Santoña gudarien azken geltokia

  • Ez da gai erosoa gudari izandakoentzat, ezta Eusko Jaurlaritzaren buruzagientzat ere. Urte askoan gai tabua izan zuten, batzuek eta besteek, Laredo eta Santoña arteko padura nahiz hondartzetan gertaturiko errendizioa. Zergatik baina? Aldez aurretik italiarrekin izandako hartu-emanak, Errepublikaren aldeko kideei bizkarra emanez burutu zituztelako, eta frankistek italiarren txanda hartu zutenean ankerkeriaz jokatu zutelako.
El Duesoko (Santoña, Kantabria) kartzela
Bilbo galdu zenetik Santoñako errendiziora arte bi hilabete luze igaro ziren. Nahikoa denbora Bizkaitik ateratako batailoiak berrosatzeko, eta baita hauek Iparreko Armadaren barruan kokatzeko ere. Madrilgo frontean, errepublikanoek Bruneteko borrokaldia hasi zuten, eta ondorioz frankistek bertan behera utzi behar izan zuten penintsula iparraldeko erasoa, aurreko hilabeteetan Madril inguruan bereganatu zituzten posizioei eusteko. Baina uztailaren erdialdean Bruneteko eginahala amaituta, berriro iparrean jarri zuen Francok bere armadaren jomuga. Uda amaitu baino lehen nahi zuen akabatu Kantabrian eta Asturiasen zeuden fronteekin, jakinik, negua iritsiz gero, eskualde horietan zeuden mendateak igaro ezinak izango zirela.

Bruneteko erasoaldiak emandako arnasa aprobetxatuz, Mariano Gamir Ulibarrik Iparreko Armada berrantolatu zuen hiru multzotan: XIV.a izeneko multzoan euskal armadan ibilitako batailoiak sailkatu zituen, XV.ean Santanderrekoak eta XVI.ean Asturiaskoak. Guztira 120.000 lagun inguru mobilizaturik.

Politikari dagokionez, Santander eta Asturiasko defentsa batzordeei Euskaditik alde egindako Eusko Jaurlaritza gehitu zitzaien. Kontseilari batzuk –Nardiz, Leizaola, Gracia…– ebakuatze kontuez arduratu ziren bitartean, Monzon eta De la Torre Santanderren geratu ziren Agirre lehendakariarekin batera, hiriburu hori frankisten esku erortzear egon zen arte. Dena den, politikari horien eraginak ez zuen zerikusirik Bizkaian izan zutenarekin. Eusko Jaurlaritza oso ahulduta zegoen politikoki eta agintari militarrek agerturiko irizpide guztiak onartu behar izan zituen. Erabat alferrikakoak izan ziren, esate baterako, Agirrek Azañarekin, Prietorekin, Negrinekin eta Yvon Delbosekin izandako elkarrizketak, itsasoz eta Frantzian barrena gudariak Kataluniara eramateko asmoaren inguruan. Buruzagi horiek guztiek Agirreren ekimena berehala baztertu zuten eta lehendakaria esku hutsik bueltatu zen Santander aldera. Ildo beretik, eta Santanderren aurkako erasoaldia gori-gori zegoela, arras esanguratsua izan zen Agirrek berak agintari politiko eta militarrekin egindako goi-mailako bilera baten ostean esandakoa: militarrei men egitea besterik ez zela geratzen, alegia.

Egoera zailean, soka luzeko hartu-emanak

Testuinguru horretan uler daiteke EAJko Euzkadi Buru Batzarreko arduradunek sustatu zuten bide negoziatzailea, Santoñako kapitulazioan amaitu zena. Gerra hasieran hainbat negoziazio saio izan ziren, baina guztiek porrot egin zuten. Aitzitik, Bizkaiaren aurkako erasoaldi betean, EAJko buruek egokitzat jo zuten Italiako diplomatikoen bitartez bake-errendizioaren bidea aztertzea. Negoziazio hori Pantaleon Ruiz de Olano eta Alberto Onaindiaren eskutan jarri zuen EBBko burua zen Doroteo Ziaurrizek –Onaindiak lehenagotik kontaktuak izanak zituen Donostian Italiako kontsula zen Cavallettirekin–. Bide berean jarri zuen Ziaurrizek Juan Ajuriagerra, agintari militar italiarrekin hitz egin zezan. Horrela, Bilbo erori baino lehen hasi ziren hartu-emanak, baina uztailaz geroztik areagotu egin ziren nabarmen.

Ordurako euskal armadaren egoera ez zen batera egokia borrokan jarraitzeko. Izan ere, lehenengo Bilbon eta Barakaldon geroxeago, batailoi zenbaitek amore eman eta gatibu geratu ziren. Beste batzuk, giza galera dezenterekin, Karrantza eta Muskiz atzean lagata sartu ziren Kantabrian, eta Iparreko Armadan izandako berregituratzeak harrapatu zituen. Ondorioz, hainbat batailoitako gudariak beste talde batzuetan sakabanatu ziren, eta Eusko Gudarostea desegintzat jo zen, Ipar Armadako XIV. erakundean integraturik.

Bestalde, Bilbo galtzearen gainean eztabaida latzak sortu ziren. Batetik, Jesus Larrañaga buruzagi komunistak salaketa zuzenak egin zituen Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko azken egunetan eramandako politikaren aurka. Bestetik, aginte errepublikanoak kritika gogorrak jaso zituen Ipar fronteari ez laguntzea leporatuta. Abiazioan izandako gabezia erabakiorra izan zen euskal lurra galtzeko, eta askok ez zuten gogorik Euskaditik kanpo borrokan jarraitzeko. Gainera, sentimendu hori ez zen abertzaleetara mugatzen.

Hilabetetan metaturiko nekea antzeman zitekeen miliziano askorengan ere; jota zeuden, eta ordurarte izandako baldintzekin gerrari aurre egiteko gogo gutxi zuten gehienek. Uztailaren bukaerako azken erasoan –Balmasedako Kolitzako baseliza berreskuratzeko egina–, beste porrot bat jasan zuten errepublikaren aldekoek, eta borroka hartan ikusi zuten atzerantz egin edo ebakuatzea baino ez zitzaiela geratzen.

Horrenbestez, ulergarriagoa egiten zaigu Agirrek euskal armadako gudariak itsasoz ateratzeko egindako proposamena. Baina asmo horiek hutsalak izan zirenean, borrokaren ala errenditze negoziatuaren arteko aukera besterik ez zitzaien geratu. Egoera hil ala bizikoa bihurtu zen altxatuek Bruneteko erasoa geldiarazi ostean. Madrilgo frontea kontrolpean zutela, abuztuaren 14an frankistek Kantabriaren aurka egin zuten berriz ere indar handiz. Azkar oso, bi egunen buruan zanpatu zuten nazionalek Reinosa, eta ondorioz Asturiasekin errepublikanoek zuten lotura arrisku bizian jarri zuten. Oldarkeria horren aurrean, agintari errepublikarren artean jarrera ezberdinak azaldu ziren: defentsa esparrua estutuz Santanderri eustea sostengatzen zuten batzuek; beste batzuek, hori ezinezkoa zelakoan, Asturias aldera atzerantz egitea jotzen zuten egokiena.

Santoñako hitzarmena

Abagune zail horretan, Juan Ajuriagerra jeltzaleak elkarrizketak burutu zituen “Manzini” izengoitia erabiltzen zuen Mario Roatta jeneral italiarrarekin. Elkarrizketa horien ondorioz, honako hitzarmenetara iritsi ziren: eusko gudariek ez zuten erresistentziarik eginen eta Italiako legionarioei Santoña-Laredo eskualdeaz jabetzen utziko zieten. Era berean, italiarrak ordena publikoaz arduratuko ziren eremu horretan eta atxilotuen bizitza bermatuko zuten. Horren truke, Italiako ordezkari militarrek errendituriko soldadu guztien bizitzaz arduratuko zirela eta agintariak erbestera joateko baimena izanen zutela hitzartu zuten. Eta errendizio horretan harrapaturiko eusko gudariak gerrako eginbehar guztietatik landa lagatuko zituztela ere agindu zuten faxistek. Hitzemandakoa gauzatzeko abuztuaren 24ko azken ordurarte barkuak Santoñako portura sartu ahal izango ziren, biztanleria zibila eta lehen aipaturiko buruzagi politiko zein militarrak erbesteratzeko.

Horrela, negoziazio horretan adostutakoari helduz, batailoi nazionalistek Santoñara eta Laredora jo zuten. Bizkaiko mugetan zeudenak aise burutu zuten mugimendu hori, baina hegoaldeko mendateetan zeudenak, nabarmenago utzi zituzten beraien lerroak. Hori dela-eta, batailoi nazionalistak burutzen ari ziren maniobra bitxi horren berri berehala izan zuten agintari errepublikarrek. Bistan zegoen: ez ziren defentsan ari, ezta Asturias aldera mugitzen ere. Armada barruko matxinada antzekoa izan zen eta EBBkoek babestua gainera. Izan ere, tropa mugimendu horiek bideratzeko, EBBkoek beraien konfidantzazko gudari buruak jarri zituzten gelditze esparrutan: itsas aldetik Pontarroneraino, Sabin Apraiz; Karrantzaraino, Jose Salegi; eta azken gune horretatik Solaresera, Emilio Uriarte. Era berean, Laredora eta Santoñara batailoiek burutu behar zuten atzeraldia antolatzeaz Alejo Artaza eta Gabriel Arana arduratu ziren.

Bitartean, Juan Ajuriagerra Miarritzetik itzuli zen hegazkinez, Italiako agintariekin adostutakoari Santoñatik jarraipena egiteko.
Berarekin bildu ziren, azken aldiz, oraindik Santanderren zeuden Monzon, De la Torre eta Agirre lehendakaria; baita EBBko kideak ziren Luki Artetxe, Ander Arzelus eta Iñaki Unzeta ere. Ajuriagerrak Roattarekin hitzartutakoaren berri eman zien guztiei. Bilkura hori amaituta, negoziatzaile jeltzaleak hara joateko erabilitako hegazkina –Negus izenarekin bataiatua– Agirrek, Monzonek eta De la Torrek hartu zuten Santanderretik alde egiteko.

Eta zaputzaldia

Gauzak ez ziren nahi bezala atera ordea. Italiako militarrekin adostutakoaren kontra, arratoi-zulo hartatik atera ziren agintarien multzoa ia hutsaren hurrengoa izan zen. Santoñan metatu ziren gudariak eta agintariak erbesteratzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak alokatu zituen 14 barkuetatik bi baino ez iritsi ziren portura –Bobby eta Seven Seas Spree–. Gainera, jendea barkuetara igotzen hasi bazen ere, berehala lehorreratu behar izan ziren, italiarrek emandako kontragindu batera makurturik. Dagoeneko desarmaturik zeuden gudarien barkuratzea eragozteko, italiar artilleriaren bateriak itsasontzien aurrean jarri zituztenean, Santoñako kaietan zeudenak konturatzen hasi ziren hitzarmena betetzea zaila izanen zela. Bigarren zaputzaldia berehala etorri zen. Errenditutako soldaduak babesteko hitza ordu gutxiko kontua izan zen eta babes hori El Duesoko espetxean eta Laredon –bertan irekitako kontzentrazio zelaian– eman zen; baina okerrena heltzear zegoen. Irailaren 4an, Italiako soldaduen menpe zeuden esparru horietan zaindarien txandakatze harrigarria makinatu zen. CTVko legionarioen ordez, soldadu frankistak azaldu ziren bertara. Aski zen hori gatibu zeuden gudariek antzemateko hitzarmenaren maltzurkeria. Italiarren atzetik frankistak zetozen, eta negoziaketa horien jakinaren gainean ere ba omen zeuden espainiarrak gainera. Hilabete eskas beranduago, inolako epaiketarik gabe edo sasi-epaiketen bidez, lehenengo heriotza zigorrak agindu zituzten Santoñako hondartzan. Orduan konturatu ziren faxisten hitzak ez zuela batere balio. Beranduegi baina, Manu Egidazu, Francisco Rabanerarentzat, baita Eusko Gudarosteko burua izan zen Ramon Azkue, edo EBBko kidea izan zen Florencio Markiegirentzat, eta ondoren fusilatu zituzten 500dik gora soldaduentzat ere.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude