Cromagnonak ginenean

  • Izturitze eta Otsozelai harpeak Gaztelu muinoan daude, Donamartiri eta Izturitze herrien artean, Nafarroa Behereko mendebaldean. Izturitze –harpeaz ari gara orain, ez herriaz– betidanik ezagutua izan da, eta Otsozelai 1929. urteaz geroztik. XX. mende hasieran aurkitu zituzten ikerleek bertan gordetako altxorrak.
Itzuritzeko harpeetako bat
Izturitzeko harpeetako batJoelle Darricau
Izturitze eta Otsozelaiaz gain, bada hirugarren harpe bat ere: Erberua, 1973tik aitzina ezaguna eta bisitarientzat itxia. Beraz, lehen biak bisitatuko ditugu. Monumentu historiko gisa sailkatu zituzten 1953an, eta mendixka guztia 1996an.

Hiru harpeak hiru solairu desberdinetan daude, bata bestearen azpian. Gorena Izturitze da, eta bertan hasten da bisita. Harpeak bi sala ditu; lehenengora sartu eta eskuinean, inguraturiko eremu bat dago. Zola horretan, gizakia duela 80.000 han zela frogatzen duten aztarnak atzeman dituzte arkeologoek. Neanderthalak lehenik, duela 50.000 urtera arte, eta cromagnonak gero, duela 40.000tik duela 6.000 urtetara. Miatze gune hori izigarri garrantzitsua da ikerleentzat. Zola duela 40.000 urtekoa da, eta data hori oso garrantzitsua da, Homo sapiens sapiens, gure espeziaren etorrerarena baita Europako alde honetara. Cromagnonen lehen kokaleku piriniarrak dira hauek.

Aurkitutako seinale nagusia silexa da. Ekai horrek ez du zertan harpean izan, beraz norbaitek ekarri duke bertara. Hartua izan den gunearen arabera kolore berezi bat hartzen du harriak, eta espezialistek zehazki cromagnonek non hartzen zuten jakin ahal izan dute. Horrela, beraien higitzeak ezagutu dituzte. Izturitze inguruan 70 kilometroko perimetroa zuten, gaia harpera ekarri eta bertan lantzen zuten.

Aurinaziar kulturaren lekuko

Lantegi anitz ziren harpean. Nola lan egiten zuten uler dezakete honela. Garrantzitsua da hori, garai bakoitzean gizakiak manera desberdinean landu baititu tresnak. Horrela, garai bat eta kultura bat zehaz ditzakete. Hemen, aurinaziar kulturaren aztarnak aurkitu dira.

Helburua beraz, aurinaziarrek Izturitzeko harpean zer egiten zuten, ea Pirinioetan bizi ziren beste aurinaziarrekin kontakturik zuten eta populazioen arteko harremanak nolakoak ziren jakitea da. Adibidez, ea gai edo tresna batzuk trukatzen zituzten. Aurrehistoriako ekonomia deritzona definitzen saiatzen dira ikerleak. 1999tik ari dira gizakien migrazio handiak aztertzen. Ikerketa aurten ez badute bukatua, miatze-zuzendariak beste hiru urtez luzatuko du lana.

17.000 urteko tindua

Izturitzeko bigarren salarako bidea biziki lerrakorra da, eskuinetik joatea hobe. Hastapenean, oinpean hormigoia ikusteak harritzen du. Izan ere, 1912an iritsi arkeologoek 60 urtez miatu zuten zati hau, baita sedimentu anitz jalgi ere. Miaketa bukatutzat jorik, beraz, betoiz estali zuten zati bat.

Sala honetan bada duela 17.000 urte cromagnonek eginiko obra bat bada. Pixka bat nahasia da, hiru animalia ageri batira bertan. Bi tipi oreinen espeziekotzat dituzte, ez baitakite zuzen zer diren. Izan ere, buruan adarrak ditu oreinak baina hemen agertzen diren animaliek ez dute bururik. Hirugarrena aldiz oreina da, besteengandik desberdina, zehazki tindatua baita. Eta ohar gaitezke jadanik perspektiba zer zen bazekitela, zeren ezker aitzineko hanka eskuin aitzinekoa baino motzagoa du. Jadanik ilusio optikoa ezagutzen eta menperatzen zuten beraz, eta bazekiten sakonera erakusten ere.

Aurrehistoriako gune berezia

Goiko aldean betoizko murrua ikusten dugu. Ez balego, zuzenki kanpoa genuke, zehazki mendixkaren ipar hegala. Irekidura hori betidanik ezagutu dute populazio historiko eta aurrehistorikoek. Bertatik, argia sala guztira hedatzen zen, bizitoki ezin egokiago bihurtuz. Hara zergatik atzeman dituzten 50.000 objektu arkeologiko baino gehiago zutabearen inguruan. Horietarik 6.000 inguru arte lanak eta horrez gain, 35.000 tresna baino gehiago. Sasoika, bertan elkartzeko ohitura hartua zuten. Talde tipi anitz jiten ziren eta bakoitzak gauza anitz ekartzen zituen. Izturitzen trukatzen, aldatzen eta elkar eragiten zuten. Horregatik, leize hau aurrehistoriako gune oso berezitzat dute ikerleek. Ez baitzen bizilekua, baizik eta elkartze gunea.

Aurrehistoria utzi eta bagoaz Otsozelaiara. Horretarako, batere naturala ez den tunel batetik iragaiten gara. 1953an egina izan zen, bi harpeak lotu eta, hala, bisitak errazteko.

Otsozelaia oso desberdina da. Aurrehistoriako gizakiak ez ziren bertan bizi izan, artea egitera baino ez ziren sartu. Badira bi galeria handi elementu gorri anitzez osatuak, eta ikerleek ez dakite oraindik zuzen zer den horietan ageri. Martxoaren 15etik azaroaren 15era irekitzen dituzte galeriak, astean behin.

Bestalde, abenduaren 20tik otsailaren 20ra harpe guztiak arrunt hertsia zaizkie bai jabe, bai ikerle eta baita bisitariei ere. Sistema ekologiko garrantzitsua da leizean, bada intsektu anitz eta saguzarrak, besteak beste, eta argiak jenatzen ditu. Itxia den garai horretan intsektuen berkolonizatze bat egiten da, bereziki gaua eta eguna errespetatuak baitira.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude