BBVAk Amerika konkistatu nahi du

  • Aste honetan, Bilbon, BBVAko Batzar Nagusia bilduko da. Bertan, Ipar Amerikan zabaltzeko prozesua onartuko dute. Prozesua banku erakundeko lehendakaritzak antolatu du, eta helburua Compass Bancshare erakundea erostea da. Horretarako, 7.410 milioi euro ordaindu beharko ditu. Erosketa urte bukaeran amaituko da.
     
    Ez da inolako ustekaberik izango. Banku erakundeetako Batzar Nagusietan erabakiak hartzen dituztenak, oro har, inbertitzaile handienak eta akziodun handienak dira. Akziodun gehienak aurreztaile txikiak dira eta ez dira garrantzitsuak. Edo, behintzat, ez dira nabarmenak. Oro har garrantzia dutenak zuzendaritzetako proposamenetarako dirua ematen dutenak dira; zuzendaritzek, trukean, opariak ere ematen dizkiete. Zuzendaritzak Batzar Nagusietan aurkezten dituen proposamenak akziodun handienek aldez aurretik adostutakoak dira. Horregatik, martxoaren 17an, Bilbon egingo den BBVAko Akziodunen Batzar Nagusiak finantza erakundeko zuzendaritzak prestatu duen Ipar Amerikako finantza prozesua onartuko du.
BBVAko akziodunen batzar nagusi bateko irudia
Beraz, akziodunek proposamena bermatuko dute. Proposamena Ipar Amerikako Compass Bancshare erakundea 7.410 milioi eurotan erostean datza. Erosketa horrekin, Francisco Gonzalez lehendakari duen BBVA Amerikako Estatu Batuetako hemeretzigarren banku handiena bihurtuko da. Erakundearen erosketak sekulako prozesua dakar berekin eta urtearen amaierara arte luzatuko da. Horrenbestez, Amerikako erakundearen erosketa ez da BBVAren 2007ko emaitza orokorretan azalduko.
 
Hau ez da BBVA Amerikan ezartzen den lehen aldia. Iaz BBVAk Amerikan egin zituen negozioei buruzko erreportajea (2060. zbk. 2006-10-29) egin zuen aldizkari honek. Negozioak Hegoaldeko herrialdetan egin zituen gehienbat, baina Iparraldean ere negoziatzen hasiko zela iragarri zuten; orain, iragarpena beteko da. Erdialdeko Amerikan, Mexikon hedatu da bereziki; han, Bancomer erosi zuen. Aldi berean, Ipar Amerikako hainbat eskualdetako banku txikiak erosi zituen. BBVAren presentzia hain da garrantzitsua Amerikan, non langileen gehiengoa Hego Amerikako eta Ipar Amerikako erakundeetan duen.

Bere historiako inbertsio handiena

Compass Bancshare banku taldea erosteko BBVAk 7.400 milioi euro gastatuko ditu. Hori izango da Bilbon jaio zen bankuaren historian egingo den inbertsiorik handiena. Orain arte, BBVAren inbertsiorik handiena 2000. urtean izan zen, Mexikoko Bancomer banku taldea erosi zuenean, horretarako 6.400 milioi euro ordaindu zituen. Akzioak erosteko eskaintza publiko (EEP) baten bidez egingo da erosketa. Lehendabizi Texasen dituen hiru banku txikiak elkartuko ditu, eta urtearen amaieran, Compass Bancshare erakundearekin batuko ditu.

Ipar Amerikako banku talde horren egoitza Alabaman dago, eta Texasen eta AEBetako hegoaldean hedatzen da, 417 sukurtsalekin eta 8.808 lanposturekin. Aktiboak 34.200 milioi dolarrera iristen dira; 24.374 milioi dolar ditu kreditutan, eta 23.046 milioi gordailutan. BBVAren interesa piztu duena banku talde horrek Texasen (165 sukurtsal) eta inguruko estatuetan duen presentzia da. Francisco Gonzalez lehendakari duen bankuak jada hiru banku txiki erosi ditu inguru horretan, eta 200 bulego ditu guztira. Beraz, Compass erosi ondoren, BBVAk AEBetan 47.000 milioi dolar izango ditu aktibotan, 32.000 milioi kreditutan, 33.000 milioi gordailutan eta 622 bulego Texasen, Alabaman, Arizonan, Floridan, Coloradon, Mexiko Berrian eta Kalifornian. Erosketa gauzatzean, BBVAk hazkunde handiko eta arrisku txikiko eremu horretan bere irabazi guztien %10 lortzea espero du.

Kapitala handitu eta Iberdrola utzi

Prozesua gauzatzeko, BBVAk bi erabaki nagusi hartu ditu. Lehenik, bere kapitala 3.800 milioi eurotan balioztatua izanik, %5,5 handitzea erabaki dute. Ordainketaren erdia akzioekin egingo da, eta beste erdia eskudirutan; akzio bakoitzak 71,82 dolar balio du. Joan den abenduan, erosketa ordaindu ahal izateko, 3.000 milioi handitu zuen bere kapitala. Bigarren erabakia Iberdrolako –egoitza soziala Bilbon duen erakunde elektrikoa– kapitalean betidanik izan duen partaidetza uztea izan da. Erakunde elektrikoan %5,01eko partaidetza du, eta beraz, partaidetza saltzean 1.570 milioi euro irabaziko ditu. Iberdrolako akzioekin lortuko duen gainbalioa edo irabazia 850 milioi eurokoa izango dela uste dute. Gainerakoa, prozesu honetan ordaindu behar diren 7.400 milioi euroetara iristeko falta dena, erakundearen berezko baliabideekin ordainduko da.

100.000 lanpostu baino gehiago

Ipar Amerikako banku talde hori erostean, 100.000 langile baino gehiago izango ditu BBVAk. 2006. urtearen amaieran, 98.553 langile zituen; haietatik 66.146 Hego Amerikakoak eta Ipar Amerikakoak ziren. 7.585 bulego ditu mundu osoan, eta haietatik 3.797 Amerikan daude. Era berean, 2006an 4.736 milioi euroko irabaziak izan zituzten (2005ean baino %24,4 gehiago), eta haietatik 2.284 milioi Amerikan lortu zituzten.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude