Iparraldeko herri aurreratu hori

  • Daniar guztiek dute hezkuntza eta osasunerako zaintza osoa doan izateko eskubidea. Gazteek 18 urte egitean gurasoen etxea uzten dute, eta beren independentzia bermatzeko, Gobernuak hilean 680 euro ematen dizkie. Gizarte eta ingurumen politiketan munduko aurrerakoienetakoa da. Mathias gaztearen ohiko egun bat oinarri hartuta, Danimarka eta Euskal Herriaren arteko ezberdintasunak agerikoak dira.
Danimarka
DanimarkaAndreas Bro
Mathias Stigsgaard daniarra da. 22 urte ditu eta kazetaritza ikasketak medio 300.000 biztanleko Århus hirian bizi da. Hala ere, jatorriz Hørlshomgoa da, Kopenhagetik iparrera jo eta kilometro gutxira dagoen herrikoa. 29 urteko arrebak arabieratik daniar eta ingelesera poesia itzuliz bere kasa egiten du lan. Aita negozio gizona du, ama irakaslea eta duela bost urtetik bananduak daude.

Eguzkiak gortina meharreko leihoa topatu aurretik jaiki ohi da Stigsgaard eskolara joateko. Danimarkako Kazetaritza Eskolan bigarren maila egiten ari da, eta etorkizunean prentsa idatzian lanean ikusten du bere burua. “Unibertsitateko ikasleak noiz hasten diren ikusita, nik gazte ekin diet goi mailako ikasketei”. Egia da. Danimarkan gazteek eskola amaitu ostean urte batzuk hartzen dituzte beste gauza batzuk egin eta etorkizuna nola bideratu ondo erabakitzeko. Batez beste, 23 urterekin hasten dute unibertsitatea, presarik gabe. Stigsgaardek 18 urterekin eskola bukatu eta sos batzuk aurreztu asmoz, lan egitea erabaki zuen. Sei bat hilabete beharra bilatzen eman, eta beste horrenbeste egin zituen supermerkatu batean jardunean.

Soldaduska egitea egokitu zitzaion urtebete geroago. Azterketa fisikoa gainditu ostean, zozketa bidez erabakitzen dute nork joan behar duen –normalean joateko gai direnen hirutik bat–. Norbaitek ez badu zerbitzu militarra egin nahi, suhiltzaile edo gizarte-lanak egiteko aukera du soldata baxu baten truke, baina urtez urteko datuak ikusita, inor gutxik egiten du aukera hori. Soldadugaiei zenbait abantaila fiskal ematen dizkiete: hilean zergaz kanpoko 10.000 koroa danimarkarreko soldata (1.300 euro), beren kasa bizi badira beste dirulaguntza batzuk, eta salbuespenen bat kenduta, herrialde osoko garraiobideetan doan ibiltzeko aukera. “Esan liteke soldaduska egiten dutenak ez direla batere txiroak hemen”, dio Stigsgaardek. “Hamar hilabetez aritu nintzen horretan eta amaitzean kazetaritza ikasketak hasi nituen, patrika ondo berotuta”.

Estatua itsulapiko

Daniarrak ulertzeko, beren Ongizate Estatuaren ideia konprenitu beharra dago. Txerri itxurako eltzeitsuak nola, halako papera du honek. Herritarrek, hilero-hilero, beren diruaren zati bat bertan gordetzen dute, beharra etortzean hor izango dutela jakiteak ematen duen lasaitasunarekin. Honela, Danimarkan bizi diren 5,5 milioi herritarrek, batez bestekoa eginda, beren diru sarreren %55 ordaintzen diote Estatuari. “Pozik zaude sistemarekin?”, itauna. “Bai, oso”, daniar gazteak. “Kanpotik kontraesana irudi lezake zergetan soldataren erdia utzi eta pozik egotea, baina niri oso positiboa iruditzen zait herrialde honetako biztanle guztiek edukitzea hezkuntzarako eta osasunerako atea zabalik, pobre ala aberats, langabe edo okupatu, denek berdin”. Sorbaldarik indartsuenak dira pisurik astunena eramateko ardura dutenak, eta bide batez, ahulenei aurrera egiten laguntzen dietenak.

Bertako biztanle guztiek eskubidea dute haurtzaindegi, eskola, unibertsitate, ospitale eta zaharrentzako zaintza osoa doan izateko, beste zerbitzu batzuen artean. Eskola, unibertsitate eta ospitaleen %95 publikoak dira eta pribatu apurrek bezain zerbitzu ona edo hobea eskaintzen dutela ziurtatzea Estatuaren betebeharra da. Hau guztia daniarrek ordaintzen dituzten zerga altuek ahalbidetzen dute, baina Estatuari ordaintzen diotena bakoitzaren soldataren arabera egokitzen da. Kontuan hartzekoa proportzioan, diru sarrerarik baxuena dutenek %40 inguruan ibiltzen direla, eta aberatsenak %60 ordaintzeraino irits daitezkeela.

Gini indizearen arabera, munduan bere irabaziak egokien banatzen dituen herrialdea da aztertzen ari garena. Formula matematiko hau lurralde bateko irabazien banaketaren (des)berdintasuna neurtzeko erabiltzen da. Emaitza 0 eta 1 artean izaten da, non 0 berdintasun perfektua litzatekeen –biztanle guztiek irabazi berdinak– eta 1 desberdintasun perfektua –pertsona batek irabazi guztiak, eta besteek ezer ere ez–. Danimarka da berdintasunean liderra. Frantziako Estatua 32. postuan da eta Espainiakoa 43.ean. 2004ean Eustatek EAEko Gini indizea kalkulatu zuen eta 0,57ko emaitza atera zitzaien, munduko herrialdeen zerrendan 114. postuan, Nigeria, Txina, Bolikosta, AEB eta Mexiko bezalako herrialdeen atzetik.

Baina itzul gaitezen Stigsgaardengana. Pedalei eraginez ordu laurdenean egiten du etxetik eskolarako bidea. Oinarrizko garraiobidea da bi gurpilduna herrialde honetan, biztanleen artean oso hedatua. Erraz ikus daitezke dotore jantzitako emakume edo gizonak, maletatxoa atzean lotu eta bizikletaz lanera bidean. Kaleak txirrindularientzat prestatuta daude, zentzu bakoitza karrikaren alde banatan, ongi bereizita. Eskolako atarian, hanka luzatu, atzeko gurpilean giltzarrapoa jarri eta tente uzten dituzte, bata bestearen ondoan, ehunka bizikleta ikasle eta irakasleek. Ez dute farolari lotu beharrik bueltan hor izango dela ziurtatzeko. Bi arrazoi nagusi horretarako: bat, gutxitan izaten dira bizikleta lapurretak; eta bi, ez legoke farola nahikorik guztientzat.

Hala ere, ez gaitezen engaina, autoak ere ibili badabiltza Danimarkako kaleetan. Hori bai, Euskal Herriarekin konparatuz, gutxi dira berebila duten 30 urtetik beherako gazteak. Eustatek bere webgunean eskegitako datuen arabera, 2004an Danimarkan 1.000 biztanleko 355 auto kalkulatu zituzten, EAEn 417 eta Nafarroan 460. “Nik, hasteko, ez dut behar; baina nahi izango banu ere ezingo nuke ordaindu, Danimarkan autoak oso garestiak dira”. Berezko balioaren %250 arte igo dakieke prezioa zerga ezberdinengatik, eta erregaia garestitu zutenetik, bi aldiz pentsatu behar du daniarrak autoa erosi aurretik. Baina zergatik ez Alemaniatik erosi eta etxera eraman merkeago aterako bazaie? “Egongo da hori egiten duen jendea, baina denok hori egingo bagenu, sistema hau hankamotz geratuko litzateke; ditugun abantaila batzuk moztu egin beharko lituzke Gobernuak”. Salbuespenak salbuespen, orokorrean zuzena da daniarra, eta edozein motatako iruzur egitea, autobuseko txartela ez ordaintzea adibidez, ez da harro sentitzeko ekintza.

Garagardoaren erritmora

Øl. Hitz erraza, kanpotarrei azkar irakasten dieten horietakoa. “Ül” ahoskatuko genuke Euskal Herrian. Garagardoa. Tuborg markakoa bada, hobe. Danimarkako kulturaren parte, dudarik gabe. Beste ele batekin ere etengabe egingo du topo atzerritarrak. Skøl. Topa.

15:00ak partean eskolatik irten eta kaleak afixa komertzialez josiak aurkitu ditu Mathias Stigsgaardek. “Marketin kontua da –kexu da– urtero gero eta goizago betetzen dituzte hiriko paretak garagardo konpainiek”. Gabonak azaroaren 1ean hasi ziren bikingoen herrialde horretan. Amaitu, berriz, otsailaren 1ean. Garagardoak markatzen du tempoa hemen ere. Zerbeza berezia ateratzen dute urte sasoi honetan, ohikoa baino gogorragoa, hotzari aurre egiten laguntzeko: Juleøl. “Zer edango dugu Gabonetan Gabonetako Garagardoa izenekoa ez bada?”, dio ilehoriak irribarrez. Aste Santua ere aitzakia ona izaten da Påskeøl garagardo berezia atera eta urrezko edari hau maite duen herrialdeko etxe gehienetako hozkailuak betetzeko.

Azterketen buruhausteak ahaztea xede, Xabi Alonsoren Liverpooleko atorra soinean joan ohi da Stigsgaard futbol entrenamendu saioetara. Jokalaririk gazteenetakoa izateaz gain, entrenatzaile ere bada. Astean bi saio izaten dituzte, baina helburua lagun-giroan kirol pixka bat egitea dela ez dute ahazten. Mailarik baxuenean jokatzen duten taldeen artean bilatu behar da eurena: Åben Modus. “1,95 metrotik gorako zazpi jokalari ditugu, ligako talderik altuena gara, baina ez dugu gol aukerarik sortzen”, dio penatua entrenatzaileak. Entrenamenduan izerdi pixka bat bota ostean, garagardoa edateko garaia sakratua da taldekideentzat. Ura baino hobe sartzen omen zaie garagardoa kirola egin ostean, nahiz eta ordurako epel-epel eginda izaten den. Zerrenda batean zehaztua dute entrenamendu bakoitzera kaxa bat nork eraman behar duen, eta entrenamendu saiora ez joateak gehiegi axola ez duen bezala, ez du barkamenik garagardoa eraman behar duenak piper egiteak.

Txantxak alde batera utzita, alkoholarena izan liteke herrialde honen itzalik luzeenetakoa. Politiken egunkariak otsailaren hasieran ateratako artikulu batean zioen daniarrek urtean 90 litro garagardo edaten dituztela batez beste. ‘Batez beste’-k esan nahi du herrialdeko biztanle guztiak sartzen direla hor, atera kontuak. Honek munduko garagardo kontsumoaren zerrendan zortzigarren postuan jartzen ditu. Halaber, azken 40 urteotan ia bikoiztu egin dira zirrosi kasuak egunkari beraren arabera, eta alkoholak eragindako heriotzen kopurua nabarmen da altuagoa Euskal Herriarekin alderatuta.

Ekologia ardatz

Azken orduan, Stigsgaard ez da esku hutsik joaten etxe ondoko supermerkatura asteko erosketa egitera. Gehienek bezala, plastikozko poltsa hutsak bizkarreko zorroan dituela, azken bisitaz geroztik hustu dituen botila eta latak eramatera ere joaten da. Makina berezi batzuk izaten dituzte, ahozabal, eta bertan edukiontzi hutsak sartu ostean, koroa danimarkar bat ematen dute bueltan bakoitzarengatik (15 euro zentimo inguru). Edaria erostean ordaintzen da edukiontzia eta birziklatzen den momentuan hartzen dirua bueltan. Birziklatzen ez duenari ez diote dirurik itzultzen. Ordainlekuen ondoan, erosi nahi dituenarentzat, plastikozko poltsa sendoak izaten dira. Zorroak ordaindu egin behar direnez, jende gehienak aurretik erabilitakoak eramaten ditu dendara, behin eta berriz. Tankera honetako zenbait neurri hartzen joan dira azken urteotan Eskandinaviako gobernu ezberdinak, eta pixkana-pixkana ingurumenarekiko errespetuan erreferentzia bihurtu dira herrialde nordikoak.

Ez da harritzekoa supermerkatu bat eskura ez eta kaleko zakarrontzien inguruan garagardo lata hutsak ikustea. Eskaleek gauero hirietako kaleak zeharkatzen dituzte, begirada zorrotz, janarekin truka ditzaketen edukiontzien bila. Hauen egoera buruan, zaborrontzien oinetan uzten ditu parrandan dabilen jendeak edukiontzi hauek, biltzaileek ez ditzaten barrutik atera beharrik izan. Asteburu eta egun berezietan zientoka edukiontzi biltzera iristen dira eskekoak.

Gazteen subiranotasuna

Mathias Stigsgaardi bezala, 18 urte betetzen dituztenei Gobernuak hilean 5.000 koroa danimarkar (670 euro inguru) ematen dizkie beren kasa bizitzeko aukera izan dezaten. Daniar kulturaren parte da gazteek 18 kandelei putz egin eta gurasoen etxetik alde egitea, baita hiri berean bizitzen jartzeko bada ere. “Erdia baino gutxixeago etxea ordaintzen xahutzen dut, eta bestea, janaria, telefonoa eta gainontzeko gastuetarako erabiltzen dut”. Azken inkesten arabera, Euskal Herrian, aldiz, 18 eta 34 urte arteko gazteen hamarretik sei oraindik gurasoen habian bizi dira. EAE eta Nafarroan 210 euroko laguntzak ematen hasi dira gazteek beren kasa bizitzen duten arazoa konpondu asmoz. Ipar Euskal Herrian, zenbait baldintza betez gero, 300 euro inguru ematen zaizkio hilean ikasleari.

Daniar nerabeen independentzia bermatzeko, etxebizitza-sistema konplexua ere garatu du Estatuak urteetan. Hirietako etxebizitza hutsak erosteaz gain, gazteentzat propio pentsatutako etxebizitza blokeak eraiki dituzte gobernu ezberdinek. Bizileku hauen kontrola eramateko herri bakoitzak Ikasleen Etxebizitzarako Kontseilua du eta gazteei etxebizitza modu onean aurkitu eta alokatzea da bere helburua. Stigsgaardi, bulego honetara jo zuenean, 30 metro koadroko bizilekua aurkitu zioten. Bertan, sukaldea eta komuna lehendik ezagutzen ez zuen pertsona batekin partekatzen ditu, eta bakoitzak bere gela du. Honelakoak dira gune honetako etxe guztiak, binaka bizitzeko eginak. “Oso pozik bizi naiz hemen, ez dut gehiago behar, gainera, ondoko bizilagunekin oso harreman ona dut eta askotan biltzen gara han edo hemen”.

Bizilagunekin ez bezala, Stigsgaard eta bere pisukideak ez dute harreman beroegirik. Batak daniarren ordutegiari men 17:00etan afaltzen du, kazetaritza ikasleak berriz “oso berandu”, 19:00ak inguruan. Afaldu ostean bakoitza bere gelan sartzen da. “Ordenagailu bidez, bakoitzak gure lagunekin egiten dugu hitz, ez gara bakarrik geratzen”. Euskal Herriko begiekin ikusita, hotzak dira daniar asko eguneroko harremanetarako. “Onar nezake indibidualistak garela, askotan barnera begira bizi gara, gutxitan erakusten ditugu gure sentimenduak kanpora”. Stigsgaarden hitzetan, askori ez zaie aitortzea gustatzen, baina Janteko Legea subkontzientean daramate –ikus aurreko orriko koadroa– eta konturatu gabe behin eta berriz erakusten dute hori, beti ere daniar gaztearen ustez.

Udaberrian sartu arte egunak motz dira eta 19:30erako kale-argiek argitzen dute gau itxia. Egun gogorra izan ondoren, ohera joan aurretik, hurrengo eguneko lanak egiten ditu kazetaritza ikasleak. Irribarrea ahoan, noizean behin The Simpsons telesaila ikusten du. Europako herrialde askotan bezala, beti film eta telesaioen bertsio originalak daniar azpitituluekin emititzen dituzte. “Txiki-txikitatik ohitzen bagara gustukoen ditugun saioak ingelesez ikusi eta daniarrez irakurtzera, belarria finduz goazela dudarik ez egin”. Mathias Stigsgaardek hainbat hizkuntza menderatzen ditu: daniera eta ingelesa ama hizkuntza gisa. Suedieraz eta norvegieraz ere moldatzen da, bai ulertu eta baita hitz egiteko ere, baina ez aurrekoak bezain ondo. Hala ere, aipatu behar da daniera, suediera eta norvegiera familia berekoak direla, eta askotan, herrialde bakoitzeko pertsona bana bildu eta bakoitzak bere hizkuntzan hitz eginda elkar ulertzeko gai dira. Eskolan frantsesa eta alemana ere landu dituela gogoratu digu, baina soilik idatzi bat hartu eta gainetik ulertzeko kapaz dela.

“Eguraldia bezalako txikikeriengatik kexuan ibili izan naiz, baina hotzean pentsatuta konturatzen naiz zenbaterainoko zortea izan dugun hemen jaiotzeaz. Guk inongo meriturik egin gabe luxuzko gizarte bateko partaide gara”. Jardun askotan erreferentzia izan litekeen herrialde batek, duda barik, beste askotan huts egingo du. Herrialde perfekturik ez da munduan. Alabaina, horrek ez du esan nahi batzuk besteak baino gehiago gerturatzen ez direnik egoera horretara.
Kultura baten arauak
Janteloven edo Janteko Legea Aksel Sandemose idazle norvegiar-daniarrak 1933. urtean nobela batean idatzitako arau bilduma etikoa da. Iheslari bat bere mugez gaindi liburuan XX. mendearen hasierako bere jaioterriko bizitzaren erretratua egin zuen. Hala ere, herri txiki gehienek dituzten antzekotasunak biltzen dira.

Hamar dira mandamenduak, baina denak "Ez pentsa berezia zarenik" jarreraren bariazioak izan litezke. Liburuan, sekula inon idatzi gabeko, baina denek betetzen dituzten arau hauek urratzen dituzten herritarrei gaizki begiratzen diete gainontzekoek, bertako bizimoduaren aurka doazela argudiatuta. Arau hauek daniar, norvegiar eta suediar kulturak zipriztindu zituen, eta besteak baino hobe edo inteligenteagoa dela pentsatzen duen jendea bereziki gaizki ikusia dago herrialde hauetan.

  • Ez pentsa berezia zarenik.
  • Ez pentsa gure mailan zaudenik.
  • Ez pentsa gu baino azkarragoa zarenik.
  • Ez pentsa gu baino hobea zarenik.
  • Ez pentsa guk baino gehiago dakizunik.
  • Ez pentsa gu baino garrantzitsuagoa zarenik.
  • Ez pentsa ezertan ona zarenik.
  • Ez egin barrerik gutaz.
  • Ez pentsa inori axola zaionik zer gertatzen zaizun.
  • Ez pentsa ezer irakats diezagukezunik.
Janteko Legeak egungo daniar kulturan zenbaterainoko eragina duen frogatzea zaila da. Dena den, soziologoek eragin hori baserri giroko guneetan mantentzen dela diote, eta hiriguneetan askoz ere txikiagoa dela.
Haurdunaldiak bultzatuz
Egun, Euskal Herria da ume gutxien jaiotzen den Europako lekua. Orain ia 30 urte Danimarka zen kontinenteko jaiotze-tasarik baxuena zuen herrialdea. Horri buelta eman eta bikoteak umeak izatera animatu asmoz, Gobernua zenbait neurri hartzen hasi zen. Estatistikak ikusita, neurri hauekin etengabe behera zihoan jaiotze tasa berriz ere gora tentetzea lortu du. Gaur egun, amei 54 asteko amatasun baja eta aitei zortzi astekoa ematen zaizkie, ume bakoitzeko hilero ematen dituzten laguntzez gain. Gainera, gurasoek ez dute haurtzaindegiagatik ordaindu behar.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude