Etorkizun beltzeko kutxa beltza

  • Modan daude arte zentroak. Lehen museoa edukitzeak hiriari nolabaiteko estatusa ematen bazion, orain arte zentroen garaia da. Bilduma propioa osatu eta erakusteaz arduratu ordez, behin-behineko erakusketak eta proiektu zehatzak ekoiztu eta kudeatzen dituzten gune dinamiko izatea da zentro hauek duten ezaugarria, eta asmoen artean izan ohi dute lekuan lekuko artista gazteen bilgune izatea, baita bertako sorkuntza eta nazioartekoa uztartzea ere. Adibide sorta ederra badugu gure inguruan: Gasteizen Krea, Donostian Tabakalera edo Uharten Huarte Arte Garaikideko Zentroa, esate baterako. Argi-ilunez eta zalantzaz betetako zenbait urteren ostean, azken hori izan da ofizialki bere ateak zabaltzen lehenengoa.
Huarte
Huarte Arte Garaikideko Zentroa
Iruñerrian kokatutako herria da Uharte, 5.000 biztanle inguru dituena. Ingurunea ezagutzen ez duenak arretaz gidatu beharko du hara iristeko, bide seinaleek ez baitute laguntza handirik ematen. Baina behin Uhartera iritsita ez dago galbiderik, herri erdian kutxa beltz handia eraiki dute sare metalikoz inguratua, arte garaikideari eskainitako gune berria, eta agintariek eta zuzendaritzak behin eta berriz azpimarratzen dutenez, Nafarroako lehena. Bitxia da horrelako herri txikiko etxebizitzen artean bat batean eraikin berriarekin topo egitea. Sentsazio arraroa eragiten du, eraikina inguruneari ez balegokio bezala, arrotz balitzaio bezala.

Dena den, sentsazioa soilik izango den esperantzan sarreraren bila aurrera egin, eta bigarren zantzua ere ez da hobea. Kanpotik begiratuta, kutxa beltza hermetikoa da; beharbada hotzagatik, ate guztiak itxita ditu; eta larunbat eguerdia izan arren zalantza eragiten du, irekita ote dagoen. Ateetako bat hautatu, bultza, eta bai, zabalik dago. Beraz, aurrera, deskubritu dezagun kutxak barruan gordetzen duena.

Kanpotik beltza dena, argia da barruan. Ez dago dekorazio handirik, espazio garbiak eta zementuaren biluztasuna dira nagusi. Guztira 6.500 metro koadro ditu eraikinak, horietarik 2.300 erakustaretoetara bideratuak. Hiru solairutan banaturik, hiru erakustareto ditu. Lehenengo pisukoa erabat itxia da, argi naturalari biderik uzten ez diona. Beste biak aldiz bai: elkarrekin komunikatuak daude eta argiztapen naturalak janzten ditu. Horiez gain, artistentzako tailerrek, jarduera didaktikoetarako guneak, kafetegiak, mediatekak eta ekintza artistikoak aurrera eramateko ere erabiliko den aparkalekuko espazioak betetzen dute eraikinaren azalera.

Zentroaren lan ildo nagusia arte garaikideak hartuko badu ere, askotariko erabilpena izango duen zentroa abian jartzea omen da arduradunen asmoa. Haurrentzat nahiz helduentzat tailerrak izango dira, antzerki eta dantza emanaldiak ere antolatuko dituzte eta musikak ere izango du tartea programazioan.

Asmo onak bai, jendea falta

Iazko apirilean, zentroa zabaltzeko prest egon aurretik eta hauteskundeekin estuki loturiko ekitaldian, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak inaugurazio plakari estalkia kendu zion arren, zentroaren ibilbidea joan den urrian abiatu zen. Bertako eta nazioarteko artisten erakusketak antolatuta, hasieratik etorkizunean zentroak izan nahi duenaren bidea argi utzi dute.

Udalak bultzatu eta aurrera eramandako proiektua izan arren, zentroaren kudeaketa Donostiako Ordóñez-Falcón Fundazioaren esku geratu zen lehiaketa publikoaren ostean. Fundazioa argazki eta bideo bilduma garrantzitsuaren jabe izan arren, proiektu honetarako bilduma propioak alde batera utzi eta aldi baterako proiektuak bultzatzea erabaki zuten. Programazioa zabala eta askotarikoa izango omen da, eta hori aurrera eramateko, arte munduan ibilbide garrantzitsua duten pertsonez osatutako aholku batzordearen irizpideak jarraituko dituzte.

Inaugurazioaren inguruko ekitaldi eta adierazpenetan azken aldian horrelako proiektuei loturik maiz entzun diren hitzak aditu ahal izan genituen: bertakoa eta nazioartekoa lotuko dituen gunea izango dela, artista nafarren babesgune izango dela, bilduma propioa bultzatu ordez esperimentazioa eta berrikuntza bultzatzea izango duela ardatz, artea jendearen eskura jartzea duela asmoa... Hitz ederrak dira, eta interesgarriak. Asmo on horiek guztiak errealitate bihurtzea ordea, ez da nolanahiko lana izango.

Eraikina bisitatu eta kutxa beltzetik ateratakoan, tamalez, hasieran izandako sentsazioa ez da desagertu, areagotu baizik. Eraikineko bisitari bakarra neroni izateak panorama nahiko tristea irudikatzen du, eta etorkizunari begira ez du itxaropentsu izateko aukera handirik ematen. Kanpotik begiratuta Huarte Arte Garaikideko Zentroak Mekako Kaaba dakar gogora. Hemen erromesak falta dira ordea.

Urrunegi joan nahi eta ezin pisua eraman

Nahiz eta Huarte Arte Zentroa berriki zabaldu den, ibilbide luze eta zalapartatsu xamarra izan du azken urteetan. Uharteko udalak proiektua abian jartzea erabaki zuenetik aldeko eta kontrako iritziak izan dira, proiektuaren egokitasuna, helburuak, kudeaketa, finantzaketa eta etorkizunarekiko zalantzak piztu dituztenak.

Nafarroan arte garaikideari eskainitako azpiegitura baten beharra azpimarratu arren, hasieratik sortu ziren kritikak gisa honetako proiektua Uharteko udalarentzat gehiegizko pisua izango zela ziotenen aldetik. Askok proiektua operazio urbanistiko eta ekonomiko modura ikusi zuten, eta behin eta berriz salatu zuten herriko errealitatetik urrun zegoela eta benetako behar artistiko eta kulturalak ez zituela kontuan hartzen.

Lehiaketa bidez zentroaren kudeaketa Ordóñez-Falcón fundazioari eskaini izanak ere kritika eta zalantza ugari piztu zituen, zenbaiten iritziz ez baitzen lehiaketa garbia izan eta esleipena aldez aurretik erabakita egoteko zantzuak omen zeuden.

Baina zalantzarik gabe, arazo gehien eragin dituen kontua zentroaren finantzaketari dagokiona izan da. Zentroa zabaltzerako, Uharteko udalak 9 milioi euro inguru gastatu zituen eraikinean eta proiektua martxan jartzeko lanetan. Nafarroako Foru Gobernuak milioi bat euroko laguntza eman du orain artean. Kudeaketa gastuei dagokienez, bestalde, lehiaketa irabazi zuen proiektuak urteko 1,2 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen. Hasieran, aurrekontu hori Uharteko Udalaren esku egongo zela aipatu bazen ere, gerora, Nafarroako Gobernuak gastuaren erdia (600.000 euro) bere gain hartzeko ardura hartu zuen, lehenengo urtean behintzat. Zentroaren inauguraziotik bi hilabete besterik igaro ez zirenean, ordea, Uharteko Udalak –2007ko maiatzeko hauteskundeez geroztik NaBai-ren eskuetan dago– aurrekontua gehiegizkoa zela –udaleko ohiko aurrekontuaren %20, hain zuzen– eta ezin ziola aurre egin erabaki zuen, Nafarroako Foru Gobernuari bere gain har zezala eskatuz. Gobernuak eskaera onartu eta Huarte Arte Garaikideko Zentroaren aurrekontua bere gain hartzeko konpromisoa hartu du, hori bai, zentroko patronatuan gehiengoa izatea baldintza bezala jarrita.

Hasi besterik ez da egin Huarteren bidea eta ziur egon gaitezke oraindik zalaparta eta ika-mika ugari izango dela bere inguruan. Tamalez, guztia artearen, bertako artisten eta herritarren kaltetan.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 20a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude