"Correaren gobernuak ez du onartzen estatu nazio-anitza Ekuadorren"

  • Nelly Arrobo Fundación Pueblo Indio del Ecuador-eko kide da, hogei urtez herri indigenen eskubide eta duintasunaren alde lan egin duen taldea. Xede horrekin sortu zuen Leonidas Proaño apezpikuak, eliza katolikoaren korronte nagusiekin bat ez zetozen beste hainbat apaizek ere Latinoamerikako hainbat herritan egin duten moduan. Erronka hori Nelly Arrobok hartu zuen bere gain, beste lau kiderekin batera, eta urte hauetan guztietan hamaika proiektu gauzatzeaz gain, Ekuadorren bizi izan diren indigenen mugimendu politikoak lagundu dituzte.
Nelly Arrobo
Nelly Arrobo, Fundación Pueblo Indio del Ecuador-eko kide Dani Blanco

Zeintzuk dira fundazioaren helburuak?


Batetik, herri indigenena mugimendu indartsua izatea, euren autodeterminazioak Ekuadorreko gizartearen baitan presentzia izan zezan, gizarte hau berez nahiko baztertzailea eta arrazista izan baita herri indigenekin. Bigarrenik, eliza katolikoaren bidetik eliza indigena sortzea, eta hau askoz zailagoa izan da. Proaño apezpikuaren iritziz, indigenen espiritualitateak bat egiten du naturarekin eta komunitatearen zentzuarekin, eta ikuspegi horrek eliza katolikoaren osotasuna aberastu dezake. Gure asmoa fede kristaua adieraztea da, baina gure balore kulturaletatik eta gure erlijio propioetatik. Mugimendu indigenak dituen egitura propioen laguntzailetzat dugu gure burua, baina ez gara bakarrak. CONAIE bezalako egitura politikoekin kolaboratu izan dugu luzez.

Urteotan mugimendu indigenaren zer lorpen saiatu zarete laguntzen?


Kultur arteko hezkuntza elebidunaren sistema aipatuko nuke lehenik eta behin, kultura eta hizkuntza propioak aintzat hartzen dituen hezkuntza sistema. Baita osasun indigenaren zuzendaritza nazionala ere, haien sendakuntza mota, belarren erabilera eta diagnostikatzeko modu propioak errespetatzen dituena. Herri indigenen garapenerako kontseilua ere garrantzitsua da, egun egitura legala daukana. Azkenik, azpimarratzekoa da justizia indigenaren onartzea; justizia lantzeko modu propioa debekatuta egon da luzez eta egun malgutasun gehiago dago kasu askotan indigenen justizia erabiltzeko, justizia administratibotik pasa gabe.

Zeintzuk dira fundaziotik bultzatzen dituzuen proiektu zehatzak?


Hezkuntzan eskoletako azpiegiturak hobetzeko laguntzak lortzen saiatzen gara, eta baita irakasleen prestakuntza babesten. Emakume taldeak bultzatzen ditugu, familia eta komunitateentzako laguntza ekonomikoak lortzen saiatzen gara, baina batez ere kontzientziazioari ematen diogu garrantzia. Kontzientzia har dezakezu gai batzuen inguruan eta ezer ez egin; kontzientzia hartzeaz gain azpiegiturak eraldatzeko konpromisoak hartzea interesatzen zaigu. Lehen emakumeei debekatuak zitzaizkien gai politikoak, sozialak eta ekonomikoak landuz pertsona bezala aberastu eta ekintza zehatzen bidez adierazi nahi dugu. Estatubatuarrek Ekuadorren duten Mantako militar gunearen edo petrolioaren gaiekin ekintzak burutu izan ditugu emakume taldeetatik. Bestalde, komunitateek euren lurrak berreskuratu ditzaten ere egiten dugu lan. Lurrak okupatzeagatik zigor latzak ezarri dira eta azkenaldian erostera jo dugu, lur komunalak sortzeko xedez. Dirua iparraldeko estatuetatik lortzen saiatu gara, iparra eta hegoaren arteko harremanean nazioarteko justizia egiteko. Zoritxarrez, zaila da, eta azkenaldian lur komunal hauek zatitzeko arriskua ikusi dugu, batzuetan iruzurraren ondorioz, besteetan ziur aski jabetza pribatuak pertsonengan duen pisuaren ondorioz. Azkenik, zaharrekin ere egiten dugu lan, pobrezia medio izugarri igo baita haiekiko utzikeria. Urtero bidaiaren bat egitera eramaten ditugu. Niretzat zirraragarria izan da laurogeita bost urteko agure nekazarientzat ‘itsasoa’ hitzak zentzurik ez zuela deskubritzea, eta itsasoa ikustera eramatea, ez zutelako inoiz ikusi.

Zein egoeratan daude egun Ekuadorreko indigenen hizkuntzak, eta zer garrantzia dute haien kultura berreskuratzeko borrokan?


Nik kitxuaren kasua ezagutzen dut bereziki. Kitxua hizkuntza ofiziala da Ekuadorren gaztelaniarekin batera, baina horrek ez du esan nahi normalizatua dagoenik, ezta desagertzeko arriskua ez daukanik ere. Indigenak luzez izan dira beren kulturagatik estigmatizatuak, eta kitxua erabiltzeko lotsa handia dago oraindik. Familia batzuek ez dute nahi beren seme-alabek eskoletan kitxua ikas dezaten, gaztelera bai ordea, eta ahal izanez gero baita ingelesa ere. Teknologia berriekin ez da egon hitz berriak sortzeko modua, gazteleratik hartzen direnez kitxua ez da sustatzen. Iaz hasi ziren lehenbiziko aldiz eskoletan kitxuaz idatzitako testuak erabiltzen. Kitxua erraza da ikasteko, baina era berean zaila, ez daukalako zerikusirik sustrai latinoak dituzten hizkuntzekin. Kitxuaz gain badira bederatzi bat hizkuntza Ekuadorren, hitz egiten diren lekuetan ofizialtzat hartuak, baina hori teoria baino ez da, borondate politikoa falta baita. Duela lau hilabetetik argitaratzen da egunkari bat kitxuaz eta gazteleraz, badira liburu batzuk argitaratzeko proiektuak, baina saio isolatuak baino ez dira. Kitxua irrati eta telebistetan entzun ahal izango balitz indigenen hizkuntzarekiko harrotasuna areagotuko litzateke, egun ez baitie ezertarako balio hirietan edo bulego publikoetan. Hizkuntzak, beste leku askotan gertatzen den bezala, kitxuen mundu-ikuskera islatzen du.

Zer garrantzia izan lezake herri indigenen mundu ikuskerak globalizazioaren zentzurik txarrena nagusitu den garaiotan?


Indigenen mundu ikuskeraren alderdi askok neure baitan ariketa mentala egitera bultzatu naute. Adibide bat: indigenentzat iragana aurrean dago. Arbasoak dira gure aurretik doazenak, bidea erakusten. Hori guretzako etorkizuna litzateke, baina beraientzat ez, iragana gure aurretik doa, eta norabide horretan goaz gu ere. Mendebaldeko kulturan zera irakatsi zaigu, unibertsoaren sorreraren jaunak garela, dominatzaileak, eta harrapariak bilakatu gara. Indigenek ordea harreman sinbiotikoa dute naturarekin, bere parte sentitzen dira, beraiek badakite naturari kalte egiten badiote beren buruari egiten diotela kalte, eta hori guztia berreskuratu behar genuke planetak bizirik irautea nahi badugu.

Fundazioan lanean eman dituzuen urteotan tankera guztietako gobernu aldaketekin bizi behar izan duzue. Nolakoa da egungo egoera Rafael Correarekin, herri indigenen mugimenduari dagokionez?


Nire ustez herri indigenen aldarrikapenak atzeratu egingo dira. Correaren egungo gobernuko zenbait ordezkari eta kolaboratzailerekin hitz egin ahal izan dugu, eta ez dute onartzen Ekuadorren baitan dauden nazionalitateak aintzat hartuko dituen estatu nazio-anitza. Hala ere, ez dut uste herri indigenen eskubide kolektiboen arloan urteotan lortutakoa galduko denik. Edonola ere, itxaropen handia dugu Correarekin, eta horrela ulertu dute masiboki bere ideien alde bozkatu duten indigenek ere. Badirudi Correak Ekuadorren soberania eta duintasuna berreskuratu dituela, orain arteko gobernuak iparramerikar inperialismoaren menpekoak izan baitira. Eta neurri batean baita iparraldeko estatu guztien menpeko ere, transnazionalen politikek eraginda jokatu izan dutelako beti. Iparraldeko gobernuek euren burua transnazionalen interesekin identifikatzeko joera dute, eta herriei eta haien gobernuei jotako erasotzat hartzen dituzte gure herriek transnazionalei egindako aldarrikapenak. Correak, baina, aurre egiten die AEBen interesei, Mantako basearen kasuan adibidez. Bertan AEBetako bostehun bat soldadu mertzenario daude, Irakera bidali izan dituztenen antzekoak. Segurtasun pribatuaren organismoek gerra egiteko kontratatutako mertzenarioak dira, gure ustez Ozeano Barea kontrolatzeko ekarriak. 2009. urtean base horrekin dagoen hitzarmena amaitzen da eta ez da berrituko. Horrek itxaropena ematen digu, inperioari aurre egiteko gai dela erakusten duelako.

Nazioarteko Moneta Funtsa eta Mundu Bankua ere Ekuadorretik bota ditu, eta kanpo zorra ordaintzeari uko egin dio. Beste adibide bat: orain gutxi interes handiz irakurri dut nola Ekuadorreko Defentsa ministroak publikoki onartu duen Ekuadorrek iparraldean ez duela muga Kolonbiarekin, FARCekin baizik. Orain arte tabua zen hori, eta diplomaziaren aitzakian egon izan den hipokrisiaren mozorroak erauzteko prest azaldu da gobernu berria. Haize berriak suma daitezke, eta ez soilik Ekuadorren, baita kontinente osoan ere.

Zein neurritan senti liteke Correa babestua Venezuela edo Bolivia bezalako beste herrialdeetan bizi diren egoerengatik?


Nire ustez oro har eman diren aldaketak lagungarriak dira planteamendu ausartak egiteko. Correak Latinoamerikako herrien batasuna bultzatu du, hegoaldeko bankuaren sorreraren alde azaldu da eta ALBA [Latinoamerika batzeko alternatiba bolivariarra] babestu du ALCAren [batasun komertziala bultzatzeko AEBen proposamena] aurrean. Azken aukera horren inposaketarekin zabortegi teknologiko bilakatu nahi gintuzten, eta orain garena baino herri are menpekoago, gure aberastasunak erabili beharrean Estatu Batuetako elikagaiak onartzeko. Berrehun arto mota baino gehiago ditugu, bakoitzarekin janari mota ezberdinak egiten dira, eta arto mota bakarra inposatu nahi zitzaigun. Patatarekin berdin... Aldaketa hauek guztiek ekarri dute Ekuadorren eta Latinoamerika osoan nekazaritza erreforma berria eskatzen hastea, lurraren jabegoaren eta herriaren elikaduraren inguruko eztabaidari berriz ere bidea zabalduz.

Azken urteotan gurean inoiz baino gehiago entzuten ari dira ‘kultur aniztasuna’ eta ‘elkartasuna’ bezalako hitzak, etorkinen presentziaren igoeraren eraginez agian, baina erakundeen aldetik datorrenean sarritan erakusleihorako hitzak baino ez dira, sakontasunik gabekoak. Zuek han bizi duzuen esperientziatik, nola gauza genezake bertatik benetako elkartasuna?


Lehenik eta behin, elkartasuna egiteko modu bat gure prozesuen inguruko informazio zuzena bilatzea eta jasotzea izan daiteke, ohiko komunikabideek ez ditzaten saldu gure herrietako albiste osatugabeak. Bigarrenik, ez dira identifikatu behar transnazionalen interesak herriko jendearekin, transnazionalekin gure herrientzat onuragarriagoak diren kontratuak sinatzerakoan zuen herrietan ere babesa izan dezagun. Oraino, kontratu hauen %80a transnazionalentzat izan da, eta %20a baliabideen jabe diren herrientzat. Orain bostehun urte baino gehiago sortu zen lotura honen bidez, metropoliek beren koloniatzat izan dituzten herriak esplotatu dituzte, eta jokaera horrek bere horretan jarraitzen du, beste izen batzuekin, forma sotilagoekin, baina lehen bezain kaltegarri.

Bestalde, onuragarria da gertatzen dena ikustera joatea, baina entzuteko jarrerarekin. Bada jende asko irakastera doala dioena, eta gehienetan kontrakoa izan ohi da, irakatsi baino gehiago da ikasitakoa. Hango errealitatea ezagutzera doanak apaltasunez jokatu behar du. Azkenik, baliabide ekonomikoak garrantzitsuak dira, baina partekatze ekonomikoa modu zuzenean egin beharko litzateke. Iparraldea hegoaldearen kontura garatu da eta itzuli egin behar zaio zerbait. Ez dut esan nahi iparraldeko jende guztia esplotatzailea denik, baina garrantzitsua iruditzen zait herritik herrira doan elkartasuna; normalean elkartasuna ez dugu topatzen dirua daukatenen artean, herri xehearen baitan baizik. Iparraldeko herritarrak dira askotan beraiek ere ez dutena ematen saiatzen direnak, eta ez gobernu boteretsuak.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude