«Ezker abertzalearen lidergoaren beldur da EAJ»

  • Lasarte-Oria (Gipuzkoa). 1956. LABeko Idazkari Nagusia 1992ko III. Biltzarretik. Sindikatu honek VII. Biltzarra burutuko du maiatzean. Ziklo baten amaiera eta zuzendaritza berria iragarri dizkigu Rafa Diez Usabiagak: “Belaunaldi batek goi-mailako karguak utziko ditu. Zuzendaritza utzita ere, ez dut LAB utziko. Sindikatuan arlo nahiko dago gure esperientzia baliatzeko”. Sindikalgintzaz hasi eta politikagintzaz bukatu dugu solasaldia ezker abertzaleko kide garrantzizko honekin.

     

Rafa Diez Usabiaga
LAB sindikatu idazkari nagusia eta ezker abertzaleko buruzagietako batKarlos Corbella
Lasarte-Oriako Michelin enpresan lan egindakoa da Rafa Diez Usabiaga lasartearra. Enpresak 600 lanpostu kenduko dituela iragarri zuen urrian: “Michelingo problematika hurbiletik ezagutzen dugu, eta ez da bakarra. Arazoak deslokalizazioarekin eta lehiakortasunarekin zerikusia du. Michelinek ez dauka bideragarritasun arazorik, diru gehiago irabazi nahi izatea da kontua. Jabeak akumulazio gehiago egin nahi du eta horretarako enpresa berregituratu”.
Hau ere esan digu LABeko idazkari nagusiak: “Enpresarien argudioa literatura besterik ez da. Langileok, gurea dena defendatu behar dugu argudio logikoen eta konfrontazioaren bidez”.

Zer iritzi duzu esparru honetan euskal instituzioek jokatzen duten rolaz?


Euskal instituzioek badakite Michelinen ez dagoela krisirik, instituzioek ez lukete neutralak izan behar, ezta behatoki bat balira bezala jokatu ere. Jarrera pasibo eta neutro hau langileen aurka doa, ez da euskal esparru sozioekonomikoa defendatzearen aldekoa. Uneon, deslokalizazioa saihestu eta aurre-jubilazioarekin konpondu nahi dute arazoa. Euskal Herrian ez dugu lehengairik, instituzioek badakite zein egoera latza sortzen den deslokalizazio kasuetan. Hemengo industriaren aldeko jarrera eraginkorragoa landu behar dute instituzioek, langileen eskubideen defentsan, baina ez dute egiten.

Duela ia bi urte “mugimendu sindikala fase berrian sartzen ari da” esan zenigun orriotan. Zertan da gaur egun?


Langilerian aldaketa etengabeak ematen ari dira. Neoliberalismoaren haize bortitzak etengabe jotzen du langileen aurka. Sindikalgintza nekez egokitzen ari da egoera berrira, gero eta arazo gehiago dauka adierazkorra izateko. Hala ere, ni konbentzituta nago euskal sindikalgintzak, bere izaera soziopolitikoa eta militantea dela-eta, aukera handiak dituela egoerari aurre egiteko, batik bat sindikalgintza abertzaleak. Sindikalgintza abertzaleak rol soziopolitiko eta sindikala jokatzeko aukerak ditu, baina zoritxarrez ez ditugu horiek lantzen eta hori oso larria da. Larria da bakoitzak bere esparrua kudeatzea eta sindikalgintzaren biderkatze lana ez gauzatzea.

Zein da oztopo sindikatu abertzaleen elkarlana ez sustatzeko?


Krisian gaude aspaldion. Bakoitzak egoeraren irakurketa egiten du, bere ildoak markatzen ditu eta ez dago konbergentzia lanik. Elkarrizketa galtzen ari gara politikagintzan, gizarte eragile moduan, arlo ekonomikoan, baita instituzioen eta enpresarien aurrean ere. Egoera honetan jarraitzea oso arriskutsua da. Biziraupen irizpideekin bizitzea jokabide txarra da sindikalgintza abertzalearentzat, hausnarketa serio egin behar dugu. Areago, gu estaturik gabeko herria gara, askapen prozesu batean gaude, bestelako parametro politiko-sozialak behar ditugu Euskal Herriarentzat.

Nola atera kinka honetatik?


Hausnarketa etengabea sustatuz. Beharrak konbergentzia prozesua lantzera eramango gaitu, aldaketa prozesua etorriko da, baina ez da D egun bat izango, ez da arazo guztiak konponduko dituen egunik izango. Konbergenteak izan daitezkeen esparruetan gure indarrak aktibatzen hasi behar dugu, norabide horretan sor daitezke aukera berriak.

Non dago gakoa bide horretan joateko?


Aipatu dudana argi izatea klabea da. LABen borondate politikoa dago dauden arazoak konpontzeko. Edo gutxienez, arazoak ez daitezela aitzakia izan bide berriak urratzen hasteko.

Jose Elorrietak kritika eta autokritikoa egin ditu orrialde hauetan. LABen eta ELAren elkarlana izango al da berriz?


Guk ez dugu iraganari begira gelditu nahi. ELAk eta LABek beren ezaugarriak dituzte, baikorrak nahiz kontraesankorrak, beren ibilbidearen araberako nortasuna dute. Hala ere, bi sindikatuok subjektu erabakitzailearen eta esparru sozioekonomikoaren alde puntu komunak ditugu. Elkarlanaren ondorioz esperientzia onak izan ditugu. Une honetako pultsu politiko-soziala ikusita, ezinbestekoa dugu planteamendu teoriko diskurtsibotik praxi komunera pasatzea. Sindikalgintza abertzaleak praxi komunean sakondu behar du, perspektiba taktiko-estrategiko baterako beharrezkoak diren oinarriak argitzeko.

Non dago koska edo zein da kezka?


Kezka sindikalgintza abertzalearen lana behatoki baten lan soila bezala hartzea da. Filosofia hori ez da gurea. Praxian aritzeko elementu komunak ditugu, bakoitzak bere ardurak ditu, baina fase txar honekin bukatu beharra dago. Gure diskurtsoetan nahiak ageri dira, baina bitartean ez dugu deus egin. Lizarra-Garaziko garaian bi sindikatuok jokatu genuen rola garrantzizkoa izan zen abertzaleentzat. Aldaketa politikoa ematekotan den honetan, aldaketaren edukia jokoan den honetan, eragileak izan behar dugu berriz ere. Gu prest gaude urratsak emateko.

Anoetako proposamena hizpide: ezker abertzalearen autokritika espero du ELAko Jose Elorrietak.


Azken bizpahiru urtetan gertatu denaz denok ikasi behar dugu. Ezker abertzaleak ere ikaspenak atera behar ditu. Anoetako proposamena gatazka gainditzeko metodologia zen eta da. Bi eremu bereizi ziren, bien edukiak definitu. Gatazka gainditzeko tresna elkarrizketa zen...

Zer gertatu zen?


PSOEk ez zuela urratsik eman ezta ezker abertzalea solaskide politiko bezala onartzeko ere.

Urrats hori eman dezan aukerarik ikusten duzu etorkizunean?


Burujabetzaren aldeko motorerik gabe ez. Subiranotasunaren aldeko turboak indarra hartzen ez badu, nekez. Gatazka gainditzeko funtsezko diren edukiak lantzeko aukera galtzen ari gara abertzaleok, baita Anoetako proposamenaren baliotasuna ere.

Transbertsalitatea da akordioak lortzeko erabiltzen ari den kontzeptua.


Transbertsalitateak bakoitzarentzat eta gauza bakoitzerako esanahi ezberdina du. Josu Jon Imazentzat, adibidez, badakigu zer den: Estatuarekin ados jartzea oraingo markoaren eskeman, subjektua zein den ebatzi gabe. Proiektu guztiek lekurik ez izatea, independentzia proiektuak barne. Gernikako Estatutuaren antzeko formula erabili nahi dute, herri hau eraikitzeko beharrezkoak diren oinarriak kontuan hartu gabe. Oso tentuz ibili behar dugu pozoitsuak izan daitezkeen transbertsalitateekin. Transbertsalitateak ez badira oinarritzen Euskal Herria onartzeko errespetuan –konstituzionalistek hala egiten dute– faltsuak dira.

Puntu horretan gaudela, zer behar da?


Gatazka politikoa gainditzeko Euskal Herria subjektu-kontzeptua dela onartarazi behar diogu Estatuari. Marko berri horretan euskal herritarrok erabakitzen dutena onartu behar du Estatuak. Burujabetasunaren aldekook indar metaketa egin behar dugu proiektu guztien arteko borroka politikoa eta demokratikoa bideratzeko.

Ildo horiek Lizarra-Garaziko akordioan zeuden.


Proiektu subiranozalearen alde gaudenok eduki taktikoak eta estrategikoak zehaztu behar ditugu, bide horretan ibilbide orria eta borroka moduak zehaztuz. Aldi berean Euskal Herria onartzen ez dutenei zein den euren minimoen planteamendua zehaztea galdetu behar zaie. Lizarra-Garazin erreferentzia horiek zehaztu genituen: Euskal Herriaren hitza eta erabakia. Euskal Herriaren marko politiko berria eraikitzea izan behar dugu helburu. Ezker abertzaleak, edo LABek gutxienez, ez du inondik inora ikusten marko demokratiko bat eskaintzeko ahalmena duenik berak bakarrik, baina estrategia berriak sustatzen saiatzen ari gara, gure ikuspegi independentista eta eredu soziala bultzatzeko.

Une honetan zer diagnosi egiten duzu normalizazio politiko prozesuaz?


PSOE ez dela gai negoziazio politikoan sartzeko. Baina prozesuan ikasitakoa erabiliko dela hurrengo aukera batean, konbentzituta nago.

Prozesutik atera duzun ikaspenen bat.


Prozesuaren porrotaren erantzukizun handia EAJk dauka. EAJk PSOEri emandako laguntza oso erabakigarria izan da. PSOEk EAJren laguntza gabe ez zuen egingo egin duena. Prozesua abiatu zenean Imazek “Espainiako Gobernuarekiko kontrapartidarik gabeko leialtasuna erakutsiko dugu” esan zuen.

Erantzukizuna ETAk edo EAJk duen eztabaidagai beti ere.


EAJk erantzukizun historikoa du beste behin ere. Bere jomuga lidergo politiko instituzionala mantentzea da. Ez da ezker abertzalearen aldean jarri inola ere, PSOEren aldean baizik. EAJ ezker abertzalearen lidergoaren beldur da.

Prozesurako zubiak eraiki beharko dira berriz ere. Ez gaude zero puntuan, diotenez.


Ez gaude zero puntuan baina kontuz, EAJk eta PSOEk elkarri dioten leialtasunaren bidez, Estatutuaren beste erreforma eta egokitzapen bat egin dezakete berriz ere, Lizarra-Garaziko akordiotik datorren mugimendua neutralizatzea nahi dute. PSOEk azken hiru urtetan ikusi du berriz ere duela 30 urte egin zuena errepikatzeko aukera duela EAJrekin. EAJren jokabidea medio, trantsizioan erabilitako prozesua errepikatzeko nahia berpiztu zaio PSOEri. Ezker abertzalea aukera horren aurka borrokan ari da, aukera hori erre behar dugu.

Ibarretxeren bide orria nola baloratzen duzu zentzu horretan?


Ibarretxeren bide orria iruzurrerako joko karta sorta da. EAJ azken hauteskundeetan desgastaturik atera zen, ukituta iritsi zen normalizazio politikoaren prozesura. EAJren errekanbioa Ibarretxeren bide orria da, bere etorkizuna bermatzeko plana. Imazen aukera desgastatuta etorri da Ibarretxe. Amortizatua zegoen pertsona kapitalizatu nahi dute berriz ere. Zer egiteko baina? Benetako aldaketa izateko edo aldaketarik gabeko errekanbioa izateko?

Bidez bide, EAErako Na-Bai antzeko bati buruz gogoetatu beharra aipatu du Egibarrek.


Horiek mugimendu politiko elektoralak dira, bakoitzak bere ildoa babesteko. PSOEk ezker abertzaleari egurra ematen dionean, EAJren lehia PSEri botoak irabaztea da berriz ere. Ibarretxe itzuli eta Egibar ezker abertzalearen kala soziopolitikoetan arrantzan aritzeko asmoarekin atera da, Bergarako proposamenaren antzeko zerbait proposatu omen du orain, euskal subjektu politikoa defendatzeko...

Zuk zer diozu horren aurrean?


Esaterako, autodeterminazioa defendatzeko eta benetako prozesu politikoa sustatzeko erabili ditzagun datozen hauteskundeak kontsulta bezala. Konstituzionalistek jartzen dituzte hauteskundeak, jar ditzagun burujabetasunaren aldekoek milioi bat boto euskal subjektuaren alde. Zergatik ez ditugu Espainiako Kongresurako hauteskundeak –Ibarretxek bere planarekin egin nahi duen bezala– kontsulta antolatu bihurtzen? Lau herrialdeetan kasu honetan, ez eskema partidista batean. Guk bloke konstituzionalistari planto egitea proposatzen dugu. Egibarren mugimenduak Ibarretxeren proposamena babestera datorrela ematen du, baina gu ez gaude inoren proposamena babesteko prest. Bergarako proposamenak arazoari herri bezala ekitea planteatu zuen, edukiz planteatzea, negoziazio politikoa izan dadin, baina beti ere Euskal Herria erabakitzeko subjektu politikoa dela onartuta.

Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude