“Gizentzen ditudan txahalek Eusko Labelik ez daukate”

  • Filosofoa zuen aitona. Egoskorra aita. Filosofo egoskorra atera da bera. 180 kiloko harriari ekiteak zirrara
    eragiten dion garaiotan, bere filosofia harriz idazten dihardu paraje harrigarri batean.
Iñaki Perurena
Dani Blanco

XXI. mendean eta harria jasotzen…


Guk harria ez dugu kirol moduan jasotzen, kirol moderno moduan baizik. Federazio batekin, arautegi batekin, dopinaren aurkako kontrolarekin… Bukatu da deporte rurala, gurea herri kirola da.

Errezeloak, tranpak, saltsa… Bukatu direla?


Apustu mundua askoz errezelo gehiagoko mundu bat zen. Lehen, nahiz eta tranpak egin, apustua irabazita nahikoa zen, tranpan zegoelako bizia.

Ez esan tranpengatik baztertu zenituela apustuak.


Niretzat harria jasotzea zen apustua, ez harria jasoz apustuak egitea.

Profesionalizazioa apustu bat da?


Profesionalizazioa gauzak ondo egin nahi izatea baldin bada, bai. Profesionalizazioa hortik bizi ahal izatea bada... Duzun guztia emateko, ezin duzu eraikuntzan hamaika ordu lan egin eta gero entrenatzera etorri. Inguruan aukera batzuk behar dituzu.


Folklore erakustaldiez ari zara?


Sinistu behar duzu ez dela errutina bat. Ur tanta batek urteak behar ditu harriari zuloa egiteko eta tanta bakoitzak dauka bere eragina.

Eskerrak telebistako pantaila zulakaitza den!


Prestatu egin naiz gauzak egiteko, baina telebista oso gogorra da. Berak ekartzen baldin bazaitu, berak emandako trapua toreatu behar duzu, berak agindutako tokira joan.


“Chiquito de Leitza” ezin deituko dizut...


Deskontrolatuta nenbilela jabetu naizenean saiatu naiz neu kontrolatzen. Gauzak gaizki ere egin behar ditugu eta jabetuz gero bi bide daude, gaizki egiten jarraitu ala gaizki egiteari utzi.

Baina politikan ez da gauza “politikan”...


Gizentzen ditudan txahalek Eusko Labelik ez daukate. Orduan, nahi eta nahi ez borrokatu behar dut. Ez da politika, “sentimendua” da. Sabino Aranak Arturo Campioni entzun izan balio, gaur egun Euskal Herria beste modu batekoa izango zen.

Ez zara Nabarraldekoa izango?


Nabarralde guztiz premiazkotzat jotzen dut gaurko Euskal Herrian, eta nahi ala ez, gizartean eragina dauka. Nabarraldek erakutsi du Nafarroa ez dela beti izan gaurko UPNk saltzen duen irudia.


Ongi da. Esadazu denak nafarrak garela...


Oxala hala balitz. Herri honen bideak zentzua hartu duela esan nahiko luke. Herri honek zer behar du irauteko? Babesa. Kanpoan lo eginez Kuban ongi pasako duzu, baina Laponian hotzak hilko zara. Babes bat edukita beste babes baten bila gabiltzalako separatista esango digute, baina hori bada nahi duguna?

ASTEKARIA
2007ko urriaren 28a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude