Txikitan aitak eramaten zintuen Zuberoara pastoralak eta maskaradak ikustera. Hegoaldeko lehen ume turista?
Aitatxirengandik (Fermin Irigarai, Larreko) hasi eta aitarekin (Aingeru Irigarai) jarraiki, etxean bazen mendiz haraindikoenganako zaletasun eta atxikimendu berezia. Giro horretan nerabezaroan, ez haur denboran, idealizazioak ere baninderabilan. Baina horri esker, hango jende eta kultur moldeak ezagutu eta preziatzen hasi ahal izan nintzen.
Koldo Izagirrek idatzi du zutaz: “Barne exilio batean bizi den poeta...”.
Eta arrazoia dauka, nahiz, segur aski, egoera hori hameka poeta eta ez-poetaren patua izan. Poesia idazteari eman izana, niretzat, patu horren ondorioa da, jakin gabe zergatik eta nola –funtsean minez, bekan pozik– garatu zaidan jarduna.
Ez Dok Amairu bukatu al zen marxismoaren kausaz?
Ez, naski. Helburu eta jarduerei buruzko adostasun eta tinkotasun nahikoa oinarrian zen, orobat elkarren arteko konfiantza. Baina hori arrakalatzen hasi zen, eta horretan egoeraren bilakaerak ukan zuen bere eragina. Taldean “ez-taldetasuna” nagusitzearekin, ba... desegin zen.
Maiz Toscanara joaten zara. Bada euskal Toskanarik?
Araba eta Nafarroako erdialdeko eskualdeek badute, paisaiari datxekionez, toskanar aire bat: mahastiak, olibondoak, erromanikoa... Baina maila anitzez apal eta herrikoiagoan, naski. Gure maila xumeak, sozietatearen nolakotasunak... eta nafar historia zapuztuak badukete zerikusia anitzez apalago izate horretan.
Poesia medikuntza gisa ulertzen duzu?
Hein batean bai, baina bereziki nire burua artatzeko, orekatzeko –edo desorekatzeko– “medikuntza” gisa.
Koldo bigarrengoz: “Toponimoen eta izenen eta iragan aroen aipu ugariek ausentzia handi bat salatzen dute noski...”.
Ausentziak izigarri latzak zaizkit. Segur aski trauma (existentzial) horretan oinarritu eta bazkatu zaizkit poesia izan nahi luketen emariak.
Jendeak badaki Bizkaia Maite zuk idatzi zenuela?
Ez dakit, batzuek behintzat badakite; segur aski gehiago dira ez dakitenak. Baina nahikoa baino gehiago da jendea kantatzen sentitzea.
Esaldi berberean bidaia al litezke Oteiza eta Txepetx?
Bai, naski. Eta denbora batean bidaiatu ziren. Txepetxek ongi ezagutzen zuen Oteizaren obra; alderantziz, ez hainbeste, baina Oteiza liluraturik gelditu zen Txepetxek bere obraz egin zuen irakurketarekin. Besteak beste, giro horretan egosi zen Fundazioan sartu izana.
Koldoren trilogia osatzeko: “Poetak sumatzen duen hustasun horrek bihurtzen du oroitzapena saudade. Nafartasuna, gure saudade nazionala”.
Malenkonia nire osagaietarik bat da, eta poesian ere islatzen da, segurik. Baina ez nuke nahi, araiz, nire bizitza malenkoniaz mamitu, ezta ondu dezakedan poesia ere. Guztiarekin ere, erratea aise da, baina ahal izan...