Sanferminak baino gehiago

  • Sanferminak. Horixe da euskal herritar askori Lesaka aditu eta burura etorriko zaion lehen hitza. Txarangak karrikak alaitzen dituen bitartean, festa lehertu eta sekulako giroa sortzen da herrian. Lesaka, ordea, hori baino gehiago da. Sanferminetaz harago, alde zaharraren xarmak eta inguruko hamabi auzoen nortasunak Lesaka urte osoan zehar bizirik dagoela erakusten dute.
Lesaka
LesakaMaddi Soroa
Ez da zaila Lesakako herrigunea ezagutzea, txikitxoa izanik, elkarretik gertu baitaude gune interesgarriak. Kaleetan galtzea da horretarako modurik egokiena, beti ere Udaletxea dagoen Plaza Zaharra hartuz erreferentzia. Erraz aurkitzen da plaza: hiruki formakoa da eta teilatu berdedun kioskoa du erdian. Herria haren inguruan antolatuta dagoela esan daiteke.

Plazan dago udaletxea edo herriko etxea. Ihesi goazela, Zabaleta dorrearekin egingo dugu topo Arretxea kalean barrena abiatzen bagara. XV. mendean eraiki zuten betebehar militarretarako; aspaldi ahaztutako funtzioa. Barnetik hutsik dago, kanpotik begiratuta tente ageri da, hondasun arkitektonikoaren erakusgarri bihurtuta. Dorretik gertu, Etxezaharrea aurkituko dugu. 1541az geroztik zutik dirauen etxebizitza, egun jendearen joan-etorri handia duen taberna bilakatu da. Minyurienea eta Bordienea dira herrigunean bisitatu ditzakegun beste bi eraikin zahar. XIV. mendekoa da lehena, XVIII.ekoa bestea. Eta ezin aipatu gabe utzi Tours-eko San Martinen parrokia-eliza, aldapa baten gainean, herriari diosala eginez ari balitz bezala hartu baitu tokia herrigunearen ekialdean. Bere kokapen eta altuerari esker, Lesakaren ikuspegi orokorraz gozatzeko aukera eskaintzen du. XVIII. mendeko erretaula eta Luis Salvador eta Carmonaren eskulturak ikus ditzakegu bertan.

Koloreen xarma

Artea hain gogoko ez duenak ere goza dezake Lesakako kaleetan. Karrika estu eta motzek, kolore bizidun leihoek, Onin ibaiaren gaineko zubiek… postal ederrak osatzen dituzte. Lesakak badu horrelako xarma berezia, kostaldeko herrietan askotan aurkitzen duguna. Kalean gora eta behera erosketa poltsekin topatuko ditugu batzuk, erropa zintzilikatzen beste batzuk, etxe bateko paretan esku pilotan jokatzen gaztetxoenak. Euskarazko jarioa da ohikoena Lesakan, hamar biztanletik zortzi baitira euskaldunak. Bertako euskalkiak sendo eusten dio, gainera.

Heldu nahiz gazte, taberna batean sartu eta irribarrez hartuko zaituzte. Lesakarrak alaiak eta zabalak dira. Herri guztiek dute beren xarma, bakoitzak berea, berezia eta bakarra. Lesakaren berezitasuna herritarren izaeran, etxeen arkitektura berezian eta kolore festan dagoela esan genezake. Ezin ahaztu, ordea, Lesakatik abiatuta inguruan aurkituko ditugun auzoek duten paisaia berde, aldapatsu eta zoragarria.

Auzoetan barna

Alkaiaga, Auzoberri, Biurrana, Endara, Endarlatsa, Frain, Izotzaldea, Katazpegi, Nabaz, Otsango, Zala eta Zalain. Horra herrigunetik at sakabanatutako lesakar auzoak. Mendi, zelai eta baserriz jositako paraje ederra osatzen dute. Bianditz gailurra da lur horietako gunerik garaiena: 840 metro.

Lur horietan daude Endara-San Anton eta Domiko urtegiak, ikusmira zoragarria dutela. Aipatzekoa, halaber, Aita Donostiaren omenez egindako eskultura, Agiña mendian, Zalatik gertu. Hamaika ibilaldi egiteko aukera eskaintzen du inguru osoak, distantzia motz nahiz luzekoak, desnibel altu nahiz baxukoak, oinez, bizikletaz, nahiz autoz egitekoak.

Jaiak

Uztailaren 6tik 10era Sanferminak ospatzen dira, jakina denez, baina herriko patroia San Martin da. Jaietako ekitaldirik ospetsuena, zalantza gabe, Zubigaineko dantza da, ibai ertzeko petrilen gainean egiten dena.

Udazkenean Bortzirietako Azienda Feria egiten da. 1499tik irauten duen ospakizun horrek data aldakorra du: azaroko bigarren hamabostaldiko asteazken eta ostegun batez izaten da. Eta abenduaren 24an, Olentzero. Lesakan omen dago ospakizun horren jatorria.

ASTEKARIA
2008ko martxoaren 02a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude