Legeak babesten duen altxorra

  • Iaz, UNESCOk Bizkaiko Zubia izendatu zuen Gizateriaren Ondare. Horrek, ustez, babesa eta ospea dakarzkio zubiari, baina babesa, egia esan, aspalditik zeukan segurtatuta, EAEko erakundeek kultur ondare izendatu zutenetik behintzat. Ospea, hori bai, primeran eskertuko du gero eta gehiago turismora lerratzen ari den Bizkaiko Zubiak. Ez horrenbeste Santimamiñeko haitzuloek, bisitariei ateak itxi baitizkie Gizateriaren Ondare izendatua izateko zorian dagokeen honetan. Ondare munduan, nolanahi, dena ez da “Gizateriaren”. Tokian tokiko ondarea askoz ugariagoa da, eta ez da beti erraza hura babestea. Baina egin egiten da. Hego Euskal Herrian, gure inguru osoan bezala, legeak babes-emaile zorrotzak dira, ondarearen jabe pribatuen eskubideak murriztuz. Giannini izeneko italiar bati zor omen diogu hori.
Bizkaiko Zubia
Iñigo Azkona

Ekain eta Santimamiñeko leizeak, euren barruko margo-lanak zehatzagoak izatera, Gizateriaren Ondare –edo Munduko Ondare– izenda ditzakete urtebete barru. Espainiako Estatuak Kantauri Itsasaldeko Haitzuloetako Artea aurkeztuko dio aurten UNESCOri, Munduko Ondare bihurtzeko hautagai izan dadin, eta multzo horretan sartzen dira bi euskal kobazulo horietako pinturak, Espainiako iparraldeko beste batzuekin batera. Izendapena, izatekotan, 2008an jasoko lukete.
 
Bide bera hartu du San Frantzisko Xabier euskal santuak. Nafarroako Gobernua 2000. urtean hasi zen UNESCOrentzako txostena prestatzen, eta iaz lortu zuten Espainiako Ondare Historiko Kontseiluak onespena ematea proposamenari. Hala, Espainiako Estatuari dagokio orain eskaera eramatea Munduko Ondare Batzorderaino; izan ere, “estatuak dira beti hautagaitzak aurkezten dituztenak”, argitu du Elena Orellak, EAEko UNESCO zentroko proiektu arduradunak.
 
San Frantzisko Xabierren hautagaitza onartuta dago, baina oraingoz “gordeta”, Madrildik Ondare Historikoko Kontseiluak azaldu digunez. Nafarroako Gobernua harremanean ari da santua ibilitako herrialdeetako agintariekin, hautagaitza sustatu dezatela eskatzeko, eta horrek denbora eskatuko du. Bestalde, “UNESCOk ezarritako arau berrien arabera, herrialde bakoitzak ezin du hautagaitza bat baino gehiago aurkeztu urtean; lehen, nahi beste”, diosku Orellak. Egia esate aldera, bi ere aurkeztu daitezke, baldin eta bietako bat ondare naturala bada. Baina geroxeago mintzatuko gara zabalago UNESCOk egiten duen ondare moten sailkapenaz.
 
Espainiako Ondare Historiko Kontseilukoek, halaber, San Frantzisko Xabierren hautagaitza “zaila” dela aitortu digute. Santu nafarra hamahiru herrialdetan ibili zen bere bizitzan zehar, eta egindako ibilbide hori da, hain zuzen, Gizateriaren Ondaretzat hartzea nahi dutena. Ez da eskari arrunta. Aintzat hartzekotan, Xabierren ibilbidea kultur ondare material izendatuko lukete, eta azpisail hori, izenak argi dio, gauza materialek, ukigarriek, osatzen dute. Gehienbat, eraikinek edo eraikin multzoek.

Bakarra, ordezkaezina eta benetakoa

Aurrekoaren adibide sendoa Bizkaiko Zubia da. Iaz izendatu zuten Gizateriaren Ondare, eta bera da, oraingoz, Euskal Herrian izendapen hori eskuratu duen eraikin bakarra. Elena Orellak azaldu duenez, Bizkaiko Zubiak bete egiten zituen UNESCOk ezarritako baldintzak, alegia, ondarea bakarra, ordezkaezina eta benetakoa izatea. Benetakoa esanez, denboran zehar aldatu ez dena, edo oso gutxi aldatu dena esan nahi du nazioarteko erakundeak.
 
“Zubiak, itxuraz, aukera gutxi zeukan izendapena eskuratzeko”, dio Orellak, “Espainia delako, Italiarekin batera, munduan Gizateriaren Ondare gehien daukan herrialdea; asmoa, beraz, beste herrialde batzuei ematea zen”. Zerk eragin zuen, azkenik, Bizkaiko Zubiaren izendapena? Batetik, industria-ondarea dela, eta hori oso urria da, ondare osoaren %2 inguru baino ez. Munduko Ondarearen Batzordeak hura sustatu nahi du orain. Bestalde, EAE zen ordura arte Gizateriaren Ondarerik ez zeukan Espainiako Estatuko autonomia-erkidego bakarra. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian, berriz, Done Jakue Bidea dago. Zehazki, haren adar bi. Bata, frantses bidea deritzona, Nafarroa Beheretik dator, Luzaide eta Orreagatik sartzen da Nafarroan, eta Vianatik irteten. Bestea Aragoiko bidea da; Zangozatik heltzen da Euskal Herrira, eta Garesen egiten du bat frantses bidearekin. Erromesek bi horiek aukeratzen dituzte gehien –Euskal Herrian Kostaldeko bidea ere badugun arren–, eta 1993tik dira Gizateriaren Ondare.
 
Honaino, Euskal Herrian dagoen Gizateriaren Ondarearen berri. Oraingoz, eskas. Kontuak kontu, zertarako balio du UNESCOren izendapen horrek? Erantzuna emateko, pixka bat gogoratu dezagun historia. 50eko hamarkadan eztabaidak egon ziren ondarearen babesaz, Bigarren Mundu Gerran gertatutako suntsipenak zirela-eta. Ondare materiala zen kezka iturri nagusia garai hartan, ordurako material-gabeaz ere hitz egiten hasiak bazeuden arren, geroago ikusiko denez. Azkenean, hamarkada amaitzearekin batera, hitzetatik ekintzetara jauzi egiteko tenorea iritsi zen, premia larriak behartuta.
Assuanen erein zen hazia
 
1960an, Assuango presa eraikitzen hasi ziren Egipton. Ustez, lan erraldoi hark etorkizun hobea ekarriko zien herritarrei, baina bitartean, zenbait arkeologo iraganarekin arduratuta zeuden: urtegia guztiz betetakoan, antzinako Egiptoko monumentu askotxo, batzuk garrantzi handikoak, ur azpian geratuko ziren. Hala, presa egiten hasi ziren urtean bertan, UNESCOk sustatutako lantalde batek hogeita lau monumentu mugitu zituen, gehienak inguruko leku seguruagoetara, eta gutxi batzuk atzerrira. Horietan ezagunena, beharbada, Madrilen dagoen Debod tenplua da.
 
Ekimen haren arrakasta antzeko beste egitasmo batzuen hazia izan zen. Baina beste hamarkada bat igaro zen ahalegin haiek ordenatuko zituen tresna sortu arte: Munduko Ondarearen Konbentzioa, 1972ko UNESCOren Biltzar Orokorrean onartua. Konbentzioak ordura arte nor bere aldetik lanean zebiltzan adar bi batu zituen. Batetik, UNESCO zegoen, kultur ondarearen babesaz egitasmo bat sortu nahian. Horretarako, ICOMOS (Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Kontseilua) GKEaren laguntza zeukan. Gaur egun oraindik, ICOMOS arduratzen da kultur ondarearen gaineko azterketak egiteaz, hautagaiak onetsi edo gaitzesteaz eta izendatutako ondarearen jarraipena egiteaz.

Babesa, gobernuen eskutik

Munduko Ondarearen Konbentzioa onartuz geroztik, UNESCOren ustez babesa behar zuten ondasunak Gizateriaren Ondare izendatzen dira. Babes beharra ez da nahikoa, ordea. Izendapena eskuratu nahi duten monumentu eta enparauek hainbat baldintza bete behar dituzte, eta ez nolanahikoak. Alegia, babeserako eskubidea “irabazi” egin behar dute ondasunek, “merituak” eginez. 1972tik mundu osoko 830 ondasuni aitortu zaizkie merituok. Komeni da gogoraraztea Gizateriaren Ondare izendapena irabazten den bezala, galdu ere gal daitekeela, baina hori, Elena Orellaren esanetan, ez da behin ere gertatu orain arte. ICOMOS arduratzen da aldiro ondasunak behatzeaz eta behar bezala babestuta eta zainduta segitzen dutela segurtatzeaz.
 
Babesa, azken batean, ez baitu UNESCOk ematen, tokian tokiko gobernuek baizik. Hautagai bat aurkezten duen estatuak, beraz, ondasuna babesteko konpromisoa hartzen du bere gain. Bestela, izendapenik ez. Espainiako Estatuan, Madrilgo Gobernuak autonomia-erkidegoen esku utzita dauka eskumen hori. Hala, gehien-gehienek dute kultur ondare lege bat. Bai EAEn bai Nafarroan, izen horixe du hain zuzen: Kultur Ondare Legea. “Lege guztiok estatuko legearen ereduari jarraiki egin dira, eta beraz antzeko neurriak dauzkate babeserako”, dio Luis Lafuentek, Espainiako Ondare Historikoaren Babeserako zuzendariordeak. Esan gabe doa dagoeneko ez garela Gizateriaren Ondareaz soilik ari, erkidego bakoitzak izenda dezakeen ondareaz baizik.
 
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Kultur Ondare Legea 1990ekoa da. Kultur Saileko Komunikazio arduradun Koldo Ordozgoitik azaldu digunez, Eusko Jaurlaritzak egiten ditu izendapenak, eta gero aldundiei dagokie ondasunen jarraipena egitea eta behar izanez gero, birgaitzeko neurriak hartzea. “Hau guztia –jarraitu du–, lurralde araudietan, udal plangintzetan… txertatuta dago. Mendebaldean indarrean dauden legedien arabera, eta halakoa da gurea ere, ondasunen jabeak dira haren gaineko erantzukizuna daukatenak. Eta behartuta daude txukun gordetzera”. Ordozgoitik gaineratu duenez, kultur ondarearen zati handi bat esku pribatuetan dago.

Gianninik utzitako ondarea

Mendebaldeko legediek mugatu egiten dituzte jabetza pribatuari lotutako eskubideak. “Hemen, Giannini doktrinari jarraiki ondu dira legeak”, azaldu du Luis Lafuentek. “Massimo Severo Giannini Zuzenbide Italiarreko katedraduna zen. Bigarren Mundu Gerrak Italiako ondareari ekarritako hondamendia ikusita, berari eskatu zioten ondare historikoa babestu beharrari buruzko lan teorikoa egin zezan. Ordura arte bazegoen araurik, batzuk XIX. mendekoak, baina inork ez zuen inoiz esan zergatik babestu behar zen ondarea. Gianninik, oso labur esatearren, zera adierazi zuen: ondareak funtzio bat daukala gizartean, eta funtzio hori jabetzari gailentzen zaiola. Hortaz, ondarearen ugazabak ezin du nahi duena egin harekin, eta gainera jatorrizko ezaugarriak gorde behar ditu.

Pentsamolde hori, Lafuenteren esanetan, Mediterraneo arroko herrialde gehienetako legedietan txertatu da, eta baita Hego eta Erdialdeko Amerikako batzuetan ere, baina ez guztietan. Hainbat herrialdetan, ondasun asko arriskuan daude, legeek ez dietelako babesik eskaintzen. “Hego Amerikako herrialde bateko legearen arabera, erakunde publikoenak diren higiezinak besterik ezin daitezke babestu, jabetza pribatua ez urratzearren”.

Arrisku Zerrenda

Legediek ez ezik, gerrek eta hondamendi naturalek ere mehatxu egiten diote ondareari. UNESCOk, esaterako, Arrisku Zerrenda dauka. “Ondasuna ez bada behar bezala babesten ari, zerrenda horretan sartzen da”, dio Elena Orella UNESCO Etxeko kideak. “Zerrenda publikoa da, erakundearen web orrian dago, eta batez ere lotsa eragiteko balio du. Ez da oso luzea”. 31 elementu, zehatzak izateko. Horietatik, bi baino ez Europan, eta bakarra AEBetan.
 
Besterik da lurrikara, tsunami, urakan edo beste hondamendiren batek Gizateriaren Ondasun bat kaltetzea. Horrelakoak jasaten dituztenei, UNESCOk laguntza eskaintzen die, giza nahiz diru baliabideak igorriz. Elena Orellari jaramon egin behar badiogu, gehiago izaten dira lehenbizi aipatu dugun motakoak.
 
Funtsean, ondarea babestea gobernuen lana da, izan Gizateriaren Ondarea, izan nork bere etxean izendatzen duena. “UNESCOren izendapenak ohorea ematen du –dio Koldo Ordozgoitik-, eta guretzat garrantzitsua da hori. Ez dugu ukatuko Gizateriaren Ondare izateak gauza onak dakartzala, baina babes-legeak tokian tokikoak dira”.

Ukitu ezin daitekeen ondarea

Parisen, UNESCOren egoitza nagusian, Fernando Brugman holandarrak egiten du lan, Kultur Ondare Saileko Ondare Ez Material Azpisailean. UNESCOk 2003an onartu zuen ondare mota horri buruzko konbentzioa, baina haren gaineko gogoeta askoz lehenagokoa da, Brugmanek argitzen duenez: “50eko hamarkadan bazegoen eztabaida ondare ez materialaz. Baina Assuango presarena gertatuz geroztik, eta ondorioz 1972ko Konbentzioan, batez ere monumentuak, monumentu multzoak eta lekuak hartu ziren ondaretzat. 1972an bertan, Boliviak eskatu egin zuen Munduko Ondarearen Konbentzioak ondare ez materialari buruzko klausula bat izatea. Baina ez zen eskaria onartu, jabetza intelektual arazoak sor zitezkeelako. Eztabaida luzea izan zen, eta urtetan ezin izan zen adostasunik erdietsi”.
 
Azkenik, eta eztabaida alde batean utzita, ondare ez materiala babestu beharra aldarrikatu zuen UNESCOk, Munduko Ondarearen Konbentzioa onartu eta hamarkada bat geroago gutxi gorabehera. Eta, zer da ondare ez materiala? UNESCOk berak banatzen duen liburuxka baten arabera, “belaunaldiz belaunaldi transmititzen diren kultur adierazpenak eta ohiturak. Kultur ondaretzat hartzen dira: hizkuntzak, kontakizunak, ipuin herrikoiak, musika, dantzak, jaiak, sukaldaritza, artisautza…”.
 
Brugmanen ustez, ondare ez materialaren ezaugarririk garrantzitsuena transmisioa da. Transmisioa eta bizia. “Gure ustez, arriskutsuena eboluziorik eza da. Tradizioek beti berdin irautea ondare ez materialaren suntsitzea da. 2003ko Konbentzioaren helburua, aldiz, jendeak bere ondarea garatzea da, beste gizatalde batzuetako elementuak erabil ditzala, ondarea bere burua ezagutarazteko balia dezala, harro egon dadila ondare horretaz…”. Ondare ez materialaren eredu bat aipatu digu, bere ustez ezin hobea: bertsolaritza. Hara non euskal leize-zuloetan hasi dugun munduan zeharreko bidaiatxo honek Euskal Herrira ekarri gaituen atzera, plaza bateko mikrofono aurrera.

ASTEKARIA
2007ko martxoaren 18a
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude