argia.eus
INPRIMATU
Eta artoa lehertu egin zen
  • New Mexico (AEB), 1948. Bat Cave-n (saguzarren koba) egindako indusketetan gizakiek erabilitako arto aleen arrastorik zaharrenak topatu zituzten. Gutxienez 4.000 urte zituztela esan zuen karbonoak. Mexikon K.a. 300. urteko errauts-kutxatila aurkitu zuten. Kutxak artoaren jainkoaren irudia zuen eta jainkoak lehertutako arto aleak, hau da, krispetak zituen ilean, apaingarri. Garai bertsukoak dira Ameriketako hainbat tokitan topatutako buztinezko ontziak; adituen esanetan, kultura aurreinkaikoek arto aleak lehertzeko erabiltzen zituzten, horretarako harea beroa baliatuz. Beraz, artoari gizakiak eman zion lehen erabilera krispetak izan ziren. Artoa leherrarazten zuten, gero jateko edo apaingarri gisa erabiltzeko. Arto lehertuaz zopa eta garagardoa ere egiten zituzten.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2008ko martxoaren 12a
Palomitak
Palomitak
Kolonizatzaileak iristerako, krispetak Amerika osoan kontsumitzen zituzten. Hernan Cortes Mexikora iritsi zenean, 1519an, aztekentzat elikagai garrantzitsua ziren krispetak, eta ilea apaintzeko eta lepokoak egiteko ere erabiltzen zituzten. Cobo espainiarrak zera idatzi zuen Peruko indiarrei buruz 1650ean: “Arto mota jakin bat xigortzen dute, lehertu arte”. 1612an, lehen esploratzaile frantziarrak iparralderantz jo eta Aintzira Handien eskualdera iritsi zirenean, irokiarrek ere arto aleak leherrarazten zituztela ikusi zuten. Krispeta zopa dieta irokiarraren oinarrietako bat zen. Plymouth-en (Massachu-ssets) kolono ingelesek ospatutako lehen Esker On Egunean, Kuadekina izeneko indiarrak krispetak eraman zituen opari. Berehala, krispetak azukrearekin edo esnegainarekin gosaltzeko ohitura zabaldu zen kolonoen artean.

Krispetak egiteko lehen makina Charlie Cretors-ek asmatu zuen, 1885ean. Baina krispeten benetako loraldia, paradoxikoki, beste guztiak behea jo zuenean izan zen. 1929ko Depresio Handian, krispeta poltsak 5 eta 10 zentimotan saltzen ziren, eta krisialdiko luxu bakarrenetakoa bilakatu ziren. Ordurako, krispetak zine aretoekin eta antzokiekin lotuta zeuden. Eta horregatik krispeten beherakada telebistak ekarri zuen, 1950eko hamarkadan. Gero eta jende gutxiago joaten zen zinemara, etxetik irten gabe, tramankulu berri hark nahiko entretenitzen zuelako nonbait eta, beraz, gero eta krispeta gutxiago jaten ziren. Ikusleak zine aretoetara joaten ez baziren, orduan krispetak etxera hurbildu beharko zituzten. Urte batzuk lehenago, 1945ean, Percy Spencer-ek mikrouhinen eraginpean ipini zituen arto aleak. Spencerrek ez zekien gaur hain arrunta iruditzen zaiguna, arto aleak lehertu egingo zirela. Esperimentua funtsezkoa izan zen mikrouhin-labea asmatzeko. Puntako teknologia, amerikarrek duela 4.000 urte egiten zuten gauza bera egiteko.