Jean-Michel Galant

«Izugarria da bortizkeriak egiten digun kaltea»

  • 1953, Azkarate (Baxenabarre). Laboraria. AB, ELB eta LEIAko kidea. Azkarateko auzapeza eta Baigorri Kantonamenduko kontseilaria Paueko Kontseilu Nagusian. Garazi, Iholdi eta Baigorriko Herrien Erkidegoko partaide da. Baigorriko Jean-Baptiste Lambert eta Donibane Garaziko Alphonse Iriarte auzapezak arerio gogorrak ditu Erkidego honetan; presidentea eta presidenteordea hurrenez hurren. Jean-Michel Galantek Baigorriko auzapez eskuindarra izanen du berriz ere lehiakide kontseilari aulkia erdiesteko: “Lambert lehiakide da kanpainan eta abertzaleon etsai amorratua”, zehaztu digu Euskal Herria Baiko (EH Bai) hautagai abertzaleak.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2008ko otsailaren 10a
Jean-Michel Galant
Jean-Michel Galant, Azkarateko auzapezaGaizka Iroz
“Azkarateko auzapeza izateak satisfazio handiak eman dizkit. Zatitua zen herri bat elkartzea lortu dugu” erran digu Galantek. Auzapez karguan ziur, Kontseilu Nagusian segitzeko ere konfiantza osoa agertu digu. Konfiantzaz eta zuhurtziaz mintzatu zaigu.

Zazpi urte eman ditu Paueko Kontseilu Nagusian: “Hautetsi abertzale bakarra naiz, eta ardura handia sentitu dut mezuak ongi helarazteko. Euskal Herriko arazoak bortizkeriaren itzalpean ageri dira eta kontseilariek nire eskariei elkorrarena egin diete”.

Kontseilariak politikari profesionalak dira gehienak, berak ez du bere burua haien pare ikusten ordea: “Politika jokoa da, jukutria asko gordetzen du bere gibelean. Harreman goxoak ukan ditut kontseilariekin, baina kasu, edozein momentutan zaflakoa ukaiteko prest izan behar duzu. Zerbait ikasi dut, hala ere”.

“Euskal Herria gure indarra” da Euskal Herria Bai-ren (EH Bai) lema.


Iparralde osorako lema da hori. Nik Baigorriko Kantonamenduan “Euskal Herria gure indarra da eta zu eta ni haren pindarra” gehitzen dut. “Zu eta ni” horrek “ez dudala nik bakarrik eginen” erran nahi du. Zerbaiten egiteko besteak ere behar baitira aritu, eta elkarrekin. Pindarrak, berriz, Euskal Herririk gabe lurralde honetan bizi garenok arras gibelago egongo ginatekeela adierazi nahi du. Euskal kultura eta izaera bizirik da, gu –herritarrok– garen heinean. Euskal Herria indartzeak lagundu die herritarrei beren geroa zutik atxikitzen hemen. Inon baino gazte gehiago ari da laborantzan plantatzen, artisauak eta ofizialeak ere beste lekuetan baino gehiago ari dira. Horrek salbatzen gaitu herri eta jende bezala.

“Hegoaldeko dinamikak ABren zatiketa ekar dezake” adierazi zenuen hautetsi nagusi hautatua izan ondoren. Baita halaxe gertatu ere. Egun, zatiketaren ondoren sortu zen Batasuna EH Bai koalizioan dago.


Iparraldeko abertzaleen gehiengoa ABn dago. AB desagertuko balitz, egoera politikoa gaizkitu liteke. Batasunarekin eskuz esku goaz EH Bai-n, batzen gaituena aintzat hartzen jakin behar baita, baina diferentzia handiak ditugu. Bortizkeria afera dela-eta, gure aurkakoek Batasunak auzi honi buruz duen jarrera baliatzen dute eta horrek ez digu batere laguntzen.

Nola ikusten duzu zure burua hautetsi abertzale gisa?


Hautetsia naiz, xantza hori dut. Alta, desoreka handia atzematen dut hautetsien eta militanteen artean, joera guztietako militanteez ari naiz. Hautetsiena eta militanteena bi mundu dira. Militanteak beren buruari mintzo ikusten ditut. Ondo da hori, baina zenbaitetan besteei mintzatzen ere jakin behar da. Eta hori egiteko hitzak ondo hautatu behar dituzu, baita hitzak aldatu ere, beharrezkoa bada. Zure militante lagunek hori onartu behar dute eta ez da beti gertatzen. Zenbaitetan beste mintzamolde bat atzematen dute hautetsien hitzetan, eta “hau beste aldera pasa da” pentsatzen dute. Bilkuretan, batzuetan beldurrez mintzo naizela erraten diet.

Hiriburuko Alain Iriart auzapeza ez da ABren izenean aurkeztu. Hautuak harritu al zaitu?


Ez nau estonatu. Alain Iriart konfiantzazko laguna dut. Talde politikoek beren baitan ixteko joera izaten dute. Batzuetan taldearen izenean aritu ordez, ez da baztertu behar nor bere buruaren izenean aritzeko ideia. Gutxieneko libertatea behar da. Nik ez dut hautu hori egin, baina errespetatzen dut. Berak bere inguruko egoera politikoa aztertu du eta nola jokatu erabaki. Nahiago dut Alain Kontseiluko hautetsia izateko xantzarekin ikusi, ezen eta jarrera politiko tinko baten ordezkari eta xantzarik gabe. Hautatuak bagina gai askotan ari gintezke elkarrekin Kontseiluan.

2x2 errepide proiektua gelditu da. Nola bizi izan duzu gertatua?


Lasserre presidenteak duela bi urte proiektua ez zela eginen erran zigun hautetsiei, baita lerro bakarreko bidea izanen zela ere. Joko faltsuan aritu zen. LEIAk [2x2 errepidearen aurkako taldea] ez zuen sinetsi. Nik, bero-beroan, erabakia bozkatua izanen zen egunean sinetsiko nuela erran nion. Izugarri kexu ibili da nirekin. Berak mezu horrekin bi urtez iraun du, entseiatu da hautetsiak biltzen, baina hauteskundeak hurbildu ahala proiektua baztertu du, galtzeko beldur, naski.

Zer irakaspen atera duzu hortik?


Herritarren mezua eraman dut Kontseilu Nagusira, borrokatu egin behar zen eta borrokatu dut, nire burua engaiatua sentitu dut. Proiektua nola bukatu den ikusteak indar eman dit.

Laborantza Ganbara eratu da azken urteotan. Zer diozu proiektuaz?


Abertzaleok iraun beharra daukagu, baina bortizkeriaren itzalak ditugu gainean. Abertzaleen eta ELBko laborarien lorpena da Ganbara. Haatik, erakundea ilegala dela dio Estatuak. Ezin sinetsia da. Goi-mailako erakundeek errana dute ilegala dela eta ateak ixten zaizkigu, ateak prefetaren esku baitira. Irautea erran dut oixtian, Ganbararen funtzionamendua herriaren sostenguari esker bizi baita. Laborariek beharrezkoa dute Ganbara. Herritarrek –Hegoaldeko kide abertzaleen laguntzaz– diruztatu dute hiru urtez eta emendatuz doa. Ganbarak iraun behar du politikoki onartua izan dadin. Kontseiluko hautetsien aurrean hori erraten dudalarik, hautetsiek legez kanpo dagoela argudiatzen dute, Ganbaren gibelean hau dagoela hori dagoela –bortizkeriaren arazoarekin nahasten dute– diote, garbiki ez dute deus erraten. Funtsean Ganbara ez da aintzat hartzen ordea.

ELBren eta FDSEAren (Departamenduetako Nekazari Ustiatzaileen Sindikatuen Federakuntza) arteko harremanak ere ez dira goxoak.


Alta, laborariek ELB izan dadin inoiz baino arrazoi gehiago erakutsi dute beren egin moldetan. Bi sindikatu hauen laborantza moten artean, hemengo laborantza zer den, zertan den eta zertarako izan behar duen bide egokia erakutsi du ELBk bere hastapenetik. Arazoa da FDSEAk dirua duela, baita lagunak boterean ere.

ELBk antolatutako Lurrama azoka arrakastatsuaren ondoren FDSEAk Baserria izenekoa iragarri du.


Ez dakite bertzerik egiten. ELBk Lurramarekin bertze behin bere lanean kausitu duela ohartu dira, eta haiek ere frogatu nahi dute kapable direla antzeko zerbaiten egiteko. Eta dirua gastatuko dute harritzekoa. Finean, jende gehiago bildu dezaketela erakusteko. Dena ez da zatiketa alabaina, Ossau-Irati sor-markaren araudia lortzeko laborantzan ari diren laborariek bat egin dute, emeki-emeki bi aldeak elkarreratu dira eskualde honetan. Laborariak elkartzea baitezpadakoa da.

Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu da halaber. Zer diozu honetaz?


Max Brisson da EEPko arduradun nagusia eta espantu pixka bat egiten dut aferan: “Nik salbatuko dut euskara” erran ohi du. Brisson jaunak diru kopuruaz goiti beheiti ari da sarri. Nik, hizkuntza ez dela salbatzen diru laguntzen kopuruaren arabera, euskal hiztunen kopuruari begiratu behar zaiola –pario hori irabazi behar dugula– eta azterketek atzerapena erakusten dutela, erraten diot. Diru laguntzarekin euskararen hiltzoria pixka bat baino ez ote den urruntzen pentsatzen baitut.

Anartean euskara ez da ofiziala.


Ofizialtasuna eskatzea ongi da, baina ez dut sobera sinesten Paristik etor daitekeenaz. Euskararen beharra tokian tokiko auzapezei eta herri elkargoei helarazi behar zaie fermuki. Zeren eta EEPko diruaren %9 herriek pagatzen dute eta horren arabera heldu da Estatuaren eta Erregioaren laguntza. Paueko Kontseilu Nagusiak ere herrien elkargoaren engaiamenduaren arabera emanen duela sosa erraten du. Ez badute eskaera sentitzen ez dute sosa ematen. Tokiko eskaerek irekiko dute ofizialtasunaren bidea, baina jendea bildu, konbentzitu eta engaiatu behar da, guztion afera izan behar du.

Departamenduaren afera nola eraman duzu Kontseilu Nagusian?


Departamenduari buruzko informazio eskasa da Biarnon. Biarnesek nonbait sentitu behar dute guk euskaldunok gure departamendua aldarrikatzen dugularik, beraientzat ere mintzo garela, hots, Euskal Departamendua sortzen bada beraiek ere beren departamendua izanen dutela. Hala izanik, PS Biarnon gehiengoa litzateke, halere, harrituta egoten naiz alderdi sozialistak ez baitu deus egiten horren alde. Beste gaietan sozialistek jukutriak erabiltzen dituzte.

Botere politikoaren eragina sentitzen hasten den erakunde batean aritu zara. Zein da zure ondorioa edota lorpena?


Botere guneetan aise da lerratzea, herriaren nahietatik aldentzea. Alta, herritarren eskubideak borrokaren bidez lortu ahal direla ikasi dut. LEIAren mezu eramailea izan naiz eta berau helaraztea erdietsi dut. Proiektu-txostenean parte hartu nuen, eta proiektua geldiarazten lagundu dut. Denborak arrazoia eman dit. Aldiz, Batera plataformaren eskaerak Kontseilu Nagusian horren gutxi entzuteak kezkatu nau. Jendeak usu galdatu dit horretaz, gehiago egin zitekeela pentsatu dut.

Baterak 32.000 sinadura bildu ditu, baina ez da nahikoa afera mugiarazteko.


Ageri denez Euskal Herria ez da entzuna Biarnon ezta Paueko Kontseilu Nagusian ere. Sinatzaile kopuru horrek jendearen arrangura erakutsi du, baina eskaerari bizkarra eman zaio. Lasserre presidenteak “eskaera ilegala dela, ez dela bere egitekoa” dio, prefetak hori erraten duelako. Aferari ihes egiten dio elkarrizketa landu ordez. Euskal Herriaren ukatzea da zinez, eta nik diot, jarrera batzuek ere hazten dutela bortizkeria nonbait. Bortizkeria zinez gelditu nahi bada, zenbaitetan jakin behar da bortizkeria erabili gabe ari diren herriko ekimenei erantzuten.
Kontseilari nagusiaren arrangurak
IPARRALDEKO AUTONOMIAZ: "Departamenduaren eskaera azkartu da Batera-ri esker. Autonomia aipu da orain. Goizetik arratsera militantzian ari direnen hitza da, abertzaleen arteko tirabirak sorrarazi dituena. Nik Euskal Herria bakarrik kudea lezakeen instituzioa galdatzen dut Paueko Kontseiluan".

IKASTOLEN EZAGUTZA BIARNON ETA KONTSEILUAN: "Kontseiluan euskararen arazoa aipatzen duzu eta kontseilari batzuek ez dute ikastolen 35 urteko esperientzia batere ezagutzen. Saliseko auzapezak, Euskal Herriaren juntan bizi denak, erran zidan harrituta zela jakinik, ikastoletako haurrek euskara baino ez dutela ikasten: ‘Ea nora goazen espiritu atzerakor horrekin’ erran zidan. ‘Baina, baina, zu non bizi zara? Euskal Herritik hain hurbil izanik, ez dakizu besterik ikastoletaz, ez zara gehiago interesatu haietaz?’ erran nion".

BAXENABARREKO GAZTEEN AZKEN ATXILOKETEZ: "Beste behin bortizkeriak dakarzkien itzalak agertu dira. Etsaiek ongi baliatzen dute hainbat abertzalek bortizkeriaz daukaten jarrera Euskal Herriaren beharrak usteltzeko. Bost dira arrastatuak, frogarik gabe, inozentzia errugabetasuna baztertuz hartu dituzte preso. Ezin onartuzko neurria da. Euskal Herriko gatazka ez balitz, bortizkeria, jendea oldar litekeela pentsatzen dut. Baina jendeak ez du deus erraten, betiko leloa ez bada: ‘azkenean atzeman dituzte’. Preso batek [Joan Bidart] bere buruaz beste egiten entseiatzea izugarri larria da, lazgarria, jendea hunkitu behar luke, baina jendeak ez du sentitzen gertatu dena. Izugarria da bortizkeriak egiten digun kaltea".

LE JOURNAL DU PAYS BASQUEKO ESKUTITZA: "Min eman zidan baigorriar gazte batek Le Journalen idatziak. Manifestazioa izan zen gazte atxilotuen alde. Berak zioenez, jende asko egon zen, baina Kantonamenduko kontseilaria Jean-Michel Galant ez zela manifestazioan izan ohartarazi zuen. Afera horretan ni banaiz hobendun, gauzak fite konponduko dira. Gazte horrek horrela jokatu du, baina bere gibelean badira gehiago. Min egiten dute, etsaiez tronpatzen baitira. Isilik egon naiz. Zer erran? Alabaina, presoen aldeko bertze manifestazio batean egon nintzen eta gogoz kontra finitu nuen. Ilundua zuen eta manifestariak jendarmeriara buruz abiatu ziren, txoko ilun batera. Laster hasi ziren jendarmeak zanpaka. Presoen eskubideen alde nago, alta, jendearen iritziaren aldatzeko gaizki jokatzen ari dira antolatzaileak. Ez da Donibane Garazin hilabetean behin manifestazio bat eginagatik egoera aldatuko. Alderantziz, jendea usatua da eta ez du kasurik egiten, gauza arrunta atzematen du".
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2018-10-16 | Bertsozale.eus
Ostatu Batuak eta Otsoaren 7 umeak nagusi ligaxkako lehen bi saioetan

Urriaren 12an eta 13an Gameren eta Altzumartan jokatu dira Taldekako Xilaba Xapelketako ligaxken lehen bi saioak.


2018-10-16 | Bertsozale.eus
Malen Amenabarrek irabazi du Santurtziko kanporaketa

Urriaren 14an jokatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa, Santurtziko Serantes Kultur Aretoan; finalaurrekoetarko txartela lortu du Amenabarrek.


Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


2018-10-15 | Gorka Peagarikano
Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude