Abel Barriola

«Aukera iristen denean arriskatzea da nire filosofia»

  • Eskuz banakako txapela goiz lortu zuen Barriolak, 23 urterekin, baina gorako ibilbide itxaropentsuan eskuko lesio batek kantxetatik baztertu zuen denbora luzez. Orain, une latzak igaro ostean, fenix hegaztia bere errautsetatik birsortu da: Eskuz banakakoa behetik hasi eta Galarza, Xala, Peñagarikano, Irujo eta Eugi bide bazterrean utzi ditu, finaleraino iritsi arte. Azken urratsa baino ez du falta, txapeldunorde geratzeak meritua baitu, baina “txapelak beste zapore bat dauka”.
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2007ko ekainaren 10a
Abel Barriola
Dani Blanco

Eskuz banakako finalean faboritoa zara kinieletan. Horrek presioa sortzen dizu ala konfiantza ematen?


Egia esan, Aimar iritsiz gero [elkarrizketa egin dugunean beste finalerdia jokatu gabe dago], dirua bere alde aterako dela diote. Faborito denak beti du pisu pixka bat gehiago, baina adinean ere gora goaz eta gauza horiek ez didate burua betetzen. Eskuak askoz hobekiago ditut eta emaitzak iristen ari dira, hori ona da.

Zer esan nahiko luke bigarrenez txapela irabazteak?


Niretzako asko. Lehenengo txapela irabazi nuenean gazteagoa nintzen, sasoi betean nengoen eta adin horrekin irabazten duzu baina benetan konturatu gabe zergatik. Hau beste txapel mota bat da: kontziente naiz zenbat kostatzen den, zergatik gertatzen diren gauza asko... Gainera, pasa ditudan momentu txarrekin berriz ere txapela irabaztea gauza handia izango litzateke.

Aimar finalerako sailkatuz gero, gertuko bi arituko zarete. Nafarra izan beharra dago pilotari ona izateko?


Kar, kar, kar. Ez, baina egia da azkenaldian behintzat Nafarroatik pilotari asko irteten ari dela. Nafarroa iparraldeko herri txiki hauetan pilotaren sustraiei eutsi egiten zaie eta futbolak indar handia du, baina agian ez beste tokietan bezainbeste. Oraindik ere pilotaren gotorleku dira leku hauek.

Bengoetxea bera ere Leitzakoa da eta 3.000 biztanle baino ez zarete.


Bai, hemen afizio handia dago. Oinatz oso ongi dabil eta pilotari mordoa gaude: Frontisen jokatzen ari den beste bat, profesionaletara iristeko aukera handiak dituzten pilotari ugari...
Nola gogoratzen dituzu Leitzako pilota eskolan emandako urteak? Eskola-pilota asko aldatu da ordutik?
Ez dut uste asko aldatu denik. Pilota eskolak oso garrantzitsuak dira kirol honentzako, baina azkenean pilota eguneroko gauza da, ez astean bi egunekoa. Kirola bizitzeko modu bat da; bizimodu hori eraman nahi duen pertsonak aukerak ditu profesionaletara iristeko eta hor goian aritzeko.

Umeak geroz eta lehenago hasten omen dira larruzko pilotarekin.


Ez dut uste, gu ere txikitan nahiko goiz hasten ginen pilota gogorrarekin, 10-11 urterekin.


Eta hori ona al da?


Ez dakit. Ondo legoke azterketa bat egitea onerako ala txarrerako den jakiteko. Nik lehengo pilotari batzuei entzun izan diet pilotariak txikitatik ohitu behar direla tako gutxirekin jokatzen, eskua gogortzeko. Beste batzuek diote, aldiz, hezurra egin arte ez dela behartu behar eskua. Ez dakit onena zer den.

Peñagarikanok eta Aratz Mendizabalek Babesku izeneko eskularrua (silikonazko takoak) atera dute haurrentzako.


Banekien horrelako zerbaitetan ari zirela. Ongi iruditzen zaizkit horrelako asmakizunak. Pilotak, euskal kirola izanik, modernitatera ongi egokitzen jakin du, baina oraindik atzean geratu diren gauzak dauzka: takoak su txikian berotzen ditugu, esparatrapua eta takoak jartzeko oraindik ordu eta erdi eta bi ordu artean behar ditugu... eta asmo oneko aurrerapen horiek eskertzekoak dira.


Orduan, beste kirol profesionalekin alderatuta, pilota atzeratua geratu dela uste al duzu?


Ez. Eskuetako babesa agian bai, eskuak gutxiago sufritzeko zerbait ez asmatu izana faltan botatzen dut. Bestela, pilota kirol modernoa iruditzen zait, fisikoki oso zorrotza eta bete-betekoa.


Baina pilota gogorrak erabiltzeak lesioetan eragin al dezake?


Baietz iruditzen zait. Eulateri, esaterako, eskuetatik inoiz sufritu ez duen pilotaria izanda, orain kolpe-kolpean behatza zirkulaziorik gabe geratu zaio eta ebakuntza egin behar izan du. Horrelako kasuak geroz eta gehiago ikusten dira, gaur egun garai batean baino partidu gutxiago jokatu arren txapelketako gehiago jokatzen direlako, gogorragoak. Atzo Bergaran izan nuen partiduak, adibidez, ordu eta erdi iraun zuen, eskuentzako jipoia da eta azkenean horrek ordaina ekartzen dio bai profesionalari eta baita umeari ere.

Ander Letamendia medikuak esan zigun hobeto zaintzen dela pilotaren larrua pilotariaren eskuko azala baino. Astakeria handiak egiten dituzue?


Pertsonaren arabera, baina agian ez dugu eskua behar adina zaintzen. Askotan gorputza asko zaintzen dugu eta eskuak ez.

Partidu batean eskuko mina baldin baduzu, adibidez, non jartzen duzu muga? Sufritzen jarraitzen al duzu bukaeraraino?


Partiduan, mina baldin baduzu zaila da %100ean jokatzea, baina irabazi nahi horrekin aritzen zara, bero-bero, are gehiago txapelketako partidua bada, eta segitu beharra dago. Apustuak ere tartean egoten dira eta ezin duzu hutsik egin, maila eman behar duzu.

Eta enpresek presionatu egiten al dute partiduarekin jarraitzeko?


Ez, enpresak ahalik eta etekin handiena atera nahi dio bere pilotariari, baina presioa norberak jartzen dio bere buruari. Hala ere, eskuko minarengatik ez dira partiduak suspenditzen. Gorputzeko beste lekuren batean lesioa izanez gero bai, baina eskuko minagatik ez, gaizki ikusia dago eta ezin da egin. Hori da, adibidez, pilotaren atzerapenetako bat: eskuko minarengatik behin baino ez da bertan behera utzi partidu bat jokatzen ari dela.

Zuk nola bizi izan dituzu lesioekin izandako gorabeherak?



Lesioa beti da txarra, putada bat da, baina momentu txarretatik ere ikasten saiatzen zara eta denek dute hasiera eta bukaera. Kirolak hori du: nahiz eta momentu batean ongi ibili, lesio batek zure ibilbidea moztu dezake eta gero berriz hutsetik hasi behar duzu. Ez da erraza, baina kirolaren parte da eta horretarako ere prest egon behar da.

Egia al da pilota uztekotan egon zinela?


Uztekotan esatea agian gehiegi esatea da, baina egia da gauzak oso zehatz eta poliki planteatu behar izan nituela. Momentu oso txarrak pasa nituen eta eskuari ez nion irteerarik ikusten. Hilabete bat, bi, hiru izan balira... Baina urtebete egon nintzen lesionaturik eta aurretik beste hainbeste. Denbora asko da eta esku honek ematen zizkidan arazoak hein batean obsesio bihurtu ziren.


Zer pasatzen zaizu burutik zure lanbiderako tresnarik garrantzitsuena operatu behar duzunean?


Momentu horretan, nahiz eta agian arraroa iruditu, nolabaiteko lasaitasuna sentitu nuen. Denbora askoan eskuetatik gaizki egon nintzen eta irtenbidea eman behar nion; aurretik dena probatu nuen: masajistak, brujoak, belarrak… Operatzeko erabakia hartzea ere ez da erraza, baina medikuak bi-hiru hilabeteko errehabilitazioa aurreikusi zidan eta eskuetako arazoak gutxitzeko eta gehiago disfrutatzeko bidea izango zela pentsatu nuen. Zoritxarrez, uste baino denbora gehiago eman nuen errehabilitazioan, baina luzarora begira ongi atera da eta ebakuntzaren hurrengo hilabeteetan hanka-sartzea zela pentsatu banuen ere, orain ikusi dut bete-betean asmatu nuela.

Hala ere, berriro pilotan hasi eta berriro minez hasi ziren, gogorra izango zen…


Bai, bigarren aldia gogorrena izan zen. Hondoa jo izanaren sentsazioa nuen, beherago ezin nuela joan eta eskua sendatzen bazen, behetik gora egingo nuela. Halaxe izan zen eta hortik aurrera gauzak hartzeko beste esperientzia bat dut.

Hortaz, psikologikoki gogortu zintuen.


Dudarik ez dago momentu txarretatik ikasi dudala, batez ere gauzak lasaiago hartzen. Lehen pilota, hein batean, obsesioa zen eta orain zorrotza naiz, entrenamenduak gogor eta ongi egitea gustatzen zait, baina baita lagunez, familiaz, mendiaz eta nire txakurrez disfrutatzea ere. Irekiago bizitzen ikasi dut.


Jasandakoa eta gero, zer garrantzi ematen diozu egoera psikologikoak kirolean duen eraginari?


Plano psikologikoak eragin handia dauka, bai kirolean eta bai bizitzan. Gauzak zein jarrerarekin hartzen dituzun, momentu txarretan zer datorkizun burura, etortzen zaizkizun mamuak gainditzen dituzun edo ez… Fisikoki edo teknikoki gutxiago den pilotaria psikologikoki ongi baldin badago, emaitza hobeagoak lor ditzake. Gero eta kirol psikologo gehiago dago, kirola ere medioetan gero eta gehiago agertzen delako ikuskizun bezala eta presioa handiagoa da.


Fisikoki ere oso gogorra da pilota. Eskatzen duen sakrifizioa kontuan hartuta, merezi al du?


Pilotak asko ematen dit, ona eta txarra, eta bizitzarako oso baliagarri diren gauzak ikasteko bidea ere bada. Egia da kirolean alde fisikoa duela 30 urte baino askoz ere gehiago lantzen dela eta sakrifikatua da, baina beste jende askok hainbat gauzarako ere sakrifikatu beharra du eta sakrifizioa ona da; gauza batzuk egiteari uztea, gehiago desio duzuna lortzeko.

Baten batek pentsa dezake berriz eskuko mina izan dezakezula.


Kirolari baten bizitzan lesioen arriskua hor dago beti, baina eskuineko eskuarekin izan dudan lesio berdina errepikatzea oso zaila izango da.


Esamesak isiltzeko behintzat, frontoia baino hoberik ez.


Hala da, eta gainera hori da bidea: pilotari batek kantxan hitz egin behar du.

Enpresak konfiantza izan al du zugan?


Enpresa enpresa da eta gauzak garbi esan behar dira: lesionatua egon naizenean nahi adina etekin ez dute atera nirekin; pilotari bat etxean lesionatuta egotea ez da inorentzako ona. Orain urtebeteko kontratua sinatua dut eta enpresaren konfiantza, gutxi gehiago, beti hor izan dela uste dut.

Aspek lau urteko kontratua eskaini zizun, diru gutxiagogatik, eta zuk urtebeterako baino ez zenuen sinatu; orain negoziaketetara beste maila batekin zoaz. Zure buruan konfiantza izango zenuen halako gauza bat egiteko.


Bai, nire buruarengan eta eskuarengan konfiantza nuen eta momentuak daude arriskatzeko: erabaki hori hartu nuen eta ongi atera zait, baina ez banintz finalera iritsi ere gustura egongo nintzen hartutako erabakiarekin. Lehengoan entzun nion Garbajosari NBAra iritsi zenean esan ziotela baloia sartu edo ez sartu ondoren datorren gauza dela, aukera ona dagoenean pentsatu gabe baloia saskira botatzea dela egin behar dena, momentua iristen denean arriskatu, zalantzan geratu gabe. Nolabait, hori da nire filosofia.


Maila profesionala Aspe eta Asegarcek kontrolatzen dute gehienbat. Zer iruditzen zaizu kirol eredu hori?


Igual hobekiago izango litzateke irekiagoa izatea, horren pribatizatua beharrean, enpresa eta pilotari gehiagok parte hartzeko. Egia esan ez dakit zein estatutu dituzten hor eta ezin naiz epaitzen hasi, beraien arauak dituztelako, baina kanpotik iruditzen zait enpresa gehiagori parte hartzeko aukera eman beharko litzaiekeela, pilota profesionala zabalagoa izateko.

Eta Frontisena bezalako zirkuitu profesional alternatiboak antolatzea zer iruditzen zaizu?


Oso ongi, gauza oso interesgarriak egin dituzte. Pilota pixka bat aldatu nahi izan dute eta etorkizunerako ere Frontis alternatiba izango da. Nahiago nuke halako enpresa gehiago sortuko balira; ekonomikoki bideragarriak izatea da gakoa.


Nafarroan, bi Lau t’erdiko jokatuko dira: Aspe eta Asegarcek antolatutakoa batetik eta Frontis eta Federazioarena bestetik…


Bai, horrelako gauzak ez dira oso ongi geratzen kanpora begira. Kanpotik datorrenak galdetuko du: nor da Lau t’erdiko txapelduna? Eta bi izen eman beharko dizkiozu. Nahasmena da, irteera zein izan daitekeen oso ongi ez badakit ere. Enpresa profesionalak zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobekiago, eta estamentu independente batzuk izatea beharrezkoa da araudiak ezartzeko. Enpresa-interesak beharrezkoak dira baita ere, baina enpresek ez dezatela botere guztia izan. Estamentu independenteek erabaki garrantzitsuak hartzeko boterea izan dezatela, pilotarentzako garbiagoa izango litzatekeelako (atzerapenen kontua bezalako zalantzekin, esaterako).

Hala ere, Frontiseko zuzendari Inaxio Errandoneak berak esan zigun sasi-enpresa asko dagoela bere burua profesional bezala aurkezten dutenak.


Hala da, afizionatu mailan jokatzen dute, profesional bezala aurkeztuz. Jokatzeko eskubidea dute, noski, baina profesional hitza ez da onena. Etorkizunerako positiboa izango litzateke zehaztea zer den profesional eta zer afizionatu. Afizionatuentzako ona izango litzateke, enpresa erdi-profesional horiek bidea mozten dietelako. Azkenean jendeak ez daki nor den profesionala eta nor afizionatua. Dena den, badakit, leku askotan bezala, legeak jarrita ere zirrikituak geratuko liratekeela.

Eta etorkizunean enpresa gehiago onartuko dituen liga egin ahalko dela uste al duzu ala Aspe eta Asegarceren eredua mantenduko da?


Gauzak ez dira betiko eta pilota profesionalerako ona iruditzen zait Aspe hor egotea, Asegarce hor egotea eta beste enpresa gehiago ere egotea. Ez dakidana da ekonomikoki bideragarria izango litzatekeen.

Zuk 19 urterekin debutatu zenuen. Salto handia izango da afizionatuetatik profesionaletara ematen dena. Ondo neurtua al dago?


Askotan goizegi debutatzen dute pilotari batzuek, baina aipaturiko enpresa erdi-profesionalek pilotariak eurekin eraman eta afizionatutan maila baxua geratzen bada, profesionaletara salto egitea izan daiteke pilotariak hobetzeko duen bidea. Hala ere, agian goizegi pasatzen dituzte profesional mailara, batez ere goiz baina figura bezala pasatzen dituztelako eta mutil horrek 19-20 urterekin gainbehera duenean umea da oraindik.

Gonzalezek Olaizola harroa dela esan berri du, polemika dezente piztuz. Lehiakortasun handia al dago jokalarien artean?


Bai, dudarik gabe. Pilotak duena da partiduak jokatu aurretik aldageletan-eta elkarrekin egoten garela eta batzuen lagun handiagoak gara, besteenak gutxiago, baina lehiakortasuna tartean dagoenean lagun minak izatea zaila da.

Zure profilarekin bukatuko dugu: pilotaria zara, trikitia jotzen eta dantzan ere aritua zara eta musa gustatzen zaizu. Euskaldun peto-petoa izateko ahaleginak egiten?


Kar, kar, kar. Trikitia aspaldi jotzen nuen, txikitan, modan jarri zelako, baina urte pare batez aritu nintzen, behatz lodi hauekin jotzea zaila baitzen. Dantza bai, asko gustatzen zitzaidan eta dantza taldea dago herrian. Muserako berriz, afizio handia daukat, baina nahiko txarra naiz, nik uste horretan bai, gipuzkoarrak nagusi zaretela.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Pilota

Pilota kanaletik interesatuko zaizu...
2019-03-18 | Iigo Igartua
Garai-Etxaniz eta Etxegarai-Oses bikoteak Emakume Master Cupeko txapeldun

Leire Garai eta Leire Etxanizek nagusitasun osoz irabazi dute lehen mailako txapela (22-5). Promozio mailakoa, Uxue Oses eta Madalen Etxegaraik osaturiko bikoteak eraman du (18-15), partidaren bigarren zatian markagailua irauli eta gero.


2019-03-06 | ARGIA
Pilota champion Bixintxo Bilbao was sanctioned for waving the Basque flag

The news spread around the Basque pilota world like gunpowder: “Bixintxo Bilbao has been punished for bringing out the ikurrina (the Basque flag) on the podium”. He was the world champion pilota player in 2018 along with partner Peio Larralde.


2019-02-28 | ARGIA
Bixintxo Bilbao pilotariari zigorra kendu dio Nazioarteko Federazioak

Munduko pilota txapelketako sari banaketan ikurrina erakusteagatik Bixintxo Bilbao ziburutarrari jarritako isuna, kendu egin dio Nazioarteko Pilota Federazioak.


Bixintxo Bilbao
"Batzuek gordea duten gorrotoa azaleratu du zigor honek"

Asteburu gazi-gozoa izan du Bixintxo Bilbaok, Munduko Pilota Txapelketan ikurrina erakusteagatik jasotako urtebeteko zigorraren atsekabea iritsi zaizkion babes mezu ugariek leundu baitiote. Egindakoaz harro dago, errepikatuko lukeela dio, eta ebazpenaren aurkako helegitea aurkeztuko du.


2019-02-25 | ARGIA
Bixintxo Bilbao pilotariak helegitea jarri dio ikurrina ateratzeagatik jarritako zigorrari

Iparraldeko nahiz hegoaldeko pilota mintzalekuetan sutautsa bezala zabaldu da berria: “Bixintxo Bilbao zigortua izan da Munduko Txapelketan ikurrina podiumean zabaltzeagatik”. 2018an munduko txapelduna izan zen Peio Larralde bikotekidearekin.


Pilota ez da 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan izango

Parisko hautagaitzak skateboard, breakdance, eskalada eta surfa hautatu ditu kirol gonbidatuak izateko.


2019-02-08 | Euskal Telebista
Eskuak, zeru eta infernu
MULTIMEDIA - dokumentala

Esku-pilotari buruzko dokumental honek, pilota lagun, eskuek frontoiko kirol honetan duten garrantzia azpimarratzen du. Loria eta amets gaiztoa horien 'esku' dago. Abel Barriola, Jokin Altuna, Mikel idoate, Olatz Arrizabalaga eta Patri Espinar dira, besteak beste, dokumentalaren protagonistak.


2019-01-04 | Iigo Igartua
Miguel Gallastegi pilotari ohia zendu da 100 urterekin

Hiru aldiz buruz buruko txapeldun izana, 1948,1950 eta 1951 urteetan, esku pilotaren mitoa izatera heldu da Gallastegi.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude