Unai Ziarreta: «Batasunak orain dioena, EAk sortuz gero proposatu du»


2007ko urtarrilaren 28an
EAko idazkari nagusi Unai Ziarretak honela deskribatu digu normalizazio politikoaren prozesua: «Bake prozesua izan dela begi-bistakoa da. Bi aldeek, Espainiako Gobernuak eta ETAk berau onartu dute-eta. Besterik da bake prozesua normalizazio prozesu politikoa bilakatu izana. Bistakoa da bake normalizaziotik normalizazio politikorako jauziak ere huts egin duela.

Nolako balorazioa egiten duzu bederatzi hilabete iraun duen prozesuaz?
Prozesua ilusio handiz bizi izan dugu EAn. Martxoaren 22an hasi zen su-etena mugarri izan da gure alderdiarentzat. Guk apustu oso sendoa egin dugu: Batasunarekin eta ia eragile guztiekin elkarrizketatu gara. Esaterako, beste asko ez bezala, gu BECeko ekitaldian izan ginen. Areago, ETAk su-etena eman baino lehen Batasunarekin sarritan elkarrizketatu ginen, eta orduan oso gaizki ikusia zen. Apustuak kostu bat izan du guretzat, alderdiaren barnean ere kostua izan du, baina apustua leiala eta argia izan da.


Alderdien eta eragileen artean eraikitako zubiak nola daude orain?
EAk zabaldu dituen zubiak irekita daude, gatazkaren irtenbide bakarra elkarrizketaren bideari ekitea da eta. PSOEko Gobernuari ere ez zaio beste biderik geratzen. Alderdien arteko zubiak eta bideak zabalik daude, eta lanean segitzen dugu konfiantza berreskuratzeko. Areago, beste alderdi politikoen artean zubiak hautsita badira EA altxatzen laguntzeko prest dago.

Zer iritzi duzu Ibarretxe lehendakariak Bilboko manifestaziorako egin zuen deialdiaz?
Lehenik, manifestazioaren deiaz eta egin zen bitarteko egunetan gertatuaz ez dut iritzi baikorrik. Guk manifestazioa ETAk su-etena hautsi baino lehen burutu behar zela esan genuen, gizarteak hori eskatzen baitzuen. Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzari zegokion manifestazioa deitzea eta antolatzea. Tamalez polemika gehiegi izan da, alderdikeria eta interes larregi. Berbarako, PSEk ez du Ibarretxe lehendakariak "protagonismoa" izatea nahi, alderdi sozialistak ordea onartu behar du EAEko erakunde gorenaren ordezkari nagusiari dagokiola manifestazioa antolatzea.

Lemaren inguruan gertatuak zer iradoki dizu?
Lema egokia zen, apur bat gehiago zehaztea merezi zuen, agian. Manifestazioa Barajasko atentatuaren ondoren deitu zela kontuan harturik, atentaturik gabeko manifestazio baterako balio zukeenak ez zuen balio ETAren atentatuaren ostean, doitu beharra zegoen. Edonola ere, lehendakariak bakearen eta elkarrizketaren aldeko manifestazioa deitu zuen eta gizarteak ulertu zuen manifestazioa ETAren atentatua gaitzesteko helburuz egingo zela.

Lehendakariak "politikoak ez gaude zirkunstantziek eskatzen dutenaren mailan" esan zuen.
Ez nago ados. EA zirkunstantziek eskatu duten mailan egon da, guk lehendakariari erabateko sostengua eman diogu. PSE erabat lekuz kanpo egon da. Leman ezin duzu testuan adierazita dagoen guztia bildu. Batasunak ere zinismoz jokatu zuen.


Bilboko manifestazioa dela-eta EAJren eta Batasunaren arteko tirabirak eta diferentziak eszenifikatu dira.
EAJko zuzendaritzak PSE lehenetsi du Batasunaren aldean. Niretzat hori akatsa da, ez nator bat jarrerarekin. Manifestazioa irekia zen, ez zen baten edo besteren aldera zertan egin behar.


EA Batasunaren alderago dago.
Hori ere zehaztu beharra dago. Sektore batzuek EAk Batasunaren aldera jo nahi duela diote, baita gure alderdian bertan ere, akordio batera iritsi nahi dugula Batasunarekin. Eta hori ez da egia. Halaber, gatazkaren konponbidean emandako aurrerapausoak berek eman dituztela esaten du Batasunak, baina Batasunak Anoetako Proposamenean dioena guretzat ez da berria. Carlos Garaikoetxea lehendakariak 1983an aldarrikatu zuen Anoetako bidea. Batasunak Anoetako tesiak hogei urte lehenago asimilatu izan balitu beste egoera batean egongo ginateke. EAk sortuz gero proposatu du Batasunak orain dioena.

Nola ikusi duzu Batasuna, ETAk Barajasen egindako atentatua izan berri.
Atentatua itzelezko ezustekoa izan zen Batasunarentzat. Noski, gero, lehenbiziko egunak pasatakoan, bakoitzak bere ohiko jarrera hartzen du, berrindartzen eta birkokatzen da. Baina Batasunak ez zuen horrelako atentatuaren tamainarik espero, eta are gutxiago bi hildako izatea. Inork ez genuen espero eta Batasunak ere ez.

Atentatua izanda ere, ETAk su-etena indarrean dagoela dio.
Eta nola nahi du ETAk hori Zapaterok interpretatzea eta kudeatzea? Zapaterori egoera guztiz konplikatu zaio. Pistolen lapurretak eta kale borrokak zalantzak sorrarazi zituzten, baina orain ez dago dudarik, ETAk su-etena apurtu du. ETAk meza ere esan dezake, baina prozesua izan dadin bi aldeen nahia beharrezkoa da. ETAk bake prozesua hondoratu du, eta normalizazio politikoa zer esanik ez.

Jokaleku estu-estua da, beraz.
Zapaterorentzat eta Batasunarentzat bereziki. Zapaterok eta Otegik ETAren atentatua baino lehenago esaten zituztenak eta atentatua gertatu ostean El País eta Garako titularrak begiratzea besterik ez dago, garai ilunak datoz bientzat. Noski, alderdi sozialistaren gobernuak ez du tentuz eta sendo jokatu. Hasteko, PSOEn joera asko biltzen direlako, asko eta indartsuak. Batzuek irtenbide elkarrizketatu baten alde apustu egin dute, Zapaterok berak batzuek baino indar gehiagoz agian. Baina, adibidez, Rubalcaba ez dago tesi horretan. Rubalcabak pisu handia du PSOEn, prozesuaren aldeko gogo eta interes handirik ez duen sektorearen ordezkaria da. Barne ministroa izendatu zuten alderdiko barne oreka ezartzeko helburuz, Zapateroren politikak har zitzakeen arriskuak kontrolatzeko.

ETAk su-etena aldarrikatu zuenean baino okerrago ala hobeto gaude?
Ez gaude martxoaren 22an baino okerrago, baina ez gaude duela sei hilabete baino hobeto. Atentatuaren ondoren PSOEk terrorismoaren aurkako borroka PPrekin lideratzeko nahia eta arriskua ageri izan da, eta hortik ez dago irtenbiderik. Joerak argituz joango dira, orain arte urratutako bidearekin apurtu nahi izatea hautu guztiz okerra litzateke. Bidean gaude, gorabehera askotxorekin, eta Zapaterok ez du beste biderik. Zapaterok "suspensión" hitza erabili du, zuhur eta leun jokatu du, prozesuan "istripua" izan balitz bezala, baina gertatua PSOEn nola bideratzen den ikuskizun dago.

Datozen herri eta foru hauteskundeak hizpide: EA ez da aspaldion bakarrik aurkeztu, EAJrekin koalizioan baizik. Nola ikusten dituzu berauek?
Ilusio handiz. Normala da koalizioan ez joatea. EAJren zalantzazko norabidea eta PSErekin egiten ari den apustua ikusita, baita Zapateroren Gobernuari ematen dion baldintzarik gabeko sostengua ikusita ere, logikoa da EAk bere interesak modu diferentziatu batez kudeatu nahi izatea. Geure espazio politikoari eutsi nahi izatea logikoa eta normala da. EAJrekin koalizioa koiunturazkoa izan da, apustu estrategikoak tarteko. Iritsi da gure bidea berrartzeko unea, gure identitatea agertu behar dugu, ez horrenbeste nazioari dagokionez, EAJrengandik sozialki ezberdintzen gaituena agertzeko baizik.

Zer adierazten du egun hauetan burutu duzuen ez ohiko batzarrak?
EAn eztabaida serioa dagoela. Batzorde Nazionalak abuztuan erabaki zuen, baina koalizioaren gaiak polemika sorrarazi duenez, EAJrekin joan nahi duen sektoreak eskatuta burutu dugu kongresu ez ohiko hau. Sektore honek beharrezkoak diren gutxieneko sinadura ez du lortu, baina alderdiak eztabaidaren garrantzia onetsi du.

Batzarra ez dirudi lagungarria denik hauteskundeen atarian.
Estrategia okerra da batzar hau planteatzea, hauteskundeak konplikatzen ditu eta gizartea ere apur bat nahasten. Eta koalizioan ez joateak ez du EAJrekin kolaboratu nahi ez izatea esan nahi. Hainbat erakundetan harreman ona dugu EAJrekin, hauteskundeen ondoren, emaitzen araberako akordioak gauzatu daitezke. Geure zerrendekin joan nahi dugu, bereiz, gizarteak gurekiko duen jarrera hobeto ezagutu behar dugu, alderdiak azken hogei urteotan planteatzen duen politikari herritarrek ematen dioten erantzuna ezagutzeko unea iritsi da. Koalizioan biltzen diren botoek EAren nortasun zeinuak lausotu dituzte, hori argitu nahi dugu.

Barajasko atentatua baino lehen, herri eta foru hauteskundetan Batasunaren parte-hartzea kolokan zegoen. Orain?
Atentatuak egoera aldarazi du eta Batasunaren parte-hartzea areago zaildu. Batasuna ez bada juridikoki normalizatzen egoera politiko orokorra okerragoa izango da.

Batasunaren legalizazioa bideratzeko aukera gutxi orduan.
Estatu demokratiko batean herritarren parte bat politikatik kanpo geratzea ez da bidezkoa. Biolentziarekin amaitzeko politika soila egitea eskatzen zaio Batasunari, baina aldi berean ez zaio politika egiten uzten. Europako Auzitegiak Batasunaren legalizazioaren alde egitea nahi nuke, soluzioa hori da. EAk nahiz Jaurlaritzak Batasunaren legalizazio bete dadin bide posible guztiak urratu ditugu. Artean, egoeraren adierazle batzuk agertuko dira laster...

Adierazleak?
Hauteskundeak baino lehen adierazle batzuk izango dira. Zapateroren Gobernuak ez du batere erraza ilegalizazioaren egoera konpontzea. Alabaina, EHAK legala bada, eta berriz ere aurkezten bada, legala izango da, ezta? Argudiorik ez dauka EHAK ez baimentzeko. Prozesua ez doalako berak nahi zuen bidetik ez du lehen egin ez zuena orain egingo.

EB-Aralar koalizioaz zure iritzia, azkenik.
Koalizio hau alderdi hauek ez desagertzeko era da, gehiago ez sufritzeko indarrak batzeko modua. Indar hauek tirada dute ezkerraren ikuspegitik, baina ikuspegi nazionaletik ez. Koalizio hau ez da ulergarria. Ez da erraz ulertzen ezker abertzaleko kide historiko Patxi Zabaletak lideratzen duen alderdi bat Javier Madrazorekin koalizioan joatea. EB finean IU da. Oso ikuspegi ezberdinak dituzte Euskal Herriari buruz. Hala ere, eskubide osoa dute nahi dutena egiteko. Bakoitzak zailtasunak bere modura gainditzen ditu. Dena den, koalizioa prozesua in crescendo zegoela planteatu zen eta egoera aldatu da. Batasunaren eta PSOEren botoen gorakada iragartzen zen, orain zirkunstantziak aldatu dira, hori ere kontuan hartu behar da.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude