argia.eus
INPRIMATU
Eltxoen aurka edozerk balio du
  • Eltxoen hozkak, deserosoa izateaz gain hainbat gaixotasun transmititzen ditu, malaria, paludismoa eta dengea besteak beste. Baina eltxo guztiek ez dute hozka egiten; arrautzak jarri behar dituzten emeak dira ugaztunen odoleko proteinen bila joaten direnak.
Joxerra Aizpurua Sarasola 2008ko urtarrilaren 28a
Aedes aegypti
Aedes aegypti espezieko eltxoa
Emeek hozka egin ondoren, eta xurgatutako odola metabolizatzen ari diren bitartean, nitrogenoa askatzen dutela behatu du Arizonako Unibertsitateko ikerlari talde batek; zehatz esanda, Aedes aegypti eltxo espeziean aurkitu dute portaera hori.

Aurkikuntzak bide berri bat zabaldu du eltxoen aurkako borrokan. Odolez lepo dauden emeei nitrogenoa askatzea galaraziz gero, ezin izango lukete odola metabolizatu eta hil egingo lirateke.

Printzipio hori ezarri nahi dute intsektizidetan, nitrogenoa askatzea eragotziko duen molekula garatuz. Molekula hori intsektizida klasikoekin nahastuz eta eltxoak elkartzen diren guneetan barreiatuz, haiek akabatzeko bidea zabalduko litzateke. Gainera, eltxo asko dauden lekuetako biztanleei pilulak eman dakizkieke. Hala, eltxoak infektaturik geratuko lirateke hozka egitean. Ikusten denez, asmatu nahi duten sistemak ez du hozkada jasotzea saihesten, baina eltxo horren azken hozkada izango dela ziurta daiteke.


Bere buruaz beste egiten duen palmondoa

Madagaskarren palmondo erraldoi mota bat topatu dute, bizitzan behin baino loratzen ez dena eta ondoren bere buruaz beste egiten duena. Bost metroko diametroa eta hogei metroko altuera izan ditzakeen espezie horri Tahina spectabilis deitu diote ikerlariek. Loratzea zuhaitzak 50 urtetik gora duenean hasten da. Palmondoaren goiko aldean lore bakarra hazten da hasieran; aste batzuk igaro ondoren goiko adarretan ehunka lore txiki daude. Horietako bakoitza polinizatua izan daiteke, eta ondorioz fruta bihurtu; hori gertatu ondoren, palmondoa berehala hiltzen da.

Madagaskarrek, irla izateagatik, munduko beste lekuetan ez dauden espezie asko ditu. Hain zuzen ere, bertako 10.000 landare espezietatik %90 ez da beste inon topatzen. Besteak beste, 170 palmondo espezie daude uhartean.