"Ibarretxeren planteamendua herri honen historiara pasako da"

  • Andoain, 1959. EAJko eleduna Eusko Legebiltzarrean eta GBBko presidentea. Transbertsalitatea hitzaren –eta ariketaren– harian transbertzaleak hitza aipatu digu ironiaz: “Mario Onaindia eta Ramon Jauregi sozialistek kaleratu zuten postnazionalismo kontzeptuaren ordezkoa da transbertsalitatea. Euskal abertzaleak izatetik espainiar hiritar izatera pasa gaitezen”. Alderdiaren bideaz eta Jaurlaritzaren proposamenaz hauxe esan digu: “Alderdiarena ez da ponentzia soila, ez da erakusleihoan jartzen diren kartak. Unean uneko koiunturaz eztabaidatzeaz gain, pauso estrategikoak hezurmamitzen saiatu gara alderdian. Lehendakariaren bide orria horren isla da, arlo instituzionalean bide eta kudeaketa egiteko proposamena”.
Josu Jon Imazek “ETA/Batasunaren deslegitimazioan EAJk lider izan behar duela” esan zuen Gudari Egunean. Hitz hauek hizpide hasi dugu elkarrizketa Joseba Egibarrekin: “Herritarrak dira batzuen nahiz besteen jarduera politikoa legitimatzen edo deslegitimatzen dutenak” esan digu berak. Galdera zuzenak etorri dira segidan.

Politikariari al dagokio inoren jarduera politikoa legitimatzea?


Ez. Politikoak bere bidea jorra dezake, besterik ez. Herriak badaki zeinek zer eskaintzen duen. Zorionez, herri honetan bide politiko demokratikoek ubide nagusia hartu dute.

Imazek proposatu bidea ez da zurea...


Imazen hitzak Gudarien Egunaren testuinguruan ulertu behar dira, gudari haiek Jaurlaritzaren legitimazioa zuten, egun batzuentzat gudariak direnek ez.  

Bien herriak edo aberriak ez dira berak Imazen hitzetan.  


Herri bera da. Gero, bakoitzak herritartasuna edo abertzaletasuna bere modura ulertzen du. Egun garbi dena da ETAren jardunbideak ez duela tokirik herri honetan. 

Aurreko hitz hauek bake eta normalizazio prozesu politikoaren testuinguruan ulertu behar dira. Izan al da prozesurik?    


Ahalegina eta zerbait gehiago izan da.
 

Bake eta normalizazio politikoa binomio bateraezinak ote dira? Zer ondorio atera duzu zuk zeuk beretik?  


Prozesuan alderdi sozialistaren eta ezker abertzalearen ordezkariek betidanik adostu dutena islatu da. Alderdi sozialistaren negoziazio eskema Aljeriakoa bera dela gaur egun. Hau da: “Euskal arazoaren akordioa lortu behar baldin badut, nahiago dut ETArekin hitzartzea EAJrekin baino. Besteak beste, autodeterminazioaren eskubidea gakoa bada, akordio bat ematen bada, EAJk ez dit akordiorako eragozpenik jarriko. Eta bentaja bat dauka, ETArekin akordioa lortuko banu, bakea berekin dakart”. Alderdi sozialistaren eskema hori da oraindik ere.

Baina premisa horrek ez du funtzionatu beste behin ere, antza.   


Ez, baina eskema hori da. ETAk beste muturrean hauxe dio: “Nik badakit politikoki ez dudala herri honen etorkizuna negoziatzeko zilegitasun demokratikorik. Baina esku artean dudan aktibo politiko bakarrak, su-etenak, mahaiaren alde batean esertzea eskaintzen dit”. Hartan, Espainian agintzen duen Gobernua esertzen du parean. Bien artean dauden alderdiak, sindikatuak eta gizarte eragileak berriz desagertzen dira. Finean Espainiako Gobernuak hau dio: “Nik zer aurreratzen dut EAJrekin edo Ibarretxeren plana negoziatzen? Akordio bat lortuta ere, ez dit bakea ziurtatzen”.

Zertarako izan da orduan EAJ Loiolako bileretan?  


EAJ deitua izan zen hain justu eskema hori porrot egiteko zegoen bezperan. 

ETAk Zutabe 112. zenbakian baina hauxe dio: ETAk ez dio beste su-eten bati –negoziazio prozesu bati– berriz ekinen euskal alderdi politikoen artean “akordio politiko erresolutiboa” ixten ez bada.  


ETAk “nire su-etenek ez dute ziurtatzen prozesu politiko bat” dio. Eta hori oso-oso larria da. Akordio politikorik ez badago “nik neurtuko dut su-etenaren tamaina” dio ETAk. Berak esan du, ez guk. ETAk akordio politikoaren baliotasuna neurtu nahi du, akordioak balio duen “guk neurtuko dugu” dio. Hori Anoetako proposamena pikutara bidaltzea da.

Prozesuaren zero puntuan al gaude? 


Ez. Behin ere ez da zero kotara itzultzen. Kanpamendu basea hasieran baino gorago geratzen da, elkarrizketa guztiek dute beren balioa, nahiz eta akordioarekin ez amaitu. Elkarrizketa prozesu batean, batek nahiz besteak aitortu eta onartu behar ditugu aurrean esertzen denaren mugak. Prozesua muga kontuaren arabera garatzen da, batzuek muga batzuk ditugu eta besteek beste batzuk.

Muga horiek mugiezinak al dira?


Mugitzeko modukoak dira, baina  negoziazio prozesu batean bakoitzak aldaezinak bezala azaltzen ditu. Prozesuak zu mugitzera behartzen zaitu. Elkarrizketa hauen edukiak nik ez ditut ezagutzen, baina aurrerapausoak eman direla uste dut.

Ibarretxeren bide orria heldu da ondoren. EAJri geratu zaion azken aukera edo?


Ez. Ibilbide bati jarraituz, koherentziaz, arazoari irtenbidea eman dakiokeela ikusten du Ibarretxek. Indarkeria arazoa da, baina indarkeriarik gabe ere arazo politikoa dago eta berau konpontzeko bide bat proposatu du. Ez dakit zein epetan lortuko den, baina perspektiba historiko ez luze batean Ibarretxeren planteamendua –ez da elektorala ez estrategia motzekoa– herri honen historiara pasako da. EAEko lehendakariak eta Jaurlaritzak jauzi historiko bat ekarriko dute.

Urte bateko epean, ETA indarrean dagoela? 


Urte bateko epea, Zapaterok hauteskundeak irabaziz gero, inbestidura plenoan hauxe esan dezan: “Badaukat arazo politiko bat eta irtenbidea emateko ezinbestekotzat jotzen dut herritar horiek erabakitzen dutena aintzakotzat hartzea. Hori pauso bat da. Gutxieneko akordio batez ari da lehendakaria, ez testu artikulatu batez. Akordioa baldin badago aurrera –Legebiltzarraren akordioarekin–, akordiorik ez badago prozesu bat abian jartzeko herri galdeketa proposatu du Ibarretxek. Galdeketa ez da helburua abiapuntua baizik.

Testuinguru honetan Na-Bai formula proposatu duzu hegoalde osoarentzat. Batzuek ez dute ondo ikusi, formetan hasteko, ezta EAJn ere.


Begira historia nola idazten den, ez azken hamar urtekoa azken bi asteotako historia baizik. Garan elkarrizketa egin zidaten, behin eta berriz gaiaz galdetuz. Nik esan nuen hauteskundeen aurrean alderdi politiko guztiak behartuta gaudela gogoeta egitera. Hauteskunde hauek ez ditugu arrotzak balira hartu behar, Zapaterorenak eta Raxoirenak dira, baina guk ere asko dugu jokoan. Areago diot: hauteskundeen emaitzak lehendakariaren proposamena hankaz gora botatzeaz gain lehendakaria bera lurperatzeko baliatu nahi dute unionistek. Alderdi abertzaleok ez dugu unionistek bezala egoera desafioan hartu behar, baina egoerak “guztiok hausnarketa egitera behartzen gaitu”. Kazetariak berriz: “Tú que pides, que todo el mundo vote al PNV?”. Ez. “Se impone la reflexión” erantzun nion.

Vianako Nafarroa Oinezen biharamunean gaia prentsan agertu zen berriz.


Galdera bera berriz ere. Nire erantzuna: “NaBai formula itxita dago”. “Beste lurraldeetan antzeko zerbait proposatzen duzu?”: “Ez” nik. Nik ez dut ezer proposatu, hausnarketa egin behar dela esan dut. Horrek, forma dela eta beste, urduritasuna sortu du. Dena den, garbi daukat alderdi politikoek hausnarketa hori martxan jarrita zeukatela eta gertatuak alderdiak erabakiak hartzera behartuko dituela nolabait.

Egibarrek proposamen liluratzaileak egiten omen ditu, baina finean alderdiak onartzen ez dituenak.


EAJk ez du aukera hori baztertu. Mahai gainean daukagu, gure gogoeta eta erantzukizuna da. Nafarroan formula itxita dago. EAEn zer? Lehendakariaren ibilbide orria defendatzen dugunok hausnarketa egin behar dugu, bakoitzak bere aldetik. Halaber, duela lau urteko Bergarako proposamena gogoratu da orain. Proposamena hauteskundeen bezperan egin zuen ezker abertzaleak. ANVk aurkezteko asmoa duela esan du, Batasuna –Barrenaren hitzetan– egoerari nola aurre egin aztertzen ari da. Zapaterori eta Raxoiri mezu zehatza bidaltzeko ordua da.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Juan Jose Ibarretxe
2021-06-01 | Axier Lopez
AEBetako inteligentzia zerbitzuek "terrorismoaren aurkako formakuntza" eman zioten Ertzaintzari Ibarretxeren garaian

2004an Ertzaintzak "antiterrorismoari buruzko formakuntza" jaso zuen AEBetako funtzionarioen eskutik, AEBetako Estatu Departamentuak desklasifikatu duen dokumentu batean agertzen denez. José María Aznarren gobernuak AEBetako nazioarteko politikei eta... [+]


Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean

Artur Mas eta Juan Jose Ibarretxe. Bi lehendakari, bi ibilbide, amets bat: herrien erabaki eskubidea. Kataluniakoa nola doan azaldu zuen Masek, hemengorako bere klabeak Ibarretxek. Eta atzoko Kursaalen Joxe Elorrietaren izpiritua falta zen.


2017-02-22 | ARGIA
[ZUZENEAN] Ibarretxe eta Masen arteko hitzaldia

Kataluniako prozesua eta erabakitzeko eskubidea hizpide izango dute gaur arratsaldean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eta Artur Mas Kataluniako presidenteak Donostiako Kursaalen. Hitzaldiaren leku guzti beteta dagoenez, 19:00etatik aurrera zuzenean jarraitzeko aukera izango da... [+]


Sarek biktima anitzak elkartuko ditu bake eta bizikidetza jardunaldien baitan Gasteizen

“Giza eskubideak, Konponbidea, Bakea” jardunaldiak aurkeztu ditu Sarek. Azaroaren 28tik 30era bitartean Gasteizen egingo diren hiru mahai-inguruz osaturik egongo dira. “Bizikidetza, ezberdinekiko errespetua, elkarrizketa eta ekintza iraunkorra jendartearen... [+]


Eguneraketa berriak daude