Hauteskundeak 2008: Iparraldeko herri eta kantonamendu bozak

Hamaika aukera frantses politika egonkorrean

  • Martxoaren 9an eta 16an udal eta kantonamendu bozak dira Frantziako Estatuan. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko 52 aulkitik 26 berrituko dira bi igande hauetan. Ipar Euskal Herrian 11 aulki daude aukeran. Kontseilari abertzaleren bat eseriko ote?
Mikel Asurmendi @masurmendi
2008ko martxoaren 09a
Alain Iriart
Alain Iriart Gaizka Iroz
Frantziar Errepublikako herri eta kantonamendu bozak aro berria ezagutzen ari dira presidente berriaren eskutik: bozek Nicolas Sarkozyren marka dute. Ipar Euskal Herriko solas-leku politikoetan honako lema honek hartu du indar: “Hauteskunde hauek ez dira politikoak”. Pertsonaren markak –politikariak dira edonola ere– gailendu dira berauetan. Alderdien markak ahulduz joan dira. Markak marka, interesak interes, eskuineko, zentroko, ezkerreko nahiz abertzaleak aurki ditzakegu herriko etxerako zerrenda berean.

Artean, presidenteak Eliseoko maizterra baino gehiago izan nahi du, erregea izan nahi du. Politikako eremu eta alderdi guztiak bere menpe nahi ditu. Barne Ministerioaren aginduz, udal bozetako hautagaiek, independente izan arren, beren marka politikoa zehaztu behar dute Suprefeturan.

Halaber, Nicolas Sarkozy Pirinio Atlantikoak departamenduan izan zen kanpaina hasi aitzin eta bere arrastoa utzi zuen Kako baserri aferaren kariaz. Alegia, abertzale den guztia arras arriskutsua da Errepublikako demokrazian.

Udalerrietako (herriko etxeak) nahiz kantonamenduetako bozetan erabakitzen den –Paueko– Kontseilu Nagusian azpiegiturazko proiektuak dira munta handiena dutenak: etxebizitza, AHT, 2x2 errepidea, A-63 autobidearen zabaltzea. Hondakinen kudeaketa, bestalde. Alderdiek, printzipioz, jarrera ezberdinak dituzte proiektu hauek gauzatzeko orduan. Nola moldatzen ote dira hauteskunde programa osatzeko, ordea? Erantzuna “hauteskunde hauek ez dira politikoak” lemaren barnean aurki liteke, naski.
Herri hauteskundeak: abertzaleak eta gainerakoak

Gainerakoak alderdi frantziarrak dira, nagusiak, alegia. Baiona, Miarritze, Angelu, Donibane Lohizune eta Hendaia dira plaza nagusiak. Miarritzeko senataria Didier Borotra notableak (70 urte ditu) berrituko du auzapez karguan. Zentrista (UDF) honek eskuina, ezkerra, berdeak eta abertzaleak bere aldera bideratu zituen aspaldi. Baionako Jean Grenet diputatu auzapezak (UMP) zailtasun gehiago dauka. Notable honek ere berdeak, abertzaleak eta zentristak eraman ditu bere bidera. Alta, hainbat urtez berarekin aritutako Yves Ugalde bere kasa aurkezteak amini bat zaildu du auzapeza segitzeko aukera. PS eta PCFek sostengatutako Jerome Agerrek egin diezaioke itzal. Grenet diputatuaren markak du berme nagusia halere. Angeluko auzapez kargua zalantzan dago. Robert Villenave (UDF-UMP) auzapezak –Grenet Baionan bezala– berarekin aritutako Battite Mortalena du arerio zuzena. Donibane Lohizune da notableen lekukotasun agerikoena. Michele Alliot-Marie Barne ministro da zerrendaburu eta irabazle segurua. Berak ez du auzapez kargua beteko, orain arteko Peyuco Duhart auzapezak baizik. Hendaia eta Urruña dira beste plaza aipagarriak. Urruñan Daniel Polou izan da auzapeza. Diputatua ere bada, Michele Alliot-Marieren ordezkoa. Ez du notable titulua erdietsi, antza denez. Kargu sobera izan du, naski. Diputatua izateaz gain kontseilaria izaki Pauen, auzapez kargua Leon Marin-i utzi zion. Ez dira ondo moldatu eta Polouk Daniel Irazoki sostengatu du auzapez izateko. Urruñan, Angelun legez, auzapezaren aulkia zalantzan dago. Hendaian Kotte Ezenarro auzapezak berrituko du karguan. Gainerakoa ezustea litzateke. Hendaian baina hautagai abertzaleen paradigma islatu da. Biharko Hendaia da abertzaleen zerrenda, Batasunak nahiz ABk sostengatua. Richard Irazusta, ABko kide esanguratsua, Biharko Hendaiako zerrendan joatekoa zen, baita horretan aritu ere. Alabaina, abertzaleen batasuna hitz soila baino ez da, antza. Hendaiako beste bi zerrendetan (Kotte Ezenarro eta Battite Salaberri) marka guztietako abertzaleak daude, eta ez dira gutxi. Sarkozyk aro berria markatu nahi du. Abertzaleen aro berria ez da iritsi oraino.

Kontseilu Nagusia: Jean-Michel Galant, baita Alain Iriart ere, agian.

Herrietan ez bezala, kantonamendu bozetan Euskal Herria Bai kandidaturak (EHB) ordezkatu ditu alderdi abertzaleak: ABk, Batasunak eta EAk sostengatua. EAJ ez dago koalizioan. Ohargarria da: Nafarroan –NaBai dela bitarte– Batasuna ez dago abertzaleen koalizioan. Iparraldean berriz, EAJ ez dago. EAJ abertzaleen koalizioan aritzeko aukera urte askotarako galdu dela ematen du. Hendaia eta Donibane Lohizunen hautagaiak aurkezten ditu EAJk: Iñaki Ibarloza eta Argitxu Noblia, hurrenez hurren.

Paueko Kontseilu Nagusian zentro-eskuina da nagusi. Bidaxuneko auzapez Jean-Jacques Laserre da presidentea (UDF-Modem), François Bayrouren ildokoa. 21 kantonamenduetako kontseilariak berrituko dira; 11 Iparraldean. Jean-Michel Galant kontseilari abertzale bakarra ABren izenean aritu da zazpi urtez. EHBren izenean aurkeztu da orain Baigorriko kantonamenduan. UMPko Philippe Juzan du arerio nagusia. Eskuina zatituta dago ordea. Jacques Etxandi (UDF-Modem) zentristak ere aukerak ditu. Galant bigarren itzulian hautatua izan zen eta oraingoan ere, izatekotan, halaxe beharko da.

Hiriburuko Alain Iriart auzapezak eskura dezake kontseilari kargua bertako kantonamenduan. Eskuinak ez du hautagairik aurkeztu. Ezkerra (PS eta PCF bereiz) eta EHBko Jean-Luc Hauziart ditu arerio. Iriart ABko kidea da baina independente gisa aurkeztu da: “Abertzaleak ardura postuetan izatea nahi dut, ez beti oposizioan” du lema.

Alderdi abertzaleen xede nagusia Euskal Departamendua da –euskararen ofizialtasuna eta Laborantza Ganbera barne– eta giltzarri dira zenbait herritan edo plazatan. Kontseilu Nagusian alderdi frantsesen oraingo statu quo zalantzan ezartzeko denbora beharko da alabaina.
Berrikuntzarik gabeko bozkak (Eguzki Urteaga)
Bozka hauen ezaugarriak hamar puntutan laburbildu daitezke:
  • 1) Normalean, alderdi abertzaleek beren emaitza hoberenak bertan lortzen dituzte, bai bozka kopuruetan bai ehunekoetan, hurbileko hauteskundeak direlako, esan nahi baita bertako gaiek, arazoek eta pertsonek lehentasuna daukatela,
  • 2) Bi itzulitako gehiengo bozka denez, alderdi txikiei ezinbestekoa zaie alderdi nagusiekin adostasun batera iristea, lehen itzulian elkarrekin abiatuz eta bigarren itzuliari begira akordio bat izenpetuz.
  • 3) Abertzaleak modu ezberdinetan aurkeztuko dira, alegia, zerrenda propioak aurkeztuz, Baionan suertatzen den bezala Baiona Berriarekin ala Donibane Lohitzunen gertatzen den legez Herri Berrirekin, lehen itzuliaz geroztik zerrenda nagusietan sartuz, Angelun ala Miarritzen izango den gisa –horrek, hautetsiak edukitzea bermatzeaz gain, ardurak lortzea ahalbidetzen du– ala bigarren itzuliari begira, adostasun batzuetara ailegatuz –estrategia horrek arrisku bat dauka zeren alderdi abertzaleek ez daukate izaera propiorik eta ikusgarritasun handirik–.
  • 4) Gehiengoak faboratu nahiz, IV. Errepublikako Legebiltzar erregimenak sortutako ezegonkortasuna saihesteko asmoarekin, bozka sistemak zerrenda nagusien gehiengoa areagotzen du; hori dela eta, aulkien gehiengoa ziurtatua izateaz gain, bere politika aurrera eraman dezake oposizioa zokoratuz,
  • 5) Udal bakoitzeko zinegotzien kopurua handia da: 9 eta 39ren artean kokatzen baita, horrek sortzen dituen kudeaketa arazoekin. 3.500 pertsonatik beheragoko herrietan (herrien gehiengoa, batez ere Lapurdi barnealdean, Baxenabarren eta Zuberoan) hautesleek zerrenda ezberdinetako hautagaien artean aukeratu dezakete, bozka pertsonalizatuz eta alderdien logika ahulduz.
  • 6) Alderdien indarra nahiko xumea da hautagai asko etiketarik gabe aurkezten baitira, nahiz eta hautetsi nagusi guztiek gobernu alderdien sostengua eduki.
  • 7) Historikoki, Ipar Euskal Herria zentro-eskuineko lurraldea da, alderdi sozialistak zailtasun nabariak dauzkalarik boterera iristeko, Hendaia, Ziburu ala barnealdeko herri batzuk salbuespenak direlarik.
  • 8) Notabilismoak pisu itzela dauka, esan nahi baita hautetsi nagusiak jauntxoak direla eta beraien zilegitasuna Frantzia eta Iparraldearen artean betetzen duten bitartekari funtziotik jasotzen dutela, funtsezko solaskideak izanez.
  • 9) Hautetsiek hainbat kargu pilatu ditzakete, esaterako, Biarritzeko alkatea. Frantziako senataria da eta Baiona-Angelu-Biarritz Hiri Elkargoko lehendakaria da.
  • 10) Ez dago berrikuntza handirik, ez pertsonetan, ez belaunaldietan, ez genero kontuetan.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Hedoi Etxarteren hitzaldia: "Faxismoa gaur eta hemen"
MULTIMEDIA - solasaldia

ARGIA-k eta Azpeitiako Elkar-ekin taldeak elkarlanean antolatuta "Faxismoa gaur eta hemen" hitzaldia eman zuen Hedoi Etxartek San Agustin Kultur Gunean. Hemen duzue hitzaldia osorik ikusgai.


2019-03-25 | Naturkon
Zientzia eta basoaren kudeaketa: baina eukaliptoa inbaditzailea da ala ez?

Egurraren sektoreko enpresek jardunaldi bat antolatu zuten joan den ostiralean Hernanin, jarraitzen duten baso-kudeaketa ereduari euskarri zientifikoa eman nahian. Eta fundamentuzko ezer esan ez zen hitzaurrearen ondoren, saiatu ziren gure lurraldea gero eta sarriago estaltzen duten eukalipto espezieak inbaditzailek direla ukatzen. 20.000 inguru hektarea hartu dute eukaliptoek 2018an, eta gure lurraldeko harizti eta amezti guztiak baino azalera gehiago estaltzen dute dagoeneko.


2019-03-25 | Aritz Iba˝ez
Xabierko gazteluan, eskeletoak dantzan

Aspaldiko partez bisitatu dugu Xabierko gaztelua martxo hasieran. Ganbaraz ganbara, gurekin zetozen iparraldeko lagunei azaldu dizkiegu Xabierko Frantziskoren ibilerak, bere anaia Amaiurko gazteluaren defendatzaileetarik bat izan zela eta ohiko topikoak. Bapatean, burnizko hesiz itxitako kaperatxo batera heldu eta hara! Heriotzaren dantza! Oier Araolazaren bitartez izan nuen horma-irudi bitxi honen berri duela lau bat urte eta hemen zerbait idaztekotan geratu nintzen. Gaur arte! Tira...


2019-03-25 | ARGIA
Bosgarren hildakoa: Beste preso kurdu batek bere buruaz beste egin du igandean

Martxoaren 24an, igandea, bere buruaz beste egin du Oçalanen isolamendua salatzeko Medya Çınar preso politikoak, ANFn irakur daitekeenez. Mardin hiriko espetxean zeukaten eta 24 urte zituen.


2019-03-25 | ARGIA
2017ko 'Pohang' lurrikara frackingak eragin zuela aitortu du Hego Koreako gobernuak

2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna ikertzeko izendatutako aditu taldea ondorio horretara iritsi denean.


2019-03-25 | Itzea Urkizu
Fatimetu Zenan: "Feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutakoa"

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Joan den martxoaren 8ko indar kolektiboa dario, oraindik, bere hitzei, eta feminismoa urte, herrialde, klase eta pertsona guztiengana iristeko modua aurkitu nahi du. Emakume sahararren nortasuna eta garrantzia plazaratzeko eguna antolatu dute bihar, herrian.


2019-03-25 | Txerra Rodriguez
Herri mugimendu hezeak

Allartean blogari txit handiari irakurri nion Txepetxek esan zuela militantzia “erotizantea” izan behar zuela, hau da, sormena eta gozamena dakarren militantzia, konpromisoarekin batera. Beste batean (non demontre? Tomas Villasanteri?) irakurri nuen herri mugimendu eraldatzaileak “hezeak” izan behar zirela.


2019-03-25 | Etzi.pm
"Erraustegiarekin hemendik urte batzuetara gertatuko da amiantoarekin gertatu dena"

Bego Zuza Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1960an. Bertan bizi da eta herriko gizarte mugimenduetan inplikatutako emakumea da. Zero Zabor taldeko kidea da. Argia aldizkariko lehendakaria da, baina ez dio karguari garrantzirik ematen. Ikusten dituen bidegabekeriei ematen die garrantzia gehiago. Halakoen aurrean, ez da hitz soiletan edo geldirik geratzen den horietakoa.


Ekozinemaldia 2019: aurten ere erauzketa-goseari hozka

Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegirada berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinitoaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora. (Ikusi Ekozimenaldiaren egitaraua osorik).


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude