Giza ekintza orotako akatsak akats, kooperatiba Talde honek egindako lan izugarria aitortu beharra dago. Onartu beharreko elementurik garrantzitsuena, dena den, hain talde indartsu eta boteretsua izanda ere, dakigunez behintzat, sekula bere baitan eskandalu ekonomiko-finantzierorik gertatu ez izana da. Taldearen agintari gorenek sekula ez dituzte poltsikoak diruz gainezka eduki.
Eta beti ezaugarritzat izan dituzte diskrezioa eta zintzotasuna. Orain, MCCko lehendakaritzako aldaketa horrekin, identitate ikur horiek mantentzea eta hobetzea ere espero dugu. Iragarritako proiektu industrial eta jarduera berri horiek zehazten joatea eta osasuna, energia berriztagarriak edota trenarena bezalako sektore berrietan txertatzea nahiko genuke. Horrek guztiak Euskal Herriko enpleguaren etorkizunari on egingo lioke. MCCk aitorpen soziala merezi du. Gurea badu behintzat.