Bertsolari trebea izateaz gainera, kontalari bikaina ere badela argi utzi du Jon Martin Etxebestek. La Habana narrazioarekin Peru Abarka lehiaketako bigarren edizioaren irabazle suertatu zen. Amerikako Estatu Batuek ezarritako blokeoarengatik, beren premiei aurre egin nahian dabiltzan kubatarrak ditu protagonista kontakizunak, besteak beste, bezeroek gonbidatzen duten kopa bakoitzeko kobratzen duen emakume tabernaria, istorioaren narratzailea. Lagun batek izotzezkoa dirudien euskalduna aurkeztuko dio, eta harreman horren gorakada eta ezinbesteko beherakada azalduko ditu kontakizunak. Hala ere, Kubako hiriburuan gertatzen den amodio istorio hori benetan bizitzeko, ezinbestekoak dira Mia Charrok La Habana-rako egin dituen marrazkiak.