"Gustatuko litzaidake Nafarroan egin den gogoeta egitea EAEn"

  • Gatazkaz ari da Aingeru Epaltza Bezperaren bezpera (Pamiela, 2007) liburuan. Balizko amaiera garaian idazten hasitako saiakera lanak joan deneko hogeita hamar urtean gurean, Nafarroan batik bat, egin eta deseginak bildu dizkigu. Idazleak begi kritikoz aztertu du abertzaletasunak Nafarroan baliatu duen jokamoldea. Gogora ekarri ditu indar korrelazioak, atentatuak, batzuen eta besteen hitz eta jarrerak. Lazgarria da egoeraren gaineko Epaltzaren ikuspegia. Hurrengo mugimendua ongi pentsatuta egiteko modukoa. Are kasu handiago emanez Nafarroan.
Aingeru Epaltza
Aingeru Epaltza idazleaJosu Santesteban

Hona Epaltza eleberrigilea gogoeta lanean…


Aspaldi ari nintzen gogoetan gure dena delako honetaz. Nobelagilea baino lehenago kazetaria naiz, eta zutabegintza dut kazetaritza aktibotik geratzen zaidan bakarra. Iritzi emaile naiz aspaldi, eta baten batek esan izan zidan zutabe bilduma egin beharko nukeela. Pentsatu ere egin nuen, baina laster baztertu nuen ideia. Nik zutabeak beti halako albiste bati tiraka abiatzen ditut, eta testuinguru hori gabe ez dira aise konprenitzen. Neroni ere gertatua zait garai bateko zutabea irakurtzea eta neure buruari galdetzea zerk abiarazi zuen testu hori. Hortaz, liburua berritik idaztea erabaki nuen. Nafarroak azken hiru hamarkadetan egin duen ibilbide politiko eta sozialaz ari naiz liburuan. Niretako ariketa ere izan da bertzelako genero batean aritzea.

Fikziotik errealitatera jauzi.


Hemen idatzi ditudan kontuak ez daude nire literatur lanetan agertzen direnetatik hain aparte. Funtsean, obsesio berak dira. Bezperaren bezpera honetan ageri diren kezkak Ur uherrak nobelan ageri ziren duela hamasei-hamazazpi urte. Kezka berberak. Pentsatu ere egin dut, nobela hura berriz idatzi beharko banu zein gauza guti aldatuko nukeen. Baliabide estilistikoren bat edo bertze, Euskaltzaindiaren arau berriak… baina, funtsean, gauza bera! Fikzio lanetan metaforak baliatu ditut egoera eta kezka batzuk adierazteko, baina halako une batean nekatu naiz eta erran diot neure buruari: “Aski duk metaforaz, mintza nadin argi eta garbi!”.

Bezperaren bezpera dugu liburuaren izenburua. Diozunez, zure baitan “batailaren ondoko paisaia” behar zuen tituluak, borroka armatua eten ondoko egoera gogoan.


Su-eten garaian idazten hasi nintzen liburua. Inoiz ez naiz gure egoeraz arrunt baikorra izan, eszeptikoa baizik. Baina oraingoan bai pentsatu nuela azkena zela eta horrekin tenorea genuela batailaren ondoko paisaia marrazteko, bataila baten ondoan gelditzen diren gauza guztiekin: gauza deseginak, gurdi hautsiak, jende hila… Horixe kontatu nahi nuen, zein diren bataila horretan hautsi eta hil zaizkigun pertsonak eta gauzak. Batailak, ordea, segida du.

Bataila horren amaieraren bezperan gaude, zuk diozunez betiere. Edo, ezta bezperan ere, “bezperaren bezpera”-n baizik. Ezkorkeria.


Hala diote batzuek, “liburu ezkorra da”. Ezetz erraten diet nik: “Begira, izenburuari berari dario baikortasuna!”. Bezperaren bezperan gaude. Uste dut herri honetan –eta herri hitzak ere beldur ematen dit, adiera geografikotik aparte ez baitakit noraino osatzen dugun halako izena merezi duen kolektibotasunik hemen– bortizkeria, borroka armatua edo dena delakoa, azken hogeita hamar urte honetan euskaltzaletasuna gehien trabatu eta baldintzapetu duen fenomenoa izan dela. Horrekin batera, amaiera hurbil duela uste dut, azken hatsa ematen ari dela. Hala ere, gatazken amaierak aski luzeak izaten ahal dira, odoltsuak eta bortitzak. Halakoa izan liteke kasu honetan ere. Baina amaiera gertu dago. Gertutasunaren neurririk ez dut, ordea, eta hortik “bezperaren bezpera”.

Liburuan egiten duzun galdera: “Noiz arte Mendebalde aberatseko zokorik aberatsenean delako aberriaren alde tiroka segitu behar triste eta antzu horrek?”.


Gure Mendebaldean kasu bakarra da hemengoa. Herri aberatsa gara, baita Mendebaldeko bertze herri batzuen aldean ere, eta harro aldarrikatzen dugu. Eta hala ere tiroka! Arrunt fenomeno atipikoa da. Horrelako mugimenduak gertatu izan dira, bai, gurean ez ezik, bertzean ere. Baina iraupen gutiko txinpartak izan dira. Irlanda gurekin parekatzen dute, han arazo politikoa ez ezik arazo soziala ere bazegoela ahantzita. Belfasten eta Derryn ibili egin behar zen, ikusteko non bizi ziren katolikoak eta non protestanteak, ohartzeko zer bizi-maila zuten batzuek eta bertzeek. Kataluniako Terra Lliurek une jakin batean sortu baina bideragarritasunik ez zuelakotz –eta, segur aski, sen onak agindurik–, armen bidea bertan behera utzi zuen. Hemen, berriz, honelako esplikazioak ematen dizkigute: “Noainen duela 500 urte halako gertatu zenez… Duela 150 urte karlisten gerra galdu genuenez… 36an galdu genuenez… dabiltza lagun horiek tiroka”. Dedio, Kataluniak bere derrota historikoen zerrenda luzeagoa eta fundamentu handiagokoa aurkez lezake, baina han inor ez da inor hiltzen ari Kataluniaren izenean. Hemen, berriz, ematen du ezinbertzekotasun historikoa dagoela. Halako gertakariek ez zezaketela bertze ondoriorik ekar, hori baizik.

Ezinbestean.


Ni ezinbertzekotasun historiko horren kontra borrokatzen naiz. Hori ez da horrela. Teoria ustela da, hori defendatzen dutenak, jakinaren gainean, edota oharkabean, beren burua zuritzen ari dira, edo bertze batzuen erabakiak. Patuak ez du erabaki ETA sortzea, pertsona jakin batzuek baizik. ETAren segida ez da halabeharrez gertatu, une jakin batzuetan pertsona jakin batzuek –edo ezjakinek– erabakia hartu dutelako baizik. Gurea kasu atipikoa da, eta logika guztiaren kontra doana. Hemen, azken batez, hondar frankista bat dago gure baitan, gure gizartean itsatsita gelditua. Fenomeno antzua da, fruiturik ematen ez duelako, eta traba egiten duelako. Eta, hala ere, gure gizartean badago multzo bat horren segidaren aldeko apustua egiten duena. Zergatik? Sufritu egin duelako, sufritzen ari delako eta, nolabait, bere sufrimenduaren alferrikakotasuna ezin onartu duelako. Neurri batean, kanpotik begiratuta, konprenitzen ahal da ezin onartze hori. Logika kristaua ere hor da: “Zenbat eta gehiago sufritu, orduan eta handiagoa izanen da saria”. Hainbat milaka jenderen barnean –ez baitira guti–, sufrimendu horrek ez duela deusetarako balio izan erratea, edo are gehiago, hainbat asmok ez duela armen jardueragatik aurrera egin… oso gogorra da aitortzea. Kontu triste hau bukatzeko oztopo nagusia hori da nik uste.

Pistola hartu ez duen askok bultzatu, lagundu, sustengatu dugu, era batera edo bestera, ETAren jarduna. Noizdanik da, zure baitan, “tristea eta antzua” tiroka segitu beharrak?


Nik uste goiz konturatu nintzela. Alde batetik, aita nuen. Oso kristaua zen, gerra bizi izan zuen, hemengoa eta Mundu Gerla, lagunak hil zitzaizkion bertan, eta ikusi zituen hiltzen… Inori bizia kentzea, haren kaskoan inondik ere sartzen ez zen gauza zen. Berak ikusarazi zigun hori ez zela modua. Hasieran kostatu zitzaigun jabetzea… Gauza bat da etika, baina horrelako fenomenoen aurrean etikak, moralak, ez du beti balio. Etika aise lurpera daiteke, erranez: “Bai, baina bertze horiek makurragoak dira”. Hainbat urtetan horixe izan dugu sentimendua: “Hauek ez dira onak, baina ikusi haiek nolakoak diren!”. Bertzalde, gazte eta gizonezko zarenean bada halako miresmena ere bai: “Astapotro hutsak dira… baina a zer potroak!”. Gutika-gutika barneratzen duzu bertzelako sentimendua: “Horrela ez goaz inora!”. Nafarroan bederen, 80ko hamarkadaren hasierako, datu aski genituen mahai gainean horrek guztiak kalte baizik ez zigula egiten jabetzeko.

Joan deneko hogeita bost, hogeita hamar urteko politikaren bideak liburuan aztertu, gogoeta egin, eta egiten duzun salaketa askoren artean, bat, nirekiko inportanteena: zein gaizki egin ditugun gauzak abertzaleok, izan eskuin, izan ezker… Eta okerrago Nafarroan.


Nafarroan gauzak arrunt gaizki egin dira. Baina horretaz erremediorik ez dagoenean ohartu gara, dena gertatu eta gero. Bertzalde, eta justuak izatera, hagitz kontu zaila zen. Gauza batzuek ezinezko egin dute berez ikaragarri zaila zena. Borroka armaturik gabe ere eta alderdi abertzaleek zuzenago jokatu balute ere, zaila gertatuko zen, adibidez, Hegoaldeko batasuna bideratzea. Herri historia zale gara eta mendeak eta mendeak egiten ditugu atzera begira, baina hobe genuen Errepublika garaiaz gogoeta egin bagenu. 1931n ere Nafarroan porrot egin zuen lau probintzien estatutuaren aldeko proiektu politikoak. Bai, “traizioak” eta maniobra politikoak gertatu ziren, hainbertzetan errepikatzen dugun bezala, baina funtsean garai hartan garbi gelditu zen zein guti barneratua zen halako proiektu baten premia edo komenigarritasuna nafar gehienen baitan. Nafar gizartea artean ez zegoen prest horretarako. 76-77an, berriz, garaia halakoxe beroa zelako edo, uste izan genuen horretarako oinarriak ezarrita zeudela, ez zeudenean! Eta ondoko urteetan, oinarririk gabeko etxe hura eraikitzen saiatu ginen… Gero, gainera, biolentzia politikoak gizarte sektore zenbaitetara ailegatzeko euskarririk gabe utzi gaitu.

Diozunez, oker aritu ginen, eta oker ari gara oraindik ere, Ibarretxe plana edo zuk “fronte abertzale monzonianoa” diozuna, tarteko…


Nafarra naizen aldetik, ez zait Ibarretxe Plana sobera interesatzen. Nafarrok ez gara barku horretan joanen. Elkarrengandik urrun gaudenok, nafarrak eta mendebaldarrak, are eta urrunago jarriko gaituen atakara ailegatuko gara bide horri eutsiz gero. Zuek…

“Mendebaldarrok”…


Bai, “mendebaldarrak”, nafar askoren begietan kanpotar zarete. Ibarretxeren asmoa gauzatuz gero eta erran gabe doa hor barna dabiltzan haize autodeterministek aitzina eginez gero, kanpotar ez ezik, atzerritar bilaka zaitezkete. Ez dakit horretaz ohartzen zareten. Gainera, momentu honetan, abertzaleok zuloan sartuta gaude Nafarroan. Badira zulo horretatik ateratzeko saioak eta, saio horien arabera, zulo horretatik ateratzeko nolabait moldatu beharko dugula Nafarroan espainol, nafar eta, beharbada, euskaldun sentitzen direnekin. Matematikak erakusten digu Nafarroan gehiengoa espainol eta nafar sentitzen dela. Zerbait egitekotan, jende horrekin eginen dugu: jende hori erakarriko dugulakoz edo jende horrekin tratua eginen dugulakoz. Baina hori ez dugu autodeterminazioaren bandera inarrosiz lortuko. EAEn bala-bala dabiltzan jarrera eta proiektu batzuek kalte baizik ez digute egiten, gure sinesgarritasuna kolokan jartzen dutelakoz. Nafarroan entzuten ari gara jadanik: “Ez etorri niri Nafarroa guztien artean egin behar dela erranka, hemen gutxiengo zaretelako, gero EAEn, gehiengo zareten tokian, abertzaleek nahi dutena baizik ez dela egin behar erraten ari zaretenean!”. Alderdi berak hemen gauza bat eta Endarlatsatik harata bertze bat defenditzea aski izanen da Nafarroan gure kontra egin dezaten.

Non dira, anabasa honetan, Iparraldeko “anai-arrebak”?


Haiek ere beren bidea egin beharko dute. Egituratze politiko-instituzionalaren aldetik, oraindik ez dute departamendurik, ez euskararen ofizialtasunik, ez bertzerik. Ez dakit Frantziako Gobernuak zer eginbide izanen duen. Zaila zait asmatzea. Gauzak bide onetik baldin badoaz, Frantziako Gobernuak deszentralizazioaren bidetik jo beharko luke. Baina, oraingoz, horrelakorik ez da. Azken batez, honek guztiak gauza bat uzten du garbi: Euskal Herriaren proiektu politiko-instituzionala gaur egun ez dela bideragarri.

Zertan ez landu Euskal Herriaren kultur proiektua?


Kontua da zenbait jende garai bateko proiektu politikoari eutsi ez ezik, hari bizi berria eman nahian ari dela. Proiektu politiko hori hila da gaur egun, baina bizirik balego bezala jokatzen ari dira, antzezten, azken batez. Baina haiek ere badakite proiektu politiko hori hila dela. Hura bizirik dagoelako itxura egiteak kalte baizik ez dio egiten Euskal Herri kulturalaren proiektuari.

Proiektu hila, diozu. Ez dugu asmatu. Zure ustez, gurean, Del Burgo izan da bere proiektua gauzatzen asmatu duen politikari bakarra.


Hala da. Del Burgok zera izan du alde: Estatua. Estatuak ere proiektu horren alde egin du. Hemengo klase politikoaren nahia Estatuko klase politikoarena izan da. Hala ere, ez dezagun ahantzi nafar gehienen borondatea ere horixe izan dela. Amejoramenduaz sarri erraten dugu: “Ez genuen bozkatu!”. Alabaina, denok dakigu bozketa hori galdua genuela, eta dugula gaur egun ere. Zergatik ez zuten egin, orduan? Bazegoelako nabarmentzeko moduko gutxiengo bat, kontra. Horrek legeari legitimazio pixka bat kenduko ziola iritzi zioten eta ez zuten arriskatu nahi izan.

Diario de Navarraren lan eta eginahala ere baitezpadakoa izan da, eta da oraindik.


Diario de Navarraren eta abertzaletasunaren arteko harremana Nafarroan gertatu zaigunaren isla da, nolabait. Egunkari horrek abertzaletasunarekiko izan duen kontrakotasuna beti mantenduko zuen, baina egunkariko zuzendari zen Urangaren kontrako atentatua gertatu izan ez balitz, Diario de Navarran argitaratu eta irakurri ditugun zenbait idazlan, eta hartu dituen zenbait jarrera, ez ziren hain ikaragarriak izanen. ETAk martiri bilakatu zuen Uranga eta hori larrutik ordaindu dugu.

Irudi luke gure barrutiari begira igaro dugula aldia, ez dugula ikusi zertan zen Diario de Navarrak elikatzen duen mundua…


Uste genuen egoera batean ginela, ordurako haren arrastorik ez zegoenean. Nafarroa ikaragarri aldatu da joan deneko hogeita hamar urtean. Ohartu orduko, besteek egina zuten berea. Gu, bitartean, hamar urte lehenagoko diskurtso eta jarrerekin ginen. Egin diren diskurtsoek gure ghettizazioa bultzatu dute; ghettizazio hori ez da izan fisikoa bakarrik, hori baino gehiago ere bai: geure ikusmoldearen ghettizazioa ekarri digu: gizartean eragiteko aukerak murriztu dizkigu.

Otanoren dimisioaz gero esku eta hanka loturik daude nafar sozialistak.


Azken finean, proiektu politiko jakin baten partaide dira. Bai, aldatu egin ziren, baina hemen, sozialistak lau katu ziren trantsizio garaian, Euskadiko Alderdi Sozialistaren egituraren barruan aritu ziren hasieran, alderdia hazi zen arte. Orduan, garbi ikusi zuten, Diario de Navarratik ere halaxe jakinarazita: “Zuek hemen zer edo zer izan nahi baduzue bertako egitura sortu beharrean zaudete”. Gainera, garai hartakoak dira Askatasunaren Ibilaldia, ETAren lehenbiziko atentatuak Nafarroan… eta horrek are eta uzkurrago jokarazi zien hemengo sozialistei. Oraintsuko jarrerak direla eta, nik erranen nuke PSN fidel zaiola bere iraganari.

Zuk liburuan idatzitakoa aldatu nahi nizuke hona, PSN dela eta ez dela: “Zenbaiten iritziz, sozialisten armairuak hilotz gehiago altxatzen zituen Otanoren kontu korronte suitzarrez gain, eta Diario de Navarrak bazuen horren berri. Baita horren frogak ere, tiradera batean sartuak”.


Ez naiz ni hori erraten duen lehenbizikoa. Hainbat aldiz idatzi izan da eta, bistan dena, inork ez du hori gezurtatu. Txantaje moduko bat dagoela ematen du. “Armairu barruko hilotzak”, berriz, eskandalu politiko ekonomikoak dira, Urralburuk utzi zituen eskandaluak, alegia. Beti erran izan da ez zela dena argitara atera.

Liburua irakurri eta nire ondorioa da testuak erakusten digun egoera tamalgarriak Nafarroa Bai duela esperantza, zure arabera, jakina.


Hemen denak dira ikuspegi pertsonalak. Liburua ikuspegi pertsonalez beterik dago. Batzuetan partekatua izanen da bertze batzuekin, eta bertze batzuetan ez da horrenbertze izanen. Zuk diozuna, hala da, anitzek arnasa hartu dugu Nafarroa Bairekin. Potentzialitatea duela erakutsi du, eta potentzialitate hori handiagoa izan liteke gauzak bertzela eginen balira eta interferentziak, batez ere mendebaldetik datozenak, izanen ez balira. Nafarroa Baik, funtzionatuko badu, BNG bezalako zerbait bilakatu beharko du, alderdiek urtu egin beharko dute, neurri batean, koalizioan. Badakit hori sobera eskatzea izan daitekeela baina… Orain UTE itxura du (aldi baterako enpresen batasuna), baina uste dut nafar euskaltzale eta abertzale gehienak koalizioan jarri ditugun esperantzak UTE izateari utzi eta BNGtik hurbil dagoen zerbait bilakatzen bada baizik ez direla gauzatuko. Dena dela, hor problema mendebaldea da, han dabiltzan haize politikoak, fronte abertzalearen kontuak eta. Horiek guztiak traba dira Nafarroan. Nik, azken batez, Nafarroa Bairen aldeko apustua egiten dut, Euskal Herriaren proiektu kulturalari hobekien erantzuten dion egitura politikoa delakotz. Eta Euskal Herriaren proiektu kulturala da gaur egun posible, egingarri, den proiektu bakarra. Ez dakit zer izanen den posible berrogei urteren buruan. Gure seme-alabek zer ikusiko duten ez dakit.

1998an, Tomas Caballeroren hilketaren ondoren, manifestua sinatu zenuen beste hainbat lagunekin batera, ETAri bere jarduera eteteko galdeginez. Kritikak jaso zenituzten. “Punching ball”-a izan zineten, zuk diozunez. Ez dakit oraindik ere gogorarazten dizuten sinatua…


Denok aldatu gara, zaharrago gara denok. Larrutu gintuzten batzuek, uste dut gaur ez luketela eginen, eta sinatuko luketela agiri hura.

Uste duzu liburuak zer pentsatua emango duela, ala pila handian galduko dela, ez ur, ez ardo?


Ez nuke nahi. Liburua idazten dugunean, ahalik eta oihartzunik handiena nahi dugu idazleok. Orain zer gertatuko den? Auskalo. Pentsatu nahi dut liburuak gutxika-gutxika bere bidea eginen duela, irakurria izanen dela, gogoeta eraginen duela, eta ez Nafarroan bakarrik. Uste dut Nafarroan, gehienok, baita oharkabean ere, egina dugula gogoeta. Orain EAEn ere egitea gustatuko litzaidake. Mendebaldeko jendearekin, maiz egiten dut neure baitan: “Jesus, Maria, zer despistea daramaten! Oraindik, lurrundu den amets baten ondotik ari dira!”. Eta horrela, espektro abertzale osoa, gero! Ez dira ohartu amets hori ez dela egiazkoa… Arabaz ari naiz liburuko kapitulu oso batean. Urte hauetan han zer gertatu den ikusi, hain gertu izan, eta ez dute ondoriorik atera. Horregatik diot existitzen ez den zerbaiten ondotik ari direla.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude