Gontzal Fontaneda

"Nahasteko baino ez du balio subjektuak"

  • Gasteiztarrak euskara aztertu, ikasi eta irakasteko metodo heterodoxoa idatzia du. Esate baterako, subjektua haizea hartzera bidali behar dela dio. Beste hizkuntzetako gramatiken arauei begira omen gabiltza eta horrela euskara zaila dela esatea ez omen da harritzekoa.
Onintza Irureta Azkune @oirureta
0000ko ren 00a
Gontzal Fontaneda
Gontzal Fontaneda gasteiztarrak euskara aztertu, ikasi eta irakasteko metodo heterodoxoa idatzi du.Jaizki Fontaneda
Gontzal Fontaneda (1943) 15 urte zituela hasi zen euskara ikasten Gasteizen, 1958an, eta 24 urterekin euskara irakasten. Irakasle zela ikasleen galderak erantzuten galtza bete lan izaten zuen. Eta beti entzun behar euskara hizkuntza zaila dela beste hizkuntzekin alderatuz. Ez, euskara hizkuntza logikoa, erraza eta egitura argikoa da Fontanedarentzat. Gakoa: ikasteko, irakasteko zein aztertzeko erabiltzen den gramatika metodo okerra omen. Gramatika ofiziala beste hizkuntzen metodoari begira omen dago eta hark euskarari ez dio balio. Hitz bitan ulertzeko: beste hizkuntzak izen sintagmaren eta aditz sintagmaren batasunean oinarrituta daude, euskal aditza berriz, hiru sintagmak jokatzen dute: nor-nori-nork hirukoteak. Subjektuaren bila ibili beharrean nor-nori-nork famatuari egin behar zaiola kasu, alegia. Eta deklinabidearen kontzeptua ere ez darabilgu ondo; Fontanedaren ustez euskarak izenak ez ezik aditzak ere deklinatzen ditu.


Nola ikasi zenuen euskara?


Araban bazen Araiako Urrestarazu [Andoni Urrestarazu, Umandi, 1902-1993]. Euskaltzale fina zen eta gramatika bat egin zuen, nolako gramatika! Oraciones objetivo-pronominales, alegia, lehen ez zegoela nor-nori-nork. Urrestarazuren hiruzpalau ikasle Gasteizen zortzi bat ikasleri irakasten hasi ziren. Horrela hasi nintzen ni.

Urrestarazuren gramatikarekin hasi zinen orduan.


Gero azaldu zen nor-nori-nork, Elvira Zipitriaren bidez. Estibalizko priorea bere ikaslea zen, nire adiskidea eta liburuxka bat idatzi zuen: Nor-nori-nork el secreto del verbo vasco. Nire ustez nor-nori-nork ez da aditzaren sekretua bakarrik, perpausaren ardatza baizik, aditza jokatzeko gogoan izan behar duguna. Subjektua zein den jakiteak ez dio axola, aditza eratzeko balio ez duelako. Jendea nahasteko baino ez du balio subjektuaren kontzeptuak.

Noiz konturatu zinen hortaz?


Irakasle nintzela. Ikasleak irakasleari galderak egiten dizkio eta ai-ai! Horrela sortu zitzaidan kezka. “Zergatik da euskara horren zaila?” diote ikasleek eta horretara heldu nintzen: guk latinezko gramatikan ikasi eta irakasten dugu gramatika horrekin zerikusirik ez daukan hizkuntza.

Ikasleen bultzadaz landu zenuen beraz teoria hori.


Galdera batzuentzako erantzunik gabe geratzen nintzen. “Zergatik erabiltzen dut hemen naiz eta hemen dut?”. Pentsatu eta pentsatu horretara iritsi nintzen: euskara bestelakoa denez gramatika ere bestelakoa dauka. Hori oso heterodoxoa da, gramatika ofiziala latinaren munduan baitabil.

Gaztelaniak, frantsesak eta Europako gainerako hizkuntzek gramatika egitura berdina al daukate?


Ezagutzen ditudan hizkuntza guztietan, ingelesa, errusiera, italiera, frantsesa, katalana..., aditza subjektuari begira dago. Subjektua eta aditza, eta besterik ez. Euskaraz ez. Euskaraz nor, nori eta nork aldatzen direnean aditza aldatu egiten da. Orduan, zein da subjektua? Bost axola! Inportanteenak aditza jokatzen duten elementuak dira.

Jendeak dio beste hizkuntzekin alderatuta zaila dela euskara.


Nire ustez ez. Eman dezagun aleman batek gaztelania ikasi nahi duela eta Madrila joan dela. Ikasgelan eseri eta irakasleak esan du: “Orain amar aditza ikusiko dugu. Yo amo, tu amas...”. Imajinatu irakasleak dioela: “Orain esadazue zein diren nor, nori eta nork”. Horrek ez luke zentzurik ezta? Guk, hain justu, alderantzizko galdera egiten dugu: zein da subjektua? Zertarako subjektua? Gaztelania irakasteko nor-nori-nork irakastea txorrada handia da eta guk subjektua ikastea beste hainbeste.

Euskal euskara metodoa landu zenuenean beste irakasleen laguntzarik izan al zenuen?


Bakarrik hasi nintzen. Frankismoaren azken urteetan irakastalde handia sortu genuen hemen eta diru pixka bat lortu genuenean geure ikasliburua egin genuen. Irakasleei planteatu nien neure ideia, subjektua baztertu eta nor-nori-nork erabiltzea, eta baietz esan zuten. 1981ean AEK eratu zen eta metodo berriekin nirea ahaztuta geratu zen. Baina lau urtetan eman genituen klaseak eta inork ez zuen “aita esan du” esaten. Nire ustez funtzionatu egiten du.

Irakasle lanak utzi zenituenetik ikaslerik izan al duzu?


Beti daukazu laguntza behar duen ilobaren bat edo adiskideren baten seme-alabaren bat IVAPeko hizkuntza eskakizuna prestatzen ari dena. Zailtasunen aurrean neure ikuspegia eman diet eta ondo moldatu dira, gramatika ofizialeko nahasketarik gabe.

Euskaltzaindiari aurkeztu zenion metodoa.


Nire ustez ez zuten irakurri. 1975ean, euskara titulu bat atera nahi nuela medio tesina bat idatzi behar nuen eta pentsatu nuen horri buruz idaztea, web gunean dudanari buruzko laburpena, alegia. Bidali nuen eta titulua eman zidaten, ez dakit ordea irakurri zuten, inork ez zidan esan ondo ala gaizki dagoen.

Ez al duzu kontrastatu adituren batekin?


Ez. Euskaltzaindiako Gramatika Batzordera bidali nuen lana eta erantzun didate lan hori egiten aritzea interesgarria dela, baina beraiek beste modu batera egiten dutela lan. Alegia, “segi zeure bidean” esan didate. Nire lanaren heterodoxotasuna ikusita badakit Euskaltzaindiak orain ez duela dena hankaz gora jarriko! Alabaina, oso kritika gutxi egin didate eta hori gauza txarra da.

Kontrastatzea nahiko zenuke.


Elkar-eko editore bati kopia bat eman nion eta hark aditu bati. Aditu horren kritika badaukat eta gauza batzuetan arrazoia zuen eta aldatu egin ditut gauza batzuk eta beste gauza batzuetan tinko nago. Baina bi kritika baino ez ditut jaso eta web gunea izan arren oso urri idatzi didate.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-18 | I˝igo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


Bideobigilantzia ala askatasun politikoen defentsa Eunaten

Datorren martxoaren 21erako baterajotze nazionala deitu du Iruñerriko Autodefentsa Sareak. Euskal Herrian zabaltzen hasia da manifestaziora bertaratzeko deia, eta horrekin batera, Eunate ikastetxetik zein hezigune guztietatik bideobigilantzia kamerak kentzeko beharra. Ikasturte hasieran jarri zituzten kamerak Eunaten, bertako ikasleen, gurasoen eta langileen oniritzi gabe. Gainera, Ikasle Mugimenduak salatu duenez, ikasleen askatasun politikoen –jardun politikoa normaltasunez... [+]


2019-03-17 | ARGIA
Bi pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak Zarautzen, etxegabeen neguetxea irekitzearen aldeko kontzentrazioan

Manifestari bat eta kazetari bat identifikatu dituzte larunbatean, etxegabeen aterpea ireki ez izana salatzeko udaletxearen aurrean eginiko kontzentrazioan. Udalaren "utzikeria" salatu eta honela adierazi dute igandeko prentsaurrekoan: “Geratzen zaigun aukera bakarra arazoari geuk heltzea eta kolektiboki erantzutea da”.


2019-03-17 | Mikel Asurmendi
Pierre ProuvŔze
"Oraindik ere sentitzen dugu kriminalizazioa, bai etorkinekiko bai herri gutxituekiko"

Camarade curé filma euskal preso politikoei eskainia da, Kanboko Lorentxa Beyrie presoari bereziki. Urtarrilean estreinatu zen Donibane Lohizuneko Le Sélect zinematokian. Martxoan, Donapaleu, Donibane Garazi, Donibane Lohizune, Kanbo eta Maulen emanen dute berriz ere. Pierre Prouvèze egilea elkarrizketatu dugu kari horretara.


2019-03-17
Pierre ProuvŔze (Lyon, 1948)

Marseillarra da. Irakasle aritu da 37 urtez. Irakastea izan da bere leitmotiva. Musikak eman dizkio irakaskuntzaren zentzua eta bizitasuna. Ez du bizitza ulertzen musikarik gabe. Kantuak berriz, Camarade Curé dokumentalaren egilea izatera ekarri du.


2019-03-17
Gazte ikaragarriak

Bertsolarri lelopean, izuaren gaua antolatu zuten 7Katu gaztetxekoek Bertso Erronda txapelketako finalari ongietorri beldurgarria egiteko. Heriotzarekin lotutako mozorroak, armiarma-sareak hormetan behera, soinu misteriotsuak... bederatzi finalista gazteek panorama hori aurkitu zuten agertokira igo eta berehala. Gaitzerdi, beraiek ere mozorrotuta etorri ziren.


Lute como Marielle

Martxoaren 14an urtea bete da Marielle Franco Rio de Janeiron tiroz hil zutela.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude