Nola jakin euskarak bide ona ala okerra hartu duen?


2007ko urtarrilaren 14an

Euskararen egungo egoeraz eta azken hamarkadetako bilakaeraz dauden zalantzak eta eztabaidak kezkagarriak dira euskaltzaleentzat. Batzuen aburuz euskararen aurrerakada nabarmena da eta, beste batzuen ustez, gehiago dira bilakaera horren alde ilunak argiguneak baino. Egia zein den, batek daki! Tamalez, dauzkagun datu soziolinguistiko ugariek auzi horretaz bete-beteko informaziorik ez digute ematen-eta.

Jakina da hizkuntza baten osasuna erabileran gauzatzen dela, ez hizkuntza horrek dituen -balizko- hiztunen kopuru soilean. Hizkuntza osasuntsu egonez gero horren erabilera egokia izango da eta, aldiz, hizkuntza makal badago erabilera eskasa eta kaxkarra baino ez da egongo. Baina, erabilera ez da edozein baldintzetan gertatzen, solaskide jakin batzuk egoera eta gai egoki batzuen inguruan biltzen direnean baizik. Hortaz, euskarak iraungo badu, ez da izango euskaldunen kopuruak gora egin duelako, baizik eta bere erabilera egokia areagotu delako; bestela esanda, erabilerak behar dituen ezinbesteko gune egokiak sortu ditugulako. Baina, halakoak benetan sortzen ari ote garen esango ligukeen neurgailu egokirik oraindik ez dugu sortu.

Hona hemen gabezia hori gainditzeko ideia bat: egunero eta eten gabe eratzen ari diren talde formal guztien jarraipena egitea. Zertarako? Euskarak eta gaztelaniak horietan duten lekua ezagutzeko. Hots, dendak eta enpresak izan edo kirol-, kultur- eta aisialdi-taldeak, elkarteak edo zerbitzuak izan, jakin dezagun erakunde horiek euskara eta erdararen erabilera arautu ote duten. Proposamena, bestela esanda, hauxe da: hainbat erregistrotan jasotzen diren talde mota berri guztiak aztergai hartu eta horiek hizkuntza planteamendurik ote duten arakatzea, baiezkotan, planteamendu horiek nolakoak diren ezagutzeko.

Zertarako lan-zama berri hori? Ume eta gazte euskaldunak helduen munduan gizarteratzerakoan aurkituko dituzten gizarte baldintzek -lan, aisialdi, Internetekoak...- euskaraz ala erdaraz egitera bultzatuko ote duten jakiteko. Gerta liteke bilgune horietako gehienek hizkuntza erabilerarako ageriko planteamendurik ez izatea. Hori horrela balitz -eta horrela delakoan nago-, hizkuntza nagusiak -erdarak- bere legea ezarriko luke kasu gehienetan; baita bertan bildutako lagun gehienak euskaldunak balira ere. Horregatik, bilgune berrien informazio hori eskuan izanda baino ez dugu jakingo euskarak zer-nolako norabidea hartu duen.

Eta erdaraz aritzen diren bilgune berriak euskarazkoak baino ugariagoak balira, gure hizkuntzaren egoera gero eta eskasagoa litzateke; azken buruan, gero eta urrunago izango ginateke euskara normaltzetik. Hori, inoiz baino euskaldun gehiago eta -demagun- inoiz baino euskaldun kualifikatuagoak egon arren. Horregatik, euskararen egoera eta bilakaeraren berri emango diguten adierazle berriak sortzea zeregin korapilatsua den arren, ezinbestekoa ere bada.

Proposatutako neurgailua sortzea zaila, utopikoa dela esango digu baten batek, erakundeen hizkuntza erabileraz informaziorik jasotzen duen erregistro bakar bat ere ez dagoelako. Ados, zaila da; baina hizkuntza politika gure jarduera osoa busti behar duen zehar-lerroa bada, gizartearen dimentsio guztietan hezurmamitu beharko da. Halako neurgailurik izan ezean, ordea, norantz goazen jakin gabe jarraituko dugu, alegia iparrik gabe. Ezjakintasun horretatik abiatuta, nola ebaluatu indarrean dauden neurriak? Nola hobetu, beraz, hizkuntza politika eta plangintzak?


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude