ikusle ororentzako zine gehiegi dago"" /> "Inork ikusten ez duen <em>ikusle ororentzako</em> zine gehiegi dago"

"Inork ikusten ez duen ikusle ororentzako zine gehiegi dago"

  • Jaberik gabeko arima. Horixe dateke Tinieblas González egiten ari den filmaren izenburua –Alma sin dueño (ASD)– euskaratzeko modurik egokiena. Ia osorik Bilboko Metroan filmatu ostean, efektu bereziak txertatzen dabiltza orain, piztia eta guzti. Badirudi, hortaz, arima inori saldu nahi ez liokeen Tinieblasek pelikula luzea burutu ahal izango duela azkenik, saiakera antzuren bat edo beste abiatu ostean. Data zehatzagorik ezean, behintzat ziur esan daiteke datorren urtean eramango dutela aretoetara ASD, ekoiztetxeak crossover generokotzat aurkeztu duen lana. Nerabe beldurtuak nerabeen gozamenerako. Nahiz 34 urtekoak izan.
Tinieblas Gonzalez
Tinieblas GonzalezJuanan Ruiz (Argazki Press)
Ourensen jaioa orain dela 34 urte, eta Alemaniara eramana hiru hilabete zituela, “baina arabar”. Laudiotar eta gasteiztar, zehazki. Urduña izan zuen, ordea, aurreneko bizilekua Euskal Herrian. Gazte nabarmendu zen zinegintzan zenbait film laburri esker; txalo adina sari jaso dute haren lanek. Tantaka emandako lanak, bidenabar. Bere lehenengo film luzeaz hitz egiteko aitzakiak elkartuta, bestelako gaiak jorratu ditugu lehenik.

Tineblas duzu benetako ponte-izena, ez da goitizena…


Hala da. Arazoren bat edo beste neukan gurasoekin; aitaren izen berbera neukan, eta hori saihesteko, aldatu egin nuen. Dena den, hiru urte neukanetik denek esaten zidaten Tini, eta lagun bat Tinieblas deitzen hasi zitzaidan. Hemeretzi urte nituela, izen hori hartu nuen lehengoaren ordez. Jarrera punkya izan zen.

Oraindik baduzu jarrera hori, ezta?


Orain lasaiago nabil, 34 urterekin ez da izaten 19 zenitueneko jarrera bera, baina bai, egia esan…

Izena, estetika… zeure asmoak iragartzeko modua dira?


Nire izaera da. Erosotasunagatik eta ohituragatik janzten naiz honela, dagoeneko ezin dut neure burua beste inola irudikatu. Ez zait iruditzen janzteko era arrunt bakarra dagoenik; pentsamolde hori gizarte honetan dugun gauzarik tristeenetakoa da. Baina bestalde, seguruenik egia da janzkerak lagundu egiten duela nortasunaren berri ematen.

Janzteko moduaz ari gara. Berdin hitz egin genezake pentsatzekoaz?


Bai, nire pentsamoldeek antz handia dute ematen dudan irudiarekin. Irudi hori modu okerrean epaitzen ez bada behintzat… Janzkera zerbait adierazteko modua da, ez zaitu berez pertsona okerragoa bihurtzen. Beharbada, nik gauzak adierazteko dudan era ozenegia da, eta horrexegatik, nire janzkera deigarriagoa.

Egin diezaiogun bistadizoa zure filmografiari. Orain arte, film laburrak baizik ez.


Bai, luze bat egiteko ahalegin bat barne, Andrés Vicente Gómezekin. Beharbada ez dut gauza gehiegi egin, baina horiek zaindu egin ditut, indarra eduki zezaten eta desberdinak izan zitezen saiatuz. Batik bat, desberdinak izan zitezen.

Izan ere, zure izena lantzean behin baino ez dela agertzen esan daiteke.


Bai. Niri, besterik ematen badu ere, itzalean egotea gustatzen zait. Garai lasaietan, idazten nagoenean… ez dut egur emateko gogorik izaten. Filmatzen nagoenean baino ez.

Askotan, zu aurkezteko espainar zineko enfant terriblea, bad boya eta halako esamoldeak erabiltzen dira.


Uste dut enfant terriblea Juanma Bajo Ulloa dela, eta ni bad boya, kar, kar…

Baina hori, promozio hutsa da, edo zer da?


Ez, zenbait zuzendariren benetako iraultza da. Eta ez dut uste enfant terriblea neu naizenik; Juanma Bajo Ulloa dago aurrena; zuzendari handia eta nire begirunea duen laguna. Bera borrokatu da gehien gauza desberdinak egiteko, berak zabaldu du ate gehien, berak hartu makilkada gehien… Nik ez daukat neure burua enfant terribletzat. Zinea aldarrikatzen dutenetako beste bat baino ez naizela esango nuke.

Zine mota jakin bat?


Genero-zinea. Beharbada hori da ni gehien bereizten nauena: genero-zuzendaria naiz guztiz.

Zure lehenengo film luzea egiten zabiltza azkenik. Komunikabideen aurrean Bilbon egindako aurkezpenean, borroka latza egin behar duzula adierazi zenuen.


Bai. Diru falta, bitarteko falta... Eta hala ere, pelikulari benetan gastatu dugunaren halako bost gastatu izanaren itxura eman nahian. Horretan suertea eduki dugu: Metroa, Bilbo hiria bera… Bestela, ezin izango genukeen pelikula egin. Madrilgo metroan filmatzea, esaterako, 6.000 euro kostatzen da eguneko, lau orduko saioak eginez. Bilbon zazpi orduz jarduteko aukera eduki dugu, eta ezer ordaindu gabe, Metroaren eta Udaletxeko Bilbao Film Comission-en arteko akordioari esker.

Protagonistak nerabeak dira. Ikusleak ere hala izango dira?


Pelikularen berezko targeta 15 eta 25 urte bitartekoa izango da. Horrez gain, genero hori gustuko dutenek ikusteko modukoa izango da, adina edozein dutela ere. Genero-filma da batez ere. Nik hala diseinatu nuen, eta horretan zuzen nabilelakoan nago; ikusle ororentzat eginda dagoen eta inork ikusi nahi ez duen zine gehiegi dago, espainiar zinea batez ere. Ni generozalea naiz, eta beti pentsatu dut Japoniako, Alemaniako, Frantziako… edozein herrialdetako zinea kontsumitzen badut, atzerrian ere genero horretako zinea kontsumituko dutela, edonon egindakoa izanagatik.

Targeta 25 urtera artekoa dela diozu, baina zuk aspaldi ganditu zenuen adin hori. Aspalditik zeneukan pelikula hau egiteko asmoa, ala?


Nik, zinea ikustean, adin horrekin egiten dut bat, 34 urte eduki arren. Ez ditut gustuko moralinadun filmak, egile-filmak, 30 eta 40 urte bitarteko jende moderno eta adimentsuarentzat egindakoak; alegia, bizitzaren errealitatea zinean ikusi nahi omen duen jendearentzat. Izugarri gustatzen zaie pelikula batean ume txiroak agertzea, baina benetakoak ikusten dituztenean aldendu egiten dira, beste alde batera begiratzen dute. Nik ez dut moralinarik eman nahi, nik jendearen gustukoa izango den pelikula bat egin nahi dut. Hori da abiapuntua. Batzuek artea egin nahi dute, baina ni ez naiz artista, ez daukat neure burua artistatzat, ni sortzailea naiz. Eta uste dut egiten dudan pelikulak jendearentzat izan behar duela. 15 eta 25 urte bitartekoentzat egiten badut, eta adin horretakoak aretoetara badoaz pelikula ikustera, nire lana ondo betea izango da. Bestela, porrota izango da.

Aurrestreinaldia Los Angelesen eta Bilbon egiteko asmoa duzue… Bilborekiko zorra kitatu nahi?


Ez da zorragatik, “etxean nago eta ondo nago” esateko modu bat da. Nire lan guztiak, bideo-klip bat izan ezik, Euskadin filmatu ditut. Hemen gustura egiten dut lan, jendea laguntzeko prest egoten da beti. Zergatik beti Madrilera joan behar, zergatik beti irentsi? Laguntza jasotzen jarraitzen badut, Euskadin filmatuko ditut neure pelikula guztiak, ahal dela. Nahiz eta honako hau Madrilen girotuta dagoen, hara.
ikusle ororentzako zine gehiegi dago"" src="https://www.argia.eus/template/responsive/images/mastodon-botoia.png">

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude