Euskal Herri paradoxikoa

  • Euskal Herria paradoxa hutsa dela pentsatzen hasia naiz. Adibidez, Euskal Herriko zazpi probintzia historikoak aldarrikatzen dituen Zazpiak Bat leloak, euskal herritarren %30entzat baino ez du zentzurik; beste horrenbeste dira EAEko hiru lurraldeekin Euskal Herria/País Vasco/Pays Basque hobekien identifikatzen dutenak, Nafarroa eta Iparraldea bazter utzirik. Horrela diosku kaleratu zen Euskal Kultura eta nortasuna XXI. mendearen hasieran izeneko ikerlan soziologikoak. Azken buruan, datu horietan komunitate edo herri bat osatzearen kontzientzia eta eraketa politiko-administratiboa ditugu, aurrez aurre; gemeinschaft versus gesellschaft, nolabait.

    Lurraldetasunaren inguruko auzi horrek beste ikuspuntu kontrajarri batzuk agerian uzten dizkigu, era berean: euskaltasun prototipikoko lurraldeak versus Euskal Herri anitzaren aldarrikapenarena, hain zuzen. Izan ere, batetik, EAEko biztanlerien %22rentzat Bizkaia eta Gipuzkoa dira Euskal Herria hobekien definitzen duten lurraldeak eta, Iparraldeko %31rentzat, aldiz, bertako barnealdea (Lapurdiko barnealdea, Nafarroa Beherea eta Zuberoa). Halako iritziak dituztenentzat, gainontzeko lurraldeek ez omen dute ongi betetzen Euskal Herria tipikoaren eta topikoaren eredua. Non gelditzen dira gure gizartearen egungo aniztasun kulturala eta lekuan lekuko berezitasunak? Amestutako eta begibistako Euskal Herrien arteko norgehiagoka, berriz ote?
Iñaki Martinez de Luna
Alberto Elosegi
Euskal Herriaren lurraldetasunaz eta irudikapenaz dauden ezberdintasunen zergatia horrela laburbiltzen zen esandako lanaren ondorioetan: “Ezberdintasun horiek lurraldeetako berezitasunek, tradizioek, unibertso sinbolikoek, estatuek bultzaturiko akulturizazio/kulturizazioek, norberak egindako hautuek eta horien guztien nahasmenak eragindakoak dira”. Bai, dudarik ez, oso ulergarriak dira interpretazio hain ezberdin horien iturburuak, baina ulertze horrek ez du aldea txikiagotzen.

Areago, alegiazko Euskal Herriaren eta bere ageriko gordintasunaren arteko aldea euskararen inguruan ere aurkitzen da; hizkuntza horren aldarrikapenari errealitate erdalduna kontrajarriz, hain zuzen. Adibidez, gehiengo batek euskara Euskal Herriko nortasun eta kulturaren ezinbesteko osagaitzat jotzen duen bitartean, horrekin inondik inora bat ez datozen beste hiru datu ditugu, aldi berean: a) euskal kultura zer den galdetzean “euskaraz egindakoa” dela erdiak baino gutxiagok (%48) aipatzea; b) “pertsona batek bere burua euskal herritartzat izateko” euskaraz egin behar duela %17k baino ez aipatzea; c) EAEn elebitasuna ofiziala izanda ere, eremu horretako herritarren %2k baino ez du zinea euskaraz ikusi edo %6k baino ez du hitzaldi bat hizkuntza horretan entzun.

Hortaz, Euskal Herriko irudikapen sinbolikoaren eta bere gauzatze gordinaren arteko talka etengabe luza liteke: herri berezitua izateko nahia versus globalizazioak ezarritako berdintasuna –berdinkeria?–; Frantzia eta Espainiako estatuei aurre egiteko sinbolismo sendoan oinarrituriko berariazko herri baten irudia versus estatu horiek erdi irentsitako gizarteak.

Arestian esandako ikerlan soziologikotik harantzago kontraesan paradoxikoen leloa gure betiereko auzian ere islatzen da, beste behin: alegia, gehienon bake-nahia versus berau lortzeko dugun ezintasuna? –Sisiforen ahaleginen antzutasuna gogorarazten duena–.

Paradoxaren patua ote da euskal herritar guzti-guztiok batzen gaituen ezaugarri bakarra?

ASTEKARIA
2007ko apirilaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude