argia.eus
INPRIMATU
Literaturaren argitan: Juan Luis Zabala. Agur, Euzkadi. (Susa, 2000)
Patxi Larrion Galdeano @plarrion 2006ko abenduaren 17a

Jaioko dira


«Ni Lauaxeta naz, andereño, euskal olerkari, kazetari eta gudaria (...)
Nik nahiago zaituztet zuek. Ni zuek nauk, neurri batean behintzat»
.

Eleberri honetan, Estepan Urkiaga Lauaxeta berpiztu zuen Juan Luis Zabalak. 1997ko Euskal Herrira ekarri zuen. Orain arte, Literaturaren argitan izeneko sail honetan, gerra garaian kokaturiko lanak ekarri ditugu, horrexegatik inori arraroa gertatuko zaio mungiarra ekartzea. Gainera, bai Augustin Zubikaraik, bai Eusebio Erkiagak, gerra eszenatoki zuten zenbait lan idatzi zituzten. Are gehiago, Lauaxetak ia ez zuen ezer idatzi Eguna egunkarian, kazetari lan gehienak Euzkadi egunkarian argitara eman baitzituen.

Agur Euzkadi hautatzeko arrazoia, gure iritziz, Juan Luis Zabalak pausatzen duen gaietako bat da: euskal prentsa. Izan ere, euskarazko egunkariaren egitasmoa aspaldikoa zen, eta Lizardirekin batera, Lauaxeta izan zen Errepublika garaian jeltzaleen barnean euskarazko eguneroko baten beharra defendatu zuenetako bat.
Eleberria road movie bat da, pantailarako sortua dirudi. Agur Euzkadi bi garaien arteko zubia da, Eguna itzali eta egunkariak argia ikusiko bazuen, gisa honetako zubi lanak behar ziren, behar genituen, behar ditugu. Haiek gu ziren, gu haiek gara.

Eguna egunkariko kazetari eta kolaboratzaileek lan ugari utzi zituzten, baina gerraren eszenatokia ez zuten sobera baliatu haien lanetan. Eusebio Erkiagarena da Jaioko dira nobela (Labayru, 1984), nazionalak Lekeition sartu zireneko garaian girotua. Maitasun istorio bat da kontakizunaren motorra, bi bandoak elkartu nahi dituen maitasun istorioa. Autobiografia bat utzi zigun Augustin Zubikaraik, Makillen egunak. Guda baten kerizpe eta autsetan (Egilea editore, 1983). Basarriren bertsoak hurrengo batean ekarriko ditugu orriotara.
Egun, bada sua etorkizunean bilatzen duenik, guk argia iraganean bilatu ohi dugu.