Orbaizeta-Larraine 2.000 metrotik goiti

  • Orhiko gailurra Pirinioetako lehenengo bi-milakoa da Kantauri itsasotik gatozela. Zenbaiten ustez Euskal Herriko mendirik lerden eta handiosena, ezohiko neurri eta ia gailurreraino estaltzen duten goi larreen jantziagatik. Orhiko gailurrera heldu aurretik, ordea, oroimenean betiko iltzaturik geratuko zaigun hainbat eta hainbat txoko igaroko dugu zeharkaldiko hirugarren atalean.
Larraineko mendatea eta Auñamendiak Orhiko gailurretik
Gorka Azkarate
Hiru Erregeen Mahaia geroz eta hurbilago dago eta harainokoak txunditurik utziko gaitu. Orbaizetako ola zaharrean (800 m) hasita Organbideko lepora doan baso pista jarraituko dugu. Lau kilometro inguru osatu ostean Azpegiko lepora (1.050 m) helduko gara, lehenago Urkuluko dorretik datorren bidearekin bat egingo dugun bidegurutzea pasako dugu. Orreagatik Orbaizetarakoa osatu genuenean, Azpegiko lepo honetan agurtu genuen Hiru Erregeen Mahaira doan bidea, etapa amaiera Orbaizetan egiteko. Orain, beraz, bidean gara berriz ere. Zailtasun handirik gabe osatuko ditugu Azpegiko lepotik Organbiderainokora dauden bi kilometroak, baso pistari jarraituz. Organbideko lepoa, 988 m, Nafarroa garaia eta behearen arteko muga. Iparraldera, Errobi ibaiaren sorlekua dagoen sakona. Ekialdera, berriz, Errozateko gailur piramidala bistaratuko dugu estreinakoz.

Atseden hartu ondoren, Organbideko lepoan dagoen zutoinak markatutako norantza jarraituz Euskal Herriko txoko liluragarrienetako batera iritsiko gara, mendi bide zabal bat hiru kilometroz jarraitu ostean: Harpeako kobara. Elhursaroko txabolak igaro eta zenbait metro jaitsiko ditugu. Parekorik ez duen tolesdura batek ezkutatzen du koba bitxia. Kobatik gertu txabola pare bat aurkituko ditugu, eta kobaren aurrealdean, Errobi ibaia bilakatuko den uharrea jaiotzen da, ingurua egurats berezi batez kutsatuz.

Uharreak, Harpeako arroila zeharkatzen du, baina desagertu egiten da bat-batean, Errobiko Iturbegietan ostera azaltzeko.

Beherobia igaro eta Esterenzubitik Donibane Garazira iritsiko da, ordurako Errobi bilakaturik.

Eremuaren handitasunak erabat sorginduko bagaitu ere, Errozateko lepora igo beharrak hankak lurrera ekarraraziko dizkigu instantean. Aukera bi daude aipatu lepora heltzeko: lehenak, zailtasun gutxien duenak, Harpeako arroilan behera doan bidexka jarraituko du, harik eta uharrea zeharkatu eta errekastoaren bestaldetik Beherobitik Errozateko lepora doan bide zabalarekin bat egin arte. Guk ondoren igo behar izateko aurrez jaisteari alferrikako iritzita, Harpeako kobaren gainera igo eta belarrezko malda bortitzean gora egingo dugu ahal bezala, bistan dugun muinora heldu arte. Malda bortitza da benetan, eta majo kostako zaigu gora egitea. Komeni da, bestalde, eguraldi hezearekin gisako malda belartsu pikoak saihestea, eroriko batek Harpeako kobako sarreran bertan paratuko baigintuzke segundo gutxitan. Izerdi pixka bat isuri eta Errozateko lepora helduko gara (1.076 m). Beste ahalegintxo bat eta Errozateko gailur lerdenera iritsiko gara (1.345 m). Esan gabe doa, ikuspegia zoragarria dela norabide guztietan. Pozik, lepora itzuli eta Artxilondoko sakonerako jaitsierari ekingo diogu. Iratiko bihotzerantz goaz ibilian, Irabia urtegiaren muturrean dagoen sakon baterantz; Egurgiko sakonerantz. Osatu berri dugun etapa zoragarria burutik kendu ezinda, Egurgiko txabola librean atseden hartuz gero naturak gauez lorik egiten ez duela sumatuko dugu.

Okabeko gailurra zain dugu botak jantzi, motxila bizkarreratu eta ibilbideari ekin orduko. Artxilondoko larreetatik ere bagenuen Okabera zuzenean igotzeko aukera, baina aurreko etapa Egurgin amaitu genuenez, Okaberen Urkuluko gandorra menderatuz egin beharko dugu gorantz igoera ederrean. Kurutzeko eta Oraateko lepoak pasata gailur historiko honetara helduko gara. Okabe (1.466 m).

Kontakizun honetarako datuak biltze aldera bertara txangoa egin genuenean behelainoaren opakotasunak bere atzaparretan hartua zuen. Lehendik ezagutzen dugulako esan dezakegu ikuspegia gogoangarria dela handik. GPS aldentezinari jarraituz, Ilarritako harrespila sonatuak dauden muinorantz jo genuen, Artxilondoko sakonetik etorri ziruditen oihuak entzun genituenean; oihuak gerturatzen somatu genituen, harik eta azkenean behelaino trinkoak mendizale bi parera jaurti zizkigun arte. GR-10 egiten ari eta Artxilondoko sakonerantz jo zuten, Irauko lepora ustetan. Surzaiko lepora gurekin etor zitezen gonbidatu genituen, GPS-aren babesean. Hala, errepidez osatuko zuten Surzaiko lepotik Irauko leporainokoa. Aurpegian lasaitasun keinua marraztu zuten bi ardi galduek, eta, solasa eteteko asmorik gabe, Surzaiko leporantz jo genuen, hilabete osoko kontakizunari ekiten zioten bitartean. Izan ere gure zeharkalditxoaren anaia zaharra osatzear zeuden bi mendizaleak, Okaben erdi galdurik ibiliagatik. Ez zen makala!

Elkar agurtu genuen Surzaiko lepoan, Esterenzubi baitzuten eurek jomuga eta Iratiko oihana inguratzen duen Mendibel-Eskalerak gandorra zeharkatzea guk. Bizkor, Burdinkurutzeta mendatera helduko gara (1.135 m), eta hemendik Eskalerak gailurrean (1.472 m) amaituko den zeharkalditxo paregabe bati emango diogu hasiera, Mendibel (1.411 m), Arthanolatze (1.530 m) eta bigarren mailako beste zenbait gailur igo ostean. Eskalerak gailurretik berehala jaitsiko gara Bagargiara (1.320 m). Orhiko gailurra zain daukagu.

Bagargia (1.320 m). Goizean goiz hartu dugu Pelusagainako tontorrera daraman bidea. Igoera lasaian paisaiaz gozatuz, Orhi mendiari begira begiak betetzeko aukera izango dugu. Urrun dago Orhi oraindik. Eguneko lehenengo atsedena hartuko dugu Murkuillako lepoan, Mullagateko gandorrari ekin aurretik. Uneoro bistan izango dugu Orhi, eta eztena izango da aurrera eragiteko. Tartako lepora heltzearekin batera txantxak amaitu direla ohartuko gara: Zazpigañako malda bortitza parean dugu dagoeneko.

Malda belartsu eta harkaiztsua gainditu eta Zazpigañako gailur lerdenera helduko gara (1.765 m). Orhi pare-parean dugu, Alupiñako ataka baizik ez dugu tartean. Atakara Zazpigaña mendiaren iparraldeko aurpegitik doan xenda jarraituz jaitsi gaitezke, edo gailurreria zorabiagarri samarra igaroz –ederragoa, ezbairik gabe, mendizaleagoa–. Behin atakara helduta, azken malda piko bat gainditu besterik ez dugu izango, Kantauri itsasotik gatozela bi mila metroz goiti dagoen lehenengo gailurrera iristeko. Orhi (2.017 m). Ikuspegia zoragarria da norabide guztietan. Etapa amaiera begien bistan dugu dagoeneko: Larraineko mendatea (1.573 m). Jendez gainezka egon ohi den Orhiko gailurra agurtu eta, bide errazetik Larraine eta Otsagabia batzen dituen errepidera helduko gara azkar batean. Hiru Erregeen Mahaia bertan dago.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude