"Laster txipa jarriko digute"

  • Bada behe laino bat gutako bakoitzaren barneetan, norbere bazterrak ikusten uzten ez duena. Eta txirrindulariak, heste bidean gora doanean, hortzak elkar urratu beharrean, aldatza etzango den esperantza bakarra ere galduta, ez du lanbro urratuarekin gailurrik egin nahi. Bere bazterren atzetik dabil, ezinezko mugarrien bila.
Amets Txurruka
Amets Txurruka txirrindularia

Bizikletari “machine a rêves” deitu izan diote Frantzian, amets egiteko makina, errealitatetik eskapatzen laguntzen duelako, norbere baitara biltzen. Bizikletak hegoak omen ditu.


Hala da. Niri errealitatetik ihes egiten laguntzen dit, eta entrenatzen noanean neure gauzak pentsatzeko bidea ematen dit. Tourretik itzuli nintzenean, pare bat egunean bizikleta ukitu gabe egon nintzen, denak hoska, denak inguruan, itota sentitzen nintzen, eta mundu hartatik askatzeko bizikleta hartu nuen, arnasa eman zidan, eta asko disfrutatu nuen. Handia dirudi hala esanda, baina bizikletak askatasuna ematen dit.

Joseba Beloki haurra zela, festetan, tonbolara joan zen amarekin. Eta tonbolan, zer eroriko, eta bizikleta tokatu zitzaion. Bere lehen bizikleta.


Niri tonbolan gauza gutxi tokatu zaizkit, ez dudalako jokatzeko ohiturarik, ez tonbolan eta ez loterian. Baina bizikleta utzi egin zidan Markinako bizikleta eskolak. Iruzubietako mutil batek ba omen zuen zahar bat, eta txirrindulari eskolak hartu zuen, konpondu, eta niri utzi. GAC zahar bat zen, plato bakarra eta hiru pinoi, berdea, eta helduleku arrosa. Gustura ibili nintzen harekin. Aurretik beste bizikleta txikitxo bat ere izan nuen, eta harekin ogiaren bila, esnetara eta enkarguak egitera bidaltzen ninduen amak, otzara bat aurrean jarrita, eta gustura ni harekin Etxebarritik Markinara.

Alejandro Valverderen aita Juan kamioilaria da. Alejandrok kamioiak kargatzen omen zituen aitarekin mutikotan, edo karretilla hartuta ibiltzen zen lanean. Eta orduan ulertu zuen kamioilaria ez izatekotan, ziklista izan behar zuela.


Normalean txirrindularia etxe zailetik ateratzen da, bizitza aurrera ateratzen kostatako etxetik. Badira etxe onekoak ere, George Hincapie adibidez, oso familia aberatsekoa dela entzuna nago, eta txirrindulari ona atera da, baina gehiago dira alderantzizko kasuak. Kirola bera ere sakrifizio asko eskatzen duena da eta oso garbi behar duzu hori egin nahi duzula. Gauza asko alde batera laga behar dira zerbait lortzekotan, eta hori errazago egiten da benetan txikitatik ikusi duzunean gauza bakoitza zenbat kosta den, eta zure amak zenbat sufritu duen bizitza aurrera ateratzeko, dena ez dela jiji jaja eta hain erraza. Hori badakizunean sufritzeko gaitasun gehiago izaten duzula uste dut, eta horrek bizikletan asko esan nahi du.

Zenbat kostatako etxea zen zuena?


Gu errentan bizi ginen Etxebarrin, eta ez gara inoiz ibili diruz sobratuta. Aita eta ama, hemen jendeak dirua egin zuen urteetan, bata Venezuelan eta bestea Ekuadorren ibili ziren misioetan jendea laguntzen, eta hona ezer gabe itzuli ziren, ez etxe eta ez diru. Beti bizi izan gara lau neba-arreba errentan, nahiko justu dena, eta zegoena bata bestearekin konpartitzen genuen, bata besteari pasa, eta baloratu egiten zen zegoena. Agian ez genituen lagun batzuk zituzten gauzak edukiko, baina hiru neba-arrebaz olgetan egotea egun guztian beste askok ez zuten edukiko, eta guk bai. Edo etxe alboan ortutxoa, eta han tomateak landatu, eta neba-arreba artean ibiltzen ginen jolasean “nire tomateak zureak baino gehiago eman du” eta holako kontuetan. Betidanik eduki dugu kultura hori eta nik uste gerora mesede handia egin didala. Gainera gure etxea txikitxoa zen, baina ni gustura bizi nintzen. Gero jabeak erreforma batzuk egin nahi zituela, bere bilobei utzi nahi ziela, eta utzi egin behar izan genuen. Markinara aldatu ginen aititarena zen pisu batera.

Soldaduskara joateko altuera jakin bat behar izaten zen garai batean. Gizon bati pare bat zentimetro sobratzen omen zitzaizkion, eta jakina, nola edo hala soldaduskatik libratu nahi. Altuera neurtu behar zen egunean Santanderreraino joan eta etorri egin omen zen bizikletan, eta abaildurak behera ekarrita, zentimetro parea galdu eta neurria eman gabe etxean gelditu omen zen.


Nik Santanderrera makina bat joan-etorri egingo nuen honezkero denak kontatuta! Baina ez dut uste horrek altuera behera ekarriko zidanik, beti izan naiz ni txikia. Baina egia da nik daukadan gorputza bizikletak egindakoa dela. Lehen txikia eta potoloa nintzen, bola bat, eta bizikletan ibiltzearen ondorioz, argaldu eta argaldu, eta hala gelditu naiz. Pentsa, kadeteetan, hamalau-hamabost urterekin, denboraldian eduki nuen pisurik baxuena ere orain daukadana baino bost bat kilo gehiago izan zen. “Joder, bai argal amaitu dudala” pentsatzen nuen orduan, eta hamar urte beranduago bost kilo gutxiago ditut.

1903an sortu zen Frantziako Tourra, Henry Desgrangesek sortu zuen, bere L’Auto egunkariari publizitatea egin eta ale gehiago saltzeko. Gauzak ez dira asko aldatu.


Guk ere, nahi edo ez, telefono batzuk gehiago saltzearren pedaleatzen dugu. Saltzen duguna ez da karrera bat irabaztea, edo ez dakit zer, guk gure irudia saltzen dugu, eta zenbat eta gehiago agertu gure elastikoa, konpainiaren izena gehiago ikusten dute, eta enpresak gehiago saltzen du. Niri makina bat bider gertatu zait, zer den jakin ere egin gabe, produktu bat erostera joan, kafe makina bat adibidez, eta Saeco Delonghi, horiek ezagutzea. Zergatik ezagutzen ditut? Txirrindulari taldeak izan direlako. Azkenean guk saltzen duguna hori da, gure itxura eta maillotean daramagun izena.

Marcel Queheille Zalgizeko grimpeurak etapa irabazi zuen 1959ko Tourrean, Baionan. Baina pelotoian ez zen hain maitatua, goizero eskapatu egiten zelako, eta beste txirrindulariek mania hartu zioten, ez zion uzten tropelari lasai joaten.


Hori sarri gertatzen da, nik ere eskapatuta ibilitakoan “apestoso” eta halakoak entzun izan ditut erdi brometan. Eta aurtengo Tourrean, gogoratzen naiz, etapa batean beste txirrindulari batek hurbildu eta nola esan zidan: “Baina zer egin dizugu guk txarrik hemen gurekin joan nahi ez izateko?” Kar, kar, kar. Tira, bromak utzita, hori nik uste bakoitzaren nortasunaren araberakoa dela. Indarra daukadan momentuan ahalegina behintzat beti egiten dut aurrera joateko, eta ez da inorekin gaizki konpontzen naizelako, nik uste kirolari orok behar duela anbizio pixka bat, daukanarekin konforme gelditu ordez beti ahalegindu behar du gehiagoren bila. Badira txirrindulariak “hemen ondo banoa zertarako ahaleginduko naiz aurrera joaten?” esango dutenak, eta nik pentsaera hori aldatu egingo nuke. Neurea behintzat ahal denean proba egitea da. Batzuetan damutu izan naiz, eta pentsatu: “Nora nindoan ni aurrera kristoren marka egitera, gero harrapatu eta eurekin ere ezin dut eta joan!” Daukazun apurra ere galdu, alegia. Baina arriskatu beti egin behar da, ondo irteten denean ondo, eta bestetan gaizki baina aurrera.

Merckxek dena lehiatzen zuen. Etapa batean sindikalista batzuek aprobetxatu zuten lasterketaren pasaera beren protestarako, eta Merckxek haien pankarta ikusi bidean aldez alde eta esprintari ekin zion. Lehena pasa zen han.


Ni lehiakorra banaiz, baina ez den-dena nahi duena. Ahalegintzen naiz neure maximoa ematen eta neuretzako onena dena topatzen, baina ez den-dena hartzen, eta askotan utzi dut disputatu gabe mendi bat, edo tarteko helmuga bat. Tourrean lehiakorrenaren saria eman zidaten, baina nik uste lehiakorra baino gehiago saiatua naizela. Aukera baldin badago, jakina, denoi egiten digu ilusioa dena delakoa irabazteak, eta ez dut besterik gabe utziko, baina askotan uzten diezu beste txirrindulariei ere, berak mesede egin zizulako lehenago, edo auskalo zergatik.

Bahamontes igotzaile handia zen, baina jaisten beldurrak akabatzen joaten zen. Orduan mendia igo eta besteen zain egoten zen melokotoiak janez, besteekin batera jaisteko.


Ni ere asko beldurtzen nau jaitsierak. Istripu hura eta gero ez naiz lehen bezain azkar jaisten, eta urteen poderioz edo ez dakit zahartu egin naizen edo zer demontre, baina gero eta errespetu gehiago diot arriskuari. Baina jaistearena bada bestalde nola igotzen zarenaren araberakoa ere. Oroitzen naiz kadetetan eta jubeniletan, potoloa nintzen eta gorantz ezin izaten nuenez segitu beherantz errekuperatzen nuen. “Hil edo bizi hauek harrapatu egin behar ditut zelan edo halan” pentsatzen nuen, esprintean ere azkarragoa nintzen eta banekien haiekin heltzen banintzen aukerak izango nituela. Beraz, igotzen galtzen nuen guztia jaistean errekuperatzen nuen, eta orain igo nahiko ondo egiten naizenez jaitsierak beldur gehiago ematen dit, edo agian pentsatzen dut, “tira, irabazi, ez dut irabaziko, baina ez noa hemen osasuna galtzera”; bizitza arriskuan ere askotan ikusi baitut eta horrek zer pentsatua ematen du.

Pedro Horrillok etapa baten amaieran poema bat idatzi zion Chava Jimenez zenari. Tropelean egongo da makina bat istorio txiki.


Bai badaude. Adibidez, Marzio Bruseghinek ardoa egin du aurten. Bera beti baserri zalea izan da, animaliak eta landareak gustuko ditu, hala mahatsa landatu zuen eta aurten ardoa atera du. Eta Amets izena jarri dio. Bai, Amets. Eskatu nion kaxa bat, eta esan zidan aurten botilan sartzekoa zela eta bidaliko zidala.

1924an Pelissier anaiak faborito garbiak ziren Tourrean. Baina goiz batean etapan ez abiatzea erabaki zuten, Henry Pelissieri, bietan onenari, ez ziotelako utzi bi elastikorekin abiatzen. Birekin abiatzen baldin bazen helmugara ere hala iritsi behar zuela, bidean ezin zuela bat bota, esaten zuen araudiak, nahiz eta bero handia egin. Kexu, “ez gara txakurrak” esan zion zuzendariari, eta ostatura alde egin zuen. Rasmussenekin oroitu naiz, bi elastiko zeramatzan goizean, bat horia eta bat mendikoa, baina ez zioten utzi abiatzen.


Nik egun hartako oroitzapen txarra dut. Bezperatik Rabobankekoen hotel berean geunden, eta ez nekien nik han zer gertatzen zen baina poliziak ikusten ziren etengabe hara eta hona. Bazirudien nik ez dakit zein delitu egin zuela bat edo batek, hilketaren bat gertatu zela. Poliziak beti sartu-irtenean. Eta azkenean zer egin du ba mutil horrek? Oraindik ere frogatu den gauza bakarra da berak zioen lekuan egon ordez beste leku batean egon zela. Horregatik inor hola tratatzea lotsagarria begitantzen zait. Eta hurrengo eguneko irteeran frantziarrek zein tratu eman zioten ere benetan tristea izan zen. Azken batean Rasmussen pertsona bat da, eta holako tratua ez zaio inori eman behar, ez gauzak zuzen egin dituenari, ez gauzak oker egin dituenari. Hola ezin dira erabili pertsonak, gu ere ez gara txakurrak.

Marco Pantanik, hil aurretik, bera zegoen hoteleko liburuxkan bederatzi orri utzi zituen idatziak. Eta tartean bi esaldi: “Inor ez da ni ulertzera iritsi, ezta nire familia ere. Bakarrik gelditu naiz”. Mayoz oroitu naiz, eta beste hainbestez…


Asko, jende ezagun asko. Fama hori daukatenean hainbeste lagun, denak gertuan, eta gero zenbat bakardade momentu. Eta momentu txarretan lehen zure inguruan zeuden denak ez dira gerturatzen. Beti-betiko jendea bakarrik gelditzen da, benetan maite zaituztenak, eta hori baloratu behar da, eta horiek mantendu, azken batean horiei esker zara zu. Bizikletan ibiltzeak sufritzen erakusten dizu, eta independenteago izaten, zeure arazoak zeuk bakarrik aurrera ateratzen, eta bakardadeari beldur hori galtzen, baina beti daude momentu latz batzuk norbaiten beharrean aurkitzen zarenak. Eta pentsa jende hau, punta-puntan egon den jendea, azkenean Zaramaren kantuak esaten zuena, zenbat eta gorago igo gero kolpea ere handiagoa da. Beraz nahiz eta jendeak altxatzen zaituen horra, eta arrakastaren erdian zauden, hankak lurrean eduki behar dituzu, bestela erori egingo zara, eta momentu txarrak are gogorragoak izango dira. Badakit Mayoren kasuan berekin entrenatzen zuen jendea ahalegina egiten ari dela laguntzen, baina gogorra izan behar du oso.

Banpiroek esnatzen zaituzte, kazetariak gaizki esaka ari dira, eta zuk ere hoteleko liburuxka bat baino ez duzu idazteko.


Askotan pentsatu izan dut nik ere: “Ni zein mundutan nago sartua? Zer egiten dut nik hemen? Ez naute ulertzen. Eta zer ari zarete esaten? Ni egiten ari naizen ahalegin dena eta sakrifizio guztia, eta gero hau? Hauek denek justu alderantzizkoa ulertzen dute, ez da justua, zer egiten dut nik hemen?”. Baina azkenean hauxe da gustatzen zaidana eta momentu batzuetan pentsamendu latz horiek buruan ibiliagatik biharamunean egun ederra ateratzen du eta gozatu egiten dut bizikletan.

Georges Perec idazle frantsesak gurpil bat irudikatu zuen, eta pentsatu zuen gurpilak mugimenduaren pentsamendu obsesiboa sortzen duela, kontzientzia bikoitza: zirkuluaren kontzientzia, eta translazioaren kontzientzia. Zirkuluarena da norbere baitara biltzea, introspekzioa, eta translazioarena, progresioa, amesgaizto zurrunbilotsuetatik alde egiteko modua. Txirrindularitza, zirkulua edo translazioa.


Momentu honetan aurrera gutxi egiten duela esango nizuke, betiko sistema horretan bueltaka gabiltza eta ikusten dugu ahultzen doala, babesleak alde egiten ari dira, eta ez dakit nondik, baina irtenbideren bat topatu beharko litzateke denen aldetik, denok dakigu bide honetatik ez goazela inora. Pentsa, oraingo araudi berriarekin, nik UCIri hurrengo hiru hilabeteetako plangintza zehatza bidali behar diot. Zehaztu behar dut hiru hilabetean egunero non egongo naizen, eta berak etortzen badira nik esandako lekura nik ordubeteren barruan han azaldu behar dut. Hemendik hiru hilabetera halako egunetan etxean egongo naizela esaten badut eta etxera etortzen badira eta ni ez baldin banago, telefonoz hots egingo didate, eta erantzuten ez badut, edo erantzun arren ordubetera iristen ez banaiz, abisu bat jasoko dut. Hirugarren abisua dopin positibo baten moduan kontatuko didate, eta nik ez daukat dopinarekin zerikusirik baina nire kirol bizitza hor amaituko da. Beraz, hiru hilabeteko plangintza zehatza emateaz gain, telefono mugikorra ere beti aldean eduki behar dugu, eta beti piztuta, eta beti erantzuteko moduan. Ezin gara UCIri abisatu gabe mendira joan, edo zinemara, edo amarenera joan eta mugikorra bateriarik gabe gelditu. Nik hori kartzela batean egotea bestekoa ikusten dut, eta martxa honetan laster txipa ipiniko digute.

Eta txirrindulariek grebak egiten zituzten garai batean, edo idatziak atera, 1949ko hura bezala, kazetariak frantziarren eta italiarren aurka ari zirenean: “… Gu denak elkartasunak biltzen gaitu, txirrindulari guztiak solidarioak gara, sailkapenak edo izaerak inor bereizi gabe, denak lehia honetan elkarren lagun Parisera iritsi nahi dugu”.


Adibide polita da, orain oso elkartasun gutxi dago txirrindularien artean, eta horixe da txirrindularitzak daukan akatsik handiena nire ustez. Bakoitzak bere interesei begiratzen die, eta esaten du, “ni ez nago horrekin ados, baina nik neure burua salbatzen badut allá kuidaos!”. Eta lehengo akatsen ordaina ere bada, “batzekoak ginen, eta beti egon zen bat, edo herrialde bat, berea egin eta besteak errespetatu ez zituena, beraz nik zergatik egingo dut orain alderantzizkoa?”. Lehengo akatsen ondorioz are akats gehiago egiten ari gara. Baina tira, txirrindularitzan bakarrik ez, bizitzan ere beti egon dira eskirolak, eta beti egongo da norbait greba hasten denean, “joder, nik familia daukat, aurrera atera behar dut, eta joan egin behar dut lanera” esango duena, bizitza holakoa da. Eta txirrindularitza ez da bizitzaren ispilua baino.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude