Google

Erraldoiaren itzalpean bada zer bilatu

  • Google-en azaltzen ez dena ez da existitzen. Bilatzaile azkarrena da, emaitza gehien ematen duena. Diru asko irabazi du horri esker. Baina Errusia eta Txinaren moduko merkatu garrantzitsuetan itzal egiten dioten bilatzaileak azaldu dira, erabiltzaile lokalen beharrei arreta handiagoa eskainiz. Google ote da bilatzaile onena? Ba al du alternatibarik?
Gorka Bereziartua Mitxelena @boligorria
2008ko urtarrilaren 27a
Urteko 7.000 milioi euro inguruko diru sarrerak ditu, 16.000 langile eta Internetera konektatzen den pertsona arruntaren behar ia guztiak asetzeko moduko eskaintza. Enpresaren menuko plater berezien artean, besteak beste, Gmail posta elektroniko zerbitzua dago, blogak sortzeko Blogger plataforma eta 2006an erositako gutizia: YouTube, bideo atarien erregea. Labur esateko, sarean Google-ek darama bandera eta ez dirudi haizea kontra duenik.

Unibertsitateko ikasle zirela jarri zuten abian bilatzailea Larry Pagek eta Sergey Brinek. 1998. urtea zen. “Munduko informazioa antolatzea eta mundu guztiari irisgarri egitea” misio hartuta, hori beste inork baino hobeto egiteko gai zen bilatzailea sortu zuten. Azken hamarkadan Google izan da sarea xerkatzeko tresna eraginkorrena. Erabilerraza eta azkarra da, doan eskaintzen ditu bere zerbitzuak eta jator itxura ematen du –Don't be evil (“Ez izan gaiztoa”) da enpresaren eslogana–.

Iragarle txikiak, sos handiak

Erraldoiak erraldoiekin. Microsoftekin alderatu izan dute sarritan Google, hartu duen bolumena ikusita. Bere garapenak banketxeen industriarekin zerikusi handiagoa duela esatea ere zilegi da ordea. Lehengaia da diferentzia. Finantza erakundeek bezeroen diruarekin egin duten bezala, Google bere erabiltzaileen informazioaren banku bihurtu da.

Baina informazioak ez die ingeniariei jaten ematen. Nola egiten dira diru mendiak Interneteko bilaketekin? Google-ek bitartekari lana egiten du. Zerbaiten bila ari direnen eta zerbait hori eskaintzen dutenen arteko zubia da. Enpresaren diru sarreren gazta puska handiena iragarkiek mamitua da. Milaka enpresak erabiltzen dute Google AdWords egitasmoa euren produktu eta zerbitzuak sareko bilaketetan eskuragarriago izan daitezen. Iragarleak sortzen du publizitate testua, berak aukeratzen ditu salgaia identifikatuko duten gako-hitzak eta ondoren, norbaitek bilatzailean hitz horietakoren bat sartzen badu, emaitzen artean iragarkia azalduko zaio emaitzen lehen postuan, publizitatea dela argi uzten duen kolore berezi batekin nabarmenduta –edo emaitzen alboan bestela–. Iragarleak ez du ordaindu beharko, publizitate horretan egindako klik bakoitzeko baino. Google AdSense programarekin berriz, webguneen jabeek iragarkiekin sos batzuk irabazteko aukera dute. Edukien, kokapen geografikoaren eta antzeko parametroen arabera Google-ek egokien irizten dituen publizitateak hautatzen ditu norberaren webgunerako, eta iragarleak ordaintzen duenaren kopuru bat eskuratzen du webguneak.

Funtzionatzeko era honek Interneteko iragarkien mundua irauli du. Abantaila handiak ditu kontsumitzaile potentzialarengana zuzenean jo nahi duen iragarlearentzat, interesik izango ez duen publikoa alde batera utz dezakeelako. Iragarle txikien giharrek mugiarazten dituzte Google-en hanka bizkorrak. Lasterketan atzetik doazenek bekaizkeriaz begiratzen diote. Toby Coppel Yahoo! enpresako Europako zuzendari nagusiak honela adierazi du berriki: “Kezkagarria da enpresa batek merkatuan hainbesteko boterea izatea”. Europan online publizitatearen zati oso esanguratsua dauka Google-ek. Horri bilaketa motorea eta atarien erosketa gehituz gero, kontinente zaharreko merkatuaren %50 baino gehiago da kontrolatzen du.

Microsoft-en Live Search-ekin batera Yahoo! izan da orain arte Google-en aurkari nagusia bilaketetan. Hirurek antzeko ezaugarriak dituzte, bilatzaile “orokorrak” dira. Eskaintzen duten zerbitzua webguneen bilaketa, eta argazki, bideo eta albisteena da, baita doako e-posta ere. Hiru erregeen mahaian, mundu mailako bilaketen %60 inguru da Google-ena; Yahoo!-k %14 du eta Microsoftek %4. Xakeko jokaldi zailenetakoa da errege batek bestea jatea. Ez dirudi Google aurkari handien beldur denik.

Baina diru bankuekin bezala, informazio bankuok ere ezinbestean bezeroen konfiantza behar dute: erabiltzaileak bilaketa egitean eskaintzen dituen datuen truke emaitzak eskatzen ditu. Eta bueltan jasotzen duenak interes baxua daukanean beste zerbitzu bat aukeratzea erraza da; kontu korrontetik dirua ateratzea baino errazagoa. Beraz, galdera honakoa da: hain bilaketa onak egiten al ditu Google-ek? Hanka sendoak izanda ere, iragarleak erakartzeko beita bilaketa arloan duen nagusitasunean jarri du orain arte; enpresaren sarreren %80 iragarkietatik dator. Google-en buruak sareko norabide berriak bizkor ikasten ez baditu, beharbada oinez jarraitu beharko du korrika beharrean.

Bilaketak Lilliput-en

Gulliver Lilliputen lehorreratu zenean lo geratu zen eta esnatzerako preso hartua zuten irlako bizilagun nanoek. Ehunka bilatzaile txiki ari dira erraldoiak lozorroan utzitako merkatuaren txokoak arakatzen. Zenbait lekutan, behar lokalak asetzeak arrakasta handia izan du (ikusi koadroak). Beste batzuetan, espezializazioaren bidetik etorri da erabiltzaileen erantzuna.

Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi. Adibide bat: lerrook idazterako unean Hollywood-en (AEB) zinemaren Urrezko Globoak banatu berri dituzte ohikoa baino ekitaldi xumeagoan, gidoilariak egiten ari diren greba medio. Greba horren jarraipen kronologikoa egin nahian Google-en “Hollywood” eta “strike” (“greba”) hitzak sartu ditu kazetariak. Hitz horiekin lotura duten ohiko webguneez gain Google-ek gaiaren inguruko albisteak ikusteko aukera eman dio –bilatzaileak gaurkotasuna duen gaia dela ikusi du–. Baina hortik aurrera, lotura bakoitzak egunkari desberdin batera eraman du, albiste bera aurkitu du bizpahiru loturatan... Funtsean, nahi zuena lortu gabe geratu da kazetaria.

Ondoren Technorati blog bilatzailean egin du proba. Hitz berberak sartuta lehenengo sorpresa: Google-eko albisteen atalak baino ia 4.000 emaitza gehiago eman dizkio. Hori artikulu bilaketa baino ez da ordea, gaiaren eguneroko jarraipena egiten ari diren blog sorta ere eskaini baitio, tartean bilatzen ari zenaren antzeko zerbait: Hollywood strike updates bloga –paradoxa, Google-en Blogger plataforman sortua– grebaren inguruko informazio eguneratua eskaintzen ari da. Adibide soila baino gehiago da: posible da Google-ena baino bilaketa hobeak egitea.

Blogetan espezializatuta dago Technorati. Alta, bestelako oinarriekin funtzionatzen duten sektorekako bilatzaileak ere badaude: lanpostuen bilaketan espezializatutakoak (Craiglist), multimedia edukiak bilatzeko bereziki prestatuak (audio artxiboentzako FindSounds edo PodScope, adibidez) ala medikuntzan lan egiten dutenentzako bilatzaileak (Searchmedica). Interesgune konkretuetan oinarritutako bilaketak modu eraginkorragoan egiten dituzten tresnak dira.

Anorexia euskaraz

Frantziako eta Espainiako Google-en interfazeak euskaratuta daude. Halako multinazionalaren aldetik eskertzekoa da atentzioa, baina bilaketak egiten hasi eta lilura bukatu egiten da. Google-ek ez du euskaraz pentsatzen. Merkatua ez da ahalegin hori egiteko bezain handia. Hizkuntza gutxituez ari garelarik, katalana da salbuespen bakarrenetakoa. Estatu-hizkuntza txiki askotan ere bilatzen du –eslovenieraz adibidez, 2 milioi hiztun baino ez dituen arren–, baina euskara errentagarritasun mugaz landa dago enpresa handientzat.

Horregatik sortu zen Elebila. Eleka Ingeniaritzaren proiektuak euskaraz kalitatezko bilaketak egitea ahalbidetu du. Horretarako aritu da lanean Bittor Laskurain. Multinazional handien interesik piztu ez duen eremua da eta proiektu honen atzean merkatu interesa baino, “euskara bultzatzeko berariazko asmoa” dagoela azaldu du.

Euskarak Interneten pisu gutxi zuela ikusi zuten, bilaketetan oso atzera azaltzen zirela emaitzak, batik bat beste hizkuntzetan ere erabiltzen diren hitzak –“Anorexia” edo “Energia” bezalakoak– egonez gero.

Microsoften Live Search bilatzailearen motorea erabiltzen du Elebilak, maila handiko motore propioa sortzeak baliabide handiak eta denbora eskatzen dituelako. “Bide praktikoa hartu dugu, emaitza txukunak lortzea posible egiten duena, kostuak erraldoiak izan gabe”. 2.000 bisita inguru ari da izaten egunero eta 5.000-6.000 orrialde artean zerbitzatzen ditu eguzkia gordetzerako.
Oraindik ez dute bilaketari lotutako publizitate zerbitzurik eskaini, baina asmoa badaukatela azaldu dute. Momentuz iragarki egonkorrak ditu Elebilak, bilaketa emaitzekin loturarik gabekoak. Laskurainek uste du, dena dela, publizitatea saltzea ez dela euren negozioa.

Lokalizaziorako dagoen joera azpimarratu du Elebilako arduradunak etorkizuneko giltzen artean. Inguruko informazioen peskizan sartzen dira erabiltzaile asko sarera. Modako musika taldeak Zeelanda Berrian eskaini behar duen kontzertua ez da bilatzen ari denaren interesekoa. Kontzertu hori alboko herrian bada berriz, sarrerak nola eskuratu ditzakeen jakin nahiko du berehala. Etorkizunean horrelako informazioa emateko gai diren bilatzaileek pisu handiagoa izango dutela dio Laskurainek, informazio orokorraz harago bilaketa mota berriak indarra hartzen joango direla. “Eta gertatuko da merkatuko popeak ere ohartuko direla horretaz, eta beren zerbitzuak alde horretara hedatzen joango dira. Google-ek ez du pisua galduko”.

Nola bilatuko dugu etorkizunean?

Arkaitz Zubiaga informatikariak ere uste du zaila dela Google eta Yahoo! bezalakoen kontra egitea, baina Interneteko bilaketek izango duten garapenari buruzko gako batzuk azaldu ditu, bilaketa inteligentea eta hizkuntzartekoa, besteak beste.

Internetek ez du gizakiok bezala hitz egiten. Ez gaitu ulertzen gure hizkeran. “Newton noiz jaio zen jakin nahi baduzu ‘Isaac Newton’ bilatuko duzu, berari buruzko informazioa dagoen webgune batera joango zara eta han ikusiko duzu noiz jaio zen”. Galderei erantzuten dieten bilatzaileen inguruko ikerketa asko dago eta etorkizunean posible izango da “Noiz jaio zen Newton?” galderari erantzungo dion bilaketa tresnarekin solas egitea. Hizkuntzartekotasuna ere nabarmendu du Zubiagak. Horri esker bilaketa batean euskarazko “auto” hitza idatzita ingelesezko “car”, frantsesezko “voiture” edo gaztelaniazko “coche” hitzak ere emaitzen artean agertzea posible izango da.

Oraindik garbi ez dagoen arren, badirudi aukera hau eskaintzea bere helburuen artean duela Wikipedia entziklopediaren sortzaile Jimmy Wales-ek, aurkeztu berri duen Wikia Search bilatzailearekin. Gainera erabiltzaileek bilaketen emaitzetan parte hartzeko aukera izango dutela jakin ahal izan da. Bilatzaile nagusiek urratu gabe daukaten bidea da hori. Oraindik informazio falta handia dagoela azaldu duen arren, Zubiagak Wikia Searchen kodea irekia izatea azpimarratu du. Eztabaida ere sortu du horrek: kritikoek diote kodea irekia izanda –mundu guztiak emaitzak puntuatzeko erabiltzen den algoritmoa ezagututa, alegia– webguneak ad hoc prestatu daitezkeela puntuazio altua izateko, edukiak bilaketarekin zerikusirik izan gabe ere. Baina parte hartuko duen jendeak hori saihestuko duela uste du Zubiagak.

Edonola ere, Wikia Search ere ez dago uneon Google-ekin konpetentzia egiteko moduan. Aurreneko bilaketen emaitzak ez dira lehiakorrak izan eta sortu duen ikusminaren ondoren, kritika gogorrak etorri dira. “Erabateko hankasartzea” iritzi diote bilatzaileari, teknologia berrietan espezializatutako TechCrunch blogean. Jimmy Walesen erantzuna berehala heldu da: “Bilaketa motorea eraikitzeko proiektua da hau, ez bilaketa motore bat”. Wikipedia merkaturatu zen egunean atariaren goiburuan Entziklopedia askea jartzen zuela gogoratu du Walesek, nahiz eta une hartan ataria edukirik gabe egon.

Estatuak mugitzen hasi dira

Parkeetako estatuak geldi daude, lasai: gaur egungo estatuburu batzuk dira alor honekin interesatzen hasi direnak. Japoniako Gobernuak joan den urteko apirilean abiatu zituen bilatzaile propioa garatzeko ikerketak 84 milioi euroko aurrekontuarekin. Sortaldeko herrialdean sinetsita daude enpresa bakarrak egin dezakeen lana mugatua dela. Gobernuaren helburua konpainiak eta unibertsitateko ikerlariak harremanetan jartzea da. Google-en lehiakide bat sortu baino, Japoniako behar konkretuak aseko dituen bilaketa sistema sortu nahi dute, besteak beste, telefono mugikorretako informazioa eta autoetako nabigazio sistemak integratuko dituena.

Frantziako Gobernuaren planen artean dago 82 milioi euroko inbertsioa egitea Interneteko bilatzaileen ikerketarako. Alemaniako administrazioak ere 110 milioi bideratuko ditu asmo berarekin. Ikusi beharko da joera herrialde gehiagotara zabaltzen den.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-18 | I˝igo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


2019-03-17 | ARGIA
Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Zarautzen, etxegabeen neguetxea irekitzearen aldeko kontzentrazioan

Manifestari bat eta kazetari bat identifikatu dituzte larunbatean, etxegabeen aterpea ireki ez izana salatzeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Udalaren "utzikeria" salatu eta honela adierazi dute igandeko prentsaurrekoan: “Geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da”.


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre ProuvŔze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


2019-03-17
Pierre ProuvŔze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


2019-03-17
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


Lute como Marielle

Martxoaren 14an urtea bete da Marielle Franco Rio de Janeiron tiroz hil zutela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude