gora egin behar!
V
Behobiatik Donostirako
bidean ere urtero
elkartzen dira ehun kirolari
ta hamabost mila ero.
Hilabetetan preparatuak
(batzuk bakarrean edo)
egunkarian beren izena
irakurri asmoz gero.
Zenbat irtengo ote lirake
sailkapenik ez balego?
VI
Zelai gainean sei ordu edo
korrika aldapan gora
dena da marka, dena da lehia,
errekor eta denbora.
Beraz batzutan hurbildu arren
bizikletaren ondora
sei bertsootan jarri izana
ultrakirolaren moda
saiatzeko ere gai ez den baten
inbidia izango da.