Aldatu, izaten segitzeko (Joseba Etxarri Lizeaga)

Euskal etxeak, historikoki, Euskal Herritik kanpora ateratako euskaldunek atzean utzitako mundua euren artean atxiki eta biziarazteko elkarteak izan dira, Euskal Herriaren eta euskal kultura eta ohituren luzapena. Pirinio magalean jaiotakoek sortu zituzten, naturaltasunez, zeukaten zerbait (euren izaera, nortasuna, kultura eta moldeak) gorde eta iraun arazteko, eta herrialde berrian jaiotako belaunaldiei pasatzeko. Denborarekin, emigranteak desagertu eta bertan jaiotako bigarren, hirugarren eta belaunaldi gehiagokoek hartu dute Euskal Etxeetako gidaritza, jakitate handiago edo gutxiagorekin, baina borondatea gidari, begiak erroekiko loturei segida ematean jarrita.

Idahoko euskaldunek, Estatu Batuetan, sarritan esandakoa da bertako hiru euskal belaunaldietako bakoitzak garaian garaiko erantzun diferentea eman izan diela azken ehun urteotan beti bera izan duten gaiari. Belaunaldi bakoitza egoera eta testuinguru desberdin batetik abiatu da eta horrek erantzun diferente bat eman arazi dio galdera berari: zer egin euskal kulturak eta nortasunak bertako gizartean iraun dezan? Garai bakoitzak gizarte instituzio diferente bat sortzea eskatu die.

Buruz ari naiz –lerro hauek Elko Nevadako motel bateko gelan ari bainaiz idazten, elurrez inguratuta, Renorako bidean–, baina belaunaldi emigrantearen erantzuna, euskal nortasuna gordetzeko, hotelak izan ziren. Belaunaldi emigranteak hotelak –euskal ostatuak– sortu zituen, emigrante ezkongabeen biltoki eta babesleku, lagunekin euskaraz solasteko eremu, Euskal Herriko moduko giroa, jatekoa eta moldeekin. Bigarren belaunaldiak, berriz, Euskal Etxea sortu zuen: ostatuetako emigrante ezkongabea ezkondu egin baita eta erresuma edo herrialde berrian jaioak dituen seme-alabak bere kultur erroekin harremanetan hazi nahi baititu. Emigrante ezkonduak eta bertan jaiotako lehenengo belaunaldiak sortutako instituzioa litzateke Euskal Etxea. Gurasoak musean edo briskan ari diren bitartean, haurrek euskal dantzak ikasten dituzte. Ostatuetan bezala, gustatzen zaie Euskal Etxean festak Euskal Herriko erara egitea eta euskal janaria jatea eta giro horretan haziko dituzte seme-alabak. Hoteletan begiak Euskal Herrira itzultzean jarrita zeuzkana bertakotu egin da eta planak bertarako antolatzeari ekin dio, William Douglassek hainbatetan aipatutako euskal marratxodunei bidea emanez: euskal-argentinarrei, euskal-estatubatuarrei, euskal-australiarrei...

Hirugarren belaunaldia, ostera, sortzez da erabat bertakoa eta eskas gelditzen zaio gurasoengandik jasotako instituzioa: Euskal Etxea ez zaio aski, dagoen horretan. Izan ere, Euskal Herritik heldutako belaunaldia berez zen euskalduna. Bere gurasoen belaunaldiak ere, emigranteen seme edo alaba izanik, gertu-gertutik bizi izan du euskalduntasuna eta agian euskara ere mintzatzen du edo mintzatzen zuen txikitan. Aurreko belaunaldiak ez bezala, Unibertsitatera joateko aukera izan du eta ekonomikoki ere ongi dabil, hein batean aurreko belaunaldietakoen sakrifizioen ondotik. Konturatzen da euskalduntasuna inguruan duen zerbait dela, baina berau galtzeko arriskua ikusten du eta ohartzen da batzuek, bere belaunaldi berean, nahiago dutela bizia soilik herrialde berriko herritar gisa egin. Familia berean, anaia edo arreba batzuk aktibo dira euskal komunitatean eta beste batzuek ezertarako ez dute presente.

Euskalduna izatea, beraz, hautazkoa bihurtu da. Euskal hariari tiratzen dioten hirugarren belaunaldikoek edukiz bete nahi dute beren erroei buruzko jakinmina eta ikasi eta sakondu egin nahi dute euskaldunei buruz. Konturatzen dira zaintzen ez badute euren alderdi hori galtzeko zorian egon daitezkeela, eta bide berriak jorratu nahi eta behar dituzte beren hurrengo belaunaldiei, eurei aurrekoek utzi zietena utzi ahal izateko, katea eten ez dadin. Batzuk euskara ikasten hasten dira, ahala badute Euskal Herrira bidaiatzen dira, eta ekimen berriak sortzen dituzte segida horri begira. Euskal Herrian ikasteko programak sortzen dira. Boisen belaunaldi honek Ikastola sortzen du, haurrentzako musika eta dantza klaseak, lotura berriak hasten ditu Euskal Herriko euskaldunekin eta euskal administrazioekin. Boise eta Gernika senidetu egiten dira, Jaialdi euskal festa erraldoia antolatzen dute, eta ugaldu egiten dira itsasoz bi aldeetako euskaldunen arteko harremanak. Teknologia berriak erruz erabiltzen ditu, inportantea baitzaio Euskal Herriarekin daukan harreman zuzen hori.

XXI. mendeko Euskal Etxe batek beharko luke oro har eragile izan eta dagoen tokiko gizartean errotuta egon, bertara eskainiz bere lehenengo euskal ekarpena. Ibarretxe lehendakariak hamaika aldiz esan du diasporara egiten dituen bidaia ugarietan:
 “Euskaldun ona izateko Argentinan, lehenik argentinar ona behar da izan”. Partaidetza, espiritu kritikoa eta ardurak hartzea bultzatu beharko luke, batez ere gazte jendeari aukerak eta bideak eskainiz, bazkide eta lagunen hobekuntza pertsonala erraztuz, euskal kultura lantzeak edo euskal ekimenetan aritzeak azken finean pertsonaren aberastea eta hazkuntza laguntzen dituenean hartzen baitu bere benetako dimentsioa.

Euskal administrazioen, eta gehienbat Eusko Jaurlaritzaren aldetik, bideak errazteko politika sendoa eskatzen du. Hau da, diasporara errespetuz inguratzea euren esanetara jarriz, eta euren eskuetan tresnak ipintzea, euskaldun izan nahi duenak eta amankomunean daukagun kultura eta identitatearen alde lan egin nahi duenak hala egiteko laguntza eta sostengua izan ditzan. Zerbitzu espiritua eskatzen die euskal agintariei, Euskal Etxeak, finean, bolondresez osatutako elkarteak baitira, eta boluntarioak, edozein elkartetan, musutruk eta entusiasmoz lan egiten segitzeko, motibazioa behar baitu, bere lana ezagutarazi eta aintzat hartzea, eta lanean ari den orori, egiten duen lana zein inportantea den gu guztiontzako jakinarazi eta sentitzea. Eta hori ere, biltzea, laguntzea, sustatzea eta animatzea zeregin garrantzitsuak dira diasporan. Ilusioa sortu eta atxiki araztea.

Lerro hauek idazteko Larrunetik egindako galderak ‘Zein etorkizun irizten diezu Euskal Etxeei?’ zioen. Eta erantzunak ‘segun’ behar du izan: Batzuei ona eta beste batzuei txarra. Euskal Etxeen baitan eta euskal administrazioen baitan dago. Euskal Etxeetan, Idahoko kasuan bezala, gakoa nor bere buruari galderak egiten hastean datza: zertarako nahi dut Euskal Etxea? Betetzen ditu gaur egun daukadan Euskal Etxeak bere bazkideen espektatibak? Komunitatea biltzeko balio du ala euskal komunitate gehiago dago Euskal Etxetik kanpo barruan baino? Zer eskaintzen die gazteei gure artera etorri eta gustura egon daitezen? Boisen, eta Boisen bezala beste toki askotan, ari dira galdera horiek mahaigaineratu eta erantzuteak eskatzen duen ahalegin serioa egiten. Batzuetan, zenbat eta Euskal Etxe handiago eta zaharragoa, bizio gehiago eta pisu gehiago gauzak mugitzeko. Eta ez mugitzeak kasu askotan heriotza ekar dezake. Aldaketa etengabean ari den munduak aldaketak eskatzen dizkio Euskal Etxeari helburu beretsuak betetzen segitzeko, eta toki batzuetan nahi edota ahalik ez daukate bide horri ekiteko. Beste askotan bai.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude