«Baliteke Olanoren Batasuna lidergoaz jabetu izana»

  • (Zumarraga, 1963).
    EAJko EBBren presidentea. Udal eta Foru hauteskundeez,
    EAJ alderdiaz nahiz bake eta normalizazio politikoaz mintzatu gara.

    Azken gai honi eman diogu leku handiena.

    Josu Jon Imazen iritziz “Barajasko atentatuarekin ETAk ez dio jaramonik egin euskal gizarteari, baina datu berria da Batasunari berari ez diola kasurik egin”.

    “ETAk ez zituen armak utzi piknik batera joateko” dio Alec Reid apaiz irlandarrak apirileko azken ARGIAko azalean. Josu Jon Imazekin solasaldia hasteko unean zenbaki hori dugu mahai gainean: “Alec Reid 1998an ezagutu nuen. EA, EH eta EAJko ordezkaritza bat Lizarra-Garaziko Akordioa azaltzera joan ginen AEBetara. Elizarekin eta hainbat sektorerekin harremanak bideratzen lagundu zigun Alec Reidek”, diosku EBBko buruak.
Josu Jon Imaz
Dani Blanco

Zer iritzi duzu Alec Reidek dioenaz?


Bake prozesuaren oinarria armak uztearen borondatean datza. Indarkeria alde batera uzteko erabakia ez dago bake prozesuaren amaieran, baina prozesua hasteko ezinbesteko baldintza da borondate irmoa agertzea. Baldintza hau benetan agertu gabe ezinezkoa da bake prozesua eraikitzea.

Azter dezagun kronologikoki prozesuan gertatu uste dena. 2006ko martxoan su-eten iraunkorra adierazi zuen ETAk. Ordurako konpromisoak omen zeuden ETA eta PSOEko Gobernuaren artean. Zure ustez hala da?


Nik ez ditut ezagutzen. Galdera hori ETAri edota Espainiako Gobernuari egin beharko litzaioke. Nik dudan informazioaren arabera ez ditut konpromisoak ezagutu ahal izan.


Batasuna eta PSOEren arteko harremanak sendoa ematen zuen. EAJk ere ontzat ematen zuen egoera.


Bai. EAJk prozesuak zituen bi atalak ontzat eman zituen: bakearena eta normalizazio politikoarena. Lehenago, 2005eko urrian, EBBko Agiriaren bidez prozesuaren giltza zabaltzeko bakegintzaren errailak martxan jartzea onetsi zuen, horretarako ETAk indarkeriarekin amaitzeko borondate irmoa azaldu behar zuelarik. Halaber, 2005eko maiatzean Espainiako Kongresuan Zapaterok ezagutarazi zuen ebazpenaren oinarria EAJk eta Alderdi Sozialistak onartu genuen.


Ebazpena errail batekikoa zen. Beste errailetik zihoazen alderdiak mahai batean esertzea zuten helburu.


Bai, baina aipatu ditudan agiria eta ebazpen horietan hartutako erabaki edo baldintzen arabera betiere. Baldintzetako bat, aldez aurretik indarkeriarekin amaitzea zen, termino guztietan: txantaje eta estortsio mota guztiak desagertzea, barne.


Prozesua aurrera zihoan. Udan akordioak izan omen ziren alderdien artean. Zein akordioetara heldu zineten?


Guk alderdien artean akordio itxirik ez genuen lortu, baina aurreakordio batzuk bai, amankomuneko akordioen oinarriak aurreratuak zeuden.


Zein ziren aurreakordioaren puntuak?


Alderdien arteko mahaia osatzeko baldintza batzuk zeuden: egutegiak, mahaiaren funtzionamenduaren ingurukoak, baita mahaiak aztertu izango zituen oinarri politikoak ere. Oinarriak ziren, baina itxi gabe zeuden...

Eta?


Eta bat-batean elkarrizketa horietan Batasunak bere jarrera aldatu zuen. Hilabetetan zehar defendatutako jarrera 180 graduz aldatu zuen egun batetik bestera. Guretzat onartezinak ziren baldintza batzuk jarri zituen mahai gainean.

Hala nola...


Batasunak indarkeriaren amaiera Nafarroaren bilakaeraren menpe jarri eta baldintzatu nahi zuen batez ere. Eta gure ustez horiek ezin dira ez lotu Nafarroa izango delako nafar gizarteak erabakitzen duena. Gure jarrera puntu horretan ezaguna da, EAJren proiektuaren helburua Nafarroaren eta EAEren arteko harremana bultzatzea da, baina ezin dugu onartu inola ere proiektu horren bilakaera indarkeriaren amaierara baldintzatuta egotea, hori nafar gizarteari jarrera bat inposatzea bailitzateke.

EAEko gobernuan EAJ eta EA zaudete, EA Batasunarengandik nahiko hurbil agertu da gai horretan. Ez duzu uste?


Horri EAk erantzun beharko lioke. Ni neu ez naiz inor beste alderdien gauzetan sartzeko.


Edo EA ez al da mahaian hainbeste aldiz agertu?


Guk mahai horietan EA, EB, Aralar, Alderdi Sozialista eta Batasunarekin bildu gara, guztiekin. Mahai formalik ez da egon, elkarrizketa guztiak alderdi guztiekin burutu ditugu, PPrekin izan ezik. PPrekin saiatu izan gara, baina tamalez ez dugu lortu, jakina.

Dena dela ere, ez al duzu EA ikusi hurbilago Batasunak proposatzen duen mahai bakarra –Nafarroa eta EAE lurraldeentzat– delako horretatik?


Gauza batda nahi izatea eta beste bat ahal izatea. Mahai bakarra zein esertzeko? Nafarroako gizartearen %25a ordezkatzen dugunok? Gure ustez, errealistagoa da nafarren gehiengoa prozesu errealista baten aldekoa izatea. Zentzu horretan, askoz eraginkorragoa iruditzen zaigu Na-Bai proiektuaren bidez Nafarroako erakundeen eraldaketa bultzatzea eta benetako herrigintza burutzea, bidean hordagoka ibiltzea baino.


Finean, balizko alderdien mahaiak krak egin zuen osatze bidean.


Nik mahai birtuala deitzen diot, ez zuelako fisikoki islarik izan.

Prozesuaren bi errailak aipatu dituzu. Alde batek dioenez “prozesua teknikoa bada, ez dago prozesurik ez irteerarik”.


Nik ñabardura bat sartuko nuke. Ez dut indarkeriaren amaiera negoziazio politikoaren menpe ezarriko inoiz, ez dudalako inoiz onartuko indarkeriaren mehatxupean euskal gizartearen etorkizuna definitzea.

Baina helburuetan prozesua teknikoa baino zerbait gehiago izango dela, bai. Zuk zeuk hori defendatu izan duzula uste dut.


EAJk bakegintza prozesuaren ondoren, normalizazio politikoaren bidean lehengai edota aktibo politiko batzuk mahai inguru batean jartzea beharrezkoa ikusten dut. Baina betiere, bi errail horien arteko joskera ondo zainduz, bi zatiak beharrezkoak dira, baina lotura zuzenik gabe. Anoetako Proposamenak bide horretan espazio bat baimentzen zuela ondorioztatu zuen EAJk. Beste gauza bat da prozesuaren errailak edo euren loturak ondo zaintzen ditugun.

PSOEk eta Zapaterok bide edo espazio hori barneratu al dute? Zu Zapaterorekin bildu izan zara...


Baina ni baino lehenago Arnaldo Otegirekin eta Batasunarekin bildu da Alderdi Sozialista. Ez dakit zenbat bilera egin duen Batasunak Alderdi Sozialistarekin azken hiru urteetan. Batasunak nik baino datu gehiago izango ditu horretaz. Nik aipatu filosofia Zapaterok berak Kongresuan bakegintzari buruzko elkarrizketa irekitzearen aldarrikapenean aipatu zuen. ETArekin hitz egin beharreko markoa definitu zuen, eta bide politiko bati ere nolabaiteko bidea eman zion. Beraz, hemen alderdi guztiok, PP izan ezik, bistan da, bakegintzarako prozesu bat beharrezkoa dela defendatu dugu, baita normalizazio politikorako ere prozesu politiko bat beharrezkoa dela.


Batasunak nola barneratu du prozesua zure ikuspegitik?


Ez du barneratu. Barajasko atentatua gertatu zenean “inoiz baino gehiago prozesuaren alde apustu egin behar dugu” esan zuen. Erotu egin al gara edo? Pasa zuten ez dakit zenbat hilabete esanez prozesua hautsita zegoela eta bi pertsona hil ondoren, orduan prozesua inoiz baino irekiago dagoela? Ez dakit Batasunaren esanetan prozesuak zer esan nahi duen. Nik gauza horiek entzunda, beraien prozesuak ez du zer ikusik nik prozesuaz dudan ikuspegiarekin.


Batasunak Josu Jon Imazi egotzi dio ez duela lagundu betetzen PSOEk bete behar zituen konpromisoak.


Hori beharbada [Juan Mari] Olanoren Batasunak azken hilabetetan inposatutako jarrera da. Hori ez zen azaroa baino lehen Otegiren Batasunak defendatu zuen jarrera. Baliteke Olanoren Batasuna jabetu izana lidergo politikoaz, arazoa hori izan daiteke eta Otegiren Batasunak ez duela egoerari aurre egiteko ausardia politikorik.
Niretzat harrigarriena da prozesuan ezker abertzaleak bere parametroak aldatu izana. Esaterako, ETAren abuztuko 17ko agiria irakurtzen badugu, ez da martxoko 22an zioena. Hor aldaketa dago.

Bi ETA al daude edo?


Ez dakit. Niri ez zait gustatzen espekulazioetan sartzea daturik izan gabe. Baina, baten batek esplikatu beharko liguke zergatik ETAk jarrera aldatu zuen 2006 urtean zehar eta zergatik Batasunak ez dion aurre egin.


Bere isatsari koska egiten dion arrainarena gertatzen da. Bakoitzak bereari heltzen dio. Konpromisoak direla eta ez direla...


Nik neuk entzun izan diet ezker abertzaleko lider batzuei, alderdien mahaian ari ginenean, lantzen ari ginen planteamendu politikoetan benetako ausardia politikoa ikusten zutela. Beraz, horiek ez datoz bat konpromiso politikoaren tesiarekin, nire ustez beste zerbait aldatu da ETAren hausnarketaren barruan. ETAk azaldu behar luke zergatia eta Batasunak azaldu beharko lioke gizarteari zergatik ez duen ausardia politikorik izan benetako apustu politikoa egiteko, zergatik dabilen ETAren morrontzan.


Arnaldo Otegik horrela esan du berriki: “Inori begira egon gabe alderdien esku dago prozesua abiatzea”.


Bada oker dabil. Batasunak ez badu ETAri aurre egiteko ausardia politikorik eta ETAk ez badu indarkeria uzten, guk ez dugu herri honen etorkizuna baldintza horietan negoziatuko. Beharbada prozesu politikoa alderdien artean egin beharko dugu, Batasunarik gabe. Batasunak ez badu gogoeta politikorik egiten, agian beste alderdi politikoen artean negoziatzen jarraituko dugu. Eta nik herri honen etorkizuna Batasunarekin batera egin nahi dut, baina Batasunak edo ETAk duela urtebete egin zuten hausnarketa politikoa eta borondate hori irmo agertzea beharrezkoa da. Borondate irmoa agertu ondoren, guk konpromisoa –Batasunaren aurrean gure konpromisoa irmoa izan da– eta borondatea dauzkagu herri honen etorkizuna eta herri hau eraikitzeko akordioak guztien artean garatzeko, ezker abertzalea akordio horien barne delarik.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude