Pako Sudupe idazleaDani Blanco
Oroz lehen, zeuen baitatik hasi beharko duzue hausnarketan. Kontzientzia indartzeko gogoeta egitea zein beharrezkoa den! Seguru bat zatoztela nirekin honetan: euskalgintzan aurrera aberrigintzan ere bai; eta aldez beste: euskalgintzan egonean aberrigintzan lozorroan! Euskararik gabeko independentzia guztiz mamirik gabea. Zer hizkuntzatan mintzo zarete taldean; zer hizkuntzatan lantzen dituzue gaiak?
Administrazioaren zerbitzupean ari diren langileek –gehientsuenek behinik behin– hortxe nonbait dute dagokien hizkuntza eskakizuna ezarria. Politikariok ez, non ez diozuen zeuen buruari ezartzen! Gaiak gainera tabu itxura handiak ditu. Nola errespetatuko dituzte euskaraz ez dakiten politikariek euskaldunen eskubideak? Zer bide jorra dezakezue, euskal hautetsiok horra heltzeko, hots, zuek bezala Euskal Herriko politikariak euskaldunak izan daitezen?
Esan beharrik ez, herritar orok bezala betebeharrak eta eskubideak dituzue. Euskaraz bizi ez ezik lan ere egin nahi duzuenok: zer tresna balia ditzakezue zuen euskalgintza oztopatua izan ez dadin? Udalbatzarretan eta informazio batzordeetan itzulpen zerbitzuaz baliatzea izan liteke behin-behineko irtenbidea? Euskaldun ez diren politikariekin gutxieneko akordioetara iristerik baduzue?
Teknikariekin harreman usua ohi duzue. Oro har, badakizue, aski maila ona izan ohi dutela euskaraz. Jarrera kontuan denetarik, noski. Gure hizkuntzan lan eginez elkar adoretu dezakezue, elkar motibatu eta behingoz euskaldun zirkuituak finkatzen lan handia egin. Badakizue zuen jokaera erdarazkoa bada, horretara bideratuko dituzuela, eta alderantzizkoa bada, euskarara.
Azkenik, baina ez gutxienik garrantzizkoena, herritarrekin badakizue eragin handia duzuela. Urte luzetako zapalkuntzaren ondorioz euskaldun askoren jokabidea ez da batere eredu ona, baina hor ere asko egin dezakezue, gure hizkuntza apala gaurgero apaletsia izan ez dadin.
Itxurakeriarik gabe, ohiko diskurtso harro mamirik gabekoak alde batera, zintzotasunez eta jarraibidea erakutsiz. Badakizue euskara aurrera aberria eraikitzen, euskara bazterrera aberria eraisten! Gure hizkuntza apala gaurgero apaletsia izan ez dadin. Euskararen egun on! Doakizue nire agurrik adiskidetsuena.