argia.eus
INPRIMATU
Kike Amonarriz, Soziolinguista eta umoregilea : Garai berriak, hizkera berriak
2007ko otsailaren 4a
«Gaur egun, beraz, euskarari dagokionean, ezin daiteke gazte hizkera bakar bati buruz hitz egin. Gazte hizkeraz baino, gazte hizkerez hitz egin beharko genuke, eta jarrera positiboa hartzez gerotan, baita hizkera gazteez ere»

Hamalau urte genituenean, Tolosako kaleumeok ez genuen inoiz akatsik egiten gure artean euskaraz hitz egiterakoan... Garai hartan ez baitzegoen euskaraz ari zen bertako kuadrilarik! Aurretik zetorren, ordea, kontua. Gerra aurreko lehen ikastola sortzeko 1921ean zabaldu zen orrian honako hau irakur zitekeen: "(...) amar aldiz Tolosa'ko bira egingo dezu, ta arrituta etxeratuko zera amabost urtetik berako tolosar bati euskerazko itzerdirik arrapatu ba-diozu." Errealitate honetatik abiatuta, gaurko gazteen euskara harritzeko modukoa da, gehienak euskaraz ari baitira Tolosako kaleetan.

Helduak kontuz ibili beharrean gaude, beraz, gazte hizkerari buruzko iritziak ematerakoan. "Gure garaian" moduko kontzeptu ezin atzerakoien ikuspegi desitxuratzailea erabili nahi ez badugu behintzat.

Eta zergatik da kezka gazte hizkera? Zergatik erabiltzen dira gehienetan adjektibo ezkorrak "gazteak eta euskara" gaiari heltzerakoan? Seguruenik, helduok genituen aurreikuspenak bete ez direlako, edo espero ez genituen hizkuntza portaerak ari direlako nagusitzen. Eta denok aitortu arren, ezagupenean nahiz erabileran asko aurreratu dela, oraindik ere, asko direlako jakin arren euskaraz egiten ez duten gazteak, eta, erabiltzen den euskararen kalitatea ez delako uste bezain ona, besteak beste.


Hizkuntza ez da inoiz bat eta bera

Horiek esanda, nabarmenduko nukeen lehen aspektua hizkuntzen aldakortasunarena da: diakronikoki, geografikoki, funtzionalki eta pertsona ororen baitan etengabe aldatzen dira hizkuntzak.

Aldaketa horien nondik norakoak, ordea, oso desberdinak dira hizkuntza batzuetatik besteetara. Aldaketak, barrutik kanpora sortutakoak edo kanpotik barrura eragindakoak izan daitezke. Gaur egun, badira unibertsal samarrak diren kezkak: komunikazioan gertatzen ari den "pobretzea", neologismo ingelesen ugaltzea, ortografiarekiko ardura falta...

Kezka horiei, teknologia berrien ondorioz sortu diren fenomeno berrien ingurukoak gehitu zaizkie. Internetek, digitalizazioak eta telefoniaren garapenak pertsonen arteko harremanetan eragin dituzten aldaketek, ondorio zuzena izan dute hizkuntzaren erabilpenean, batez ere maila idatzian: komunikazio-bide eta harreman-mota berriak sortu dira eta horiekin batera hizkera mota berriak. Lehen ahozkora mugatzen zen kode informalen erabilera, idatzizko harremanetara zabaldu da. Idazkera zuzenaren monopolioa desagertu egin da, harreman-mota batzuetan ia desagertzeraino.

Idazkera honen ezaugarri nagusiak komunak dira Europako izkina honetako hizkuntza guztietan edo gehienetan, nahiz eta euskararen kasuan, gure egoera soziolinguistikoa dela medio, azpi-fenomeno berezi batzuk ere agertu diren. Kode idatzia ahozko kodera gerturatu da eta estandarraren arauak ez dira guztiz errespetatzen. Mezuetan, ekonomia eta adierazkortasuna bilatzen dira; mezu bizi, arin eta zuzenagoak lortu nahi dira, estandarraren urruntasun, zuzentasun edo seriotasuna gaindituz. Araurik ez dago eta ulergarritasuna da arau bakarra. Talde-nortasuna markatu nahi da eta transgresioa bilatzen da, gertutasuna eta bertokotasuna indartuz.


Euskaldungoaren eraldaketa sakona

Eta egoera konplexu honi, gure hizkuntza komunitateak azken hamarkadetan bizi izan duen sakoneko eraldaketa kuantitatibo nahiz kualitatiboa gehitu behar diogu: euskararen hedapen geografiko, demografiko nahiz funtzionala, lehen hizkuntzatzat euskara izan ez duten euskaldunen proportzio gero eta handiagoa, batuaren hedadura, belaunez-belauneko etena euskalkien transmisioan, euskaraz eroso aritzeko gehiengo batek dituen adierazkortasun arazoak, erabileraren hobekuntza eta hedadura geografikoa, ezagupenetik erabilerara dagoen tarte gero eta handiagoa, eta abar. Jazoera positiboak batzuk, kezkagarriak besteak.

Bilakaera honen ondorioz, hiztun tipologia berriak sortu dira. Oso euskara-mota desberdinak hitz egiten dira Tuteran eta Elizondon, Donostian eta Tolosan, Bilbon eta Ondarroan, familia erdaldunetan eta euskaldunetan, euskaraz bizi direnetan eta euskarazko kultur kontsumorik ez dutenetan, euskalkia darabiltenen edo ezagutzen ez dutenen artean... Faktore asko dira aintzat hartu beharrekoak: norberaren ezagupen maila, euskalkiaren bizitasuna, harreman-sareen euskararen erabileraren dentsitatea, tokian tokiko egoera soziolinguistikoa, hizkuntza jarrerak, ideologia linguistikoak...

Gaur egun, beraz, euskarari dagokionean, ezin daiteke gazte hizkera bakar bati buruz hitz egin. Gazte hizkeraz baino, gazte hizkerez hitz egin beharko genuke, eta jarrera positiboa hartzez gerotan, baita hizkera gazteez ere. Gazte hizkera asko dago, errealitate soziolinguistiko adina. Eta tipologia soziolinguistikoak asko ugaldu direnez, gazte hizkerak eta hizkera gazteak ere asko ugaldu dira.

Joera orokor gisa ezer nabarmendu beharko bagenu, hauxe azpimarratuko genuke: hizkera gazteak, batez ere, nahasiak direla. Eta zer nahasten dute? Euskara eta gaztelania, batua eta euskalkia, norbere euskalkia eta besteenak, euskara zuzena eta akastuna... Nahasketa horren emaitza da, kezka-iturria.

Gurean, bestalde, bada azken urteotan indarra hartu duen fenomeno berezi bat; euskara estandarretik aldegin nahian, gazte askok euskalkietara jo du -neurri desberdinetan-, eguneroko hizkera indartzeko eta idatzizko harremanak adierazkortasunez hornitzeko. Euskalkiek, hurbiltasuna, kolokialtasuna, benetakotasuna eta intimitatea eskaintzen diete. Nahiz eta, aspektu positiboekin batera, arrisku nabarmen batzuk ere sumatu ditugun hainbat joeratan: txokokeria, folklorekeria eta jatorrismoa.


Harreman-sare berriak

Joan Fusterrek zioen bezala, hizkuntza komunitate bat, funtsean, harreman-sare bat da, eta euskalkiek garai bateko harreman-sareen ondorio eta ispilu ziren ber, hizkera gazteak XXI. mendeko euskaldunen arteko harreman sareen ondorio eta ispilu izango dira.

Egoera normalizatuan bizi diren hizkuntzengan aldaketa horiek, batez ere, azaleko aspektuetan dute eragina. Egoera minorizatuan bizirauten dugun hizkuntzetan aldiz, neurriak hartzen ez badira, hizkuntzaren zutoinak eta zutabeak ere kaltetuta gerta daitezke, hizkuntzaren beraren biziraupena arriskuan jartzeraino.

Gazte-hizkerak eta hizkera gazteak normalizazioaren norabidean joan daitezen eta ez hizkuntza ordezkapenarenean, beraz, hizkuntzaren eta hizkuntza-komunitatearen bilakaera autozentratu eta "beregaina" lortu behar da. Euskararen ezagupena orokortzeaz gain, harreman-sareak sortu, indartu eta elikatu egin behar dira, ikasketa-prozesuetan, motibazioa eta jarrerak landuz eta erabilera-esparruak bermatuz eta ugalduz.