NaBai-PSN, EAJ-PSE aliantzak gauzatuko ote diren zain
Hauteskunde gauak bezala, inkestek ere era guztietako zaporea uzten dute alderdietan, baina joera batzuk ere markatzen dituzte eta lehia gune gogorrenak ere gorriz marrazten dira. Nafarroari buruzko inkesta gehienek azpimarratzen dute UPN eta Nafarroa Bai-PSN blokearen artean izango den lehia, eta korapiloa PSNkoen atzamarrek askatu beharko dute. Beste esku batzuk ere beharko dira akaso, eta aipatutako bi bloke nagusien parekotasuna iragarrita, ANV Iruñeko Udalean edo Ezker Batua Legebiltzarrean, funtsezkoak izan daitezke lema noren eskuetan uzten den erabakitzeko.
Herritarren gehiengoaren artean UPN gobernu nagusietatik kaleratzearena grina bihurtu da dagoeneko, baina eskuindarren indarraren ezagule, etsipen ukitua ere barreiatzen da aldi berean. Berriz ere, Ferrazek erabaki beharko du aldaketa ematen den ala ez, PSNko hainbat sektoregatik balitz, Sanz eta Barcinak jarraituko bailukete boterean.
Gobernu aldaketa gauzatzen bada, altzairuzko hesi gogorrena eraiki beharko dute sozialista eta abertzaleek, UPNk botere gune oso garrantzitsuetatik egingo dion bonbardaketari eutsi ahal izateko. Hamar urte atzera eginez, hor dago Diario de Navarra-k haizatu zuen Otano auzia, honek gidatutako hiruko gobernua hankaz gora bota zuena.
Beste galdera ikur nagusia sozialista eta jeltzaleen balizko aliantzarena izango da; Josu Jon Imazen azken urteetako adierazpen eta jarrerek bederen norabidea argi jarri dute eta Bizkaian eta Araban gauzatzeko aukera handia egon liteke. Eta Gipuzkoan zer orduan? Markel Olanok argi adierazi du bere asmoa EA eta EB-Aralarrekin aritzea dela, emaitzek horretarako beta ematen badute. Baina era horretako aliantzak zehaztea ez al zen bada EBBren eskumenekoa?
istilutsu hasi zen kanpaina ANVko zerrenden erdia hankaz gora botaz, ez zen beharrik Candido Conde Pumpidoren zalantzarik PSOEk egindako jokoa zein den ikusgarri jartzeko. Sozialistek ezker abertzalearen aurkako gatazka tresna gisa erabili dute Alderdi Politikoen Legea. Eta gordinago ere erabil zezaketen, ANVko gainerako hautagaitza guztiak parte hartzetik kanpo utziz. PSOEk hori egin ez izana zaila da ulertzea bake prozesuaren dinamikatik kanpo. Ba ote dago dinamikarik, ordea? PS0Eren eta Batasunaren bileren Gara-ren kontaketak fase baten amaiera adierazten du. Hurrengo fasea, hastekotan, gogortasunetik hasiko dela dirudi: oinarrizko eskubide eza, ezker abertzaleko zenbait pertsonen protesta eta erasoak hauteskundeetan, hauteskunde biharamoneko tentsioa...