Emakumeak borrokan
Jon Abril

«EB-Aralar koalizioak gehiengo osoak ekiditen lagunduko du»

  • (Bera, 1975). Kazetaritzan eta herri mugimenduan aritua. Aralarreko koordinatzaileordea eta Berako alkateordea da: “Udal kudeaketa esker onekoa da, polita, baina gogorra ere bai. Beran eta Nafarroan, oro har, ogasun arazoen ondorioz udalen egoera ekonomikoa txarra da. Politika nahi bezala garatu ahal ez izateak herritarrekin konfrontazioa sortzen du batzuetan, eta gogorra da hori” adierazi digu. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeaz jardun dugu bereziki: NaBai-z eta EB-Berdeak-Aralar koalizioaz. Normalizazio politikoaz ere ikuspuntu interesgarriak eskaini dizkigu.
     
    Ez zaio samurra izan ia lau urteko udalgintza Jon Abrili, gustura dago haatik: “Kritika politikoa jasotzea normala eta beharrezkoa da. Gogorrena, adibidez, herritarrek –auzokoek eta lagunek– egindako eskaerak ukatzea da. Bakoitzak berea ikusten du, baina udal funtzionamendua barnetik ezagututa bestela ikusten da”.
     
    Kanpaina gogorra jaso zuen hasieran Jon Abrilek ezker abertzalearengandik, Aralarren aurka bereziki eta bere kontra ere bai: “Denboraren poderioz giza harremanen parte bezala hartzen duzu politikagintza. Egoera normalduz doa poliki-poliki, hala ere”. Ibilbide horretan Kotto herrikide presoaren heriotza ezagutu zuten beratarrek: “Horrelako egoerak mikatzak dira, baina Beran ‘ongi’ moldatu ginen une mingarri hartan”.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2007ko martxoaren 04a
Jon Abril
Dani Blanco

Zergatik ari zara politikan?


Herri mugimenduan aritu naiz eta horrek bultzatuta iritsi naiz politikara. Politika, funtsean, kudeaketa da. Euskal Herria herri mugimendutik eta eguneroko politika landuz eraiki behar da, biak beharrezkoak dira politika egiteko.

Nafarroako foru hauteskundeak hizpide. Zertan da Nafarroa Bai (NaBai)?


Lana oso aurreratuta dago. 50 udal baino gehiagotan izanen dira NaBairen hautagaiak. Bertze hamarren bat udaletan aukera handiak daude koalizioa osatzeko. Iruñerriko udal guztietan aurkeztuko da, Sakanan ere bai. Ilusioa ikaragarria da. Jendeak aldaketa etor daitekeela sentitzen du, orain arte ez zegoen alternatiba dagoela.

Zer egiten du nafar batek EAEko politikagintzan?


Ez naiz EAEko politikan ari den nafarra, Hegoalde osorako egitura duen alderdi bateko burua baizik.

Bake eta normalizazio bidean, Aralarrek armak behin betiko uzteko eskatu dio ETAri. Raxoik, berriz, Aralarrek esaten duenari kasu egiteko gomendatzen dio Zapaterori. Paradoxikoa ote?


Mariano Raxoirentzat Aralar oso urrun dago. Hori da gutaz duen erreferentzia bakarra, gure ezaugarri bakarra balitz bezala. Errepikatzearen poderioz gailentzen den erreferentzia bakarra, ETAren jarduna kritikatzen duen ezker abertzaleko jendearen eskaera delako. Baina hori baino aunitzez gehiago da Aralar. Batetik, ezker eraginkorra izan nahi duen alderdia da, Nafarroan nahiz EAEn. Horren bila hitzarmenak bideratu dituena eta dagoen instituzioetan herri mugimenduari ahots ozena eman diona. Presentzia txikia dugu: Nafarroako Parlamentuan 4 legebiltzarkide, Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Eusko Legebiltzarrean ordezkari bakarra eta 60-70 zinegotzi. Baina politika egiteko beste modu bat lantzen ari gara. Mariano Raxoiri politika egiteko beste modu bat dagoela esango nioke, eta ikas dezala gomendatuko nioke.

EB-Aralar koalizioa, PSEren eta EEren bigarren edizioa dela diote batzuek.


Konparazioak gorrotagarriak dira eta kasu honetan gehiago. “Euskadiko Ezkerra bezala bukatuko duzue” esaten dute zenbaitek. EB-Aralar bakoitzaren ezberdintasunaren araberako koalizioa da, garai honetarako egina. ETAren su-eten garaian diseinatzen hasia, eta su-etena apurtuta ere balio berbera izaten jarraitzen duena.

Zergatik eta zertarako koalizioa?


Euskal Herriak ezker eraginkorra eta eraldatzailea behar du, ezkerraren hutsune handienetako bat ezkerra sakabanatuta egotea da. Koalizioak egoera hau aldatu nahi du, ezkerreko politika herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetara eramateko, alegia, udaletara eta batzar nagusietara. Ezkerreko politika justizia sozialean oinarritzeko, azpiegitura handiekiko kritika eraikigarria egiteko eta bakean oinarrituta gizarte bat osatzeko asmoz sortu da koalizioa.

EB-Aralar koalizioa politikaren parametroak bestelakoak zirenean hasi ziren mamitzen. Zein neurrian eragin du Barajasko atentatuak?

 Abenduaren 30eko atentatuaren ondoren koalizioa ez da zalantzan egon, ez EBren aldetik ez Aralarren aldetik. Bi alderdiek irakurketa bera egin genuen atentatuaz, hau da, inoiz baino beharrezkoagoa da bakearen alde elkarrekin jardutea, are zentzu gehiago du atentatua eman zen moduan eman zelako.

Koalizioa osatzeko arazoak ez bide dira ideologikoak, sentimenduzkoak baizik: kultur jite ezberdinak eta aurreiritziak... Horrela al da?


Bai. Baita etxe barruan ere. Aralarren sentsibilitate ezberdinak daude eta horiek errespetatu eta ondo kudeatu behar dira. Normala da neurri batean, baina hori ere koalizioaren alde baikorra da. Koalizioa abertzale eta abertzale ez direnen artekoa da, bakoitzaren diferentziak kontuan hartuak eraikia. EBkoak federalistak dira eta gu independentistak, baina biok ala biok herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidea defendatzen dugu: erabakimen librea. Hau da azpimarratu behar dena. Eskubidea erabiltzerakoan erabaki ezberdina hartuko dugu, guk independentzia haiek federalismoa. Baina eguneroko lanetan, gai aunitzetan ezkerreko politika lantzean kointzidentzia asko dugu.

Koalizioaren hautagaien %70 EBrenak dira eta Aralarrenak %30. Aralarren helburua %50 ordezkatzea omen zen.


Ez. Ez da horrela. Koalizioa osatzerakoan geure errealitateak kontuan hartu ditugu. Aralar hagitz alderdi tikia da, EBk hainbat lekutan bikoiztu egiten du Aralar. Eguneroko presentzian baino boto kopuruan da gehiago EB, hala ere. Egoera parekatuena Gipuzkoakoa da. Azken hauteskundetako emaitzak kontuan hartuz, EBren ordezkaritza %55 da eta gurea %45. Gipuzkoan parekotasun horren bila aritu gara. Araba eta Bizkaian gure presentzia eta bozka tikiagoa izanik, hautagaien kopuru hori zegokigula ulertu dugu.

Araban ez duzue antza, alderdikideen oniritzia jaso.


Araban arazoak izan direla esan dugu argi eta garbi, bertako kideek ez zutelako koalizioa osatzea egokia ikusten. Alderdiaren gehiengoak bestela ikusi du ordea. Hegoaldeko batzarrari zegokion erabakia hartzea eta %90eko onespenarekin onartu zuen koalizioa osatzea Araban ere. Kongresuan ere ildo ofizialak %89ko babesa jaso zuen. Zuzendaritzak interpretatu du nahiko babes dagoela koalizioa hiru lurraldeetan osatzeko.

Gipuzkoako herri guztietan ez dago koalizioa erabakita, Arrasaten eta Aretxabaletan, kasu.


Herrietan tokian tokiko batzordeek erabaki behar dute. Koalizioaren prozesua horregatik luzatu da. Bi alderdiek herriz herri lan egin behar izan dute, gure egituretan emandako erabakiak onartu eta EBrekin adostu. Udal batzuk alderdiaren batzar nagusiaren erabakitik kanpo geratu dira, bertako batzordeen erabakiak errespetatu dira, eta zenbait herritan –Debagoienean, adibidez– kandidaturak oraindik itxi gabe daude, batzorde lokalak eztabaidan ari direlako.

Herri mugimenduaren dinamikan aritua zara. Aldarrikapen eta borroka ugari daude esparru horretan: AHT, errauskailuak...


Lan handia dago egiteko alor horretan, herri mugimenduan ari den jende askok frustrazioa jaso du. Ezkerrak ez du herri mugimenduko eskaera horiei erantzuten jakin.

Ezkerreko sektore horien laguntza eta botoa jasotzeko aukerarik bai?


Bai. Esaterako, Zutik alderdiak hainbat herritan atxikimendua emanen dio koalizioari, Zutik-eko jendea ere joanen da zenbait zerrendatan. Badago beste sektore bat ere, aurrerakoia, orain arte boto praktikoa eman duena, EAJ-EA koalizioari bereziki. Horiek ere erakartzen saiatuko gara.

EAJ-EA koalizioa ez da oraingoan aurkezten. Aldaketa horrek nola eragin dezake?


Horrek leku gehienetan ahalik eta gehiengo osoak saihesten lagundu lezake. EB-Aralar koalizioaren helburuetako bat gehiengo absolutuak ekiditea da, beste bide politiko bat garatzeko aukera eman lezakeena.

Nola nahiko zenuke Batasuna aurkeztea udal eta foru hauteskundeetan?


Batasunak hauteskundeetan egotea nahi dut, bere izenarekin gainera. Bai EB bai Aralar Alderdien Legearen aurka gaude. Euskal Herriko gizartearentzat eta demokraziarentzat onena Batasuna hauteskundeetan egotea da, baita EB-Aralar koalizioarentzat ere.

Azkenik, nola daramazu “ezker abertzalea” terminoa?


Hitzekin joko handia egiten da, guk ez dugu ezker abertzalea terminoa gehiegi nabarmendu nahi, Batasunak bere egiten duen edo ez... Guk ezkerrekoak eta abertzaleak garela azpimarratu nahi dugu, politika abertzale eta ezkerrekoa landu nahi dugu. Ez dut izenen saltsa gustuko, garrantzizkoa edukian dago eta.
ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-05-21 | ARGIA
Irailera arte atzeratu dute oraingoan eraikin publiko bat okupatzea egotzita egiten ari diren epaiketa

2018ko maiatzean borroka sozialen astea egin zuen Donostian Bizitza Da Handiena dinamikak. 2002tik itxita zegoen Gizarte Segurantzako Diru Zaintzaren eraikina okupatu zuten astebetez. Okupazio kolektibo horren arduradun gisa kide bakarra identifikatu zuen Ertzaintzak eta epaitu egingo dute. Epaiketa maiatzaren 14an egitekoak baziren ere, atestatua idatzi zuten bi ertzainei jakinarazpena bidali gabe zegoenez, atzeratu egin zuten maiatzaren 21era. Bigarren aldi honetan berriro atzeratu dute,... [+]


2019-05-21 | ARGIA
Baserriko Uzta: Olatz Salvador, Eaut Elorrieta eta Ruper Ordorika 2019ko uzta jasotzeko prest

2017ko azaroan Anarik eman zion hasiera EHKolektiboak antolatutako 'Baserriko Uzta' zikloari Antzuolako Pikunieta baserrian eta 2019rako hiru kontzertu berri iragarri ditu nekazaritza agroekologikoa sustatzen duen elkarteak. Olatz Salvador, Eñaut Elorrieta eta Ruper Ordorikak kantatuko dute Araba, Zuberoa eta Gipuzkoako etxalde banatan.


2019-05-21 | ARGIA
Donostiako alokairuaren prezioa %17 igo da lau urtetik hona

Idealista higiezinen atariak Espainiako estatuko alokairuen prezioak aztertu ditu. Espainiako estatuko hiriburu guztietan bezala, Hego Euskal Herriko hiriburuetan ere alokairuaren prezioak nabarmen igo dira.


2019-05-21 | ARGIA
Kataluniako parlamentari presoentzako txaloak nagusi Espainiako Kongresuan

Espainiako Kongresuan izan dira bigarren egunez jarraian Turull, Rull, Sanchez eta Junqueras. Behin osatuta, Kongresuko mahaiak erabakiko du euren kargugabetzearen inguruan. Meritxell Batet, izendatu dute Kongresuko presidente .


2019-05-21 | ARGIA
Ertzaintzak Gipuzkoako Foru Aldunditik kanporatu ditu protestan ziren zaharren egoitzetako langileak

LAB sindikatuak antolatutako protestaren baitan Foru Aldundiaren egoitzako sarrera hartu dute goizean greban diren langileek, “hitzarmena orain” aldarria bertara eramanez. Arratsaldean, kanporatu egin ditu Ertzaintzak.


Teknologia oro politikoa da

Donald Trump presidenteak eta Google megakorporazioak Huawei enpresa txinatarrari jarritako betoaz:


2019-05-21 | ARGIA
Semper Donostiako alkategaiaren egoitzari PPko logoaren pintaketak egin dizkiote

Sare sozialetan zabaldu denez, Donostiako alkatetzarako kanpainan Borja Semperrek ireki duen egoitzan pintaketak agertu dira atearen albo banatan. PP alderdiaren logotipoa jarri diote.


2019-05-21 | ARGIA
Jarrera matxistagatik, bertan behera utzi dute Azkoitiko Pelotai Euneko mutilen txapelketa

Pelotai Euneko mutilen pilota txapeleketaren Whatsapp taldean emakumeen kontrako iruzkinak egin dituzte. Ondorioz, mutilen txapelketa bertan behera uztea erabaki du antolakuntzak.


2019-05-21 | ARGIA
Gaur hasiko da "Zerukotik lurrekora" zikloa Koldo Izagirreren hitzaldiarekin

Donostiako San Telmo Museoan izango da ziklo osoa, eta emanaldi guztiak 19:00etan izango dira.


Igor Gebara
"Inposaketan ari da Mercedes, eta ez gaude hori onartzeko prest"

Azken kaleratzeen harira, mobilizazioak egingo dituzte. Ekoizpenean iragarri den jaitsierak enpleguari eragingo ez diolakoan dago Gebara.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude