«Disko nahiko eklektikoa lortu dugu»

  • Bost disko, hamar urte eta ondo sentitzen dira. Horrela azaldu du talde bilbotarrak bere gaur egungo egoera azken diskoko Bost-Hamar kantan. Morphina (Bonberenea, 2007) disko desberdina da, aurreko lanarekin ez du zerikusi handirik, baina taldearen eboluzioan eman beharreko pausoa zen. Entzunaldi bat baino gehiago eskatzen duen lan horietakoa dugu; ez da lehen kolpean sartzen. Baina sartzen zaila denak luzerako irauten omen du.
Zea Mays
Zea Mays musika taldeaIñigo Azkona
Bilboko Irala auzoan duten lokalean dugu hitzordua taldearekin; baina ez argazkilariak, ez bideo kameralariak, ezta kazetari honek ere, ez dugu zonaldea lar ondo ezagutzen eta furgoneta bat dator geure bila Amezolako tren geltokira. Barruan, Aiora Renteria (ahotsa) eta Iñaki Imaz Piti (gitarra). “Hemendik hurbil dago lokala, baina alde hau ondo ezagutzen ez baduzu pixka bat liosoa izan daiteke”, diosku Aiorak.

Lokalean Ruben Gonzalez (baxua) dugu itxaroten. Asier Basabe (bateria) falta da laukotea batera egoteko, baina azkenean ezin izango dela etorri esaten digu Renteriak: “Umetxo bat izan berri du, eta badakizue...”. Argazkiak egiten taldea erlaxatuta dagoela ematen du, pozik. Lan ona egin osteko aldartea nabari zaie hirurei.

Taldearen hamargarren urtemuga dela-eta DVDa sartu duzue Morphinan: irudi zaharrak eta historiko bilakatuko den Kafe Antzokiko kontzertua. Zelan gogoratzen dituzue garai haiek?


Aiora Renteria. Zirrara handiarekin. Oso pozik gaude DVDarekin argi ikusten delako izan dugun eboluzioa. Euskadi Gazteako lehiaketa irabazi genueneko Antzokiko lehen kontzertuan esperientzia gutxi igartzen da, baina emozio handia ere bai gugan eta jendearengan. Urteak pasata, izan dugun hobetzea argi ikusten da, Kafe Antzokiko 2005eko kontzertura arte: soinua askoz hobea da, eta gu taula gainean esanik ez. Oso opari polita iruditzen zaigu Zea Mays gustukoa duen jendearentzat.

Duela hamar urte Itsasoa izan zen gogorren jo zuen kanta, eta hamar urte igarota ere ez da ahanzturan gelditu. Zein uste duzue izan daitekeela Itsasoa berria Morphinan?


A.R. Puff! Adibidez Morphina, edo Circus... Baina abesti oso desberdinak dira. Uste dut Itsasoa asko daudela disko honetan, baina Itsasoarekin zerikusirik ez dutenak. Oso abesti garrantzitsua da guretzat Itsasoa, baina uste dut milaka aldiz gainditu dugula.

Zer harreman duzue Ondarroarekin? Bere omenezko kanta, abestiaren hitzak bertako idazle zendu batenak, esker bereziak ondarroarrei...


A.R. Abestia 2006an idatzi genuen, Ondarroako Udalak eskatuta. Agustin Zubikarai, olerkari zenduaren omenezko ekitaldiak antolatzen ari ziren, eta abestia guri eskatu ziguten. Guk Zubikarairen olerki bati jarri genion musika.

Iñaki Imaz, Piti. Baina hasierako urteetatik dugu Ondarroarekin harremana. Lehen diskoa atera eta gero Ondarroan egin genituen kontzertu onenak, bertakoek kanta guztiak ezagutzen zituzten eta talde handia bagina bezala deitzen gintuzten. Ondarroa izan zen fuerte sartu ginen lehen herria. Hori guztia oso garrantzitsua da talde hasiberri batentzat.

Stoner soinuen jarraitzaileak zaretela aitortu duzue askotan: Kyuss, QOTSA, Sharon Stoner... baina disko honetan aurrekoetan baino nabariagoa dela esango nuke.


A.R. Ez dugu nahita bilatu, baina beti entzun izan dugun musika denez, badirudi asimilatuta dugula.

I.I. Stoner talde asko daude, baina QOTSArengandik hurbilago gaude. Halere beste talde askoren influentzia ere badugu: Muse, Franz Ferdinand... Gure musika ez da kaña hutsa, giro desberdinak sortzen ditugu.

Gordinagoa iruditzen zait disko hau aurrekoekin alderatuz; zuzenagoa, trikimailu gutxiagorekin.


I.I. Aurreko diskoetan gitarra asko grabatu izan ditut bata bestearen gainetik, soinua biribiltzeko, baina Morphinan hartualdi bakarra grabatu dut gustuko nuen soinuarekin. Eta berdin egin dugu beste instrumentuekin. Diskoa biluzik geratzen da horrela, baina argitasuna irabazten du.

Ruben Gonzalez. Konponketekin berdin egin dugu, behar genituenean baino ez ditugu sartu.
Sortuz, grabitatearen aurkako (Oihuka, 2005) hitzak inoiz baino baikorragoak ziren, kanpora begira idatziak. Morphinan, kanpoan ikusitakoak izututa, berriz ere barrura begira idatzi duzuela ematen du.

A.R. Ez nago ados. Nik uste dut Sortuzeko ildo beretik doazela hitzok. Kanpora begira idatzi dut oraingoan ere, eta jarrera baikorrean gainera. Beste gauza bat da ikusi ditudan basakeriak ezin ditudala aldatu. Morphina kantan adibidez, morfina eskatzen dut, ikusitakoak ikusita, lasaitu eta aurrera egin ahal izateko.

Taldea barru-barrutik ondo ezagutzen duen pertsona da Jose Lastra. 2000. urtetik ari da Zea Maysekin teknikari lanetan: “Heldu egin dira, eta hori abestietan duten erabateko kontrolean nabaritzen da. Lehenengo diskoetan kanta ikaragarriak zeuden, baina beste batzuetan kontrola galtzen zuten. Morphinarekin aurrenekoz ailegatu dira gura izan duten puntura, entzulea hunkitzeko abildadea galdu barik”. Dr. Deseo taldeko tekla-jole Raul Lomas ohiko kolaboratzailea da bilbotarren diskoetan: “Beti daude bide berriak zabaltzen; oso ohikoa ez den sugarra dute. Inbidiagarria da!”.

Zer bilatu duzue disko honekin? Zer lortu nahi izan duzue?


R.G. Nahita ez dugu bilatu baina disko nahiko eklektikoa lortu ei dugu. Hori esaten dute behintzat, abesti oso desberdinak daudelako.

A.R. Abesti berriak gura genituen. Konposatzea, jotzea eta gustukoak izatea. Batak besteari begiratu eta zirraratxo hori berriro sentitzea.

Morphina egin duzuen diskorik lauena iruditzen zait. Alegia, ez dela ez hain gora ezta hain behera iristen ere. Maila zehatzagoan mantentzen dela.


A.R. Gora-beheren kontua Sortuzen galdu genuen, eta orain areagotu egin da. Sekulako tentsioa da kontzertuetan oso maila baxuan denbora luzez mantentzea.

I.I. Horretaz aparte baditugu hamaika abesti infernuan hasi eta zeruraino igotzen direnak. Abesti berriak gura genituen.

R.G. Halere Morphinan badaude gorabeherak, baina progresioa laburragoa da. Hori ezin dugu kendu, horixe baita Zea Maysen ukitua.

I.I
. Emozioekin jolasteko bideak laburtu ditugu, urteekin ikasi dugu hori. Gainera Zea Mays urteekin asko aldatu da. Hasieran, lokalean batzean, argiak amatatu eta inprobisatzen hasten ginen. Denbora arazorik ez eta luzez jotzen genuen ilunpetan. Horrelako kantak lortzen genituen gero. Orain oso desberdina da kontua: ideia batekin sartzen gara lokalean eta arratsalde batean kanta berri bat lor dezakegu; lehenengo urteetan bizpahiru hilabete behar genituen.

Astero ostera hastera disko honetan sartu duzue, baina aurretik ere jo duzue zuzenekoetan inoiz.


A.R. Bai, Hondarretik Ondarroara abestia moduan. 18/98 Auzolanean diskorako konposatu genuen Astero, eta Hondarretik Ondarroako Udalerako. Halere berriro grabatu ditugu biak.

I.I. Pena da abesti batzuk bildumetan sartzea eta gero haien arrastoa galtzea, Saiatzen (Aurtengo gorakada 2, GOR, 1998) abestiarekin gertatu den bezala. Gainera ondo geratzen dira disko barruan.

Ruben, instrumentu bitxiak erabili dituzu berriro: baalama eta kontrabaxua.


R.G. Baalama instrumentu kurdua da, bidaia batean erosia. Eta hor baldin badaukagu erabiltzeko da, gainera oso ondo geratzen da. Kontrabaxua Take me home-en sartu nuen abestiari beste soinu bat emateko, eta ez da txarto geratu.

A.R
. Kasurik ez! Kontrabaxua oso instrumentu gaitza da jotzeko, trasterik ez duelako, eta aste bitan ikasi zuen! Sekulako meritua du!

Ingelesez idatzi duzue lehen aldiz, bi abesti gainera.


A.R. Eta denbora faltagatik ez genituen hiru sartu! Gehienetan euskaraz pentsatzen ditut abestiak, baina lantzean behin ingelesez etortzen zaizkit burura; gai izango banintz ingelesez egingo nituzke asko. Oraingo honetan Holandan bizi den nire ahizpak lagundu dit hitzekin eta bi kanta sartu ahal izan ditugu.

Hamar urte hauetatik zortzi eman dituzue Jose Lastra teknikari lanetan duzuela. Bosgarren taldekidetzat har daiteke?


R.G. Konfiantza handia dugu berarengan, asko inplikatzen da gainera... Ez da teknikari hutsa, ideiak ematen ditu, beste konposatzaile moduko bat da.

P.I. Estudio batean, nahiz eta ekipo oso ona egon, gustura ez bazaude, ez du ezertarako balio. Lastrak oso ondo lan egiteaz gain erlaxatu egiten gaitu, eta hori funtsezkoa da.

Diskoetxez aldatu duzue, Bonbereneara. Zergatik?


A.R. Diskoetxeek egun ez dute dirurik jartzen, eta dirua geuk jarri behar badugu geure erara egingo dugu. Inoiz ikusi dugun jende profesionalena Bonberenean dago. Gurekiko begirunea izan dute gainera, maitatuak sentitu gara. Eta oinarrizkoa ematen duen arren, hori ez da askotan gertatzen.

Asier Basabek izan duen umeagatik martxoan hasiko duzue bira, eta Dr. Deseok ere martxoan hasiko du berea. Hurbileko taldeak zarete, biak batera ikusteko aukerarik izango dugu?


A.R. Dagoeneko hitzartuta ditugun kontzertuetan ez behintzat.

Raul Lomasek, ordea, erdi irekita utzi du atea: “Batera jo? Ba ez dakit... baina ez ninduke harrituko!”.

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude