Euskal Konfederazioa bidegurutzean

  • Herri mugimenduen garrantzia eta ekarpenak euskararen aldeko borrokan ezagunak dira historian zehar. Herri mobilizazioak eta militante sutsuen lanak beharrezkoak izan dira eta izanen, nahiz eta erakunde publikoek beren erantzukizunak asumitzen hasi duten. Horretarako, nola antolatu, zer egin eta nola eragin, etengabeko galderak dira herri mugimenduetan.
Jakes Bortairu
Jakes Bortairu Euskal Konfederazioko kideaDani Blanco
Hain zuzen, azken hilabete hauetan barne eztabaida prozesuan murgildurik egon da Iparraldean euskalgintzako herri mugimenduak biltzen dituen Euskal Konfederazioa. Elkargune honen funtzioa, lan ardatzak eta geroa jorratu dituen eztabaida honek faktore desberdin batzuk izan ditu iturburuan.

Lehenik, hizkuntza-borrokaren panorama aldaketa. Alabaina, azken bost urte hauetan hizkuntzaren egoeran eta hiztunen bizitzan baldintza berriak agertu dira Ipar Euskal Herrian, gehienak herri mugimenduen urtetako lanaren ondorioz. Hizkuntzaren legezko ezagupenak sostengu zabalagoak bildu ditu Batera plataforma eta herri dinamikaren bitartez eta oraindik aurrerapen erabakigarririk lortu ez badira ere, politikari guztien agendan saihestezineko gaia da. Herriko Etxe andana batek hitzarmen bat izenpetu du, bizitza publikoan eta bere funtzionamenduan euskarari sarbidea emaiteko. Denbora berean Bai Euskarari dinamika hedatu da herri batzuetan, jendarteko sektore gero eta zabalagoak inplikatuz eta hizkuntzaren berreskuratzeari begira ekimen eredugarriak sortuz. Azkenik Euskararen Erakunde Publikoa (EEP) sortu da hizkuntza politika bat definitu eta gauzatzeko helburuarekin. Panorama berri honetan nola jarraitu eragiten, ordea?

Bigarrenik, arlo askotan bezala, elkarte eta herri mugimenduetako elkarguneak ibilarazteko zailtasunak eta gorabeherak daude. Euskalgintzan bereziki, elkarte eta mugimenduak aldarrikapenerako tresnak izateaz gain, kasu askotan zerbitzu emaileak ere badira eta urteak joan arau, beren funtzionamendua gero eta konplexuago bilakatu da. Ez da lotsatu behar aitortzeko neke dela elkarte horien guztien elkarguneak eskatzen dituen denbora, energia eta indar militantea atxiki eta berritzea. Nola jarraitu? Ataka nola gainditu?

Euskararen Kontseiluaren garapena dugu azkenik. Luzaz Bai Euskarari ekimena soilik garatua izan zen Iparraldean, baina azken bi urte hauetan gainerako lan ildoak ere garatzea erabaki du. Hasieratik Euskal Konfederazioa Kontseiluaren partaide izan zen, baina orain egitura maila desberdinen betebeharrak, baita beharra ere, pausatuak dira. Nola antolatu?

Heldu diren urteei begira galdera hauei erantzunak atzeman beharko zaizkie, horretarako mugimenduaren erronka nagusiak kontuan hartuz. Alde batetik, herri mugimenduetako kohesioa indartu behar dugu, ahots publikoa atxikiz eta erakunde publikoen aitzinean kontrapisua sendotuz, horiek eramanen duten hizkuntza politika aztertu, baloratu, akuilatu nahiz laguntzeko gai izateko. Estrategia eraginkorra definitu eta bideratu behar dugu bestalde. Erran nahi baitu, engaiamendu konkretuak proposatu behar direla jendartean eragiten segitzeko, aktibismoa bazter utzirik. Halaber, diskurtso ideologiko hutsak saihestu behar dira, botere publikoen aurrean kontraproposamenak aurkezteko. Azkenik konfrontazioa/kooperazioa dialektika erabili beharko da, momentu orotan jarduera kalibratuz. Bukatzeko Ipar Euskal Herri mailako egitura operatiboa sendotu beharko da, bertako egoeraren bilakaerei ahal bezain hurbil egoteko eta erreaktiboa izateko. Orri berri bat idazteko tenorea da.

ASTEKARIA
2008ko urtarrilaren 06a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude