Alan Ebringer, doktore gogaikarria (I)

Eta milioika behi alferrik akabatu badituzte?

  • Behi eroen gaixotasunaz gure artean sai edo putreak dira oroitzen diren bakarretakoak: oraindik Behien Entzefalopatia Espongiformea (BEE) madarikatzen dute gosetuta zekor ahulari edo ardi erditu berriari eraso behar dioten aldioro. Gaur gutxik gogoratzen duten gaixotasun harekiko beldurragatik, akabatutako abereen gorpuzkinak mendian lagatzeko debekua ezarri zuten eta krisia baretutakoan... araua kentzea ahaztu. Laborariei birmoldaketa latza ekarri zien BEEak. Baina gaixotasun hori esan ziguten bezalakoa ote da?
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2007ko urriaren 07a
Europan behi eta zekorrak hazten dituzten laborari guztiek nozitu zituzten behi eroen aferaren kalteak, 1990eko hamarkadan eta mende honen hasieran. Euskal Herrian ere bai. Hemen haragi salmentaren krisi berri bat nozitzeaz gain, behikien produkzio eta komertzializazio eskemak aldaketa gogorra nozitu zuten: “zaharraren” salmenta gutxitu eta “gaztearena” nagusitu erabat, harakinen lana aldatu eta hiper handien eredua indartu, abeltzain txikiaren bizimodua are gehiago hondatuz.

Baina Britainia Handiko laborariek infernu gorria ikusi zuten. Bost milioitik gora behi eta zekor akabatu eta kiskali zizkieten agintariek, gaitza errotik erauzteko asmoz. Arrazoia: BEE gaixotasunak gizakiak kutsatu eta Creutzfeldt-Jakob Gaixotasun (CJG) beldurgarria eragin zezakeela onartu zuten agintariek, Nobel saria irabaziko zuen Stanley Prusiner-ek aipatutako “prioi eraldatu” delakoaren teoria onartuta, eta behi britainiarren artean kutsadura kontrolik gabe zabalduta zegoenez, adin batetik gorako behiki guztiak hiltzea deliberatu zuten.

Birmoldaketa basatia jasan zuen Britainia Handiko nekazaritzak 1990eko hamarkadan, eta ez ziren gutxi izan desesperatuta beren buruak hil zituzten laborariak. Gaur egun laborari eta albaitero militante batzuek segitzen dute aldarrikatzen alferrik akabatu zituela estatuak haien aziendak, prioiaren teoria ez dela oraindik erabat demostratu, eta aldiz behien gaixotasunaren bestelako ikuspegia defendatzen duen mediku baten ikerketari finantziazio publikoa lehenik eman eta gero ukatu egin zitzaiola. BEEren eta Creutzfeldt-Jakob Gaixotasunarekiko balizko loturak zeresana eman behar dute oraindik ere, eta agian egunen batean Alan Ebringer doktorearen ikerketak medikuntza eta osasungintzako eskuliburuetan idatziko dira.

Halabeharrak nahi izan zuen animalien eritasun kontuetan sartzea immunologian Londresko King’s College unibertsitatean egindako lanengatik ospea duen medikua. Frantzian jaio, australiar herritartasuna eduki eta azken 35 urteotan Ingalaterran ari den mediku eta ikertzaile honek bizia pasatu du immunologiarekin lotutako gaixotasunak aztertzen. Erretreta bitartean –gaur 71 urte ditu– Alan Ebringerrek gaixoak artatu ditu Londresko Middlesex Hospital-eko Erreumatologia sailean eta klaseak eman King’s Collegen, horko ikerketa talde baten buru ere badelarik. Emaitzarik ikusgarrienak Espondilitis Ankilopoietikoa izen bitxia daraman artritisarekin lortu ditu.

Alan Ebringerrek Espondilitisaz gain, Artritis Erreumatoidea, Esklerosi Anizkoitza eta hesteetako Crohn gaixotasunaz aldizkari zientifikoetan plazaratu dituen lanek zerrenda luzea osatzen dute. Baina ez zen animaliez okupatzen. Behi gaixoen arrastoan bere irakasle izandako John Pirt mediku mikrobiologo zaharrak –berriki hila da– jarri zuen, Ebringerrek publikoki aitortu duenez.

Bigarren Mundu Gerrako heroia eta mikrobiologian aitzindaria zen Pirt egun batean bere sorterri Galestik atsekabetuta itzuli omen zen Londresera, oharturik han laborari batzuk desesperatuta beren buruak hiltzen ari zirela, bizi osoan landutako ukuiluak hondatu eta hain maite zituzten aziendak akabatzen ari zitzaizkielako. Bi ikerlarien artean lehen ere hitz egina zuten behi eroen gaixotasunak eta ardikien Scrapie delakoak badutela gizakiaren Esklerosi Anizkoitzaren antza, Pirt doktoreak Ebringerri erregutu omen zion sakontzeko gai horretan, baserritar masakratuekiko errukiz.

Behikien gaitza 1986an identifikatu zen lehenbizikoz, West Sussex konderri ingelesean. Behikiak dardarka hasten ziren, atzeko zangoak paralizatuta, aurrekoak ikaraz, zutik egon ezin eta lurrera eroriz, burua galduta... Behien Entzefalopatia Espongiforme (Bovine Spongiform Encephalitis ingelesez, BEE euskarazko sigletan) izenez bataiatu zuten, eritutako behiki haien burmuinak belakien antzo zulatuta egoten direlako. Halaxe edukitzen dituzte gizakien Creutzfeldt-Jakob Gaixotasun (CJG) ikaragarria daukaten pertsonek ere.

Hasieran, gero eta behi ero gehiago azalduz zihoazen heinean, nahasmendua izan zen albaitari eta ikerlarien artean, baina laster nabarmendu zen aziendak elikatzeko pentsu kutsatuan zegoela akatsa. Zekorrei janaritan proteina gehiago emateagatik, pentsugileek hiltegietako hondakinak nahasten zizkieten –proteina begetalak baino merkeagoak zirelako– eta horiek jateagatik kutsatu ziren abereak. Hiltegietako hondakinetan badira gai toxikoak desegitekotan oso tenperatura handitan egosi behar direnak, eta segurtasun neurri hori ez betetzean zetzan arazoaren sorburua. Azken finean, behiak kanibalismoagatik zeudela gaixo, alegia.

Epidemiari aurre egiteko, berehala debekatu zen behi eta zekor kutsatuen haragia saltzea, eta pentsuak egiteko sistema hori 1990ean galarazi zen Britainia Handian. Aipatzekoa da Espainian askoz beranduago arte baimendu zela. Horregatik gure inguruetan ere behi eroen krisia beranduago abiatu eta beranduago bukatu zen.

Behien gaitza kristauetara pasa ote zitekeen laster hasi zen eztabaidatzen. 1995ean 19 urteko Stephen Churchill gaztea hil zen Creutzfeldt-Jakob Gaixotasunaren aldagai berri batek jota, eta urte horretan beste hiru kasu gehiago ere azalduko ziren. 1996an Londresko Gobernuak bildutako adituen batzorde batek erabaki zuen behi eroen gaitza eta pertsonak hiltzen dituen CJG beldurgarria gauza bera direla eta behien haragi hezurduna edo barrukiak jateagatik kutsa litezkeela gizakiak. Biharamunean, Europak debekatu egin zuen Britainia Handiko behikia inportatzea. Londresko Gobernuak hartu zuen deliberorik zorrotzena: 30 hilabete baino gehiagoko behi, zekor eta idi guztiak –pentsuen kontrola ezartzen hasi baino lehenago jaiotakoak– akabatu behar zirela. Denbora gutxian, bost milioi abere hil eta kiskali zituzten.

Londresek bazuen horretarako motiborik. Britainia Handiak haragia esportatzen du, baina pentsua ere bai. Eta bezeroen artean berriro lasaitasuna zabaldu beharra zeukan. Europako ateak berriro irekitzekotan, animalia-hondakinez “aberastutako” pentsuak galarazteaz gain beste neurri asko hartu zituzten ingelesek, hala nola haragi hezurduna debekatzea –gero Euskal Herrian sagardotegi garaian txuletak direla eta hainbeste hauts harrotuko zuen kontua–, animalia bakoitzaren eta bere haragiaren trazabilitate informatiko berria antolatzea, eta beste.

Emergentzia egoera 2000. urtea arte luzatu zen Britainia Handian. Ofizialki, akabatutako milioika behi eta zekorren kalte-ordainetan nekazariei 1.400 milioi libera esterlina pagatu zitzaien, eta urte hura bitartean 77 pertsona hil ziren CJGaren aldagai berriak jota. Baina –eta hau datu garrantzitsua da– adituek maneiatzen zituzten krisi ereduen arabera, beste milaka pertsonak hil behar zuten ondorengo urteetan. Zergatik? Gizakietan gaixotasunak inkubatzen urte batzuk eraman ditzakeenez, aurreko hamarkadan pentsu kutsatuak abiarazitako mekanismo hilgarriak milaka Creutzfeldt-Jakob Gaixotasun kasu berri sorrarazi behar zituelako.

Baina gertatu da prioiaren defendatzaileek iragartzen zuten epidemia zabaldu ez eta aldiz CJG kasuak gutxituz joan direla. Prioi delakoaren teoriaren aldeko batzuek diote oraindik kasu berriak azalduko direla, CJGaren inkubazio denbora uste baino zabalagoa delako. Baina oraingoz kalkuluak ez dira bete, eta aldiz, badira zientzialariak diotenak prioiaren teoriak –bere gain oinarrituta milioika abere akabatu arren– hutsune handiegiak dituela.

Domina banuela baina... dirurik ez

Behi eroen sorreraz oso bestelako teoria proposatu du Alan Ebringerrek. Mediku eta ikertzaile honek ez baitu sekula onartu abereen epidemiaren oinarrian prioia zegoenik: Ebringerren ustez, BEE gaixotasun immunologikoa da, bakterio batek eragina, eta ondorioz gizakiari ezin zaio kutsatu oso modu berezian baizik. Hori horrela izatekotan, Londresko Gobernuak alferrik akabarazi ditu milioika behi eta zekor.

Ebringer medikuntza akademiko ortodoxoaren barruko ikerlaria izanik –bere proposamenek ez dute zerikusirik inongo medizina “alternatiborekin”–- gehiengoak onartutako iritziei aurre egiteko ez du lotsarik izan sekula. Behi eroen kasuan, zientzialarien gehiengoak kasik aho batez onartu zuen prioi delakoaren teoria, ez alferrik emango zioten 1997an Nobel saria haren aurkikuntza egin zuen Stanley Prusiner doktoreari. Baina Ebringerrek bestelako hipotesi bati heldu zion hasieratik, bakterioren batek piztuarazitako gaitz immunologikoaren hariari hasi zitzaion tiraka.

Ikerketa lerro honek eduki behar zuen itxura onik, zeren eta Ingalaterrako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAFF ingelesezko sigletan) ikerketan sakontzeko agindua eta dirua eman baitzizkien King’s Collegeko aditu hauei, 1997an eta berriro 1999an. Ikerketok 234.260 libera esterlina kostatu ziren.

Azken finean, King’s Collegen beste gaixotasun immunologiko batzuetan onartuta dagoen eskema ari ziren aplikatzen: gaitza abiatzen da halako izaera genetiko jakin bat daukan pertsona edo abereari kanpoko beste agenteren batek –dela bakterio, birus edo beste zerbait– gaixotasunaren mekanismoa “piztu” eta abiarazten diolako. Behi eroen kasuan, hainbat bakteriorekin probak egin ondoren, ohartu ziren lurzoruan eta usteldutako gaietan datzan Acinetobacter bakterioak ematen zuela soluzioa.

Hori ondorengo ikerketek konfirmatuko balute, behi eroen gaitzaren eta gizakien CJGaren oso bestelako interpretazio baten aurrean geundeke. Prioiaren teoriak dio proteina eraldatu berezi bat den horrek animaliari gaixotasuna eragiten diola bere nerbio sistema kaltetuz, eta horren haragia janez prioia gizakiari pasatzeak sortzen diola CJG. Aldiz, bi gaixotasunak immunologikoak baldin badira eta Acinetobacterrek piztuaraziak, posible litzateke batetik behiak gaixoturik ote dauden testeatzeko sistema antolatzea –denak akabatu gabe–, eta bestetik gizakiak ezingo luke gaitz hori haragia jateagatik bereganatu. Eskema honetan, kutsatzeko bide bakarra litzateke gaixotutako aberearen burmuina gizakiari injektatzea. Horrela sortu zitzaien CJG ikaragarria Frantziako ehunka gaztetxori, gizakien burmuinez –Bulgariatik ekarrita eta osasun bermerik gabe– egindako Hazteko Hormona injektatu izanaren ondorioz.

Hasieran MAFF Ministerioan oso begi onez ikusi zituzten Ebringer eta bere taldearen emaitzak, arazo larri bat ulertu eta agian konponbidean jartzeko soluzioa planteatzen zutelako. Ikerlariok gainera aurreratu zuten hurrengo fasean behiak eta zekorrak BEE zuten ala ez testeatzeko sistema abiarazi nahi zutela.

Baina laster okertu ziren gauzak. 2001ean Ministerioak King’s Collegeko taldeari ukatu egin zion bere lanarekin aurrera segitzeko eskatutako finantziazioa, eta bertan behera geratu zen beste bost urtetarako lana zeukan ikerbidea.

Euskal Herriraino apenas iritsi den gaurdaino horren guztiaren albisterik. Gaztelaniazko komunikabideetan ez zuen izan oihartzunik kontu honek. Frantziakoetan zerbait bai, eta besteren artean Paris-Match astekariak elkarrizketa egin zion Ebringer doktoreari; kazetariari erantzunez, honek argi eta garbi adierazi zuen bere ikerlanetan oinarrituta Britainia Handiko Gobernuak alfer-alferrik akabatu zituela milioika abere haiek, gaitza immunologikoa zela eta ez kutsakorra, eta gizakiak jan zitzakeela haien haragiak. Frantzian bazeukan eta badauka garrantzia gai honek, esku artean erabili dutelako urte horietan zer egin beren artaldeetako askorekin ardien Scrapie eritasuna dela eta.

Britainia Handiko komunikabideetan bai eskaini zitzaion, krisiaren garaietan, lekua Ebringerrek proposatzen zuen ikerketa ildoari.

Ingelesez, Daily Telegraph egunkariak honela aurkeztu zuen 2000n Ebringerren lanaz egin kronika: “Haragiaz ez dago panikatu beharrik, aldarrikatzen du doktore ‘errebeldeak’ BEE dela eta”. BBC News guneak: “BEE beharbada ez da sekula arriskutsua izan gizakiarendako”. Irlandako Irish Timesek: “Creutzfeldt-Jakob Gaixotasunak haragiarekin zerikusirik ez duela diote”. Eta New Scientist aldizkariak: “Lurreko bakterio batek abiarazi ditzake bai BEE eta bai Esklerosi Anizkoitza”.

Luze eta sakonenik honetaz Magnus Linklater kazetari eskoziarrak idatzi izan du, The Times egunkarian. Badu kronika luze eta argitsu bat The theory no one wants to hear (Inork aditu nahi ez duen teoria) izenburupean. Aipatu artikulu horien denen loturak, Magnus Linklaterren artikuluaren euskarazko bertsio laburtua eta Alan Ebringerrek MAFFeko aditu taldeari aurkeztu zion txostena euskaratuta aurkituko ditu nahi duenak www.izorrategi.org/ebringer gunean.

Prentsan publikatu zenarekin batera, zenbait parlamentarik galdera egin zioten ministroari Londresko Behe Ganberan. Erantzunean, ministroak publikoki goraipatu zuen Ebringer doktorearen balioa, eta ukatu egin zuen dirulaguntzak etengo zitzaizkionik. Luzapenetan sartu zen... eta luzapenetan galdu zen dirua, noski.

Hori 2001ean gertatu zen... eta urte horretan bertan –horra paradoxa- Britainia Handiko Royal Society for the Promotion of Health erakundeak (Osasunaren Sustapenerako Elkarte Errealak) urtero ematen duen Donaldson Gold Medal edo Urrezko Domina eman zion Alan Ebringerri. Michael of Kent printzesak eman zion saria eskura.

Domina izendatu zion epaimahaiak honela justifikatu zuen ebazpena: “Batzorde Sariemaile honi deigarri egin zaio Ebringer irakaslearen lanek dauzkaten zurruntasun zientifikoa eta pentsamendu originala”, espresuki aipatuz aurreko zazpi urtetan Ebringer profesorea aritu zela Behien Entzefalopatia Espongiformea aztertzen. Domina ospetsua merezi zuen lan zientifikoak, baina ez, aldiz Britainia Handiko Gobernuaren dirurik ikerketan urrats berriak emateko. Milioika abere kalitu, milaka abeltzainen bizimodua errotik aldatu eta haragi sektorearen birmoldaketa basatian milaka milioi gastatu ondoren egia ofiziala auzitan jartzea askorentzako deserosoa zelakoan, akaso.

Argia uda honetan Londresen egon da Alan Ebringer doktorearekin. Gai hauetaz galdetutakoan inolako odol txarrik gabe eta ironiaz erantzun du. Gizon argia bera, zorrotza eta aldi berean harreman errazekoa, aurrerapen eta aurkikuntza zientifikoetan –berak egindakoetan ere bai– kasualitateak daukan garrantzia irribarrez aitortzen dakiena.

Argiako kazetari honi eta mahaian berekin bildutako bi lagunei behi eroen gaixotasunaren inguruan urteotan berak taldearekin aldizkari zientifikoetan publikatu dituen dokumentuak atera zizkigun mahaira medikuak. Horiekin batera, inprimagailutik ateratako agiri bat oparitu zigun. Izenburuan Creutzfeldt-Jakob Disease Surveillance in the UK dio eta lehen orrian irakur daiteke 1999ko zortzigarren informea dela, Edinburgoko Western General Hospital eta Londresko London School of Hygiene and Tropical Medicine erakundeek publikatua. CJG zeukaten pertsonen janari ohiturak aztertzearen emaitzak biltzen ditu, eta horien artean ondorioen atalean dio ikerketan ez dutela aurkitu CJG berriaren eta hori daukaten gaixoen elikaduraren arteko loturaren frogarik.
Esan gabe doa Ebringer doktorearen ikerketa lerroari haizea ematen ziola Edinburgoko medikuen agiriak. Baina... hamabost egunez Interneten egon ondoren, betiko desagertu zen saretik. Nork eta zergatik kenduta? Hau argitzeko King’s Collegeko mediku zaharrak jakintsuaz gain detektibe izan beharko zukeen.

Aurkituko ote dute Alan Ebringerren ikerketetan beren intereserako pista berririk behi eroen gaixotasunaz edo ardien Scrapiez kezka duten laborariek? Eta Creutzfeldt-Jakob Gaixotasuna edo Esklerosi Anizkoitza dauzkaten pertsonek? Hala balitz, zorionekoak lirateke, Ebringerren ikerlan ia ezkutatuetan Espondilitis Ankilopoietikoa kontrolatzeko laguntza aurkitu duten mundu osoko ehunka edo milaka gaixoak bezainbat. Baina Espondilitisaren historia ezkutua, Argiaren hurrengo zenbakian bilatu.

http://www.izorrategi.org/ebringer helbidean gai honi buruzko informazio gehiago, tartean Ebringerrek Londresko Gobernuari BEEz aurkeztutako txostena euskaratuta.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
Giza Eskubideen Batzordera eraman nahi dute eskola-segregazioaren gaia

Eskola-segregazioa hezkuntzatik harago gizarte osoa inplikatzen duen gaia dela eta giza-eskubideak urratzen direla sinetsita, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agerraldia eskatuko du Steilas sindikatuak.


2018-10-15 | ARGIA
Bederatzi hilabeteren buruan, erretretadunek mobilizatzen segitzen dute astelehenero

Hego Euskal Herrian eta Espainiako estatuan milaka pentsiodun mobilizatu dira beste astelehen bat gehiagoz bizi baldintza eta pentsio duinak aldarrikatzen. Gaurko mobilizazioekin bederatzi hilabete osatu dituzte, astelehenik huts egin barik.


2018-10-15 | Errigora | ARGIA
Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara

"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren bidez, Errigorak 2013tik 2018ra 800.000 euro bideratu ditu Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Errigoraren sorreratik bost urte igarota, atzera begiratu nahi izan du diru horrek zertarako balio izan duen ikusteko. Bideo honetan jasotzen da ibilbidea:


2018-10-15 | Iņigo Igartua
Bestelako Bilbo aldarrikatu dute Hamaika Botxo egunean

Bilboko herri mugimenduek indar erakustaldia egin du asteburuan udaletxe parean, udalaren hiri hegemonikoaren ereduari aurre egiteko. Argazki galeria osatu dugu honako albistean.


Defentsek bi epaile arbuiatu dituzte, Altsasuko liskarretik bi urtera

Jada 700 egun daramatzate preso Adur, Jokin eta Oihanek, eta preso dauden zazpiei omenaldia egin zaie asteburuan. Gazteen defentsaren abokatuek apelazio helegitea  aztertu behar duten hiru epaileetatik bi errekusatu dituzte, besteak beste, Guardia Zibilak kondekoratuak direlako.


2018-10-15 | Zero Zabor
Eskandalua Paris-Ivryko erraustegian: baimena eman duen ministrordea erraustegien patronalekoa da

La France Insoumise mugimendukoa Mathilde Panot diputatuak salatu du: Paris metropoliaren XIII. eremuan Ivryn dagoen erraustegia –Europako handiena– zaharberritzeko baimena eman duen ministroa Veolia errausketa eta hondakinen kudeaketako konpainia erraldoiaren zuzendaritzan egon da Emmanuel Macronek Trantsisio Ekologikoko estatu idazkari izendatu artean.


2018-10-15 | ARGIA
Errefuxiatuen aldeko kanpaldiarekin jarraitzea erabaki dute Bilbon, Udaltzaingoak igandean hustu arren

Astelehen goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi dute kanpaldiarekin jarraituko dutela asteazkena arte, nahiz eta igande gauean Bilboko Udaltzaingoak hau hustu. "Kanpingak berriro ere kentzen badizkigute, herritarrei eskatuko dizkiegu". Igande gauez hustu zuen gunea Bilboko Udaltzaingoak, 22:00 aldera. OEEk (Ongi Etorri Errefuxiatuak) jakinarazi duenez, Hiritarren Segurtasun zinegotzi Tomas del Hierroren aginduz esku-hartu dute agenteek, nahiz eta deialdia legezkoa izan.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude