«Ez, nik ez nuke ergatiboa kenduko»

  • Euskal indioek seriotasunez begiratu izan diote munduari beren erreserba txikitik. Azken aldi honetan ordea, buruzagi berri batek giroa aztoratu du. Luma burutik kendu eta paper gainean jartzea otu zaio, komikiak egiteko. Eta euskal indioek barre egiten ikasi dute komiki horiei esker. Erruduna –hala deitzea baldin badago behintzat– Zaldi Eroa izenez ezagutzen dute. Izen horren atzean ordea, Patxi Huarte ezkutatzen da, ironia, surrealismoa eta xalotasuna uztartuz bere berezkoa duen estiloa garatu duen komikigilea.
Patxi Huarte, 'Zaldi Eroa'
Josu Santesteban

Zure lehen marrazkiak Korrok aldizkarian kaleratu ziren. Zer giro zegoen Iruñean urte haietan? Zerk bultzatu zintuen marraztera?


Paraiso irratian nengoen, irrati libre bat, Iruñean egon zen lehendabizikoa, eta han aditu nuen marrazkilari bat behar zutela Korroken. Deitu eta hasi egin nintzen. Euskal kulturan zerbait egin nahi nuen, ze nik ikastolan ikasi nuen, baina atera bezain pronto euskara galdu nuen. Ez nuen hitz egiten, ez nengoen inolako giro euskaldunetan sartua… Halako kontzientzia bat piztu zitzaidan, eta Korroken hasi nintzen.

Geroztik hainbat hedabidetan aritu zara: Nafarkaria, Aizu!, TMEO... Orain Berria egunkarian zabiltza egunero. Hasieran afizio zena ofizio bihurtu zaizu?


Bai. Euskalerria Irratian nenbilenean AEKn lanpostu bat atera zen marrazkilari batentzat eta han hasi nintzen marrazkilari bezala kobratzen.

Ofizio bitxia da, zer moduz bizitzen da komikigile bat?


Bueno, biziraun egiten da. Ez duzu soldata arrunta inoiz egiten. Orain mileuristak maila baxuena direla esaten dutenean… Nik nahiko nuke mileurista izatea!

Zurea bezalako lan sortzaileetan ez du bertigorik ematen hurrengo egunean argitaratu behar den komikirako ideiarik gabe egoteak?


Ongi daramat orain arte. Hala ere, azken aldi honetan ez dut hain garbi. Behin gidoilari baten liburuan irakurri nuen ez zaiola beldurra izan behar, berez aterako dela zer edo zer zure lanean sinesten baduzu. Eta orain arte horrela egin dut. Azken aldian nahiko gidoi eskasak atera zaizkit ordea, krisian sartu naiz.

Euskal Herriko egunerokotasuna, politika alorrean behintzat, ez da nahi bezain baikorra. Nola lortzen da umorezko begiratua ematea?


Ez dakit. Oraingo egoeran txisteak egiten hasten bagara… Nik uste antzematen dela niretzat egoera ez dela graziosoa. Azken bi urte hauetan bagenekien gauzak bideratuta zeudela modu batean edo bestean eta horrek lasaitzen zaitu gauzak beste modu batean hartzeko, modu alaiagoan, eta kritikatzeko. Baina orain gauzak bere gordinean agertzen direnean, jendea atxilotzen dutenean, De Juana hilzorian dagoenean, jendeak hiltzen duenean… zailagoa da.

Politikaz ari gara. Politikariak pertsonaia bihurtu izan dituzu komikietan. Zein izan da komikiratzeko zailena eta zein errazena?


Sanz, esate baterako, oso zaila egiten zait eta ez dut ateratzen. Bere gauzetaz barre egin dut baina bera ez dut atera orain arte. Ni oso karikaturagile txarra naiz, asko kostatzen zait jendearen aurpegia islatzea. Aznar berriz oso erraz ateratzen zitzaidan. Hauteskundeak galdu zituenean umorista guztiek esan zuten “ze zaila egiten zaigun orain eguneroko komikia egitea”. Bera giñoletako pertsonaia da, oraindik ere. Fisiko horrekin eta esaten dituen gauzekin…

Tabuak ukitu eta puskatzen dituzu sarri zure komikietan. The Organizationeko kideak marraztean adibidez, ETAko kideak zure komikietako pertsonaia bihurtu dituzu. Norbaitek gaizki hartu dizu inoiz?


Bai. Behin, errepresioa oso bortitza zenean zera esan zidaten: “Etxeko taldea galtzen ari da eta zu hortaz barre egiten”. Gaztelaniaz esan zidaten. Normala da eta bueno, beste batzuk igual ez didate esan, baina aurpegiak jartzen dizkidate… Baina bueno, gutxi.

Jendeak ondo hartzen du.


Bai, preso ohiak ere egon dira, oso ondo ari naizela esan didatenak eta etakideak izandakoak dira noski.

1994ra egingo dugu salto. Urte hartan Rikardo Arregi Saria jaso zenuen. Geroztik zure jarraitzaileek berriro proposatu izan dute zuri Rikardo Arregi Saria ematea, baita ARGIA Saria ere eta… Euskaltzaindirako ere proposatu zaitu norbaitek! Ezin esan jarraitzaile faltan zabiltzanik.


Egia da bai, eta gauza pozgarria da. Ingeleraz esaten den bezala, feedback handia izan dut lehendabiziko momentutik. Ni beldurrez hasi nintzen eta Berriakoei esan nien ez nuela nire burua ikusten eguneroko lan horretan. Eta beraiek nahi nuen epea hartzeko esan zidaten, “egon zaitez hilabete batez edo bi hilabetez eta gero ikusi”. Eta hasi bezain laster beldurra galtzen joan nintzen, gero eta gauza pertsonalagoak egiten. Zenbat eta lan pertsonalagoak egin orduan eta harrera hobea nuen… Alde horretatik oso pozik nago.

Lan pertsonalak aipatu dituzu. Askotan zure burua sartzen duzu komikietan. Ez dizu beldurrik ematen jendeak zu eta komikiko pertsonaia nahasteak?


Ez dut inongo beldurrik. Orain, gertatzen da jendeak esaten duela ego handia dudala, eta bueno, horrek mintzen nau, baina ni nire esperientziatik abiatzen naiz besterik gabe, eta horrela aldarrikatzen dut eta aitortzen dut. Nire esperientziatik abiatzen naiz beti. Nik uste hori gauza ona dela. Niri horrelako autoreak gustatzen zaizkit, bere esperientziatik abiatzen direnak eta bere gauzetaz hitz egiten dutenak. Esate baterako nik nire katuari buruz hitz egiteak “txorrada” bat ematen du, baina gero gauza interesanteak ateratzen dira, zuk bizi dituzun egoerak direnez, zerbait autentikoa ateratzen da.

Pertsonaz eta pertsonaiaz, zu Patxi Huarte zara, baina Zaldi Eroa izenarekin sinatzen duzu. Noiz hartu zuen Patxi Huartek Zaldi Eroa izena?


Marrazten hasi nintzenean. Zaldi Eroaren aldeko pintadak egiten nituen, Crazy Horseren aldekoak. Hasieran gazteleraz izaten ziren: Caballo Loco vive. Gero euskaldundu nintzenean, kontzientzia euskalduna hartu nuenean esan nahi dut, Zaldi Eroa izena hartu nuen.

Izena buruzagi indioari hartu zenion. Iruñean euskalduna siouxa bezala sentitzen da?


Siouxa bezala ekologiaren ikuspuntutik sentitzen naiz. Ni bizikletaz ibiltzen naiz eta mundua bizikletatik edo autotik ezagutzea oso diferentea da. Esate baterako, egunero A-8an izaten diren arazoez entzuten dudanean siouxak bezala bizi ditut. Baina kulturalki palestinarrak bezala bizi dut Nafarroa. Batek esan zuen Iruñea Jerusalem bezala geratuko zela. Jerusalemen bizi diren palestinarren antzera sentitzen gara: ematen du gure hiriko administrazioa ez dela sekula euskalduna izango baina bueno, bertan iraungo dugu gure kultura hemen errotua dagoenez.

Egunkarietan ateratzen diren komikigileen artean zein dituzu gustukoen?


Nik bat daukat guztien gainetik: Steve Bell ingelesa, The Guardian egunkarikoa. Oso ona da. Egunero egiten ditu zintak, kristoren marrazkilaria da, oso surrealista… Nik ez dut ulertzen, ez dakit ingeleraz, baina imajinatzen dut nondik nora doan eta oso ona iruditzen zait. Eta bueno, Berrian gaudenok denak gara onak. Oroz ere asko gustatzen zait.

Bukatzeko aipu parea. Lehena Xabier Olarrarena, berak itzuli eta zuk ilustratutako Raymond Queneauren Estilo Ariketak liburuaren harira: “Esan beharra daukat oso ongi aurkitu duela liburuak tarteka duen tonu surrealista eta beste batzuetan duen kutsu naïf hori esku trebez emateko bidea”. Zure komikiek ere badute bai, surrealismotik bai naïfetik ezta?


Surrealismoa nire ustez oso lotua dago umorearekin. Umorea inork oso ongi ulertzen ez duen gauza da. Nik ere ez dut ulertzen. Inork ez du ulertzen. Zergatik txiste on batek grazia egiten duen eta zergatik den ona. Zergatik esaera hori den hain graziosoa. Sorpresa… zertan datza sorpresa… Surrealismoa niretzat oso kuriosoa da eta nik uste dut berebizikoa dela.
Eta naïf izatea niretzat ona da: gauzak modu inozo batean begiratzeak laguntzen du benetako errealitatea ezagutzen. Literaturan, pinturan… begirada garden eta inozo batekin begiratzen duzunean gauza politak ateratzen dira. Ez dira artelan osoak, ni ez naiz artista iraultzailea sentitzen, baina ateratzen dena ez dago gaizki. Badu zer edo zer.

Bigarren aipua Goñi tabernako zure kidearena da, Juan Kruz Lakastarena. “Euskalduntasunaren modernizatzaile” bezala definitu izan zaitu. Modernitatearen bandera hartu eta ergatiboaren abolizioa proposatzen jarraituko duzu?


Ez, ez… Kontua da ni euskaldun berria naizela eta ergatiboarekin zailtasunak ditudala oraindik. Baina bueno, baita baldintzazko aditzekin eta gauza guztiekin. Baina euskara kontuetan ez dut inongo ildo gramatikalik edo linguistikorik… jolastu egiten dut besterik gabe.

Beraz ergatiboaren abolizionistek beste lider bat bilatu beharko dute?


Badira horrelakoak? Baten batek aipatu zidan euskara errazteko-eta batzuk ari zirela… Ez, nik ez nuke ergatiboa kenduko.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude