«Single-aren garaiak datoz»

  • Marjinalian topatu dugu Txuma, hitzak piztu eta zigarretak erretzen. Akustikoa du jarioa, melodikoa ia. Nota emateko intentziorik gabe mintzo da, konpasak janez batzuetan, armonian besteetan, ahots propioz beti.
Txuma Murugarren
Txuma Murugarren musikariaIñigo Azkona

Esaidazu disko hau dela inoiz egin duzun zintzoena...


Zintzotasunaz asko hitz egiten da azken bolada honetan. Denak gara zintzoak, denak dira diskorik zintzoenak... Zintzotasuna demokrazia hitza bezalakoa da, erabiliaren erabiliaz zentzua galtzen doan hitz bat. Zintzotasuna, lotsarik gabe, juzkurik gabe, zu zaren bezalakoa agertzea da, eta nik oso ondo egiten dut hori, besterik egiten ez dakidalako. Ez naiz mozorrotzen dakien horietakoa, oso aho-beroa naiz, batzuetan damutzen naizen arren. Nire diskoa entzuten ari denak badaki esaten dudana benetan esaten dudala, ez dela pose bat, ez dela itxurakeria.

Hain zintzoa izanda, zergatik akorde bakoitza, letra bakoitza, esplikatzeko behar hori?


Poeta batek hitz egingo luke hobekien futbolari buruz eta disko bati buruz entzuleak. Ateratzen denerako, egileak barruan kadukatuta dauka disko hori. Gero zuzenekoetan berpizten zaion arren, ezin du objektiboki entzun. Jende askok esaten du “nik ez dut azalduko ezer, egiten dudana hor dago, eta kito”. Baina gaur egun, jendeari atentzioa pizten ez badiozu nekez etorriko da zuregana.

Promozioa ez da diskoetxeen asmakizun bat, beraz?


Diskoetxeak, denak daude krisian, eta diskoak egiten dituzte benefizientzia etxeak direlako. Hala ematen du. Nik ez dakit zer dagoen atzean, eta bakoitzak jakingo du bere etxeko logelan zer gertatzen den, baina niretzako promozioa garrantzitsua da, jendea erakartzen duelako nire musikara, nire kontzertuetara... Ekonomikoki ez zait axola!

Diskoetxeari gehiegi axola zaio ekonomia?


1991an diskoak grabatzen hasi nintzenetik, diskografika guztien etengabeko leloa ez da aldatu, krisia, krisia, eta krisia! Eta “krisi” hitzak jende asko uxatu du, gauza asko justifikatzen ditu, toki eroso batean paratzen zaitu. “Badakizu, krisian gaude, eta krisiak dauka errua”. Baina krisi horren zergatiak ez dituzte aztertzen. Aldaketa teknologiko ikaragarriak etorri dira eta datoz, baina Euskal Herriko diskoetxeek ez dituzte serio hartu. Krisiak etengabe jarraituko du diskoetxeak krisian eroso daudeno, baina erosotasun hori galtzen dutenean hasiko dira espabilatzen, eta bada garaia.

Diskoetxeak eroso egongo dira, baina musikariak...


Musikariek ordaintzen dituzte ondorio guztiak! Ez dakit zeren aldeko kontzertu batean denek kobratzen dute musikariek izan ezik. Esaiozu txosnan zerbeza jartzen duenari ez kobratzeko? Edo eszena montatzen duenari? Musikariari lasai asko esaten zaio ez kobratzeko, eta kobratzen baldin badu kabroi bat da. Gainera, bere errua dela entzun behar du, bere musikak ez daukalako lekurik, bere musikak ez duelako engantxatzen...

Bitartean, denak negarrez, baina bakoitza bere aldetik.


Musikariak ezin dugu kolektibo bat izan, garen bezalakoak garelako. Oso pertsona independenteak gara. Bakarlari izateko pertsonalitate handia izan behar duzu, eta nortasun handia dagoen lekuetan ezin bat etorri. Musikarien kolektibo txikiak egongo dira, baina sekula ez Euskal Herri osokorik. Gainera, beldurra emango lidake, instituzionalizazio bat izango litzateke, bilerak egin, gauzak adostu... Uff, oso trotskista iruditzen zait hori.

Zeri diozu beldurra, bilerak egiteari, ala arazoari adarretatik heltzeari?


Zer indar eduki dezakegu guk? Euskal Herriko musikariok greban jarriko bagina inor ez litzateke ohartuko, jendeari bost axola. Jende pila atzetik daukazunean, zure musikak masak engantxantzen dituenean, badaukazu nolabaiteko boterea, baina hemen... Diskoetxe batek esan diezazuke “beno, ez dut disko gehiago egingo eta kito”. Ez dut ikusten diskoetxea etsai bezala, ezta gainontzeko musikariak ere, baina guztien artean ez-erasotze paktu bat lortu behar genukeela iruditzen zait.

Hor dago The singles!


Hori imitazio hutsa da, Frantzian, Espainian, edo Ameriketan egiten den gisako zerbait. Erraz liseritzeko produktua da, dirua lortzeko modu erraz eta ez oso duina. Niretzako, diskoetxe batek egindako jokaldi ekonomikoa da, ez dauka beste transzendentziarik. Egin duenak egin du eta ezin dio inork ezer esan. Antzinako hit-ak gogoratzea baino gauza askoz interesgarriagoak daude egiteko Euskal Herrian. Jendea akomodatzen ari da, ez du gauza berririk nahi. Jendeak betikoa nahi du, entzun duena, gustatzen zaiona. Ez du burua nekatu nahi, eta hori oso txarra da.

Diru publikoa itotzear dagoena itotzeko erabiltzea bezain txarra?


Diru publikoa gehiengoaren onurarako erabiltzen da beti, eta gehiengoak hori nahi duenez, ondo erabilitako dirua da, demokratikoki erabilia. Baina hori kudeatzen duen erakundeak herri kultura ere zaindu behar du, eta ez dakit zer puntutaraino hartzen duen musika kultur ondare bezala. Kultura sustatzen duen erakundeak ahalik eta jende gehienarengana iristeko eta dirua ateratzeko produktu komertzialak egiten baditu kontraesan handia dago. Kultura eta dirua beti kontraesanean doaz, horiek ezin dira lotu.

Durangok lotzen ditu.


Bai, baina makrokultura da hori. Durangokoa eskaparate bat da. Beharrezkoa? Litekeena da gauden tokian egonda, bestelakorik ez delako egiten, eta Durangoko Azokari ematen zaiolako produktuak zabaldu eta duintzeko aukera hori. Apenas egiten den beste ekimenik urte osoan, eta jakina, Durangoko Azoka instituzio bat da, ezinbesteko zita. Perbertitua dago? Ez dakit zer puntutaraino. Ezinbestekoa da? Ez dakit zer puntutaraino.

Nahi duzuna, baina denok egon nahi izaten duzue bertan.


Ezinbestean agertu behar zara hor. Leku handia da, eta zure diskoak egon behar du. Baina nirea, adibidez, Durangoko Azokan galdu egiten da. Ezingo nuke diskoa Azokari begira atera, eta horregatik ateratzen dut beti udaberrian edo udazken hasieran. Bezperetan atera ezkero badakit izen handiagoko hainbat eta hainbat etorriko direla eta nire proposamena zeharo itzaliko dela. Baina zer egiten du ume batek ikastolan bere lagun guztiek erretzen dutenean? Erre. Orduan, guk ere pixka bat erretzen dugu.

Diskoaren formatua da erabat erreta omen dagoena.


Segur aski bere eite fisikoa galduko du. Hemendik gutxira agian bit-etan banatuko dira diskoak eta JPG formatuan portadak. Pena ematen dit, baina bestelakorik ezagutu ez duenarentzat zergatik ez? Mundu birtualean ibiliko da diskoa. Masifikazioaren eta mediatizazioaren erruz galdu dituen esparruak berreskuratu behar ditu musikak. Aski da kantu ergel eta azukaratuekin. Eldarniorainoko eztiak dira, ondo apainduak, eta ez diote entzuleari lekurik uzten. Ez dago parte-hartzerik, ez freskotasunik, ez naturaltasunik, ez deus. Dena estudio batean txikituta eta maneiatuta dago. Bide alternatiboetan dago gakoa.

Alternatibaren parte izango zarela pentsatzen dut.


Nire lanera ailegatzen dena bere erabakiz iristea nahi nuke, ez bonbardatu dutelako. Deskubritu nauelako, gustatu zaiolako, eta engantxatu delako entzun nazala. Balore handiagoa dauka horrek. Hori da benetan interesatzen zaidana. Alprojakeria hori guztia gabe, ekonomizismo eta mediatizismo hori gabe. Nola deskubritzen ditut nik diskoak aspaldian? Oso talde ezezagunak entzuten ditut, nire kuttunak dira. Nire aurkikuntzak direla dirudi, parte naiz. Horrela funtzionatu behar luke musika munduak, ez gaur hartu eta bihar ahaztu.

Gaur hartu eta bihar ahaztu, pirateoaren definizioa da hori!


Horri ezin diogu bueltarik eman. Pirateoa pagotxa da. Pirateoa ezagutu eta ondo badoakizu zergatik erosiko duzu disko bat? Hori kontuan izan behar da, eta musikak bestelako faktore batzuk eskaini behar ditu. Ekonomikoak? Beti horretan gaude. Zergatik? Egitura astuna mantendu behar delako, Internetek hori dena asko erraztu duen arren. Gasolinaren prezioarekin bezala gertatzen da. Brent upelaren balioa igo ahala, gasolinaren prezioak gora egiten du. Brent upela jaisten denean, ordea, gasolinaren prezioak ez du behera egiten. Musikaren industrian berdin. Teknologia guztiak merkeagoak dira. Diskoen prezioa jaitsi da? Ez. Diskoak garestiegiak dira, askoz merkeagoak izan behar lukete.

Noiz hitz egingo dugu musikaz?


Musikaren akzesorio guztiei buruz hitz egiten da, eta akzesorioetan geratu, eta musikaren balio bakarra galtzeko arriskua dago. Zein den balio bakar hori? Kotxean zoazenean disko bat jarri eta joatea. Joaten uztea. Baina ez daukagu astirik hori egiteko. Pena da. Single-aren garaiak datoz. Talde bakoitzak single bat aterako du, eta diskoaren kontzeptu osoa bukatuko da. Gaur egun jadanik, jendeak kantuak deskargatzen ditu, ez diskoak. Abesti jakin bat nahi du, ez zaizkio diskoko beste hamabiak interesatzen. “Hau gustatu zait eta hau nahi dut, ez dut ezer berririk nahi”.

Azkenak
Kokaina gaindosiaz heriotza, Donostiako Tabarin kabaretan

Kabaretak, parrandak, emakume biluziak dantzan, kokaina, heroina eta morfina salgai farmazietan... Pelikula bateko eszena dirudi, baina Donostiaz ari gara. Orain 100 urte baino gehiago, aristokratentzat eta burgesentzat festa latzak izaten ziren hiriko kabaretetan. 1917an,... [+]


Apunte batzuk atarikoan

Autonomia erkidegoa eratu zenetik, datorren apirilaren 21ekoak hamahirugarren hauteskundeak izango ditu Eusko Legebiltzarrak. Behin baino ez du gobernua osatu EAJ ez beste alderdi batek; orduko hartan, 2009an, ezker abertzaleari aurkeztea galarazi zitzaiola baliatuta, PSE-EEk... [+]


Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


PPk euskararen irakaskuntza presentziala ezabatu du Valentzian, EAEko hauteskunde kanpaina betean

Valentziako Hezkuntza Kontseilaritzak 16 hizkuntzetatik bederatzietan murrizketak jakinarazi dizkie Hizkuntza Eskola Ofizialei, eta euskal hizkuntza da okerren geratu dena.


Eguneraketa berriak daude