Komunikazioaren sei sariak merezitakoentzat

  • Argia Sarien 19. edizioa ospatu zen urtarrilaren 25ean. Ehundik gora lagun bildu ginen gizarte, politika eta kultura alorrekoak. Bilgunea Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxea izan zen, han ederki bazkaldu eta gero izan baitzen sari banaketa.
Argia Sariak 2008
Argia Sariak 2008Sara Santos
Ehundik gora gonbidatuak Txitxardin Beltxa jatetxeko atarian elkartu ginen, aspaldian ikusi gabekoak agurtu eta disimuluan saridunak zein izan zitezkeen kalkulatuz. Zizka-mizken tartea amaituta bazkari goxoaz eta tertulia atseginaz gozatzeko garaia.
Izozkiaren eta pasteltxoen ordua baino lehen Arantza Egañak oharrarazi zigun sari banaketa gertu zela. Aurrez Xabier Letona Argiako zuzendariak hitz batzuk egin zituen. Gatazka politikoa dela-eta azken aldian gertatu diren erasoak izan zituen gogoan: ANVren eta EHAKren ilegalizazio prozesuak, tortura, 18/98 eta Atutxa auziak, eta laster izango den Egunkaria auzia.

Krisi politikoa, eta komunikazioaren sektorean dagoen krisia ere aipatu zuen zuzendariak, batez ere, prentsaren beherakada. Ordaindutako prentsaren lehiakide Internet eta doako prentsa gogora ekarri zituen Letonak. Zurrunbilo horren erdian, sarean bertan, Argiak egin duen ahalegina azpimarratu zuen zuzendariak eta baita 2007an sortutako bi enpresa aurkeztu ere: iametza eta Luditoys.

Zuzendariaren hitzaldia amaituta sariak iritsi ziren erreskadan. Sareko Argia Saria euskarazko Wikipediarentzat izan zen eta saria jaso zuten egun hartara arte elkar ezagutzen ez zuten Unai Fernandez de Betoño, Mikel Iturbe eta Julen Gomezek. Prentsa idatzian sariduna gaur egun Berriako kazetaria den Imanol Murua Uria izan zen; batzuen harridurarako, uste baitzuten dagoeneko Argia Saria jasoa zuela. Publizitate saria Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarentzat izan zen herritarrak euskarazko hedabideak kontsumitzera bultzatzeko egindako iragarkiarengatik. Telebista saria Mihiluze saioak jaso zuen eta halaxe, lantalde ia osoa gerturatu ziren saria hartzera. Irratia saridunak lanean harrapatu genituen. Arratsaldekoa saioko hiru esatariak jatetxe atarian ziren lanean zuzenean. Epelera sartu besterik ez zuten egin behar izan saria jasotzeko. Azken saria, baina ez meritu gutxiagokoa Merezimenduzko saria izan zen. Emilio Lopez Adanek, euskarazko komunikabideetan urte luzez kolaboratu duen ginekologoak, jaso zuen saria.

Diru saririk ez duten sei sari, Anton Mendizabal eskultoreak maitasun handiz urtero prestatzen dituen sariak.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIA Sariak
Irauteko borroka egin dutenentzat

Negozioak eta interesak zapaltzaileen buruetan. Izan herri bat zapaltzeko, hizkuntza bat, kultura bat, memoria edo ingurumena. Dirua, sosa. Egoerarik makurrenetan ere, ordea, usu pizten da erresistentziaren su txikia, interesen gainetik duin bizi nahi duen jendearen mugimendua... [+]


Eguneraketa berriak daude