Etorkizunez betetako orriak

  • Maiatz aldizkariak hogeita bost urte bete ditu aurten. Urteurrenaren karietara batetik bestera egin dute salto argazkiek, oroitzapenek, historia gertuaren xehetasunek. Luzien Etxezaharretarekin elkartu gara Maiatzek Baionan duen lokalean, eta gauza bat behintzat atera dugu argi: aldizkariaren orrialdeak iragan aberasgarriaz beteta egoteaz gain, orainaz eta etorkizunaz ere borborka direla.
Luzien Etxezaharreta
Luzien EtxezaharretaGaizka Iroz
Maiatzek Baionan duen lokala ttipia da. Bertan gordetzen dituzte urte hauetan guztietan argitaratutako aldizkariak eta liburuak. Baina bada hori baino gehiago ere, egurrezko mahai zaharraren inguruan eseri eta Luzien Etxezaharretak abegitsu azaldu duen moduan. “Mahai honek hitz egiterik izango balu! Mintzaldi asko izan dira bertan, kulturaz, politikaz, bizitzaz...”.

Etxezaharretak udarekin batera argitaratu den berrogeita bosgarren alea dakarkigu esku artean. Hogeita bost urteotaz mintzo den alea izaki, iraganak, orainak eta etorkizunak egiten dute bat bertan. Hasteko iragana izan dugu, hain zuzen ere, mintzagai. Maiatz aldizkariko orriek ezagutu duten bilakaera gizarteak berak izan duenarekin lotu behar da ezinbestean “aldizkarian eta liburuetan ikusten da aldaketa baten garaia, euskararen berritzearena, kultura berri baten etortzea, diferentzia handia beharbada gaurko eta, eman dezagun, duela berrogeita hamar urteko idazleen artean”.

Urtero bi ale kaleratu ditu Maiatzek, eta banan bana hartuz gero, garaian garaiko kezken isla aurki liteke. “Hemen iparraldean ikusten dugu euskara urtzen, desagertzen ari dela pixkanaka. Horrek min ematen du, baina momentu berriak ere etortzen ari dira”. Luzea izan da, edonola ere, lehen aleetatik gaurkoetarako bidea. “Ikusten da kezka batzuk bazirela, beharrezkoa izan dela probokazio batzuk egitea, hemen izan dugun kultura garai batean oso kontserbatzailea eta atzerakoia zelako. Familia, lana, erlijioa... gauza finkoak ziren”.

Aldizka bada ere, elkargune

Aldizkari batek hogeita bost urte irautea ez da marka makala. Batetik ez delako erraza jende multzo baten gogoa horrenbeste urtez bizirik mantentzea, eta bestetik aldizkaria kokatzen den merkatuan gauzak azkar eta asko aldatu direlako. Orain hamarkada batzuk aldizkariek funtzio garrantzitsua betetzen zuten idazleen formakuntzan, ezagutzera ematean, elkartzean... testuinguru horretan sortu zen Maiatz.

Etxezaharretak dena den, forma anizkuna duen errealitatea ikusten du. “Ezkor izanez ikus daiteke gurea ahuleziaren marka dela. Lehengo aldizkari ttiki horiek tokia utzi diete enpresa handiei, udaletxearen laguntza zuten herri aldizkari indartsuei, argitaletxeei... Hemendik Hego Euskal Herriari begiratuz ikusten da oso aldakor direla ideiak jendearengan eta, aipatu gabe, politikan; gogora gaitezen bakarrik marxismo ofizial baten eragina bazela duela hogeita hamar urte. Inork ez du gehiago horrelako hizkuntzarik erabiltzen”. Iparraldean ere badira ñabardurak: “Ahula izan da beti gure euskaltasun politikoa eta publikoa, baina iraun du, ez da halako galtze -irabazte nagusirik izan”. Hogeita bost urteren buruan irakurle kopurua ez da aldatu bederen. “Gogoeta pesimistak egiten ahal ditugu, baina uste dut badagoela suhazi bat hautsaren azpian bizirik irauten duena; uste dut hizkuntzaren maitasunak jarraitzen duela, azken batean Maiatzen beti sorpresa dut ikustea etortzen zaizkigula testuak, berri batzuk ere badirela eta horrek irauten duela”.

Ezaugarri propioak

Itxaro Borda, Aurelia Arkotxa, Eñaut Etxamendi, Mattin Irigoien... asko dira Maiatzen orrietan laginak paratu dituzten sortzaileak, eta haietako askok lehen aleetatik iraun dute lanean. Mugaz bi aldeetako testuak bildu izan dituzte, nolanahi ere, orriotan “Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako idazleen lanak biltzen saiatzen gara, baina Euskal Herri guzikoak gara, mugaz bi aldetan banatzen da irakurlegoa, eta euskarak ez du mugarik”.

Maiatzen berezitasunen artean zenbatu liteke halaber euskalkiei eskaintzen zaien arreta. “Iruditzen zaigu hemengo euskalkien aberastasuna, ahozko hizkuntzan nabaritzen den trebetasun hori, indar bat dela. Gu deblauki sartuak garen euskara batuaren eraikuntza iraunkorra da, baina gainera uste dut asko dugula irabazteko euskalkiak baliatuz. Euskal komunikabideek ez dute ahalik batzuetan mikroformak kontuan hartzeko, baina literaturan hori egiten ahal da. Nahi delarik badakigu euskaldunek elkar ulertzen dugula, batzuetan ahalegin txiki bat egin behar da”.

Testuen edukiei mugarik ez jartzea da aldizkariaren beste ezaugarri bat. “Garai batean bortizki aipatzen genuen apezkerien baztertzea; apezkeriak erran nahi du hizkuntza oso kontserbadorea, eliza, pilota eta nekazaritza baizik aipatzen ez duena. Gure mundua aldatzen ari zela argi genuen, euskara hiritartu behar zela, eta horretan behar zuela Hegoaldeko esperientzia baliatu, batez ere garai hartako literatur aldizkarien euskara berritzailea. Baina ez ditugu inoiz baztertu, adibidez, modu zaharreko bertso idazkerak”.

Urteotan Maiatzen idatzi dutenen zerrenda luzea da, baina badira apurka orriotara gerturatzen ari diren idazle gazteagoak ere, azken alean kasu Itziar Madina eta Nora Arbelbide, batzuk aipatzearren. “Nire kezka bistan da: berrogeita bost urtetik goiti den belaunaldi bat dago, baina badira gazteago batzuk. Dena den, sozietate modernoetan gazteek egia, jakitatea, edertasuna eta etorkizuna dutela pentsatzen da beti. Kontuz ibili behar da, literatura eraikitzen den gauza bat da, gazterik hasten den jendea bada, batzuk jarraitzen dute, besteek ez”. Egun gizarteak berak ez du sobera babesten idatzi nahi duena. “Ez da nahikoa baloratzen idaztea. Nik gomendatu niezaieke gure irakurleei bil daitezela beren txokoan talde batzuetan, plazerarentzat gauza errazak egiten ahal dira edizio aldetik”. Etxezaharretak behin eta berriz errepikatzen du: “Literatura ez da soilik merkataritza, kultura industria bezala ikusten dugu gehiegi”.

Maiatz
en berezitasunekin bueltaka, Etxezaharretak beste bat azpimarratu du: emakumeen presentzia taldean. “Gaur egun normala iruditzen zaigu emazte idazleen aurkitzea, baina hori Euskal Herrian, beste sozietateetan bezala, oso arraroa izan zen hasieran. Gure taldearen erdia ia emakumeak ziren naturalki. Lehenago idaztea gizonezkoen gauza zen, boterea kontrolatzen zuen gauza bat...”.

Biziraupena baino gehiago

1981ean bildu ziren Itxaro Borda eta Luzien Etxezaharreta, eta ideia mamitu zuten. Maiatz aldizkariaren lehenbiziko zenbakia 1982ko otsailean zen kalean. Aldizkariarekin batera beste proiektu batzuk ere kasik hastapenetik izan dira martxan, liburuen argitaratzea eta urtez urte maiatzean burutzen diren jardunaldiak kasu. “Gogoratzen naiz garai batean eskuz egiten genituela aldizkariak. Hori ere hobetu dugu, pasa dugu finantzamenduaren muga hori; Euskal Kultur Erakundeak eman digu laguntza bat azken hamazazpi urteetan, oreka egiteko oso ondo izan da baina ez ezinbestekoa. Bizi ahalko ginen gabe ere, gure mailan. Ez dugu inbertitu saltzen genuena baino gehiago, oreka horrela izan dugu, gure aldetik dohainezko lana ere izan delako”.

Aldizkariaren alde teknikoek aurrerapausoak ezagutu badituzte ere, hasierako oinarrizko filosofiak bere horretan dirau. “Uste dut talde txiki batek asko egiten ahal duela. Duela hogeita hamar urte sortu ziren Pott eta horrelako aldizkari batzuk, aski da ikustea nolako emaitza aberatsa eman duten. Idazle asko hortik abiatu dira eta nire ustez bidea oso ona da”. Funtsean ausardia dago ezein proiekturen abiapuntuan. “Behar da ausartzea, ez bakarrik gai batzuen aukeratzeko. Gaur egun askok idazten ikasi badute ere guk ez genekien idazten, bakoitza bere bidetik ari zenez. Hor goraipatu behar dira Herria bezalako astekari batzuk, nahiz erraten ahal den kontserbadoreak zirela, orriak ireki baitzizkioten idazle berriei, Itxaro Bordari adibidez”.

Euskarak, nola ez, berebiziko garrantzia du oinarrizko filosofia horretan. “Euskararekin gure herriaren iraganarekin, gaurkoarekin eta biharrarekin lotura zuzena egiten dugu, eta hori oso pozgarria da, beti ari baikara mundu honetan halako bakartasun batean. Euskarak ematen digu erantzuna batzuetan. Koldo Izagirrek aipatzen du asko, literaturaren ekinbide bat dela imaginario edo irudimen baten eraikitzea, memoria bat ere erran nezake; hizkuntza edertze bat eta hurbilketa bat gure minei eta gure atseginei buruz”.

Ideien eremura salto eginda, azterketa egiten du Etxezaharretak. “Uste dut 1968ko eragin hori, mundua bestela ikusteko ahaltasuna, laurogeiko hamarkada hasiera hartan iparralderatu zela. Literatura errespetua ekartzeko modu bat da, herri pobreek badute bederen literatura bat. Elkar errespetuaz teoria asko egiten da baina praktikan, itzulpenen bidez edo trukaketen bidez adieraz daiteke”. Garaiak aldatu dira, gizartean ideiak apika lausotu, baina Maiatzek gorde du garai hartatik zerbait. “Kultura gure sozietatea bezala gero eta kontrolatuagoa da, kultura finantzatu bat ez da beti kultura modu hoberena. Libre izatea ez da txikia, guk nahi dugu independiente izaten jarraitu; nahiz eskatzen dugun diru laguntza txiki bat, ez dugu denbora higatzen kolektibitate publikoei dirua galdatzen”.

Idazle baten laginak

Hirurogei bat liburu kaleratu ditu Maiatz argitaletxeak, eta etortzear dira Itxaro Borda, Mixel Thikoipe eta Joseba Aurkenerenaren berriak ere. Azken aleen artean aurkitu dezakegu Inter porcos. Kronika aberezaleak, Etxezaharretak berak idatzitako liburua. Hor bildu ditu 1983. urteaz geroztik Maiatzen idatzitako hainbat kronika. “Ni irakurlea naiz eta niretzat liburua ikasbidea izan da, askatasun bidea. Maite dut besteekin komunikatzea, batez ere euskaldun izateagatik beren burua ezjakin edo txiki sentitzen dutenekin. Frantsesaren aldean hori pertsona askoren buruan sartua izan da hemen. Hori ezin jasan dut eta ene idazbidean toki handia du. Nahi nuke denbora hartu gauzen kontatzeko, euskaldunok hor gaudela, etorkizunean ere gure kultura propioa eraikiz, lehengo gauzetan oinarritua baina baita munduak ekartzen dizkigun aberastasun askorekin ere. Batez ere kultura ttipiak deitzen diren horiekin asko dago trukatzeko”.

Aurtengo Durangoko Azokan Maiatzen urteurrenak izango du oihartzunik, Argizaiola saria jasotzea egokituko baitzaio. “Laburbiltzeko erran dezaket hogeita bost urtean atsegin asko izan dela: poztu gara, elkar maitatu dugu denek Maiatzen barnean, elkar jasan dugu eta elkarrekin zerbait egin dugu. Hogeita bost urteren buruan hasierako taldeko askok jarraitzen dute idazten, euskaran genuen sinesmen horrek jarraitzen du”. Proiektuek biziraun ez baina, bizirik irauteko dirua baino zer edo zer gehiago behar denaren seinale. “Gure hizkuntza menperatua eta baztertua da, baina bizi da eta egiten ahal dugu gauza asko. Baina atseginez egin behar da eta nahitasunez, hori indar handi bat da”.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude